Kiara Angulo
2024/03/04

Marxismoaren oinarrietatik dator emakume langilea prozesu iraultzailean txertatzearen beharra; ameskeriak izan dira emakume langilearen parte-hartzerik behar izan ez duten iraultza sozialak, osotasunaren eraldaketa erradikalik gabe emakumea aska daitekeela pentsatzea ameskeria den era berean.

Ameskeriak izan dira emakume langilearen parte-hartzerik behar izan ez duten iraultza sozialak, eta, era berean, ameskeria da pentsatzea osotasunaren eraldaketa erradikalik gabe emakumea aska daitekeela

Zentzu horretan, eta XIX. mende amaierako eta XX. mendeko testuinguru sozial, politiko eta ekonomikoa aintzat hartuta, urgentziazko zeregina izan zen garaiko mugimendu sozialistentzat emakume langilearen antolakuntza politikoa nola gauza zitekeen pentsatzea. Izan ere, industrializatutako herrialdeetan emakume langilea une horretan atera zen lehendabizikoz eremu pribatutik, hau da, etxeko esparrutik, eta bizitza publikoan parte-hartzen hasi. Urte haietan, industria berriak garatzen ari ziren (eta maiz, industrian lanean ari ziren gizonezkoak gerrara joan behar izan ziren), eta horrek lan-indarraren beharra handitu zuen. Horrela, emakume langilea ekoizpen sozialean txertatu zen, “karga bikoitz” batekin; bere lan-indarra saltzera behartua zegoen aldi berean, eremu pribatuko zaintza-lanak bere gain erortzen ziren oraindik ere.

Emakume langilea ordura arte eremu pribatuan isolatuta egon izanak ondorioak izan zituen haren antolakuntza politikoa sustatzeko ahaleginetan. Izan ere, subjektu hori politikoki hezi behar zen kontzientzia hartu eta borroka politiko iraultzailera batu zedin. Alderdi iraultzaileentzat helburuak, beraz, argiak ziren: iraultza soziala antolatu nahi bazen, emakume langileak borroka politikora batu behar ziren. Horretarako, beharrezkoa zen emakume langilearen heziketa politikoan inbertsio berezia egitea hura subjektu iraultzaile aktibo bilakatzeko. Horrek eta berdintasunean oinarrituko zen gizarte baten eraikuntzak nahitaezko zeregin bilakatu zuen emakumezkoen gain erortzen ziren lanak sozializatzea eta kolektibizatzea. 

Zeregin horretan hasi ziren lehenak zenbait herrialdetako alderdi sozialdemokratak izan ziren. Gerora, gai horrek garrantzi handiagoa hartu zuen maila internazionalean antolatutako Emakume Sozialisten Biltzar Internazionalean eta Internazional Komunistaren Biltzarretan.

Artekako zenbait artikulutan egin izan dira aipatutako marko politikoetan izan ziren eztabaidei buruzko hausnarketak [2]. Oraingoan, praktikan martxan jarritako proposamen batzuk landuko dira, bai eta haien eraginkortasuna eta mugak aztertu ere.

EMAKUME SOZIALISTEN BILTZAR INTERNAZIONALETATIK INTERNAZIONAL KOMUNISTARA

Alemaniako Alderdi Sozialdemokratan (SPD) aurki genezake emakume langilearen antolakuntzaz hausnartzen hasi eta antolakuntza hori maila internazionalean hedatu behar zela defendatzen hasi zirenen erroa. Esan daiteke Clara Zetkin dela norabide horri ekarpena egin zion pertsona aipagarrienetako bat. Zetkinen saiakerak SPDren baitatik hasi ziren. Alderdi hori, 1878 eta 1890 urteen arteko ilegalizazio egoerak bultzatuta, klase-independentzia sendoa oinarri hartuta garatu zen; egoera horri aurre egiteko prest zeuden –hau da, klase-kontzientzia zuten– militanteak mantendu eta joera oportunistak baztertu zituen [1].

Horrela, Zetkinek emakume langilearen antolakuntza sustatzeko ekarpenak egin zituen maila nazional zein internazionalean. Horren adibide da Zetkinek 1889ko Parisko II. Internazionalean egindako hitzartzearen ondorioz Internazionalak hau onartu izana:

Biltzar honek adierazten du langile ororen betebeharra dela batetik emakume langilea haien kategoria berean onartzea berdintasunean oinarritutako baldintzetan, eta bestetik bi sexuen arteko “soldata berdintasuna”ren printzipioa babestea, pertsona horien nazionalitatea edozein dela ere. [3]

Aitortza esanguratsua izan zen emakume langileentzat, bertan eskubide politikoen berdintasuna aldarrikatzeko lehen pausoak eman baitziren, sexuen arteko inolako diskriminaziorik egin gabe.

Norabide horretan, emakumeek zuten karga bikoitzak emakume langilearen integrazio politikoan eragiten zituen oztopoak azpimarratu zituzten maila ezberdinetako hausnarketa eta eztabaidek. Izan ere, emakume langilea, nahiz eta industrializatzen ari ziren herrialdeetan etxeko isolamendutik ekoizpen sozialaren parte izatera pasatzen ari zen, prozesu horretan ez zuen aurretiaz bere gain zituen lanetatik askatzea lortu. Horrela, soldatapeko lanak eta eremu pribatuan egiten jarraitu behar izan zuten lanek emakumea heziketarako eta parte-hartze politikorako aukerarik gabe uzten zuten.

Emakume langilea, nahiz eta industrializatzen ari ziren herrialdeetan etxeko isolamendutik ekoizpen sozialaren parte izatera pasatzen ari zen, prozesu horretan ez zuen aurretiaz bere gain zituen lanetatik askatzea lortu

Horregatik, proletalgoaren askapenaz, eta, zehazki, emakume langilea bere kateetatik askatzeaz hausnartzen zenean, oso presente zegoen zeregina zen “karga bikoitz” horretatik askatzea:

Internazional Komunistaren III. Kongresuak adierazten du ezen, burgesiaren zapalkuntza deuseztatu duten herrialdeetan, proletariotzaren botere-hartzea eta komunismoaren ezarpena ezin izango direla gauzatu emakume proletarioen eta emakume semiproletarioen parte-hartze aktiborik gabe. [4]

ZAINTZA-LANEN KOLEKTIBIZAZIOA: NOLA?

Errusiako esperientzia

Urriko Iraultzarekin boterea sobietarren eskuetara igaro ondoren, familiaren forma tradizionalaren eta etxeko ekonomiaren ezabapenaren bidez emakume langileak erabat askatzea posible ez ezik, sozialismoaren ezarpenerako beharrezko baldintza ere bihurtu zen. [6]

Boltxebikeen iraultzaren osteko Errusia izan zen zaintza-lanen kolektibizazioaren inguruko hausnarketa eta eztabaidak praktikara eraman zituen lehen esperientzia sozialista [7]. Boltxebikeek uste zuten, gainera, urgentziazko zeregina zela hori, sozialismoa ezartzeko eta emakume langilea “karga bikoitzetik” askatzeko beharrezko baldintza baitzen. Hainbat proposamen egin zituzten norabide horretan, eta horiek aztertuko ditugu datozen lerroetan.

Internazional Komunistaren III. Kongresua (1921eko ekainaren 22tik uztailaren 12ra) Emakume Komunisten II. Biltzar Internazionalarekin batera, honakoa adierazten du: Erregimen sobietarrean [...] sekzioek establezimendu publiko guztien sarea garatzea erraztu behar dute, hala nola haurtzaindegiak, garbitegiak eta konponketa-tailerrak, (oinarri komunista berrien gainean dauden erakundeak); horrek emakumeei trantsizio garaiko zama arinduko die, haien independentzia materiala erraztuko du eta etxeko eta familiako esklabo izatetik bizi eredu berri bat eraikitzen lagundu die. [5]

Boltxebikeen iraultzaren osteko Errusia izan zen zaintza-lanen kolektibizazioaren inguruko hausnarketa eta eztabaidak praktikara eraman zituen lehen esperientzia sozialista. Boltxebikeek uste zuten, gainera, urgentziazko zeregina zela hori, sozialismoa ezartzeko eta emakume langilea “karga bikoitzetik” askatzeko beharrezko baldintza baitzen

1917ko Urriko Iraultza errusiarrek tsarraren erregimenetik urruntzeko premiatik garatu zen. Iraultza, “ogia, bakea eta lurra” aldarrikatzen zuten boltxebikeen eskutik etorri zen, zeinak errusiarren gehiengoaren babesa baitzuen. 1918-1920 artean, Errusia boltxebikeen eta haien oposizioaren arteko gerra zibil batean murgildu zen. Boltxebikeen garaipenarekin gerra amaitu bazen ere, urteetako gerra-egoerak ondorio aipagarriak eragin zituen; izan ere, gerrak jada atzeratuta zegoen herrialdearen azpiegituraren eta ekonomiaren zati handi bat suntsitu zuen, eta zazpi milioi pertsona ingururen heriotza eragin [8]. 

Hurrengo urteetako politikek jabetza pribatua jabetza publikoarekin ordezkatzea izan zuten helburu. Bizimodu komunala ezartzeko lehen saiakera izan bazen ere, neurri oro gerrak eragindako kostu ekonomikoak mugatu zuen [9].

Emakumearen askapenaren aldeko borroka langile mugimenduarekin batera sortu bazen ere, iraultza ostean hasi ziren neurri espezifikoak hartzen. Horren lehenengotariko isla izan zen Emakume Nekazari eta Langileen Biltzarra, 1918tik aurrera egiten hasi zirena. Ondorio moduan, lekuan lekuko komisioak osatu ziren, agitazio eta propaganda politikoa egiteko funtzioarekin, emakumeak borroka politikora batzeko helburuz.

Proposatutako neurriak

1919ko abuztuan, komisio horiek berrantolatu eta Zhenotdel delako emakumeen sekzioa egituratu zen, Alderdiaren baitan emakumearen auziari erantzuteaz arduratuko zen lerro bereizia. Haren barneko marko politikoek, batetik, Alderdiaren lan-lerro orokorren baitan emakumearen auziaren arloan erantzun gabe geratzen ziren zirrikituak osatzeko ardura zuten. Bestetik, emakume langileen heziketa politikoa bermatzeko ardura zuten, ordura arte bakartuta egon baitziren, eta gehien-gehienak analfabetoak baitziren.

Haren sorreran, Inessa Armand izan zen idazkaria, baina koleraz hil zen 1920an. Alexandra Kollontai izan zuen erreleboa, zeina 1920-1922 artean egon baitzen kargu horretan. Hurrengo zortzi urteetan, Stalinen garaian Zhenotdela bertan behera utzi artean, Sofia Smidovich, Klavdiia Nikolaeva, eta Aleksandra Artiujina egon ziren karguan. Alderdi Boltxebikeak hasieratik hartu zuen bere gain emakumea zaintza-lanen kargatik askatzeko ardura, eta, hortaz, praktikara eraman zuen zeregin hori:

Langile bakoitza, izan gizona zein emakumea, iraultzaren soldadu bihurtu behar da, eta prest egon behar da proletarioen eta komunismoaren garaipenerako bere indar guztia emateko. [...] Gainera, ikusirik familiaren forma zaharrak eta etxeko ekonomia zama astuna direla emakume langileentzat, emakumeari iraultzaren eta komunismoaren eraikuntzan ekarpena egitea eragozten diotela eta forma horiek ekonomia eredu berriak sortuz bakarrik ezaba daitezkeela, biltzarrak uste du emakume langileak, antolakuntza forma berriaren adierazpen guztietan aktiboki parte hartuz, forma horietan arreta berezia txertatu behar duela elikaduraren eta banaketa publikoaren modu berriak sortzeko, horiei esker familiarekiko morrontza zaharra indargabetzearren. [6]

Sekzio horren gidaritzapean hainbat neurri proposatu zituzten, nahiz eta gerra testuinguruaren ondorioz kostuak kontrolatu beharrean aurkitu ziren. Inbertsioen artean, aipagarriak dira adin tarte ugaritako emakumeen hezkuntzara bideratutako inbertsioak. Haien baitan, eta emakumearen etxeko esklabotza deuseztatzea helburu izanik, garrantzi nabaria hartu zuen haurren zaintzaren sozializazioak. Horregatik, hasieratik ahalegindu ziren haurren mantenua publikoa izan zedila bermatzen.

Emakumearen etxeko esklabotza deuseztatzea helburu izanik, garrantzi nabaria hartu zuen haurren zaintzaren sozializazioak

Estatuak hartu zuen haurren ardura jaiotzen zirenetik 16-17 urte izan arte. Hark ematen zizkien produktuak; haurren txartel zirelakoen bitartez eskuratzen zituzten. Doako jantokiak ere antolatu zituzten hezkuntza zentroetan, eta jantzi eta zapatak ere ematen zizkieten [6]. Zehazki, Estatuak haurren mantenu-gastuen %80 bere gain hartu zuen 1920rako (gerra urteak izanik kostu ekonomiko altuak izaten ari ziren). Aldiz, egoera ekonomiko zaurgarrienean zeuden eta familia ugariak ziren familientzat doakoa izaten zen [10]. 

Garatu zuten beste lerroetako bat jangela publikoena izan zen. Haien bitartez, etxe bakoitzean, modu kolektiboan egiten hasi ziren emakumeek modu indibidualean egiten zuten jarduera hori, lan karga horren ardura sozializatuz. Politika hori Moskun 1918ko maiatzean eta azaroan egindako biltzarretan onartu zuten, eta jarraian jarri zuten martxan.

Jangela publiko horien gestioaz emakumez osatutako lekuan lekuko asanbladak arduratzen ziren [6].

Aurretik aipatu moduan, gerrako urte luzeek umezurtz asko eta asko utzi zituzten Errusian. Horregatik, Sobietar Batasunak uste zuen Estatuak haur guzti haien gaineko ardura hartu behar zuela. Hori dela eta, 1918an onartutako Familia Kodeak aintzat hartzen zituen Errusian zehar zeuden umezurtzak. Ume horiei besprizorniki izena jarri zieten (euskaraz “arreta jarri gabeak”), eta zazpi milioi eta erdi izatera iritsi zirela kalkulatzen da. Antzinako nobleen lursailak erabili ziren besprizornikientzako etxebizitzak eraikitzeko. 

Auzi horri lotuta, adopzioa debekatu zuten. Izan ere, estatu sobietarrak argi zuen ezin zela haurrik bakarrik egon, eta umezurtzak Estatuaren seme-alabatzat hartzen ziren, biztanle orok gizarte sozialistaren baliabideez probesteko aukera izan zezan. 

Lehenengo urteetan Estatuak eskaintza mugatu samarra izan zuen haur horientzat, gerraren eta krisi testuinguruaren ondorioz. Eskaintza hori baina, hobetuz joan zen hurrengo urteetan zehar [11].

Kasu honi buruz aipatuko dugun azken neurrien artean, komuna-etxebizitzak aipatu behar dira. Izan ere, familia tradizionalean oinarrituta zegoen etxebizitza ereduaren aurrean, komuna-etxebizitzen proposamena garatu zen; uste zuten alokatutako etxebizitzetan familia-unitateak bakartuta bizi zirela, eta, harreman sozial komunistak garatu ahal izateko, beharrezkotzat hartu zuten bakartze hori gainditu eta etxebizitza kolektibo horiek martxan jartzea. Modu horretan, emakumearen gain erortzen ziren etxeko lanak egunerokoan sozializatzeko baldintzak jarri zituzten, etxebizitzok aukera eman baitzuten emakume bakoitzak familiarentzako etxeko lanak bere kasa egitetik lan horiek kolektiboaren ardura izatera pasatzeko.

Etxebizitza horiek, alde batetik, etxebizitza unitate indibidual batzuk zituzten, eta, bestetik, bizitza komunitarioko esperientziak abian jartzeko espazioak. Horretarako, arropa-garbitegi zentralez, haur eskolez eta haurrentzako jangelez hornitu zituzten, besteak beste [12].

Datuen arabera, 1920rako, Moskun, 9.000 komuna-etxebizitza baino gehiago zeuden, hau da, etxebizitzen %40k eredu komunitarioari jarraitzen zioten. Kopuru hori hazten joateko asmoa zegoen, errusiarren gehiengoa ohartu baitzen komunitatean bizitzeak zekartzan abantailak zein ziren.

1920rako, Moskun, 9.000 komuna-etxebizitza baino gehiago zeuden, hau da, etxebizitzen %40k eredu komunitarioari jarraitzen zioten

Etxebizitzaren alorrean eskaintza berezi bat egin zitzaien emakumeei: amatasun-etxebizitzak. Haurdun zeuden edo haurrak izan zituzten emakumeei zuzenduta zeuden. Haien helburua bertan zeuden emakumeak lasaitasun handiagoarekin eta ardura gutxiagorekin bizitzea zen, haien haurren etorkizunaz kezkatu behar ez izateko etxebizitzak izatea zen.

Aurrerapauso asko eman bazituzten ere, aipatu beharra dago krisi testuinguruak eragin nabaria izan zuela politika berri horiek martxan jartzeko apustuan. Amaierarako, ez zen posible izan neurriok gizarteko eremu guztietara zabaltzea [7].

Txinako esperientzia

Txinako Iraultzaren hastapenak II. Mundu Gerraren testuinguruan koka daitezke. Izan ere, 1937-1945 urteen artean Txinak izandako Japoniaren okupazioan komunistek hartu zuten posizioak babes sozial handia lortzea ekarri zien txinatarrei. Maoren tropa gorriak posizioak eta indarra irabazten joan ziren. 1937an 80.000 soldadu izatetik 1945erako 900.000 soldadu eta 2.200.000 miliziano izatera pasatu ziren [13]. 

Izan ere, behin Japonia garaituta, Txinako alderdien arteko kordialtasuna apurtu, eta gerra zibil bati eman zitzaion hasiera. Japoniaren aurkako gerran komunistek irabazitako babesak eraginda, 1949. urtean Txina Maoren Alderdi Komunistaren esku geratzea lortu zuten. Bitartean, nazioartean Gerra Hotza hasi zen, eta bloke kapitalistaren helburua bloke sozialistaren hedapena gelditzea bilakatu zen.

Zailtasunak zailtasun, Txinako Alderdi Komunistak barne-mailako politika ugari jarri zituen martxan Sobietar Batasuna ustez egiten ari zen akatsetatik ikasi eta Txinan sozialismoa ezartzeko. Aipagarria da norabide horretan Iraultza Kultural Proletario Handiarekin aurrera eraman zuten proposamena [14].

Txinako Alderdi Komunistak barne-mailako politika ugari jarri zituen martxan Sobietar Batasuna ustez egiten ari zen akatsetatik ikasi eta Txinan sozialismoa ezartzeko

Kasu honetan ere, presentzia izan zuten emakume langilearen parte-hartze politikoaren inguruko gaiek, baita emakume langilea ekoizpen sozialean integratzeko eta “karga bikoitzetik” askatzeko moduari buruzko inguruko hausnarketek.

Txinan proposatutako neurriak [15]

Txinan martxan jarri zituzten neurrien artean ere garrantzia nabaria hartu zuten heziketa politikoak eta hezkuntza-eredu berri baten garapenak. Ordea, ez zen espreski emakumeei bakarrik bideratutakoa izan; kontrara, Txinako Herri Errepublikako biztanle orori bideratutako heziketa-eredu bat diseinatu zuten ideia komunistetan oinarritutako moral berri bat eskaintzeko. Izan ere, iraultza komunista gailendu bazen ere, nahiko errotuta jarraitzen zuten ideia atzerakoiek gizartearen gehiengoaren artean. Horregatik, iraultza politikoa egiteaz gain, alor sozialean zabaltzearen beharra azpimarratu zuten, desberdintasun sozialak dimentsio guztietan gainditzeko. Horrela zioen Txinako militante komunista batek:

Ez da bakarrik gizon batek egin dezakeena emakume batek ere egin dezakeela; kontua da emakume batek egin dezakeena gizon batek ere egin ahal duela eta egin behar duela.

Iraultza politikoa egiteaz gain, alor sozialean zabaltzearen beharra azpimarratu zuten, desberdintasun sozialak dimentsio guztietan gainditzeko

Heziketa politikorako espazioen adibide moduan, aipagarriak dira Shawango Emakumeen Komiteak, bertako herri-komunako emakumeen %80ek osatuak (5.500 emakume). Komite iraultzaile horiek, hasiera batean, bost zeregin nagusi zituzten:

  1. Marxismoa, leninismoa eta pentsamendu maoista ikastea. Hilabetean sei tarte hartzen zituzten emakumeek horretarako, eta gizonek, beste sei. Batzuek ikasketa-saioa zutenean, besteak arduratzen ziren haurren zaintzaz, eta alderantziz.
  2. Iraultzak hartzen zuen norabideari kritika politikoa egiteko gaitasuna eskuratzea, errebisionismoa ekiditeko.
  3. Emakumeen parte-hartze politiko integrala sustatzea.
  4. Ideia atzerakoiei aurre egitea emakume zein gizonen artean.
  5. Familiaren gaineko ulerkera garatu eta iraultzea. Hau da, garapen soziopolitikoaren araberako familia-ereduaren garapena bermatzea, eta horretarako hausnartzea.

Etxebizitzen auziari dagokionez, 3-5 familiarentzako doako etxebizitzak sortu ziren lantoki berri batzuen inguruan. Espazio komunak (adibidez sukaldea eta egongela) eta pribatuak zituzten. Lantokiko langileen artean eraikitzen zituzten etxebizitzak, bertan lortutako doako materialak eta teknika sinpleak erabiliz. Etxe horiek doako berogailua zuten.

Lantokiko langileen artean eraikitzen zituzten etxebizitzak, bertan lortutako doako materialak eta teknika sinpleak erabiliz

Aldi berean, emakumea ekoizpen sozialaren parte bilakatzen zihoanez, are garrantzitsuagoa bilakatu zen haurren zaintza nolakoa izango zen pentsatzea. Zentzu horretan, fabrikak garatzen ziren aldi berean, haurtzaindegiak sortu ziren zenbait zerbitzu emateko.

Argi zuten haurren ardura ez zela guraso partikularren gain erori behar. Kontrara, uste zuten ardura sozial izan behar zela haurren garapen fisiko, intelektual, moral eta ideologikoa. Bi motatako haurtzaindegiak sortu zituzten horretarako:

  • Lantokietako haurtzaindegiak:

Bularra ematen ari ziren amek egunean zehar haurrengana bularra ematera joan ahal izateko modukoak ziren, eta adin horretako haurrak zaintzen zituzten doako zerbitzu baten bidez. Ama horiei lan-denbora moduan kontatzen zitzaien haurrei bularra ematen igarotzen zuten denbora. Lantokiko emakumeen komiteak haurtzaindegi baten beharra identifikatzen zuen lehenik, eta, jarraian, langile guztien artean eraikitzen zuten espazioa.

  • Etxebizitzen eremuetako haurtzaindegiak:

Bertako haurrak dagoeneko ez ziren edoskitzen ari; 6-7 urtera arteko haurrak biltzen ziren halakoetan. Haurtzaindegiok eguneko 24 orduetan zeuden irekita, eta norberak erabakitzen zuen noiz eta zenbat denborarako eraman haurra (lanean zeuden bitartean, politika egiteko, aisialdirako…). Kostuei dagokienez, zati bat gurasoen lantokiak ordaintzen zuen, eta beste bat auzoaren funts kolektiboak. Ahal zuten gurasoek aukera zuten ekarpen ekonomiko txiki bat egiteko.

Haurren ardura ez zen guraso partikularren gain erori behar. Kontrara, uste zuten ardura sozial izan behar zela haurren garapen fisiko, intelektual, moral eta ideologikoa

Bigarren mota horretako haurtzaindegiak solairu bakarreko eraikin sinpleak ziren, patio handi bat zutenak. Zenbait eremutan banatuta zeuden, gauza desberdinak ikasteko moduan. Oro har, eguneroko lanetarako trebatzen ziren haurrak. Adibidez, ohikoa zen heziketaren tarte txiki batean 3-4 urteko haurrei ontziak garbitzen irakastea, normalizatzeko etxeko lanen gaineko ardura etxeko norbanako ororen gain jausten zela. Gainontzeko denboran beste alor batzuk lantzen zituzten, hala nola musika, dantza eta kirola.

Elkarri loturiko bi etapa zituen heziketaren fase honek: batetik, autonomia indibiduala garatzeko unea (orduan ikasten zuten besteak beste bakarrik jaten, garbitzen eta janzten), eta, bestetik, heziketa kolektiboa, taldean egiten ziren ekintzak ikasteko. Finean, heziketa-prozesua etorkizunean ekoizpen sozialean denek ekarpena baldintza berdinetan egitera bideratuta zegoen.

Txinako kasuan, oro har, herritarrei mota askotako doako zerbitzuak eskaintzen ahalegindu ziren. Horien adibide dira jarraian aipatuko direnak.

Hasteko, Iraultza Kultural Proletario Handiaren garaian herri-jantokiak sortu ziren, bertan jateko edo eramateko jakiekin. Haien kudeaketa sukaldariek, kontsumitzaileek eta hirietako zerbitzu kolektiboen gainontzeko arduradunek eramaten zuten. Ohikoa bilakatu zen ere etxebizitza-eraikin bereko familien artean otorduak prestatzeko txandak antolatzea.

Ohartuak ziren, baita ere, arroparen mantenurako ere denbora dezente behar zela. Horregatik, apurtuta edo zikina zegoen arroparentzako tailerrak sortu zituzten. Arropok bertan utzi eta askotan egunerako bertarako berriro prest zirela itzultzen zituzten norberaren etxera. Prezio oso baxua izaten zuten horrelako zerbitzuek.

Amaitzeko, asko zabaldu ziren zerbitzu medikoak ere. Medikuntzaren arloko jakintza zuten pertsonak zeuden auzoetan, lantokietan, aisialdiko espazioetan…. Horrela, edonork, “ohiko” osasun-arazo bat izanez gero, bertan artatua izan ahal zuen, lekuz mugitu beharrik gabe. Arazo komunei aurre egiteaz gain, gaixotasunen prebentziorako lan egiten zuten lekuan lekuko osasun-langile horiek. Bestetik, mediku zentro espezializatuak ere bazeuden, askotariko espezialistak zituztenak. Zerbitzu horren funtsean, gizarteko norbanako guztien arteko elkar-zaintza zegoen, hau da, arazoen aurrean inor bakarrik ez zegoela adierazteko nahia.

BERAZ, LOTZEN ZUTEN KATEETATIK ASKATU ZEN EMAKUMEA?

Ikusi dugun moduan, bi esperientzia horietan, bakoitza bere moduan ahalegindu bazen ere, boterea hartu eta hasieratik presente izan zuten emakumeak etxeko lanen kateetatik askatu, eta gizarteko pertsona oro baldintza berdinetan heztea; helburua, ekoizpen sozialean norbanako orok pareko ekarpena egitea zen, betiere norberaren gaitasunen arabera. Gainera, argi zuten erronka handia zela. Izan ere, bai oro har gizartean, baina baita oraindik haien lerroetan ere, ideia atzerakoi batzuk oso errotuta zeuden, eta horri aurre egiteak lanketa handia eskatzen zien.

Saiakera ugari egin ziren esparru desberdinetan, eta argi dago bi alderdiek garrantzi handia eman ziotela zaintza-lanen alorrari, hau da, ez zutela bigarren planoan utzi zaintza-lanak birpentsatzearen zeregina.

Neurrion balorazioa egitean baina, ezin diezaiekegu arrakasta totala aitortu. Izan ere, zaintza-lanen kolektibizazioa bultzatu, eta ordura arte emakumeek bakarturik eta era indibidualean egiten zituzten lanek izaera kolektibo eta soziala lortu bazuten ere, emakumeek jarraitu zuten lan horietatik gehienak egiten.

Ez zuten ez ikusiarena egin oraindik mantentzen zen arazo horrekin; jakitun ziren ez zitzaiola emakumeen zama horri bere osotasunean eman aterabidea. Baina bazekiten botere politikoa hartze hutsak ez zuela egun batetik bestera gizartean errotuta zeuden jokabideak aldatzea ekarriko. Kontrara, botere politikoa hartzetik haratago, bi esperientzia horietan eraldaketa sozialeko pausoak falta izan ziren iraultza komunista erabat gertatzeko.

Horregatik, mugimendu sozialista berriei dagokie iraganeko esperientzietatik ikasi, eta etorkizun berri bateranzko urratsak ematea. Boterea esparru politikotik haratago hartu behar da, esparru ekonomiko eta sozialean ere indar korrelazioan aurrerapausoak eman, eta eraldaketa soziala bere osotasunean posible egiteko. Modu horretan soilik izango baita posible emakume langilea lotzen duten kateetatik behin betiko askatu eta gizarte aske bat eraikitzea.

Boterea esparru politikotik haratago hartu behar da, eraldaketa soziala bere osotasunean posible egiteko

BIBLIOGRAFIA

[1] Frencia, C. & Gaido, D. (2016). El marxismo y la liberación de las mujeres trabajadoras: de la Internacional de Mujeres Socialistas a la Revolución Rusa. Ariadna Universitaria

[2] Nota: para trabajar en profundidad los debates de los congresos internacionales de mujeres trabajadoras ver el Arteka (#15) de marzo de 2021:  https://gedar.eus/es/arteka/emakume-komunisten-mugimendu-internazionala-esperientzia-baten-argi-ilunak

[3] Le Congrès marxiste de 1889 (1976). Les Congrès internationaux ouvriers socialistes de Paris, juillet 1889. Minkoff Reprint

[4] Fundación Federico Engels (2010). La Internacional Comunista. Tesis, manifiestos y resoluciones de los cuatro primeros congresos (1919-1922). Fundación Federico Engels

[5] Taber, M. & Dyakonova, D. (2022). The Communist Women’s Movement, 1920-22. Proceedings, Resolutions, and Reports. Brill

[6] Armand, I. (1920). La obrera en la Rusia soviética. Bulletin Communiste. (Testu originala Helène Blonina izenez sinatu zuen, bere benetako izena)

[7] Toledo, C. (2006). El marxismo y el problema de la emancipación de la mujer. Marxist Internet Archive

[8] Mawdsley, E. (2017). Blancos contra rojos. La Guerra Civil rusa. Desperta Ferro

[9] Hobsbawm, E. (2019). Historia del siglo XX. Crítica

[10] Andropov, Y. (2017). Jardines de infancia, guarderías, artek: logros sociales en la URSS. Organo del Comite Central del Partido Comunista de los Pueblos de España

[11] International Communist League (2006). La revolución Rusa y la emancipación de la mujer: Mujer y Revolución. Spartacist (59)

[12] Kollontai, A. (1921). La mujer en el desarrollo social. Lluita Comunista Biblioteca

[13] Bianco, L. (1971). Origins of the Chinese revolution, 1915-1949. Stanford University Press

[14] Oharra: gai honetan sakontzeko ikusi Artekaren 48. zenbakia, 2023ko apirilekoa. García, M. (2023). Iraultza Kultural Proletario Handiaz

[15] Oharra: Txinako esperientzian sakontzeko, ikusi hau: Broyelle, C. (2021). La mitad del cielo. Ediciones Dos Cuadrados.

EZ DAGO IRUZKINIK