Erreforma legala eta iraultza historiaren erakusmahaian libreki hauta daitezkeen garapen historikorako bi metodo ezberdin ez zirela esan zuen behinola Rosa Luxemburgek. Bere ikuspegiaren arabera, erreforma eta iraultza klase gizartearen garapeneko momentu ezberdinak dira, elkar baldintzatzen eta elkar osatzen dutenak baina, aldi berean, elkar baztertu eta elkarrengandik aldentzen direnak.
Handia da pentsamendu horren arrasto politikoa. Izan ere, beste termino batzuetan, horrela dio: erreforma ez da etsaiari libre utzi behar zaion gudu zelaia. Gehiago ere esan genezake: erreforma eta iraultza klase gizartearen garapeneko momentu ezberdinak badira, horrek esan nahi du iraultza erreformak nagusi diren testuinguru orokorrean indartu egiten dela; hau da, iraultzak proletalgoaren eguneroko borroketan aurkitzen du hazteko aukera eta ez da borroka horiek gauzatzeari uko eginez antolatzen.
Iraultzak proletalgoaren eguneroko borroketan aurkitzen du hazteko aukera eta ez da borroka horiek gauzatzeari uko eginez antolatzen
Larria litzateke erreformen aldeko zein horien aurkako borroketan parte hartzeari uko egingo bagenio, hots, proletalgoaren askatasuna ikusgaitz den ustezko iraultza baten esku utziko bagenu. Sarri esan dugun bezala, erreformen aldeko borrokak antolakuntza komunista indartzea izan behar du xede. Proletalgoak bere antolakuntza gaitasunak indartzen ditu garaipenak eskuratu ahala: hazi egiten da kualitatiboki, irakaspenak pilatuz, baina baita kuantitatiboki ere, irakaspenak eta antolakuntza-teknologiaren hobekuntzak, borrokaren berotara, hazkuntza militantea baitakar berekin.
Erreformen aurka, baina, proletalgoak eta antolakuntza komunistak propaganda politikoa hedatzeko aukera dute. Ikusi da komunismoaren hedapena Euskal Herrian azken urteotan ezarritako salbuespenezko neurrien nahiz eskubide politikoen deuseztapenaren aurkako borrokaren babesean. Ez dio Mugimendu Sozialistak espazio horiei uko egin; are gehiago, aipatutakoaren adibide argiena da Mugimendu Sozialista, zeinak, koiunturazko auziak zirela defendatu izan duten sozialdemokraten atsekaberako, erakutsi baitu, hain zuzen ere, erreformen eta zapalkuntzen eskala horretan artikulatzen dela benetan estrategia komunistarako aukera.
Erreformen aurka, baina, proletalgoak eta antolakuntza komunistak propaganda politikoa hedatzeko aukera dute. Ikusi da komunismoaren hedapena Euskal Herrian azken urteotan ezarritako salbuespenezko neurrien nahiz eskubide politikoen deuseztapenaren aurkako borrokaren babesean. Ez dio Mugimendu Sozialistak espazio horiei uko egin
Erreformen aurka, baina, proletalgoak eta antolakuntza komunistak propaganda politikoa hedatzeko aukera dute
Honako hau bada, argipen teorikoaren aitzakiapean, eta beraz, modu idealean gauzatu ezin den plan estrategikoa baldintzatzat jarrita, eskala horretako borrokei uko egiten dieten komunistentzako mezu bat ere. Antolakuntzaren eskala internazionalaz dihardugunean, berau ez da ebazten behin-behinean ezarritako antolakuntza-markoaren arabera, baizik eta iraultzaren edukiaren arabera, zeinak –bere hedapenerako eta bere printzipioen araberako artikulazio oso eta zuzen baterako– eskala internazionala behar duen egitate bihurtzeko.
Proletalgoa borrokan hezten da, alabaina; borrokan lortzen du bere independentzia politikoa. Teoriak mugimenduaren zerbitzura behar du, bere sintesi sistematiko eta argia izan behar du; soilik horrela bilaka daiteke gida-tresna, tresna soila izateari uzten dionean. Eta tresna egokia den edo ez, hori eskala desberdinetan burgesiaren boterearen aurka, eta bere adierazpen zehatzenen aurka, ekiteko duen gaitasunen arabera neurtzen da. Hori baitu baldintza teoriak: antolakuntza eta borroka, eskala desberdinetan, adierazpen zehatz desberdinen aurka.
Dimentsio horrek berebiziko garrantzia izango du estrategia komunistaren garapenean. Hein handi batetan, proletalgoaren masa antolakunde komunistek burgesiaren erreforma programei erantzun beharko diete, hau da, programa ekonomikoen aurkako borrokan osatuko dira aukera politiko eta iraultzaile gisa.
Esku artean dugun zenbakiak burgesiak azken hilabeteotan, bere estatu-aparatuaren bitartez, sustatu dituen zenbait erreforma ditu aztergai. Azterketa hori garrantzitsua da, erreforma horien ezagutza zuzenaren bitartez argitu dezakegulako estrategia komunistarako taktika-plan egokia. Azken batean, erlazio sozialetan (ekonomikoak) emandako iraultzen adierazpen juridiko-politikoak dira burgesiaren erreformak; alabaina, sarri, erreforma horiek azaleratzen dituzte aipatutako aldaketak edota argitzen dute burgesiaren estrategia esparru desberdinetan, hala nola, bere ofentsiba gaitasunak proletalgoaren defentsa-gaitasun politikoei eraso egiteko.
Ez dira, hargatik, erreformak gertatu denaren adierazpen soilak. Hori eta gehiago dira. Erreformek burgesiaren interesak eta estrategiak agerian uzten dituzte, burgesiak uneaz duen ikuspegi politikoa argitzen dute eta bere ofentsiba ekonomiko eta politikoaren nolakotasunaren berri ematen dute. Erreformak subjektu burgesaren adierazpen zehatzak dira, hau da, subjektuak Estatuaren esparruan hartzen duen forma zehatza dira.
Erreformek burgesiaren interesak eta estrategiak agerian uzten dituzte, burgesiak uneaz duen ikuspegi politikoa argitzen dute eta bere ofentsiba ekonomiko eta politikoaren nolakotasunaren berri ematen dute
Beraz, erreformen esparruko borroka, eta hurrengo orrialdeetan datorren analisiari dagokionez, ez da proletalgoaren helburu estrategiko handiak murriztea, ezta horiek berehalakoaren inertzian agorraraztea ere. Estrategia komunistak aurrera egin ahal izango du soilik politikaren eta esplotazio kapitalistaren eremu zehatzenetan sareak ehuntzen dituen heinean, eta soilik adierazpen zehatz horiei erantzuteko gai bada eta, horien bitartez, bide ematen badio ekoizpen modu kapitalista bere oinarrietatik iraultzeko beharrari. Erreformak –izan burgesak edo izan proletalgoak aldarrikatuak–, borrokako garaipen baten ofizializazio juridiko gisa baino, borrokan konkistatutako posizio taktiko aurreratu gisa –Rosa Luxemburgek artikulu honen hasieran azaldutako garapenaren kontzeptuarekin bat–, proletariotza komunistaren antolakuntza-garapen estrategikorako bitartekoa dira. Horregatik, posizio taktiko horiek konkistatzeko borrokari uko egiteak iraultza sozialistari uko egitea esan nahi du.
Erreformak –izan burgesak edo izan proletalgoak aldarrikatuak–, borrokako garaipen baten ofizializazio juridiko gisa baino, borrokan konkistatutako posizio taktiko aurreratu gisa, proletariotza komunistaren antolakuntza-garapen estrategikorako bitartekoa dira
HEMEN ARGITARATUA