Ekoizpen suntsitzailea, kontsumo morala ARGAZKIA / Arteka
2020/11/01

Duela gutxi irakurri genuen, aniztasuna eta osotasuna ordezkatzeko eta bateratzeko helburua iragartzen zuen sigla berri baten aurkezpenaren berotan, osotasunaren kontzeptuak jardunean dauden borroka sozialak elkartzearekin duela zerikusia. Horien artean zegoen klase borrokaz, nazio borrokaz, genero borrokaz eta, ale honi dagokion gaian, borroka ekologistaz osatutako nahas-mahas ezaguna.

Garrantzitsua da baieztapen horrek aurkezten duen arazoa argitzea; izan ere, horren araberakoa da klase borrokaren, eta horren oinarrian dagoen klase zapalkuntzaren, borroka edo adierazpen bakoitza behar bezala ulertzea. Edo, bestela esanda, ezin da lurraren ustiapena kontzeptua mugatu ekoizpen modua kontzeptua gabe. Haren ulermenak berekin dakar, halaber, osotasuneko estrategia komunistaren eta sozialdemokraziaren estrategiaren arteko banalerro argia. Azkeneko hori ere, hots, sozialdemokraziaren estrategia, osotasunekoa da, bere berezkotasun politikoa zanpatzen gaituen osotasun menderatzaile baten adierazpen gisa baino ezin baita ebatzi.

Partzialtasuna, berezitasuna ez bezala, itxura hutsa besterik ez da. Independente gisa agertzen diren borroka horien guztien edukia klase estrategia berdinean oinarritzen da, eta haien independentzia itxurak hori berretsi egiten du. Kontua ez da, beraz, pertsona argiegin askok baieztatzen duten bezala -argieginak errealitatea bere gainetik ordezkatu nahi dutenak dira-, existitzen dena batzea, berez batuta baitago; hau da, kontua ez da klase kapitalistaren zapalkuntza eta horri espontaneoki erantzuten dioten borroka partikularrak batzea, baizik eta batu behar dena batzea, alegia, estrategia komunista. Estrategia komunistak borroka horien guztien forma partzial subjektiboa edota politikoa gaindituko ditu, eta horiek, partzialak diren heinean, formaz eta edukiz ezgaiak dira haien helburuak erdiesteko.

Existitzen diren borrokak batzea, beraz, ez da osotasunaren ikuspegia atzematea, baizik eta osotasun totalitario baten mende jartzea, hau da, esplotazio kapitalistaren mende. Kasu horietan, osotasunaren estrategiarik ezaren ordez, nahitaez, politika eta subjektibotasun faltsu bat ezarri behar da, eta moraltasuna da horren adierazpen mundutarra. Moraltasun ezkertiarrak pisu osoa jartzen du gizabanakoarengan; kolektibotasuna, beretzat, norbanakoaren ahalegina da, gaitasun kuantitatibora eramana, hau da, norbanako asko gauza indibidualak egiten. Hortik hau ondorioztatzen da: milioi bat pertsona bakarra bezain indartsuak dira, norbanakotik harago batuketa oro erredundantea baita.

Moraltasun ezkertiarrak pisu osoa jartzen du gizabanakoarengan; kolektibotasuna, beretzat, norbanakoaren ahalegina da, gaitasun kuantitatibora eramana, hau da, norbanako asko gauza indibidualak egiten. Hortik hau ondorioztatzen da: milioi bat pertsona bakarra bezain indartsuak dira, norbanakotik harago batuketa oro erredundantea baita

Pertsona ona izan behar da eta hurkoa maitatu, eta, bide batez, auzokidearen komertzioan kontsumitu, eta ez enpresa handietan; izan ere, horiek, pertsonak esplotatzeaz gain, ingurumena suntsitzen dute. Politika erreformistaren helburua norbanako indibidualizatua da, eta horregatik interpelatzen dute, modu batetan non ez dagoen kolektibitate politikoaren zantzurik; erantzukizunerako deia eta ideologia moralistaren eta nagusitasun moralaren dosi handiak baizik. Enpresa batean edo bestean erostea ere politikoa da, kolektibitatea burokrazia klasista eta gizabanakoa kolektibo despolitizatu bihurtu dutenen arabera.

Ekoizpenean CO2 kopuru handiak isurtzen dituzten produktuak ez kontsumitzea, ontziak berrerabiltzea edo erabili eta botatzeko ontziak dituzten produktuak erostea; moraltasun ezkertiarraren pisu guztia kontsumitzailearengan erortzen da eta, beraz, bere jokabidea merkataritza-zirkulazioaren esparruan artikulatzen du, ekoizpen kapitalista bere horretan utziz, edo, gehienez ere, bere kontsumo-legeen arabera zigortuz edo hari mesede eginez. Ekoizpenaren gain eragin behar da, kontsumitzaile indibidualaren indarrarekin, eta besterik ez. Horrek ez du esan nahi, ordea, ardura kolektiboak konpromiso indibiduala eskatzen ez duenik, norbanakoaren eginbeharretik ezin dela ekintza politiko bat ondorioztatu baizik.

Ezker berdearen ikuspegi ekologista da, hain zuzen, politika erreformistaren forma sinpleena aurkezten duen adierazpenik argiena; hau da, merkantzia kapitalisten kontsumo-ohituren gaineko interferentzia, eta gizabanakoaren gaineko interferentzia moralista, soilik merkantzia-zirkulazio kapitalistaren eremura bideratzen den ekintza dakarrena. Horren bidez, politika osoa zenbakietara murriztu daiteke, lehenago aipatu izan dugun bezala. Eginbeharra da kontsumitutako gauzen kopurua murriztea, bai eta gas toxikoen isuriak murriztea ere, bai eta proiektu orori ezezkoa ematea ere, gehienetan, diru-kostuengatik edo naturarekiko maitasun hutsagatik. Joera orokorrak hartzen duen forma partikularra da: gainbalioa murriztea edo jabetza pribatua banatzea, eta inoiz ez, bata eta bestea abolitzea. Ez dago batasun ikuspegirik gure bizi-baldintza naturalen suntsipen sistematikoaren eta ekoizpen kapitalistaren artean; eta hori ez modu erredukzionistan ulertuta, hots, kapitalistarentzako diru ekoizpen soil gisa, baizik eta, batez ere, errealitate sozial osoa subsumitzen duten ekoizpen harreman sozialen erreprodukzio gisa.

Ezker berdearen ikuspegi ekologista da, hain zuzen, politika erreformistaren forma sinpleena aurkezten duen adierazpenik argiena; hau da, merkantzia kapitalisten kontsumo-ohituren gaineko interferentzia, eta gizabanakoaren gaineko interferentzia moralista, soilik merkantzia-zirkulazio kapitalistaren eremura bideratzen den ekintza dakarrena

Non dago politika kutsatzaile baten muga? Zer da kontsumismoa eta nola lotzen da erreformismoak aldarrikatzen duen banakotasunarekin? Zerri deitzen zaio alferrikako megaproiektua eta zein baldintzatan utziko lioke alferrikakoa izateari, berarekiko zuzeneko aurkakotasuna absolutua ez bada?

Galdera askori ezin zaie erantzun ikuspegi erreformistatik. Komunistok ez ditugu kutsatze-maila soilak baliatzen ekoizpen baten aurka egiteko, ezta moralitatea ere, zein merkantzia kontsumitu aukeratzeko. Aldiz, kontzeptuetako bakoitza ekoizpen kapitalistaren errealitate zehatzean kokatzea eta historizatzea da horiei erantzuteko bide bakarra, ez neurri abstraktuekin, baizik eta eraginkortasunez.

Kontsumismoa ez da ekoizpen kapitalista azaltzeko kategoria bat. Kontsumitzeko gogoak ez dakar ezer; bai, ordea, kontsumitzeko beharrak, irabazia sortzeko beharretik datorrena. Merkantzien etengabeko ekoizpena, aldi berean ekoizpenaren baldintzen kontsumo produktiboa dena, ekoizpen kapitalistaren inposaketa objektiboa da, eta horiek saltzea ezinbesteko bitartekaritza operazioa.

Horrekin hertsiki lotuta, produkzioa eta gainprodukzioa, gas kutsagarrien gainisurketarekin batera, ekoizpen horren helburutik baino ezin da zehazki deduzitu, eta helburu hori burgesiaren boterea handitzea da. Kontua ez da ekoizten eta kontsumitzen duguna behar dugun ala ez, baizik eta zein gizarte-prozesuri egiten dion zerbitzu; zentzu horretan, langile klasearentzat guztiz soberakoa da bere erreprodukziorako beharrezkoa den lanetik harago hedatzen den ekoizpen guztia; kapitalistarentzat, aldiz, gainprodukzio oro da ez nahikoa. Zergatik jarri arreta proletalgoak kontsumitzen duen horretan, eta ez kapitala metatzera bideratutako soberako ekoizpenean, zeinak kutsatu egiten duen eta, gainera, inoiz kontsumituko ez diren, baina kapitalaren metabolismoaren ezinbesteko produktuak diren, merkantziak biltegietan pilatzen dituen? Zergatik begiratu hainbeste kontsumitzen denari, eta hain gutxi kontsumitzen ez denari?

Produkzioa eta gainprodukzioa, gas kutsagarrien gainisurketarekin batera, ekoizpen horren helburutik baino ezin da zehazki deduzitu, eta helburu hori burgesiaren boterea handitzea da. Kontua ez da ekoizten eta kontsumitzen duguna behar dugun ala ez, baizik eta zein gizarte-prozesuri egiten dion zerbitzu; zentzu horretan, langile klasearentzat guztiz soberakoa da bere erreprodukziorako beharrezkoa den lanetik harago hedatzen den ekoizpen guztia; kapitalistarentzat, aldiz, gainprodukzio oro da ez nahikoa

Biltegiratzen diren merkantziak ez dira ustezko plangintzaren bidez kontrolatu eta mugatu daitekeen soberakin soila; haien funtzioa ezinbestekoa da ekoizpen kapitalista berritzeko; izan ere, horietan gauzatzen (diru bihurtu) ez den gainbalioaren kenkari bidez, ekoizpena berrindartzeko gainbalioaren masa izugarriak gauzatzen laguntzen dute. Hau da, bere buruaz beste egiten dute, beren bikiak Olinpora hel daitezen, edo, bestela esanda, diru bihur daitezen. Askatasunez zehaztutako beharra edo beharrik eza, eta, beraz, bizi garen ingurune naturalarekiko harreman kontzientea eta errespetuzkoa klaserik gabeko gizarte komunista batean bakarrik lor daiteke. Bien bitartean, isurketak murrizteko neurri guztiak, orografia, itsasoa, atmosfera eta abarrekiko errespetu handiagoa edo txikiagoa duten proiektuak kontrolatzeko neurri guztiak, etab., uneko egoeraren araberako neurriak izango dira, zeinarekiko desberdintzen diren, baina ezin dira nahikotzat jo, ekoizpen kapitalistaren beharrak zehazten eta mugatzen baititu. Ezin dute, ezein kasutan, borroka ekologista mugatu, ezta bizi garen planetaren defentsa ere; eta berez buruaskiak badira, modu autonomoan, ez da subjektibotasun totalizatzailerik ez dutelako, baizik eta, hain zuzen ere, osotasun kapitalistaren berezko adierazpenak direlako.

Askatasunez zehaztutako beharra edo beharrik eza, eta, beraz, bizi garen ingurune naturalarekiko harreman kontzientea eta errespetuzkoa klaserik gabeko gizarte komunista batean bakarrik lor daiteke. Bien bitartean, isurketak murrizteko neurri guztiak, orografia, itsasoa, atmosfera eta abarrekiko errespetu handiagoa edo txikiagoa duten proiektuak kontrolatzeko neurri guztiak, etab., uneko egoeraren araberako neurriak izango dira, zeinarekiko desberdintzen diren, baina ezin dira nahikotzat jo, ekoizpen kapitalistaren beharrak zehazten eta mugatzen baititu

EZ DAGO IRUZKINIK