Eneko Carrión
@enekocarri
2021/02/15

SARRERA

Komunikazioak gaur egun duen garrantzia eztabaidaezina denez, oso garrantzitsua da honek nola funtzionatzen duen eta gure pentsatzeko modua nola moldatzen duen ulertzea. Izan ere, komunikabideek botere harrigarria dutela denok dakigun arren, ez gara kontziente zenbateraino eragiten diguten. Azken hilabeteetako adibide aipagarrienetako batzuk pandemiarekin edo okupazioaren aurkako ofentsibarekin lotutako kanpaina mediatikoak izan daitezke. Kanpaina hauen aurrean, nahiz eta pertsona oso arrazionalak izan, gutako inor ez dago kanpoko estimulu horien eraginpean egotetik salbuetsita. Nola funtzionatzen duten ulertzeko, premiazkoa da gure burmuinak nola funtzionatzen duen ulertzea. Burmuina hiru atal nagusitan banatuta dago: narrasti garuna funtzio primitiboenez arduratzen da, hau da, bizirik irautea ahalbidetzen diguten funtzioez; bigarrena linbikoa deritzona da, eta emozioen zatiaz arduratzen da; azkenik, neokortexa dago, arrazoiaz arduratzen dena, eta memoria edo hizkuntza bezalako aspektu garrantzitsuak barnebiltzen ditu.

Gure jokabidean eragin nahi duten mekanismo guztiek garunaren lehen bi ataletan eragitea bilatzen dute, arrazoia alde batera uzten saiatuz. Komunikabideek hainbat eremu barne hartzen dituzte, besteak beste, telebista, irratia, Internet, sare sozialak, zinema, telesailak, eta, hauek era askotakoak direla iruditu dakigukeen arren, guztiek zenbait ezaugarri komun izaten dituzte; ezaugarri garrantzitsuenetako bat, gure arrazoi ahalmena gutxitzeko gaitasuna da. Bizi garen gizarte azeleratuak gure nahiak berehala ase beharra dakar, eta horrek zailtasun handiak sortzen ditu konplexutasun handiko gaietan sakontzerako orduan, baita hauek problematizatzerakoan ere. Microsoftek 2000. urtean egindako ikerketa baten arabera, gure arreta-gaitasuna hamabi segundo ingurukoa zen, eta gaur egun uste da zortzi segundo baino gehiagoz ez dugula arretarik eskaintzen [1]. Hori kontuan izanda, Twitter eta Instagram-en gisako sare sozialen arrakasta ulertu daiteke, edo berehalakotasunaren adibide garbiena den TikTok-ena.

Mekanismo horiek guztiak kontrolatzeko eta gizarte kapitalista betikotzeko tresna moduan jarduten duten mekanismoen sare konplexu baten parte dira. Ezin dira horiek ulertu garapen kapitalistatik eta fase historiko bakoitzeko premietatik kanpo. Inguratzen gaituen gizartea ekoizpen-prozesu kapitalistaren inguruan eratutako harreman sozialen, praktika kulturalen eta ezagutzen multzo gisa ulertzen da. Kulturaren kontzeptuari buruzko eztabaida oso konplexua bada ere, erreportaje honetan bizitzeko modu baten ekoizpen gisa ulertu eta aipatuko dut [2]. Kapitalismoan ematen den erreprodukzio ideologikoari buruzko eztabaida garrantzitsua bezain zabala eta konplexua denez, zenbait zertzelada ematera mugatuko naiz, irakurleak nire ikuspuntua hobeto uler dezan eta bere kabuz ikertu eta sakontzeko aukera izan dezan.

Ireki nahi den akumulazio-fase berriak zenbait aspektu aldatzera behartzen du gizartea (juridikoak, produktiboak, kulturalak, instituzionalak, errepresiboak...), eta hor komunikabideek garrantzia berezia izango dute. Erreportaje hau sektore estrategiko horretara, gaur egun dituen funtzioetara eta etorkizunean izan dezakeen garapenera egindako hurbilketa bat da.

INFORMAZIOAREN TEKNOLOGIAREN HISTORIA LABURRA

Pentsamendu eta adierazpen ideologikoen formak aldatu egiten dira ekoizpenaren aldaketen ondorioz, baina ez da aldebakarreko prozesua, hauek ere eragiten baitute ekoizpenean [2]. Atal hau informazioaren teknologiak izan duen garapenera egindako gerturatze bat da, irakurleak egunero erabiltzen ditugun teknologien historia hobeto uler dezan. Erreportaje honen helburua ez da informazio-sistemen historia azaltzea, eta, beraz, zenbait data eta ohar esanguratsu ematera mugatu naiz.

Informazioaren teknologiaren garapena eremu produktiboan eta belikoan ematen zirenen eskutik joan da. 1440an inprenta sortu zenean lehen publizitate moduak agertu ziren, baina benetako aurrerapenak Industria Iraultzarekin hasi ziren [1]. Telefonoaren sorrera 1876an, irratiarena 1898an eta huts-hodiena 1906an izan ziren aurrerapen nabarmenenak denbora luzez, baina benetako aldaketa eta hedapena Bigarren Mundu Gerratik aurrera iritsi zen. Gerraren garapenak eta garapen teknologikoak lotura estua izan dute beti, eta horrek ordena sozial kapitalistaren izaera bortitza agerian uzten du beste behin ere. Gerraren ondoren, lehen ordenagailu programagarriak eta transistoreak agertzen hasi ziren, eta hauek mikroelektronikaren oinarriak ezarri zituzten. Urte batzuk beranduago, 1957an, zirkuitu integratua agertu zen, arlo honen aurrerapenerako urrats erabakigarria izan zena [3].

Gerraren garapenak eta garapen teknologikoak lotura estua izan dute beti, eta horrek ordena sozial kapitalistaren izaera bortitza agerian uzten du beste behin ere

Urteen poderioz, fabrikazio-teknologia hobetzen joan zen, eta horrek haren hedapena eta sarbidea erraztu zuen. 70eko hamarkada informazioaren teknologiak orokortzeko eta aurrerapausoak emateko garai garrantzitsua izan zen. 1971n Silicon Valleyn (Kalifornia) mikroprozesadorea garatu zen, txip baten barnean ordenagailu bat duen gailu moduan defini genezakeena. Urte horietatik aurrera, lasterketa sutsua izan zen arlo honetan aurrera egiteko; Apple eta IBM izan daitezke horren adierazle nagusiak. Honek, gure garaiko tresna garrantzitsuenetakoa den Interneta garatzeko baldintzak sortu zituen. Izan ere, hau lehenago sortu bazen ere, 1990ean zabaldu zitzaion eremu honetan oraindik formatu gabe zegoen masa zabalari Interneterako sarbidea, world wide web izeneko aplikazioari (www moduan ezagutzen dugunari) esker [3]. Konexioaren hedapenak wifi-aren bitartez, sareen eskutik (3G eta 4G, adibidez) izandako konexio-aurrerapenek eta telefono mugikorren erabileraren orokortzeak informazioaren erabilera eta kudeaketa goitik behera aldatu dute.

Aurrerapen horiek guztiek eta beste hainbat eremutan emandakoek, optoelektronikaren arloan gertatu zirenek (zuntz optikoak eta laser bidezko transmisioa) esaterako, aurrez sekula ikusi gabeko interkonexio mundial bati ateak ireki zizkioten. Horrek gure bizitzako ia alderdi guztiak aldatu ditu, izan ekonomian, kulturan, harremanetan edo aisialdian. Teknologia hori gabe, gaur egun ezagutzen ditugun komunikabide aurreratu horiek ezingo ziren garatu. Baina eremu honek aurrera egiten jarraitzen du, eta emandako aldaketetara egokitzen saiatzen ari garen bitartean, 5Ga agertu da. Era berean, puntako beste teknologia batzuen bilaketak ez du etenik; ordenagailu kuantikoen kasua izan daiteke horren adibide [4].

HEGEMONIA ETA KOMUNIKABIDEAK

Hedabideek hegemonia mantentzen eta hobetzen burutzen duten funtzioa aztertzea da atal honen helburua. Hegemoniaren egonkortzea eta hobetzea, bloke menderatzaileak bizitza ekonomikoan, zibikoan eta kulturalean gizarte-batasuna lortzeko duen gaitasun gisa ulertzen da, beti ere, hainbat faktoreren menpe dagoen adostasun-modu bezala ulertuta. Zentzu horretan, komunikabideek funtzio garrantzitsua betetzen dute batasun hau lortzeko bidean, haiei esker klase zapalduak etsaien interesak barneratu eta defendatzen baititu [5]. Baina hau prozesu historiko eta ireki moduan ulertu behar da, hau da, faktore objektibo zein subjektibo ugarik parte hartzen duten prozesu aldakor gisa. Kontzeptu horrek dominazio soziala kanpotik datorren inposizio mekaniko soil bezala ulertu ordez, klase-borrokaren menpe dagoen eremu aldakor eta kontraesankor moduan ulertzea ahalbidetzen du [6].

Zentzu horretan, komunikabideek funtzio garrantzitsua betetzen dute batasun hau lortzeko bidean, haiei esker klase zapalduak etsaien interesak barneratu eta defendatzen baititu

Ordena burgesaren dominazioa, nagusiki, bi aparatu moten bidez burutzen da (azaltzeko helburuarekin egindako bereizketa): alde batetik, gobernua, polizia, kartzela eta, oro har, segurtasun publikoko sistema guztiak barnebiltzen dituen errepresio-aparatua. Garapen teknologikoari esker, kontrol-mekanismo konplexu eta sofistikatuak sortu dira. Batzuk kanpo mekanismotzat dauzkagu; hala nola aurpegia errekonozitzeko kamerak. Eta beste batzuk gure egunerokotasunean barneratuta daudenak; telefono mugikorrak, esaterako. Testuinguru orokorrari erreparatzen badiogu, munduko biztanlerik zelatatuenak estatubatuarrak lirateke, mila biztanleko 15,3 kamerarekin; jarraian txinatarrak leudeke (14,4 kamera mila biztanleko) eta ondoren Erresuma Batuko biztanleak (7,5) eta alemaniarrak (6,3) [1]. Bestalde, mekanismo ideologikoak egongo lirateke. Ezinezkoa da estatua indarkeria eta errepresioa soilik erabiliz mantentzea, eta, beraz, beste mekanismo ideologiko batzuk behar ditu indarkeria hori legitimatzeko eta bake sozialari eutsiko dion gizarte-adostasuna antolatzeko. Mekanismo horien artean eskola, familia, sistema politikoa, eliza, kultur konglomeratua eta mass mediak daude [7].

J.B. Thompsonek honela azaltzen ditu aparatu ideologikoen efektu eta ondorioak [8]:

«Norbanakoak euren kontroletik kanpo geratzen diren indar ekonomiko eta sozialen menpe daude geroz eta gehiago. Beren biziraupena bera baldintzatzen duten erakunde erraldoien aurrean sakrifikatzen dira. Pentsamendu kritikoa gauzatzeko gaitasuna eta gizarte-ordena alternatibo baten alde borrokatzeko borondatea galtzen dute. Hain osoki integratzen dira egungo orden sozialean, ezen euren berezkotasuna, autonomia eta indibidualizazioa birtualki erreprimitzen edo ezabatzen baitira». Thompson, 1993, 118. or.

Mekanismo horiek guztiak, modu desberdinetan bada ere, duten funtzio nagusiak lotzen dituzte: ideologia dominantearen zabalkundeak. Honek, eremu asko hartzen ditu, genero-zapalkuntza, zapalkuntza-nazionala edo arraza-zapalkuntza betikotzen laguntzen dutenak, esaterako. Hortik harago, hedabide bakoitzak ideia jakin batzuk defendatzen eta sustatzen ditu, ordezkatzen eta indartzen duen frakzio burgesarekin bat datozenak. Komunikabideek Trumpen jarrera protekzionistak kritikatzen dituztenean ikus daiteke hori, burgesia librekanbistagoa ordezkatzen dutelako; edo batzuek Txinari buruzko ideia jakin bat sortu nahi dutenean, Europak eta AEBek osatzen duten blokearen nagusitasunari eusteko. Hurrengo atalean, informazioaren monopolioa eta bertan eragiten duten eragile nagusiak aztertuko ditut.

INFORMAZIOAREN MONOPOLIOA

«Hedabideak kontrolatzeko, benetan dagoen uniformetasuna ezkutatzen duen ageriko aniztasuna behar duzu». Joseph Goebbels

Kapitala zentralizatzeko eta biltzeko joerak bezala, komunikabideek ere bide bera jarraitu dute [9]. Batez ere 90eko hamarkadatik aurrera bizkortu zen joera hau, eta horrek, gaur egun, sei talde handiek (Time Warner, Disney, NewsCorp, NBC Universal, Viacom eta CBS) munduko sektorearen % 70 kontrolatzea eragin du. 1.500 egunkari, 1.100 aldizkari, 2.400 argitaletxe, 9.000 irrati eta 1.500 telebista kate dituzte. Botere horrek norbanakook zeri buruz eta noiz eztabaidatzen dugun hautatzeko gaitasuna ematen die beraiei, eta horrek errealitatea haiek nahi duten moduan ulertzea dakar. Europan, baditugu beste talde handi batzuk: Bertelsmann alemaniarra, BBC britainiarra, MediaSet italiarra (Silvio Berlusconik sortua), Vivendi eta Lagardère frantziarrak eta Prisa espainiarra. Googlek (2006an YouTube erosi zuen), Facebookek (WhatsApp eta Instagram erosi ditu), Applek eta Amazonek (2013an Washington Post delakoa erosi zuen) ikus-entzunezkoen sektorean sartzea erabaki dute, eta horrek aurrez zegoen pilaketarako joera areagotu du. Bankuen eta hedabideen arteko harremana estua izan da beti, baina krisiak jauzi kualitatibo bat ekarri du; izan ere, banku batzuk komunikabide batzuen jabe bihurtu dira, eta horrek areagotu egin du etxegabetzeak bezalako gertakariak ikusezin bihurtzea [10].

Sei talde handiek (Time Warner, Disney, NewsCorp, NBC Universal, Viacom eta CBS) munduko sektorearen % 70 kontrolatzen dute: 1.500 egunkari, 1.100 aldizkari, 2.400 argitaletxe, 9.000 irrati eta 1.500 telebista kate

Espainiako Estatua aipatu berri dugun joera horren adibide argia da, eta horrek sektorean oligopolioa dagoela esatea ekarri du. Mediasetek eta Atresmediak audientziaren % 58k zer ikusten duen aukeratzen dute. Kontuan izan behar da, Barloventoren txostenaren arabera, alarma egoeran batez beste egunean 278 minutuz aritu garela telebista ikusten (iaz baino 51 minutu gehiago) eta 167 minutu pasa ditugula Interneten [11]. Irratian ere gauza bera gertatzen da: Prisa (Cadena SER), Eliza Katolikoa (COPE), Planeta (Onda Cero) eta Godo (RAC1) taldeek entzuleen % 80k entzuten duena erabakitzen dute, merkatuaren % 97a kontrolatuz [10].

Euskal Herri mailan EITBren sorrera azpimarratu behar da, 1982an hasi baitzen ETB-1 ematen eta lau urte geroago ETB-2. Ipar Euskal Herrian, France 3k Frantziako hegoaldeari esleitzen diona ematen da [12]. EITBk, batez beste, 153.053 erabiltzaile izan zituen eitb.eus-en 2018. urtean, eta aurreko urtearekin alderatuta, % 15eko igoera suposatzen du honek. Pandemiak iraun bitartean, audientzia igo besterik ez da egin: 28,2ko audientzia kuotara (366.000 ikusle inguru) heldu da ETB-2ko Teleberria, eta 10,5ekora ETB-1ekoa [13]. Irratiari dagokionez, EITB Taldeko irratiek (Radio Euskadi, Gaztea, Euskadi Irratia, Radio Vitoria eta EITB musika) 459.000 entzule izan zituzten astelehenetik ostiralera Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan [14]. Datuek agerian uzten dute hedabide horien eragiteko gaitasuna, eta horrek politika egiterako orduan bere eragina dauka. EITBk, batez ere, EAJren eta Confebasken erakunde-multzoaren barruan, nolabaiteko hurbiltasuna eta egokitasuna transmititu nahi ditu, estatuko gainontzeko hedabideetatik bereizteko eta, era horretan, edukiei zilegitasun handiagoa emateko.

Bestalde, azken urteotan EH Bilduk gidatutako ezker subiranistak erakunde horren parte izatearen alde eginiko apustua azpimarratu beharko litzateke. Boto-emaileak irabazteko asmoz, gune horietan duen eragina handitu nahi izan du, ordena instituzionalaren barruan garrantzia irabazteko estrategiaren barruan. Horren adibide dira estatutu autonomiko berriaren aldeko apustua, EHUri buruzko politika edo Estatuko Aurrekontu Orokorren onarpena. Garrantzitsua da azpimarratzea, gaur egun, politika nagusiki mediatikoa eta komunikatiboa den zerbait gisa kontzebitzen dela, non garrantzitsuena komunikatzen dena den, eta ez egiten denaren edukia.

Gertakari horiek guztiak ezin dira modu isolatuan ulertu. ETAk bere jarduna bertan behera utzi ondoren zenbait frakziok sortu nahi duten adostasun berriaren parte dira, bertan giza eskubideak edo indarkeria-mota guztien gaitzespena funtsezkoak izanik. Horretarako, funtsezkoa da azken 60 urteetan gertatutakoaren kontakizun bat sortzea, sozialki onartuta dagoen kontakizuna, eta hori da Herenegun hezkuntza-programak duen helburua. Beste adibide bat Ur Handitan telebista saioa izango litzateke; saio honek ikuspegi guztiz humanista lehenesten du, arazo politiko nagusiak alde batera uzten baititu arazo sozialak azaltzeko orduan. Honek despolitizazioa areagotu besterik ez du egiten, eztabaida eta azterketa politiko sakonaren ordez zentzu komunak onartzen duen kontakizun soil bat erabiltzen baitu. Kritiko edo alternatibotzat jotzen bada ere, oinarrian dagoen logika berbera da: klase-gizartean bake soziala mantentzea.

Kritiko edo alternatibotzat jotzen bada ere, oinarrian dagoen logika berbera da: klase-gizartean bake soziala mantentzea

DISTOPIA HEMEN DAGO

Maiz esan izan den bezala, modernizazio kapitalista ez da soilik alderdi produktiboetara mugatzen, alderdi horiek lotura estua baitute beste alderdi batzuekin, hala nola alderdi sozialekin edo juridikoekin. Pobrezia orokorraren gorakadak mekanismo ideologiko eta errepresiboak hobetzera behartzen du sistema. Panorama honetan, komunikabideek funtsezko zeregina dute, izan errepresio-neurriak aplikatzeko testuinguru egokia sortzen edo neurri hauek aplikatu ondoren justifikatuz. Badirudi datuak funtsezkoak izango direla eredu produktibo eta instituzional berrian, gure mugikorren edo sare sozialen bidez egunero ematen ditugun hauek negozio-iturri handiak baitira, gobernuek eta enpresek erabiltzen baitituzte salmenta, kontsumo eta kontrol sozialerako moduak hobetzeko. Bizi garen aro digitalean, informazioaren kudeaketa produktibitate eta botere-iturri handi bihurtu da, hau da, elementu estrategiko bihurtu da kapitalismoan [2].

Panorama honetan, komunikabideek funtsezko zeregina dute, izan errepresio-neurriak aplikatzeko testuinguru egokia sortzen edo neurri hauek aplikatu ondoren justifikatuz

Datu horiek lagungarri izango dira bakoitzari egokitutako edukiak sortzeko, eta horrek areagotu egingo du komunikabideek gure portaeran eta subjektibotasunean duten eragiteko gaitasuna. Neurri horiek guztiak eskubideen urraketa horiek gure onerako direla sinestarazi nahi diguten kanpaina mediatikoen bidez etorriko dira, osasunean, segurtasunean eta gizartean onurak ekarriko dituztela argudiatuz. Horren adibide dira ustez pandemiari aurre egiteko sortutako aplikazioak, gure mugimenduak eta osasun-egoera monitorizatzen dituztenak. Edo 75 herrialdetan kontrol sozialerako sistema aurreratuak ezartzea (adimen artifizialaren erabilera); bertan, hornitzaile nagusiak txinatarrak dira, NEC japoniarrak eta IBM, Palantir eta Cisco estatubatuarrek jarraituta. Nabarmendu beharreko beste adibide bat Mercadonarena da; bertan, uztailaren amaieran, bere 40 saltokitan aurpegia ezagutzeko sistema bat ezarri zuela adierazi zuten [1]. Orain dela gutxi urrunekoa eta ezinezkoa iruditzen zitzaigun arren, gizarte autoritario eta kontrolatzaileago batera hurbildu gara. Krisialdi bat hedatzen ari da eta, horrekin batera, baita eraberritze eta modernizazio garai bat ere. Honek azkar egokitzera behartzen gaitu, hala egin ezean, porrot egingo dugulako berriro. Antolakuntza komunista da basakeria kapitalistaren aurka gelditzen zaigun irtenbide posible bakarra.

Antolakuntza komunista da basakeria kapitalistaren aurka gelditzen zaigun irtenbide posible bakarra

ERREFERENTZIAK

[1] Baños, P (2020). El dominio mental. La geopolítica de la mente. Ariel

[2] Sierra, F (2020) Marxismo y comunicación. Teoría crítica de la mediación social. Siglo XXI.

[3] Castells, M. (2001). La era de la información: Vol. 3 Fin del milenio. Madrid.

[4] López, P (30 de julio de 2020) Ordenadores Cuánticos: Todo lo que necesitas saber.

[5] Hall, S. (1981). La cultura, los medios de comunicación y el efecto ideológico. Sociedad y comunicación de masas, 357-392.

[6] Martín-Barbero, J., & Martín, M. B. (1998). De los medios a las mediaciones: comunicación, cultura y hegemonía. Convenio Andrés Bello.

[7] Poulantzas, N., & Claudín, F. (1980). Estado poder y socialismo (No. 320.1 P68).

[8] Thompson, JB y Caviedes, F. (1993). Ideología y cultura moderna teoría crítica social en la era de la comunicación de masas (No. 320.5 T4).

[9] Castells, M. (2009). El Poder en la Sociedad Red in Comunicación y Poder. Madrid: Alianza Editorial.

[10] Barlovento Comunicación (2020). Balance del consumo de Televisión durante el Estado de Alarma.

[11] Picazo, S (2019). Grandes medios de comunicación: de quién son y a quién se deben.

[12] Hiru (2020). La televisión en Euskadi.

[13] EITB (2020). La audiencia se vuelca con el seguimiento informativo al coronavirus en EiTB.

[14] EITB Media (2020). 459.000 oyentes para las radios de EITB, según CIES.

EZ DAGO IRUZKINIK