ARGAZKIA / Itsasne Ezkerro
2021/10/01

Zortzi hamarkada igaro dira azken Mundu Gerraz geroztik, baina munduan ez da gerrarik gabeko minutu bakar bat ere egon ordutik, nahiz eta eufemismo manikeo desberdinek gerra horietako asko eskualde-gatazka giza ezaugarritu dituzten, Kapitalaren mundializazio objektiboarekin zerikusirik ez dutenak. Batzuk besteak baino isilagoak, beste batzuk erabat isilduak; gerrak politika kapitalistaren baliabide ukaezina izaten jarraitzen du –politika hori bera da gerra bidez gauzatua–, ez dutena erabaki pertsonalek edo gobernu-erabakiek determinatzen, Kapitalak bere muga propioak gainditzeko duen beharrak baizik.

Batzuk besteak baino isilagoak, beste batzuk erabat isilduak; gerrak politika kapitalistaren baliabide ukaezina izaten jarraitzen du, ez dutena erabaki pertsonalek edo gobernu-erabakiek determinatzen, Kapitalak bere muga propioak gainditzeko duen beharrak baizik

Gerrak aurrera jarraitzen du, baina bere estrategiak aldatu egiten dira, baita bere pertzepzioa ere. Gaur egun, potentzia inperialista handien arteko gatazka ireki eta zuzenaren ordez, egokiagoa dirudi interes kapitalistentzat, bere gaurkotasunaren ebidentziagatik, delegaziozko gerra, herri-ordezkarien bidezko botere inperialisten arteko gatazka. Gerra hori, itxura faltsu autoktonoek estalia, kulturalki ulertezina da mendebaldeko behatzailearen begietara, zeinak zibilizatu gabeko mundu baten eta kultura ez europar eta atzeratu baten emaitza dela ondorioztatzen duen.

Modu horretan, delegazioz egindako gerrek ideologia eta kultura kapitalista indartzea ahalbidetu dute erdigune inperialistan; izan ere, hori, kultura kapitalista, hein handi batean, mundu mailako Kapitalaren frakzio agintariaren gidalerroen aurka dauden herrialde azpigaratuek ordezkatuko luketen ustezko zibismo faltarekiko elementu bereizle gisa garatzen da. Gerraren dimentsio hori askotan alde batera uzten da, baina funtsezkoa da ulertzeko zentro inperialistaren periferiako gerra bat inperialismoaren posizio-hartzea eta munduko proletalgoaren aurkako gerra bat ere badela, dimentsio kulturalean ere garatzen dena.

Delegazioz egindako gerrek ideologia eta kultura kapitalista indartzea ahalbidetu dute erdigune inperialistan

Asko dira potentzia inperialista handien arteko gatazka ireki bat bidezkoa ez dela justifikatzeko ematen diren arrazoiak. Horien artean sonatuena, beharbada, garatu den botere suntsitzaileari erreferentzia egiten diona da, zeinak, balizko hondamendi humanitario baten aurrean, galga eta elkarrenganako hertsadura gisa funtzionatzen baitu. Badirudi Kapitala, guztia suntsitzen duen indarra izatetik urrun, ez denarekiko kontzientzia hartu duela, bere gizatasunarekiko pertzepzio moduko bat, zentzu moral batean; bere burua, bereak beste mugarik aurkitzen ez duen indar itsu gisa, ukatzen ari dela susmatu ere egin gabe. Errealitatetik oso urrun; lehenago suntsitzen ditu Kapitalak bere existentziaren baldintzak –gizateria osoa–, bere burua indar bizi eta botere sozial gisa ukatzea baino. Are gehiago, bere burua geldiarazteko gaitasunaz hitz egin ahal izango bagenu, ez ginateke Kapitalaz hitz egiten ariko.

Baina sortutako aberastasun materialaren suntsiketa masiboaren aukerak ere ez du hertsadurarik eragiten kapitalistengan. Lehenik, gerrara joaten dena irabaztera joaten delako. Bigarrenik, gerraren alde produktiboa, zentzu zabalean, haren gaitasun suntsitzailea delako. Hirugarrenik, gerran inbertitutako Kapitalak milioika proletario etekinen ekoizpenean menderatzeko gaitasuna handitzen duelako; etekin horiek, defentsa nazionalaren izenean, lanaren intentsitate eta luzapen handiagoa justifikatzen dute, baita soldaten murrizketak ere. Eta laugarrenik, azken hori baita Kapitalari Kapital gisa benetan axola zaiona: proletalgoa menderatzea, boterea gauzatzea, iraungitze data duen material bizigabea metatzea baino.

Egia esan, ez dirudi egokia denik delegaziozko gerra Kapital inperialistarentzat, zentzu material nola humanoan ere, kalte gutxien sortzen duen bide gisa kategorizatzea, potentzia handiek mundua eskuratzeko lehian jarraitzeko bitarteko material eta humano posible bakar gisa. Agian guztiz ankerra dena –arrazista, xenofoboa eta supremazista ez esateagatik– argudio hori da; izan ere, delegaziozko gerra-gatazketan sufritzen dutenak gizaki proletarioak direla ahazten da, eta haien bizitzek ez dutela gureek baino gutxiago balio. Giza kostu hori ere ezin da Kapitalaren premien arabera determinatu, hura itsua eta bere existentziaren iturria ulertzeko ezgauza baita, auzia ez denean bere iturburuen eraberritzea, baizik eta gerraren bidez eskuragarri den ahalik eta mozkin handienaz jabetzea, bere lehiakideen eta etorkizuneko irabazien kaltetan.

Beraz, ez du ezerk adierazten potentzia kapitalisten arteko gerra inperialista ireki eta zuzena aukera deuseza denik, ezta azken aukera denik ere; izan ere, horren garapena ez du baldintzatzen giza kostuari lehentasuna ematen dion moral mugatzaile batek, ez eta erabateko suntsipenaren beldurrak ere, Kapitalaren existentziak berak baizik, zeina bere metaketa beharren eta horren gauzapenerako baldintza objektibo aldakorren emaitza besterik ez baita. Kapitalarentzat onuragarria eta premiazkoa bada, gerra hori egingo da, biktima posibleak eta suntsipenaren irismena edozein izanda ere.

Kapitalaren gauzapenerako baldintza aldakorren artean, bere izate zehatza eta benetako hedapena, ez daude soilik lanaren nazioarteko banaketa eta mundu mailako balio-kateen egungo egoera, lurralde bat konkistatzeko eta antolatzeko modu desberdinen bideragarritasun ekonomikoa determinatzen dutenak, baizik eta baita jomugan dagoen nazioak lortutako garapen politikoa ere, menderatze politikorako zenbait modu zaharkitu eta garesti bihurtzen dituena. Behinik behin, nazio horiek eta haien baldintzak hainbeste degradatzen ez diren bitartean, non okupazio militarra desiragarri eta justifikagarri bihurtzen den, zibilizazioaren izenean, askotan gertatu den bezala.

Delegaziozko gerrak, beraz, ez dira desiragaitz eta erdietsitako moral goren batekiko bateragaitz egiten duen ustezko garapen zibilizatorio batek agortu duen gerra inperialistaren soberakina, baizik eta sistema kapitalistaren garapen objektibora eguneratutako inperialismoaren funtzioa betetzen dute. Gerrak gerra gisa ematen dituen berehalako etekinez harago, lehen aipatuak, delegaziozko gerrak dira Kapitalak planeta mailako proletalgoaren gainean bere nagusitasuna gauzatzen jarraitzeko aurkitzen duen bitartekorik eraginkorrena. Horiek lurraldearen gaineko kontrol eraginkorra ahalbidetzeaz gain, gatazka belikoak eta ondorengo berreraikuntza industrialak sortutako zorraren bidez erositako gobernu txotxongiloek gauzatua, atzerriko okupazioaren aurka garatzeko joera duen barne­-erresistentzia zapuztea lortzen dute. Erresistentzia hori dela eta, potentzia inperialistek merkatua galdu dute aurreko gatazketan, eta, zentzu batean, kapital metaketa bloke bat eratu da, bloke agintariari nagusitasuna borrokatzeko prest.

Gerrak gerra gisa ematen dituen berehalako etekinez harago, lehen aipatuak, delegaziozko gerrak dira Kapitalak planeta mailako proletalgoaren gainean bere nagusitasuna gauzatzen jarraitzeko aurkitzen duen bitartekorik eraginkorrena

Dagoeneko ez da errentagarria lurralde baten gaineko zuzeneko kontrola, eta askoz merkeagoa da gobernu nazionalen eta haien subordinazio ekonomikoaren bidez kontrolatzea. Horrela, Mundu Mailako Merkatua hedatzeaz gain, lanaren ustiapen areagotuaren aldeko baldintzak sortzen dira, salarizazio hedakorraren eta Kapitalaren metaketa intentsiboaren bidez.

Delegaziozko gerrek mundu mailako menderatzearen eta Kapitalaren globalizazioaren paradigma berri baten irekiera dakarte, zeinak orain arte metropolian gainbalioa sortzeko prozesuaren mende, baina kapital metaketa independenterik gabe, zeuden lurraldeetara zabaltzea duen helburu. Jada ez dago Kapitalari aurka egingo dion lurralderik.

EZ DAGO IRUZKINIK