ARGAZKIA / Zoe Martikorena
2022/04/02

[Erreforma onartu aurretik idatzitako artikulua]

Pentsio-sistema publikoek adineko milioika langileren errenta-sostengua osatzen dute Europako gizarteetan. Hein batean, langile mugimenduaren konkista historiko baten emaitza izan dira, baina baita kapitalaren autoerregulazio, modernizazio zein pazifikazio sozialerako ezinbesteko tresna ere. Ahobiko arma, beraz. Estatu burgesek kudeatzen dituzten funtsok mekanika arriskutsu batek mugiarazten ditu, gainera. Zentzu komunean nahiko zabalduta dagoen aurreiritzia da pentsioen itsulapikoa deiturikoa etxeko itsulapiko batean dirua gordetzea bezalakoxea dela, aurrezki-transakzio soil eta ziurra. Uste hori ezin okerragoa da. Kotizazioak ez dira burtsako inbertsioak edota apustuak baino askoz operazio ekonomiko seguruagoak, osagai espekulatibo handia baitute. Areago, estatu gehienen defizit finantzario estrukturalari erreparatuz, gogoan izan behar dugu pentsioak zorpetze publikoan oinarritutako gastu sozial orokorrean kokatzen direla. Beste nolabait esatearren, administrazioek epe ertaineko aurreikuspen makroekonomiko birtualetan oinarrituta diseinatzen dituzte pentsio-planak, eta ateak zabalduta uzten dizkiote, atzeraldi ekonomikorik egotekotan, moldaketa gehiagori. Orduan, noiz arte eta nola eutsiko diote pentsio publikoek krisi kapitalistaren ekaitzari nahiz euren gabezia estrukturalei? Espainiako Estatuan ezartzen hasia den pentsioen erreforma berria aukera paregabea da etorkizun hurbileko agertoki posibleez mintzatzeko.

Zentzu komunean nahiko zabalduta dagoen aurreiritzia da pentsioen itsulapikoa deiturikoa etxeko itsulapiko batean dirua gordetzea bezalakoxea dela, aurrezki-transakzio soil eta ziurra. Uste hori ezin okerragoa da

Espainiako Estatuko pentsio-sistema publikoa ezaugarritzekoan, ezer baino lehen, belaunaldiarteko elkartasuna eta titularitate publikoa aipatu behar dira. Gaur-gaurkoz, Estatuak unean uneko langileen eta enpresarien kotizazioak baliatzen ditu momentuko pentsioak ordaintzeko, hau da, une historiko jakin bateko zuzeneko soldatak dira pentsioen zakuaren lehengaia. Kapitalismoaren berezko ezaugarria da, ordea, langileen zuzeneko soldatek eta burgesiaren irabaziek gorabeherak esperimentatzea. Zentzu horretan, 2008ko krisiak haustura-momentu bat dakar Espainiako Estatuko pentsio-sisteman: langileriaren ikuspuntutik, geroratutako soldatak jasotzen dituzten beharginen (pentsiodunen) bizi-baldintzen kaskartze orokorra eragin du. Kapitalarentzako, berriz, errenta-forma horien gaineko eraso sarraskijalerako abagune paregabea ireki da.

MUGAK, OINARRIAN

Ezaugarri espezifikoagoetara joz, bereziki larriak diren ahulgune demografiko zein ekonomiko estrukturalak nabarmendu behar genituzke. Dimentsio ekonomikoari dagokionez, Espainiako Estatua bere ekoizpen-egituraren errentagarritasun-tasa baxuagatik edo balio erantsi apalagatik da ezaguna [1]. Nola orekatzen du oligarkiak desabantaila hori? Soldatak erasotuz, bere zentzu zabalenean. Espainiako soldata-erregimenaren eboluzioari erreparatuz gero, lan-indarraren prezioa 1998tik 2011ra geldituta egon zela konturatuko gara, eta aldiz, gastu sozialak (zeharkako soldata) proletarizazioaren babes-dike funtzioa betetzen zuela. 2010. urtetik aurrera, soldataren debaluazioa eta gastu sozialaren murrizketa nabaritzen hasi zen, ordea [2].

Espainiako Estatua bere ekoizpen-egituraren errentagarritasun-tasa baxuagatik edo balio erantsi apalagatik da ezaguna. Nola orekatzen du oligarkiak desabantaila hori? Soldatak erasotuz, bere zentzu zabalenean

Egungo lan-merkatuan txertatzen diren gazte langile gehienek pentsioen batez bestekoa baino gutxiago irabazten dutela ikus dezakegu. Zehatzago esanda, Espainiako Estatuan bizi diren gazte askok pentsio maximoa duten beren aitona-amonek jasotzen dutenaren erdia edo erdia baino gutxiago jaso dezakete beren lan-indarraren ordainetan. Horri biztanleriaren hazkunde-tasa baxua eta oraindik indarrean den bizi-esperantzaren igoera gehitzen badizkiogu, deskalabrua datorkigula susma dezakegu. Pentsioen erreforma berriaren arduradun politikoek ihes egiten diote arazoari, esanez bizi-itxaropenak gora egin ahala erretiro-adina handitu behar dela, baina arazoa atzetik dute segika. Santiago Niño Becerra ekonomialariak zera ohartarazten du: «Bizi-itxaropena murriztu egingo da osasun publiko unibertsalak, prestazioei eusteko dituen ezintasun finantzarioengatik, murrizketak egiten dituen heinean» [3]. Bizi-itxaropenaren etorkizuneko jaitsierak ez du biztanleriaren zahartzea bere horretan geldiaraziko, eta erretiro-adinaren atzerapenari mugak ezar diezazkioke. Biak ala biak baldintza kaskarrak dira pentsio publikoei eusteko.

Perspektiban jartzearren, zahartze demografikoaren mundu mailako sailkapeneko bigarren postuan dago Espainiako Estatua, Japoniaren atzetik eta hura gainditzeko aurreikuspenarekin. Hego Euskal Herriko datuak ez dira hobeak: 2021ean Espainiako Estatuan 65 urte edo gehiago zituzten biztanleak % 19,77 ziren, eta aldiz, Hego Euskal Herrian % 22,14 ziren, batez beste [4]. Espainiako ikerketa burges ugarik ere geroz eta arrazoi gutxiago dituzte baikortasunaren apologiarako, 2050erako jubilazio adinean egonen diren pertsonek estatuko biztanleriaren % 30 baino gehiago osa dezaketela onartzen baitute. Nazioarteko analisiak ezkorragoak dira, eta % 40tik gora kokatzen dute erretiro-adinean edo hortik gertu egonen diren biztanleen multzoa [5]. Aurreikuspenok betetzen badira, soldatapeko eta pentsiopeko langileen arteko proportzioa alderantzizkatu egingo da, hots, aurki jende gehiago egon daiteke erretiratuta lanean baino, horrek ekar dezakeen desoreka guztiarekin. Espainiako Estatuko eta Hego Euskal Herriko egungo datuen alderaketa eginez, susma dezakegu aipatutako haustura-puntua gurean lehenago irits daitekeela.

Aurki jende gehiago egon daiteke erretiratuta lanean baino, horrek ekar dezakeen desoreka guztiarekin

Aurreko zifrak azaltzeko bi faktore sukoi daude, gutxienez: langabeziaren kronifikaziorako tendentzia gorakorra eta baby boom belaunaldiaren [7] erretiroa. Kontrakorik frogatzen ez den artean, teknologiaren garapenak sozialki beharrezkoa den lan-denbora, eta beraz, lan-eskaria murrizten jarraituko du. Zentzu horretan, lan-indarraren soberakin orokorra haztea espero daiteke. Adam Radomskik azaldu moduan, kaleratze masiboak, kontratu partzialak, aldi baterako enplegu-erregulazio txostenak, aldizkako lan-kontratuak, finko ez-jarraikorraren figuraren hedapena zein behin-­behinekotasuna gure eguneroko ogia izanen dira datozen urteetan [8]. Horrek guztiak beherantz bultzatuko du soldaten batez bestekoa, eta berez ahula den Gizarte Segurantzaren funts-bilketaren eraginkortasuna are gehiago murriztuko du.

Bigarren aspektuari dagokionez, baby boom belaunaldiaren erretiroaren garrantzia ez da termino demografikoetan duen pisu kuantitatiboan soilik neurtu behar; baita ekonomikoki, eta beraz, politikoki dituen ondorio kualitatiboetan ere. Urte gutxi barru, ondoko atakan aurkituko da Madril: Gizarte Segurantzaren historiako langile-belaunaldi ugari eta oparoenetarikoaren pentsioak finantzatu beharko ditu, soldata erreal baxuenak dituen eta demografikoki murritzena den langile-belaunaldiaren soldatak oinarri hartuta. Nola kudeatuko dute hori? «Erreserba Funtsarekin», esango luke batek baino gehiagok, Ongizate Estatuaren ustezko diru-jario amaigabeari dei eginez. Kontua da 2011 eta 2021 bitartean % 90 hustu dela Erreserba Funtsa, zehazki, 66.000 milioi eurotik 2.000 milioi eurora murriztu dela [9]. Beraz, aukera bakarra geratuko zaie datozen urteetan Moncloan egongo diren exekutibo guztiei: maniobra-marjina txikidun politika antiproletarioak ezartzea eta Bruselatik datorren likidezia pozoindua onartzea.

Zifrek adierazten duten moduan, belaunaldi arteko elkartasun printzipioari eusten dion oreka sozioekonomikoa hausten bada, pentsio publikoen historia iragarritako heriotza baten kronika litzateke. Langile belaunaldi berrien perspektibatik, inguruan enpirikoki nabarituko dute urte luzez lan egin eta kotizatzeak (lanpostua lortzekotan) ez dituela zahartzaroan bizi-baldintza jakin batzuk ziurtatzen. Zaharragoen kasuan, 40 urte inguru lanean aritu arren, lan-merkatutik erretiratzeko sasoian proletarizazioaren hatsa senti dezakete garondoan; askok, lehendabizikoz. Horrek kolokan jarriko du Ongizate Estatuaren hitzarmen sozialaren zutabe nagusietariko bat. Langile-mugimendua deseginda eta komunismoaren mamuaren mehatxurik gabe, pentsio-plan pribatuetako jabeek zein bestelako oligarkek ez dute oztopo handirik ikusten, eta pozarren daude datorkienaren aurrean. Putreak hegaka ditugu geure buruen gainetik, aurrean dugun erloju-bonba soziala noiz lehertuko zain.

KRISIAREN ERREFORMAK ETA ERREFORMEN KRISIA

Saia gaitezen lehen jaurtitako galderari modu zehatzagoan erantzuten. Pentsio-sistema publikoaren desoreka kronikoa bada eta horren ondorioz epe ertainean finantzazio-krisi sakona jasan badezake, zenbateraino eutsiko diote pentsio-sistema publikoari? Eta are garrantzitsuagoa: nolakoa izan daiteke berau ordezkatuko duen eredu berria?

Medikuntzan gangrenatutako gorputz atal bat anputatzen den bezala, estatu burgesek defizit publiko handiena eragiten duten zerbitzu zein eskumenak gainetik kentzeko baliatzen dute krisia. Beste herrialde batzuetan ikusi izan denez, Gizarte Segurantza progresiboki eta era masiboan desegin daiteke, burgesiarentzat irabaziak handitzeko helburuarekin nahiz krak-a gorputz sozial osora heda dadin saihesteko. Pentsioek, soldata-forma bat osatzen duten heinean, gainbalioa (ordaindu gabeko lana) xurgatzeko marjina uzkurtu diezaiokete burgesiari. Halaber, trantsiziotik hona, oligarkia finantzarioak koiuntura ekonomikoak eskatu ahala moldatu du Espainiako pentsioen lege-markoa, bere maiordomo politikoen eskutik. Erreforma bakoitzak lanaren errentetatik kapitalaren errentetara geroz eta transferentzia handiagoak ahalbidetu dizkio klase menperatzaileari. Espainiako demokrazia burgesean pentsioen gaineko doktrina hori ezaugarritu duten bi politika orokor nabarmentzen ditu Mario del Rosal ekonomialariak [10]:

Erreforma bakoitzak lanaren errentetatik kapitalaren errentetara geroz eta transferentzia handiagoak ahalbidetu dizkio klase menperatzaileari

1. Erretiroko batez besteko pentsioa murriztea, pentsioaren oinarri arautzailearen kalkulurako urte kopurua handituta.

2. Baldintzak gogortzea, pentsioa jaso ahal izateko gutxieneko kotizazio-aldia luzatuta.

Bi interbentzio-ildoek, modu batera edo bestera, lan-indarraren etengabeko debaluazioa ekarri dute. PSOEren lehen legealdian koka daiteke pentsioen kontrako ofentsiba historikoaren abiapuntu esanguratsuena. 1985ean, pentsioetara sarbidea izateko gutxieneko kotizazio-aldia 10 urtetatik 15 urtera luzatu zen, esate baterako. Prestazioaren zenbatekoa kalkulatzeko oinarria, aldiz, lan-bizitzako azken bi urteetako batez besteko soldata izatetik azken 8 urteetakoa izatera igaro zen, eta horrek pentsiodun bakoitzak jasotzen zuen zenbatekoa murriztea ekarri zuen. 1995ean batzorde politiko berezi bat sortu zuten Espainiako Diputatuen Kongresuan pentsio-sistema publikoari dagozkion aldaketak proposatzeko: Toledoko Ituna. Tresna politiko horren bitartez, aurrez aipatutako Segurtasun Sozialaren Erreserba Funtsak sortu zituzten, sasoi hartan funts soberakinak biltzen baitzituzten urtero.

PPren gobernuak beste erreforma bat bultzatu zuen 1997an, eta haren bidez, pentsio bakoitzaren kalkulurako oinarria azken 8 urteetako soldatetatik 15 urtera luzatu zen. 2007ko moldaketek zentzu beretik jo zuten, krisiak oraindik eztanda egin ez bazuen ere. Pentsioa jasotzeko beharrezko kotizazio-urte kopurua berriro igo zuten, eta jubilazio partzialerako aukerak estutu zituzten. 2008ko atzeraldi ekonomikoarekin iritsiko zen proletalgoarentzako kolpe gogorrena, orduan hasiko baitzen Gizarte Segurantzako sistemaren gaineko finantza-presioa nabarmenki handitzen. Geroztik, askoz zorrotzagoa izan da «aurrekontu­-egonkortasuna» deritzon printzipioaren aplikazioa. 2011n, hain zuzen ere, Espainiako Konstituzioan eguneraketak txertatu zituzten eta langile klasearen erosahalmenaren kontrako lege-bateria oso bat jaurti zuten, honako neurriekin:

◾ Pentsioak izoztea.

◾ Erretiro-adina 65 eta 67 urte artean atzeratzeko aukera, kotizatutako urte kopuruaren arabera.

◾ Aurre-erretiroko aukerari eutsi zioten, baina halako kasuetan pentsio osoa jasotzeko 38,5 urteko kotizazioa eskatuta.

◾ Pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko oinarri arautzailea 15 urtetatik 25era luzatu zuten.

◾ Oro har, pentsio osoa jasotzeko ezinbesteko kotizazio urte kopurua 35etik 37ra igo zuten.

◾ Doikuntza automatikoa: adierazle jakin batzuen arabera (bizi-itxaropena, esate baterako) aipatutako baldintzak aldatzea baimentzen zuen faktore berri honek, erreforma osoak egin beharrik gabe.

Gauzak horrela, Espainiako Estatuko Gizarte Segurantzak aseguru pribatuen logika jarraitu duela deritzo del Rosalek [11]. Ongizate Estatuaren garaian pentsio publikoak arautzen zituzten printzipioak (errentaren birbanaketa eta belaunaldi arteko elkartasuna) indargabetzen joan dira, eta horren ordainetan, «jasangarritasun faktorea» deritzona sendotu da. 23/2013 Legearen bidez, esaterako, «zahartzaroaren babeserako ulermen indibidualistagoa» ezarri dela ohartarazten du del Rosalek. Izan ere, bizi-esperantza igotzeak pentsio-sistemaren gastuetan dituen efektuak mugatzea izan da azken araudiaren helburua, erretiratua denbora gehiago bizi ahala prestazioak murriztuz. Hori gutxi balitz, Espainiako Estatuak bertan behera utzi zuen langile pentsiodunen erosahalmenari eusteko funtzioa, hau da, uko egin zion pentsioak Kontsumo Prezioen Indizearen (KPIa) eboluzioarekiko proportzionalki igotzeari. Adibide bat jartzearren, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 2022ko otsailaren hasieran salatu zuenez, % 5,5 igo zen KPIa; pentsioak, berriz, % 2,5 baino ez zituzten igo [12]. Espainiako Estatistika Institutuak martxoaren 11n argitaratutako datuen arabera, prezioen urte arteko aldakuntzak % 7,6ko igoera izan zuen 2022ko otsailean zehar Espainiako Estatuan, 1986ko abenduaz geroztik ikusitako igoera bortitzena [13]. Estatuarentzat eta merkatuarentzat geldiezina den gurpil zoro bat sortzen da beraz: KPIren gorakadaren ondorioz langileriaren erosahalmena murrizten da, eta horrek kotizazioak zaildu egiten ditu erlatiboki. Horrek, aldi berean, are gehiago murrizten ditu pentsioak, eta berriro ere eragin negatiboa du erosahalmenean. «Pentsioaren zenbatekoa eguneratze hutsa sistemaren oreka finantzarioaren mende gelditzen da, eta beraz, haren babes-ekintza ahulduta gelditzen da» [14], ondorioztatu du del Rosalek.

Ongizate Estatuaren garaian pentsio publikoak arautzen zituzten printzipioak (errentaren birbanaketa eta belaunaldi arteko elkartasuna) indargabetzen joan dira, eta horren ordainetan, «jasangarritasun faktorea» deritzona sendotu da

Pentsio-sistema publikoaren dekadentzia tresna fiskalen moldaketaren eta funts pribatuak elikatzeko politiken eskutik joan da krisi garaian. Ohikoa izan da patronala kotizazioetatik salbuestea, sozietateen zergak apaltzea edota pertsona fisikoen gaineko zerga partzialki ezabatzea, besteak beste. Neurri erregresibook errenta altuetako zergadunei egin diete mesede, goi burgesiari, gehienbat. Bien bitartean, murriztu egin da pentsio-publikoen zakuan kotizatzen duten zergadunen kopurua eta baita bakoitzak inbertitutako diru-partiden bolumen absolutua ere. Duela hamarkada batzuetako soldaten erosahalmenarekin lotuta, ordea, erlatiboki handiagoa da egungo langile bakoitzak kotizatzeko egin behar duen esfortzu ekonomikoa.

Pentsio-funts pribatuen tamaina, berriz, biderkatu egin da. ELGA Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera, 2001ean Espainiako Estatuko Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 5,8 hartzen zuten pentsio-plan pribatuek, eta 2016an % 14raino heldu ziren. Zifrak are interesgarriagoak dira zertxobait eguneratzen baditugu, izan ere, 2020an % 14,4an kokatzen zen horien proportzioa estatuko BPGaren baitan [15]. Geldialdia agerikoa da. Fenomeno hori bultza dezaketen faktore hipotetikoen artean, berriz, bada proletarizaziorako joera baieztatuko lukeen bat: pentsio-­plan pribatuetara sarbidea izan dezakeen populazioa goia jotzen legokeela, alegia.

Hala eta guztiz ere, pentsio-sistema publikoaren degradazioa bi zentzutan izan da funtzionala kapitalarentzat: lan-indarra merketzeko eta «errentagarritasun espazio berriak zabaltzeko», Del Rosalen hitzetan [16]. Halaber, trantsizio-une garrantzitsua bizi du pentsio-sistemaren ereduak. 2000. urteko Lisboako Agendan eta 2016an abiatutako Seihileko Europarrean ezarri bezala, Europar Batasuneko (EB) instituzioen helburua «pentsio publiko zein pribatuek elkar osatzen duten zutabe anitzeko sistema bat» eratzea da. Oreka perfektua hura desio dutenen buruan baino ez da existitzen, ordea: pentsio pribatuekin ez dago denontzako kaferik, eta kapital kolektiboaren kontrolpeko pentsio publikoak defizitarioak dira. Europar Batzordeak 1994an dagoeneko «lehiakortasunarentzako zama» gisa identifikatzen zituen kotizazio sozialak. Ondorioz, «irabaziak sortzeko baldintzak hobetzea» lehenetsi beharko zela aurreikusten zuten, «kontratazioari edo eskulanaren mantenuari dagozkienak murriztuz, Gizarte Segurantzarenak, esate baterako» [17].

Beraz, pentsioen titularitate publiko eta pribatuen artean ez dago kontraesan fundamentalik; alderantziz, kapitalaren behar koiunturalen arabera moldatzen diren bi kudeaketa-eredu osagarri direla ikusi dugu. Pentsio publikoei dagokienez, ezin daiteke esan egun batetik bestera desagertuko direnik. Hori bai, bere horretan eutsi diezaieten, aldaketa kuantitatibo zein kualitatibo sakonak jasan beharko dituzte. Langabeziaren igoerak, desoreka demografikoek, Europako estatu gehienek arrastaka daramaten zor publiko potoloak, «errentagarritasun-espazio berrien» behar famatuak eta soldatapekoen erosahalmenaren murrizketak pentsioen bideraezintasun finantzarioa dakarte ezinbestean. Bestetik, langile mugimendu borrokalari eta indartsuen faltan, ez du zentzurik baketze sozialera bideratutako gastuak neurri berean mantentzeak [18].

AZKEN ERREFORMA

Pentsioen erreforma berri bat onartu zuen Espainiako Gobernuak 2021eko abenduan. Bertako neurrien ezarpena bi multzotan banatuta datorkigu: bata 2022ko urtarrilaren 1etik indarrean dago jada, eta bestearen eduki zehatza zein data zehazteke daude lerrook idatzi diren unean.

Lehen blokearekin, langile zaharrenak lan-merkatuan Prometeo arrokarekin bezala kateatzea izan da euren helburua. Hainbat tresna juridiko baliatu dituzte horretarako, nabarmenena, erretiro adina zuzenean atzeratzearen estrategia klasikoa. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, 66 urte eta bi hilabetetan finkatu dute jubilaziorako adin ofiziala. 2027rako, berriz, 67 urtera arte hedatzea aurreikusten dute. Hori gutxi balitz, badirudi PSOE eta Unidas Podemosen gobernuak maximoan esplotatu duela bere intelligentsia, berrikuntza kontzeptualak proposatu baititu langileriaren bizi­-baldintzak suntsitzearen arloan. Erretiro aktiboa deituriko termino baten baitan soldatapeko lana eta pentsioak uztartzea baimendu dute, adibidez. Borondatezko aurretiko erretiroaren kontrako zigor ekonomikoak, berriz, % 4 gogortu dituzte batez beste. Prestazioa jasotzen duten langileek penalizazio handiagoa ala txikiagoa jasan dezakete, kotizatutako urte kopuruaren arabera. Gizarte Segurantzak hileko pentsiotik diru gehiago kenduko die gutxien kotizatu dutenei, eta gutxiago gehien kotizatu dutenei:

◾ 38 urte eta 6 hilabete baino gutxiago kotizatuta: % 21eko penalizazioa (2021ean baino % 5 gehiago).

◾ Denbora hori baino gehiago, baina 41 urte eta 6 hilabete baino gutxiago kotizatuta: % 19ko penalizazioa (2021ean baino % 4 gehiago).

◾ 44 urte eta 6 hilabete baino gutxiago kotizatuta: % 17ko penalizazioa (2021ean baino % 3 gehiago).

◾ 44 urte eta 6 hilabete baino gehiago kotizatuta: % 13ko penalizazioa (2021eko berbera).

Zer dakar horrek pentsiodun arruntaren poltsikoan? Adibide bat jartzearren, 1.200 euroko pentsioa (estatu mailako batez bestekoa) duen jubilatu batek 38 urte eta 6 hilabete baino gutxiago kotizatu badu, bere hileko pentsioa 948 euroan geratuko litzateke. Erretiro-adina atzeratzen dutenentzat, berriz, % 4ko ordainsariak eskaintzen dituzte lan egindako urte gehigarri bakoitzeko. Lan-baldintza egonkor eta oparoenak izan dituzten langileentzako kolpea arinagoa izango da, baina lanpostuan ezegonkortasun eta prekarietate handiagoa bizi izan dutenek gorriak ikus ditzakete erretiro-aldian. «Pixka bat gehiago egin behako dute lan», ohartarazi zien Jose Luis Escriva Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako ministroak erretirotik gertu dabiltzan baby boom belaunaldiko langileei.

Lan-baldintza egonkor eta oparoenak izan dituzten langileentzako kolpea arinagoa izango da, baina lanpostuan ezegonkortasun eta prekarietate handiagoa bizi izan dutenek gorriak ikus ditzakete erretiro-aldian

Bestetik, Pedro Sanchezen exekutiboak pentsioak KPIren bilakaeraren arabera moldatzea erabaki zuen, baina ez edonola. Prestazio bakoitzari 20 eta 30 euro artean besterik ez dizkiote igo; zifra negargarriak, argiaren, gasaren, gasolinaren eta elikagaien prezioen azken igoerekin alderatuz gero [19]. Neurriak ez dira bertan geratzen, ordea; izatez, EBk garesti ordainaraziko dio langileriari pentsioen urtarrileko igoera apala eta Europako funts famatuen injekzioa. Pentsioen erreformaren negoziaketen markoan, «gainkostuari erantzuteko konpentsazio-efektuak» eskatu dizkio Bruselak Madrili. Halaber, prestazioen zenbatekoak kalkulatzeko urte kopuru famatuen «doikuntza» berriak etor daitezke erreformaren bigarren blokearekin, besteak beste.

Komunikabideetan oihartzuna izan duen zurrumurru baten arabera, 25 urte kotizatutik 35 urtera luzatu dezakete pentsioak kalkulatzeko oinarri arautzailea. Espekulazio hutsa litzateke zifra zehatzok ezarriko diren ala ez esatea, edo nork eta zergatik zabaldu dituen ondorioztatzea: oposizio eskuindarrak PSOE eta Unidas Podemos politikoki kaltetzeko zabaldu du? Ala koalizio gobernuak berak filtratu du haserre soziala neurtu eta azkenean ezar ditzakeen kopuru erreal baxuagoekin «hainbesterako ez dela» eman dezan? Ezin jakin, baina dena dela, nahiko ziurra da pentsioen kalkulua egiteko urte kopurua igotzea, eta horrek pentsio guztietan izango du eragina. Ibilbide profesionalean atzera egin ahala soldatak txikitzen direnez, kalkulu-urteen oinarria zabaltzeak pentsioen batez bestekoan jaitsiera orokorra dakar ezinbestean. Astindu inflazionarioek erosahalmenean eragingo duten kalteaz gain, Espainiako Gobernuak «doikuntza» horretarako beharrezkoa den araudia berrikusteko konpromisoa hartu du EBren aurrean [20].

Luzatutako urte-aldia edozein izanik ere, kotizatzaileei beren ibilbide profesionaleko «urterik egokienak aukeratzen» utziko dietela promestu du Espainiako Gobernuak, «erreformaren albo-kalteak arintzeko». Noski, pentsioen kalkulurako urte kopuruaren oinarria asko zabaltzen badute, zaila izango da bertan urte egokirik aukeratzea. Oraingoz ez dakigu zein izango den Espainiako Gizarte Segurantzak gastua murriztearen eta ondorioak arintzearen artean bilatuko duen neurri zehatza. Bi gauza ziurrak dira baina: Espainiako Gobernuak betetzen duen hitz bakarra Bruselari eta patronalari emandakoa izaten dela, eta Europako Banku Zentralak Espainiako Estatuaren geroz eta zor gutxiago erosiko duela aurrerantzean [21].

Azkenik, Belaunaldi Arteko Ekitate Mekanismoa (BAEM) legoke etorkizunera begira proiektatzen diren moldaketen artean. Koalizio gobernuak berehala domina eskegi dio bere buruari, PPk 2013an ezarritako jasangarritasun faktorea «atzera bota duela» esanez. 2027rako indarrean egongo den BAEMk aurrekoa ordezkatuko du, ordea. Pentsioen kalkulurako urte kopuruaren kasuan bezalaxe, oraindik zehazteke dago zein izango den bere eduki konkretua.

KONTRATENDENTZIAK

«No queremos una España de proletarios, sino una España de propietarios» («Ez dugu proletarioen Espainiarik nahi, jabeen Espainia bat baizik»), adierazi zuen Jose Luis de Arrese Espainiako etxebizitza ministro falangistak 1959an [22]. Espainiako Estatuan politika soziala ordena publikoko auzia izan dela erakusten digute adierazpenok, bai eta higiezinen jabetzak bertako politika soziala bereziki ezaugarritu duela ere. Eta ez da gutxiagorako, etxebizitza-jabedunen izaera masiboak desberdintzen baititu Espainiako Estatua eta Europa mendebaldeko gainontzeko ongizate-sistemak. Faktore hori desarrollismo frankista, trantsizioa edota higiezinen burbuilaren moduko mugarri historikoak ahalbidetzeko ezinbesteko oinarri materiala ere izan da. Emmanuel Rodriguez historialariak bere azken liburuan azaltzen duenez, «Jabetzapeko etxebizitza, konpentsazio-logika sozial baten arabera, ziurtasunaren eta gizarte-segurantzaren bitarteko nagusian eratu zen» [23]. Zifretan jarriz, familien % 51 alokairuan bizi zen 1950. urtean, eta 1980an % 20 baino ez. Etxebizitza jabetzan zuten bizikidetza-unitateen multzoa, berriz, % 46tik % 73ra igaro zen denbora-tarte berean [24].

2021ean Espainiako Estatuan etxebizitza bat jabetzan zuten biztanleen ondarea 395.500 eurokoa zela kalkulatzen da batez beste. Horren arabera, hipotekarik ez duten jabeek estatuko «% 20 aberatsena» osatuko lukete. Hala ere, errealitatera gehiago hurbiltzen da balio ertaina, 200.800 eurotan finkatzen baitu etxea ordaindu dutenen aberastasuna. Higiezina hipotekatuta badago, ondarea 114.800 eurotara jaisten da. Arrakala are handiagoa da alokairuan bizi direnen kasuan, 6.100 eurokoa baita haien batez besteko aberastasuna. Jabedunen ondarea maizterrena baino 33 bider handiagoa da Espainiako Estatuan; zehazki, Europako batez bestekoa baino zortzi puntu handiagoa da [25].

Zer esan nahi dugu honekin guztiarekin? Bada, klase ertainak azken karta bat daukala mahukapean gordeta: higiezin familiarrek proletarizazioa leuntzeko koltxoi modura funtzionatu izan dute orain arte, eta rol berbera joka dezakete pentsio publikoen endekapenaren aurrean. Ez dago zalantzarik, 2008tik hona higiezinen salmentak edota alokairuak estutasunetik atera izan du bat baino gehiago. Horrek, klase ertainaren erreprodukzio sozialaren etete orokorrarekin batera, egungo jabetza-egituran eragin du, eta azken hamarkadetako zifra astronomikoak higatzen dituzte. Errepara diezaiegun tendentziei: etxebizitzen jabeen ehunekoa 2010ean % 79,8 izatetik 2020an % 75,1 izatera igaro da, hau da, hamarkada bakarrean 4,7 puntu gutxiago izatera. Ondorioz, Europar Batasunean azken hamar urteotan etxejabe gehien galdu dituen hirugarren estatua izan da Espainia [26].

Higiezin familiarrek proletarizazioa leuntzeko koltxoi modura funtzionatu izan dute orain arte, eta rol berbera joka dezakete pentsio publikoen endekapenaren aurrean

Halere, % 75,1 zifra potoloa da, eta horregatik espero daiteke jabetzako etxebizitzek zein bestelako higiezinek gaitasuna izatea pentsioak kaskartzeak eragindako proletarizazioa hein batean xurgatzeko. Baina horrek ez du proletarizaziorako joera orokorra bere horretan ezeztatzen; alderantziz, epe luzean okertu egin dezake. Europako Batzordeko Ikerketa Zentro Bateratuko kide den Guillem Vidalek azaltzen duenez, «familiaren laguntzarik gabe, ia ezinezkoa da pisu bat erostea», are gehiago, «soldata ona izanda ere, etxebizitza bat erosteko ondare oso bat metatu beharko zenuke» [27]. Hemen dago koxka, beraz: zer gertatuko da etxebizitzan oinarritutako aberastasuna belaunaldiz belaunaldi transmititzeko eredu espainiarrarekin, baldin eta zahartzarora heltzen diren ertain klaseak beren etxebizitzak saltzen hasten badira proletarizazioa saihesteko? Posible da metatutako aberastasun familiarraren transmisio hori progresiboki eteten joatea, eta horrek hurrengo belaunaldien baldintza sozioekonomikoak are gehiago okertzea.

Posible da metatutako aberastasun familiarraren transmisio hori progresiboki eteten joatea, eta horrek hurrengo belaunaldien baldintza sozioekonomikoak are gehiago okertzea

España 2050 gobernu-txostenean aipatzen denez, belaunaldi arteko desberdintasun ekonomikoa handitzen ari da Espainiako Estatuan. 1999-2015 aldian, 65 urteko pertsonen batez besteko aberastasuna 35 urtekoen bikoitza zen. Gaur egun, berriz, 65 urtekoek 35 urtekoek baino bost aldiz aberastasun handiagoa dute. Belaunaldien arteko tarte hori «ekonomia aurreratu» deritzoten horietan «ohikoa» dela dio Espainiako Gobernuak. Hala ere, aitortu egiten du Espainiako Estatuan bizkortu egin dela, desberdintasun sozial ikaragarriak dituzten herrialdeen pare, Amerikako Estatu Batuak, esate baterako [28].

ONDORIO POLITIKOAK

Datozen urteetan estatua langileriaren gutxieneko erreprodukzio miserablea bermatuko duten zerbitzu eskas batzuk kudeatzera mugatuko da pentsioen arloan ere, bestelako soldata-formetan espero den moduan. Behinola bizi-baldintzak hobetzeko edota mantentzeko izan zuten funtzioa deuseztatuta, izaera asistentzial markatuagoa hartuko dute.

Behinola bizi-baldintzak hobetzeko edota mantentzeko izan zuten funtzioa deuseztatuta, izaera asistentzial markatuagoa hartuko dute

Ezkertiar askok kontrakoa uste duten arren, pentsio publikoak ez dira politikari trakets zein ustelek «gaizki» kudeatu dituztelako kaskartu. Aztertutako murrizketek badute beren barne-logika, hau da, ez dira erabat irrazionalak izan. Pentsio-sistema publikoaren epe luzeko bideragarritasun finantzarioa zalantzagarria da, gabezia estruktural espezifikoak dituelako eta krisian den kapitalismoak ez duelako langile pentsiodunen bizi-baldintzak hobetuko dituen kontrarreformarako tarte handirik onartzen.

Diru-partiden faltak politika instituzionalean eragiten duen blokeoa, bestalde, ez du kaleko Mobilizazio Handi batek behartuko. Krisi aurreko baldintza sozioekonomikoak berrezarriko dituen D eguna ez da inoiz iritsiko, eta Madrilen edonork gobernatzen duela ere, pentsioek okerrera egitea espero da, honezkero ikusi dugun moduan. Zentzu horretan, erreformak kaleetan zalaparta handiegirik piztu ez izanak proletalgoaren independentzia ideologiko eta politikoaren auzia pentsatzera garamatza. Sozialdemokraziak masa-mugimendu espontaneoetan duen hegemonia ideologiko eta politikoa horren da handia, ezen Moncloan ezkerreko koalizioa egote hutsak de facto blokeatzen baititu protesta-ziklo gogorrak, langile klasearen bizi-baldintzen aurkako ofentsiba gordinaren erdian. Argi eta garbi ikusten da burgesiaren ezker hegal parlamentarioak aise kapitalizatzen dituela herritar haserretuen mobilizazioak, baita pentsioen auzian ere. M15etik hona, eskuinaren aurkako hauteskunde-lehiak elikatzeko eta ezkerraren hauteskunde-programak zilegiztatzeko eraginkortasuna erakutsi dute gisa horretako protestek, baina ez askoz gehiago [29].

Partida ez da amaitu, ordea; historiak aurrera darrai. Bizi dugun krisialdiak inoiz ez bezala kolpatu ditzake Europako Ongizate Estatuetan proletarizaziotik salbuetsiago ziruditen adin-segmentu helduenetako geruza zabalak. Arrakala soziala handituz doa, eta programa sozialdemokraten ekintza-marjina pentsioen frontetik estutzen ikusiko dugu. Hauteskundeetako parte-hartzea helduenen artean kontzentratzen dela jakinda, datozen urteetan pentsioena auzi bereziki sentikorra izango da alderdi instituzionalentzat. Hauteskunde-programa bilakatutako gezur irrigarrien zerrenda luzeak eta hitzemate faltsu bezainbeste hitz-jate ikusiko ditugu, dena hauteskunde-oinarrian galera esanguratsuak saihesteko. Posible da horrek politika instituzionalarekiko atxikipen falta areagotzea eta interbentzio iraultzailerako baldintza subjektiboak zertxobait hobetzea. Hala ere, ezin da bistatik galdu etsipen despolitizatuaren edota forma desberdinetako erreakzio nostalgikoen arriskua ere gainera datorkigula, miseria material, etiko zein politiko ziurraz gain. Edonola ere, borrokarako grinez begira diezaiogun etorkizunari, aurrean ditugun erronkek adin guztietako adimen, indar eta giharrak eskatuko baitituzte.

Hauteskundeetako parte-hartzea helduenen artean kontzentratzen dela jakinda, datozen urteetan pentsioena auzi bereziki sentikorra izango da alderdi instituzionalentzat

ERREFERENTZIAK ETA OHARRAK

1 Espainiako Estatuko egitura produktiboaren ezaugarrietan sakontzeko, ikus Francisco Javier Murillor Arroyoren Análisis marxista del milagro económico español (1994-2007): dinámica salarial e impacto sobre la estructura de la propiedad. Madrilgo Complutense Unibertsitatea. Madril, 2016. 10. kapitulua.

2 Ibídem. 9. kapitulua,

3 Bou, L. Niño Becerra desmonta la política de pensiones de Sánchez: «La recaudación caerá» (2021eko azaroaren 5a) elnacional.cat.

4 Instituto Nacional de Estadística. Indicadores de Estructura de la Población. Resultados por provincias. Proporción de personas mayores de cierta edad por provincia.

5 Mapfre. Número de jubilados respecto a trabajadores. jubilacionypension.com

6 Baños, P. El dominio mundial: Elementos del poder y claves geopolíticas. Ariel. Bartzelona, 2018. 211.orr.

7 Baby boom belaunaldia deritzo, Espainiako Estatuaren kasuan, XX. mendeko 50eko hamarka amaieratik 70eko hamarkada amaierara bitartean jaiotako biztanleria-multzoari. Frankismoak gerraosteko krisia gainditu, industrializazio-prozesua abiatu, harreman komertzialak egonkortu eta turismoaren ateak zabaldu zituenean, horrek 14 milioi inguruko hazkunde demografikoa ahalbidetu ziola kalkulatzen da.

8 Radomski, A. Lan-erreforma proletariotzaren bizi baldintzen aurkako ofentsibaren markoan: azterketa kritikoa (2022ko otsailaren 10a). gedar.eus.

9 Público. La caída en picado de la hucha de las pensiones con Rajoy: de los más de 66.000 millones en 2011 a los 2.000 en 2021 (2021eko azaroaren 3a). publico.es

10 del Rosal, M. The Debate on Pension Systems: The Paradigmatic Cases of Chile and Spain. American Journal of Economics and Sociology, Vol. 78, No.1. 2019. 211-214.orr.

11 Ibídem. 210.orr.

12 GEDAR LANGILE KAZETA. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak «iruzurtzat» jo du Espainiako Gobernuaren pentsioen erreforma (2022ko otsailaren 1a). gedar.eus.

13 Sanchez, A. La inflación escala en febrero al 7,6 %, dos décimas más de lo previsto, mientras la guerra en Ucrania alienta nuevas subidas de precios (2022ko martxoaren 11). elpais.com.

14 del Rosal, M. The Debate on Pension Systems: The Paradigmatic Cases of Chile and Spain. American Journal of Economics and Sociology, Vol. 78, No.1. 2019. 213-214.orr.

15 Organization for Economic Development and Cooperation (OECD). (2007). Figure 4: Trends in Autonomous Pension Funds’ Assets Relative to the Size of the Economy in OECD Countries, 2001–2006.» Pension Markets in Focus Issue 4. (2017). «Table 1. Total Investment of Pension Funds and All Retirement Vehicles, 2016.» Pension Markets in Focus. (2020) Table 1. Assets in pension funds and all retirement savings vehicles in 2020 (preliminary). oecd.org

16 del Rosal, M. The Debate on Pension Systems: The Paradigmatic Cases of Chile and Spain. American Journal of Economics and Sociology, Vol. 78, No.1. 2019. 214.orr.

17 European Comission. Crecimiento, competitividad, empleo: retos y pistas para entrar en el siglo XXI. Fundación Galicia-Europa. Santiago, 1994. 85.orr.

18 Niño-Becerra, S. Más allá del crash, Apuntes para una crisis. Debolsillo. Bartzelona, 2012. 23-24.orr.

19 GEDAR LANGILE KAZETA. Bizitzaren garestitzea, zenbakitan (2022ko martxoaren 11). gedar.eus

20 European Commision. Annex to the Commission Decision approving the Operational Arrangements between the Commission and Spain pursuant to Regulation (EU) 2021/241. Brusela, 2021. 315.orr.

21 Bartolome, M. Europar ekonomia politiko berriari buruzko zenbait ohar (2022ko otsailaren 25a). gedar.eus.

22 Rodriguez, E. El efecto clase media, crítica y crisis de la paz social. Traficantes de sueños. Madril, 2022. 129. orr.

23 Ibídem, 130. orr.

24 Instituto Nacional de Estadística. Censos de población y viviendas. Emmanuel Rodriguezek aipatua, El efecto clase media, crítica y crisis de la paz social-en. Traficantes de sueños. 133.orr.

25 Ley, M. Vivir de alquiler o tener casa: así es la brecha de la desigualdad en España y Europa (2021eko urriaren 11). elconfidencial.com.

26 Eurostat. que.es atariak aipatua El porcentaje de propietarios de vivienda en España se reduce en la última década-n (2022ko urtarrilaren 2a). que.es

27 Ley, M. Vivir de alquiler o tener casa: así es la brecha de la desigualdad en España y Europa (2021eko urriaren 11). elconfidencial.com.

28 Oficina Nacional de Prospectiva y Estrategia del Gobierno de España (coord.). España 2050: Fundamentos y propuestas para una Estrategia Nacional de Largo Plazo. Ministerio de la Presidencia. Madril, 2021. 327.orr.

29 M15 mugimenduaren eta horren kapitalizazio elektoralaren inguruan sakontzeko, Emmanuel Rodriguezen La política en el ocaso de la clase media: El ciclo 15M-Podemos. Traficantes de sueños. Madril, 2017.

BIBLIOGRAFIA

Arrizabalo, X., del Rosal, M. & Murillo, F. J.The Debate on Pension Systems: The Paradigmatic Cases of Chile and Spain. American Journal of Economics and Sociology, Vol. 78, No.1. 2019.

Bartolome, M. Europar ekonomia politiko berriari buruzko zenbait ohar (2022ko otsailaren 25a). gedar.eus.

Rodríguez, E. El efecto clase media, crítica y crisis de la paz social. Traficantes de sueños. Madril, 2022.

Rodríguez, E. La política en el ocaso de la clase media: El ciclo 15M-Podemos.Traficantes de sueños. Madril, 2017.

Kolitza. Aurrekaririk gabeko krisi baten gaineko apunte ekonomikoak. (2020ko azaroaren 16a). gedar.eus.

Murillo, F. J. Análisis marxista del milagro económico español (1994-2007): dinámica salarial e impacto sobre la estructura de la propiedad. Madrilgo Complutense Unibertsitatea. Madril, 2017.

Niño-Becerra, S. Capitalismo 1679-2065, Una aproximación al sistema económico que ha producido más prosperidad y desigualdad en el mundo. Ariel. Bartzelona, 2020.

Niño-Becerra, S. Más allá del crash, Apuntes para una crisis. Debolsillo. Bartzelona, 2012.

Radomski, A. Lan-erreforma proletariotzaren bizi baldintzen aurkako ofentsibaren markoan: azterketa kritikoa (2022ko otsailaren 10a). gedar.eus.

EZ DAGO IRUZKINIK