2022/09/01

Hilabete honetako Arteka-n landuko den edukian sakontzen laguntzen duten hainbat kontzeptu azaltzea da editorial honen helburua. Ukaezina da espazioen auziak eta prozesu sozialek beraien artean duten harremana. Gauzak horrela, espazioen auzia ikertu eta horren aurrean posizio politiko bat eraiki den garai ezberdinetan, garai konkretu horretako ezaugarri politikoekin lotuta agertu izan da teorizazioa bera.

Gaur egungo testuinguruarekin lotuta, behar-­beharrezkoa izan da azkenengo urteetan problematika hau ikuspegi komunista batetik aztertzeko egin den lana, aurreko hamarkadetan gai hau landu den moduak utzi dituen muga nabariak gainditzeko asmoz. «Gune autogestionatu» zein «okupazio-­mugimendu» kontzepzio abstraktu eta ez-estrategikoek ekarri dutena alde batera utzi, sistema kapitalistaren oinarrian dauden indarrek espazioetan duten isla zuzena ondo ikertu eta hortik eratorri daitekeen bide-orri estrategikoa eratzeko lehenengo pausoak eman dira, marko kontzeptual berri bat eraikitzearekin lotuta. Hausnarketa horren gako nagusiak bi dira: 1) espazioen gaineko kontrol kapitalista eta langile kontrolaren arteko talka eta 2) Langile Kontrolpeko Espazioak estrategia sozialistarekin lotzeak duen garrantzia.

Hona hemen, kontzeptualizazio horren azalpen laburra:

Espazioaren gaineko kontrolaren problematika, gizarte kapitalistako gainontzeko problematikak bezala, klase borrokaren zehaztasun partikular bat da. Eta hortaz, bi kontrol mota bereiz ditzakegu. Batetik, jabetza pribatuko espazioak, aginte kapitalistak kontrolatzen dituenak, espazioaren gaineko kontrol kapitalista ezarriz; eta, bestetik, Langile Kontrolpeko Espazioak.

Errealitate kapitalistan diruaren bitartez bermatzen da sarbidea bizitzeko behar diren baliabideetara. Esaterako, azpiegitura-baliabide espazialetara. Truke-harreman ekonomiko hori, non adibidez jabe batek espazio bat jabetzan izateko edo erabiltzeko eskubidea erosten duen, egitura juridiko oso batek babesten du. Hain zuzen ere, estatu-aparatuen botere legegile, judizial eta betearazlearen bitartez, espazioak erabiltzeko sarbidea merkantzien elkartrukearen eta jabetza pribatuaren printzipioen arabera arautzen du aginte kapitalistak.

Bistan denez, kontrol forma hori baztertzailea da, proletalgoa kanporatzen baitu. Hala ere, eta nahiz eta kontrol kapitalista hegemonikoa izan, kasu batzuetan, proletalgoa espazioaren gaineko kontrolagatik gatazka zehatzak irekitzeko gai da. Espazio baten kontrolagatiko gatazkan, jabe jakin baten eta eragile proletario jakin baten arteko indar-korrelazio zehatz bat izaten da. Maila horretan, proletalgoak espazioaren gaineko kontrolagatik artikulatu den indar-harremana bere alde ebazteko gaitasuna izan dezake. Gatazka horiek ez dira ondorio ulertezin bat; kontrara, sistemak berak sortzen dituen talken ondorio bat dira, hala nola, familia proletarioek etxebizitza bat lortzeko beste aukerarik ez dutenean zein proletariotzak Estatu Burgesarekiko era independentean antolatzeko baliabideak behar dituenean.

Nahiz eta kontrol kapitalista hegemonikoa izan, kasu batzuetan, proletalgoa espazioaren gaineko kontrolagatik gatazka zehatzak irekitzeko gai da. (…) Maila horretan, proletalgoak espazioaren gaineko kontrolagatik artikulatu den indar-harremana bere alde ebazteko gaitasuna izan dezake

Puntu honetan, jabetzaren eta elkartrukearen lege kapitalistekin hausten denean, espazioaren gaineko langile kontrola ezartzen da. Diruaren bidez beharrean, proletalgoak indar-ekintza baten bitartez eskuratzen du erabilera gaitasuna. Edonola ere, baldintza hori ez da nahikoa. Izan ere, jabetza pribatuarekiko haustura formal batek ez du zertan espazioen gaineko langile kontrola eratu. Hemen sartzen da espazioaren gaineko langile kontrola sortzen duen bigarren determinazioa: espazioaren funtzio sozialak edo izateko arrazoiak ezin du kontraesanean egon unibertsaltasunaren printzipio komunistarekin. Horrekin zera esan nahi da; espazioak gizarte osoarentzat baliagarria den eredua bat eraiki behar duela, ez baztertzailea, ez zapaltzailea, ez esplotatzailea…

Hala eta guztiz ere, estrategia sozialistatik eta eskala sozialeko antolakuntzatik bereizita dagoen neurrian, Kapitalarentzat baliagarriak eta garrantzitsuak ez diren gauzen gainean soilik ezar daiteke langile kontrola; horren adibide bat litzateke norbaitek hutsik dagoen etxebizitza bateko sarraila aldatu eta han bizitzen hastea.
Espazio konkretu batean langile kontrola ezarri arren, ez du bere kabuz kontrol modalitate hori mantentzeko eta garatzeko bitarteko eraginkorrik, espazio horiek zatituta egonez gero, behintzat. Gainera, sistemaren egiturazko gaindipena izan ezean, espazio horiek beti jarraituko dute arriskuan, jabetza pribatuak indarrean jarraituko baitu, langile kontrola txikituz.

Espazioen gaineko langile kontrola, eta horren zehastasuna diren Langile Kontrolpeko Espazioak, beraz, ez dira gai haien kabuz espazio guztiaren gaineko arautze berri bat ezartzeko, estrategia sozialistarekin urtzen ez badira.

Langile Kontrolpeko Espazioen estrategikotasuna antolaketa sozialistarekin organizatiboki eta estrategikoki lotzean sortzen da. Espazio horiek langile kontrolaren kategoria zabalaren baitan kokatzen dira, ezaugarri berberak partekatzen dituztelako, baina estrategia sozialistarekin lotura zuzena dute. Hau da, estrategia sozialistaren beharrei erantzungo diete, eta antolaketa sozialistaren unean uneko lurralde kontrolaren garapenaren erakusleiho espazialak izango dira.

Horrela, Gune Sozialistek, jabetza pribatu burgesarekin hautsi eta unibertsaltasun printzipioen eredu baten arabera funtzionatzeaz gain, noizbait jabetza eredu komunista lortzeko gaur-gaurkoz antolatzen den prozesu politikoa elikatzeko funtzioa betetzen dute. Horri gehitu behar zaio, espazioek bizi ohi duten zatitze eta tokian tokiko gaitasun urrien aurrean, eredu zentralizatu-nazionalak eskaintzen dituen baliabideak antolatuz eraginkortasun handiagoa lortzeko bidea marrazten dutela gune horiek, azpiegituren obrari edota defentsari dagokionez, adibidez. Batasun horrek Espazio Sare Sozialista osatzen du.

Gune Sozialistek, jabetza pribatu burgesarekin hautsi eta unibertsaltasun printzipioen eredu baten arabera funtzionatzeaz gain, noizbait jabetza eredu komunista lortzeko gaur-gaurkoz antolatzen den prozesu politikoa elikatzeko funtzioa betetzen dute

Proletalgoak bere kateak puskatu eta bere eginkizun historikoari erantzun nahi badio, langile kontrolaren garapen eta hedapen esponentziala ahalbidetuko duen antolaketa eredua eraiki beharko du. Proletalgo iraultzaileak zuzendutako osotasun sozialaren gaineko birjabetze prozesu orokorrak aurrera egiteko –hau da, ez bazterrekoa eta zaharkitua denaren gaineko kontrola ezartzeko, baizik eta ekoizpen-baliabide handiak eskuratzeko–, behar-­beharrezkoa da proletalgoaren antolaketa independentea, sozialki eskala handian egituratua eta estrategia sozialista iraultzailearen gainean eratua. Espazioaren auziak berebiziko garrantzia hartzen du sozialismoaren eraikuntzan. Zentro Sozialistak, momentuz, eraikuntza horren lehenengo gotorlekutzat har daitezke.

EZ DAGO IRUZKINIK