Xabier Najarro
2023/09/04

Etxebizitzaren arazoa beti izan da nagusi sozialismoaren baitan: Fourier edo Owen bezalako utopikoek beren falansterioetan eta kolonietan ikusten zuten, hurrenez hurren, gai horren konponbidea; Engelsek zera defendatzen zuen: “arazo sozialaren konponbidea da, hau da, ekoizpen kapitalistaren abolizioa, etxebizitzaren arazoa konpontzea ahalbidetzen duena” [1]; Parisko Komunakoek eta boltxebikeek, besteak beste, etxebizitzak konfiskatzeko neurria hartu zuten boterera iristean. Joan den mendeko 20ko hamarkadan zehar, alderdi sozialistak boterera iritsi zirenean, lehen lerrora pasatu ziren hiri sozialistaren formari buruzko eztabaida, etxebizitzaren auzia eta hura konpontzeko bideak.

Artikulu honen helburua esperientzia horietako batzuen hurbilpen laburra egitea da. Alde batetik, Vienako udal sozialdemokratak Gerra Handiaren ondoren hamabost urtez gauzatutako etxebizitza-programa zabala errepasatuko da. Bestetik, Sobietar Batasuneko eraikin esperimental baten eraikuntzarekin amaitu zen prozesuari erreparatuko zaio. Prozesu horrek erradikalki komunitarioa izango zen bizimodu berri bat sortu asmo zuen. Esperientzia horiek, euren merituekin eta muga nabarmenekin, gaur egunera arte luzatu den arazoari heltzeko ahalegin originalak dira.

VIENA GORRIKO ETXEBIZITZA-PROGRAMA

Lehen Mundu Gerraren eta inperio austro-hungariarraren desagerpenaren ondoren, 1918ko azaroaren 12an Austria-Alemaniako Errepublika sortu zen. 1919ko otsailean hauteskundeak egin ziren hiru alderdi nagusien ordezkariek osatutako behin-behineko gobernua zein gobernuk ordezkatuko zuen erabakitzeko. Alderdi Sozialkristaua, Alderdi Sozialdemokrata (SDAP) eta Alemaniako Alderdi Nazionalista ziren ordura arteko gobernua osatu zutenak. SDAP garaile atera bazen ere, sozialkristauekin osatu behar izan zuen gobernua martxoan. Hurrengo hilabeteetako lehentasuna ekonomia-kolapsoa eta gosetea ekiditea izan zen, kontuan hartuta “herrialde hartako probintziak baliabide naturaletan pobreenak eta monarkia zaharreko lurralde guztien artean mantentzen garestienak” zirena [2].

SDAP austromarxistek zuzentzen zuten intelektualki; izen nagusien artean, Max Adler, Otto Bauer, Karl Renner eta Rudolf Hilferding zeuden. Gerra aurretik zuten helburua Inperioa demokratizatzea eta estatu-nazioen federazio bihurtzea zen. Bestalde, ildo politiko “independentea” zeukatelako nabarmentzen ziren: “Moskurekin eta Berlingo SPDren ildoarekin lerrokatuta ez zegoen Internazional Sozialista berria” sortzen saiatu ziren, “sozialismo integralaren” ideia defendatuz, zeinaren asmoa “denborarekin sozialdemokraziaren eta komunismoaren onena bateratzea” zen [3]. 

Errepublika sortu berria zen koiunturan, iraultza komunistarako aukerak errealak ziren, zer esanik ez Bavarian eta Hungarian, inguruko herrialdeak biak ere, haietan urte bereko udaberrian sobietar errepublikak ezarri zirela kontuan hartuta. SDAP beldur zen bere lurraldean zeuden langileen kontseiluek antzeko norabidea hartuko ote zuten, eta, beraz, Volkswehr-a (“herri-­defentsa”) sortu –gerrako beteranoz osaturiko armada–, eta kontseiluak kontrolpe zorrotzean mantendu zituen, haietan komunistak gutxiengoa izanik ere [4]. Horrenbestez, Alemaniako sozialdemokraziarengandik bereizi gura bazuten ere, antzeko maneran ekin zioten mehatxu komunista neutralizatzeko beharrari. SDAPk, masak geldiarazteko gaitasuna zeukanez, Errepublikaren defentsara lerratu eta alderdi kontrairaultzaile modura jokatu zuen. 

1920 inguruan, Austrian iraultza komunista bat izateko aukera bertan behera geratu zen, sozialkristauek Asanblada Nazionalaren kontrola hartu zuten eta SDAPk estatu-politikan zuen pisua gutxituz joan zen. Halere, hiriburuan, sozialdemokratek 1919ko udal-hauteskundeak irabazi zituzten, bozen % 54 eskuratuta [5]. Egoera horretan, SDAP bere feudoan gotortu zen, udal-mailako politiketan zentratuta. Horrela jaio zen 1919. eta 1934. urteen arteko aldia, Viena Gorria izenez ezaguna.

Viena etxebizitza-krisi batean murgilduta zegoen; ondoren gerrak larriagotu egin zuen, gainera. Eskasia eta alokairu altuak ziren arazo nagusiak, eta 1912an jada 550.000 pertsona baino gehiago egonak ziren noizbait etxerik gabeko pertsonentzako aldi baterako aterpetxeetan. Gerraren eztandak etxebizitzen eraikuntza geldiarazi zuen, eta unitate asko beste helburu batzuetarako birmoldatzea eragin zuen. 1918an, hutsik zeuden etxebizitzen tasa ia zero zen; 1919ko irailean, berriz, 105 baino ez zeuden, eta ez zituzten betetzen horietan bizitzeko baldintzak [6]. Ez da harritzekoa egoera horretan etxebizitzak jendez gainezka egotea. Gerra amaitu ondoren, krisia areagotu zen soldaduak eta errefuxiatuak hiriburura aterpe bila iristean. SDAPk betetzen zuen eginkizun egonkortzailea kontuan hartuta, etxebizitzaren arazoa zentral bilakatu zen handik aurrera; alderdiak krisiari aurre egiteko planteatutako politikek saihestu egin behar zuten ezarritako ordena iraultzea. 

Udal sozialdemokratak gauzatutako programak hainbat ildo izan zituen. SDAPk boterera iritsi zenean merkatu pribatua kontrolatzeari buruzko neurriak hartu zituen, alokairuen prezioa kontrolatu eta gutxiegi erabilitako etxebizitzak konfiskatu eta esleitzekoak. Alokairuen prezioaren kontrolari esker, jaitsi egin zen –gerra aurretik langile baten batez besteko diru-sarreraren % 25 inguru izatetik, 1922an % 4 izatera igaro zen–, baina neurri horrek aurre egin ezin zien zenbait arazo zeuden, hala nola etxebizitzen eskasia eta etxebizitza bakarrean jende gehiegi bizitzea. Konfiskatze-sistemak ahulezia horiek gainditu nahi zituen: gehiegizko jabetzak izatea konfiskatzeko arrazoia zen, eta udal-etxebizitza berrien eraikuntza ordaintzeko isuna ordainduz baino ezin zen saihestu. Modu horretan, guztira 500.000 etxebizitzatik 44.838 etxebizitza konfiskatu, eta 9.385 esleitu ziren urtebetean [7]. Etxebizitzen esleipena premian oinarritzen zen, eta hainbat faktore hartzen zituen kontuan, hala nola etxearen tamaina edo maizterren osasuna. 

SDAPk boterera iritsi zenean merkatu pribatua kontrolatzeari buruzko neurriak hartu zituen, alokairuen prezioa kontrolatu eta gutxiegi erabilitako etxebizitzak konfiskatu eta esleitzekoak

Hala eta guztiz ere, gutxiegi erabilitako etxebizitzen kopuruak ezin zuen Vienako eskari handia ase. Une horretan, hiriaren kanpoaldeko kokaleku informalak hazten ari ziren [8], eta hasieran premia hutsagatik eta espontaneoki jaio baziren ere, udalak estatus legala ematearen eta baliabide material eta teknikoak erraztearen aldeko apustua egin zuen, beren etxebizitzen egoera hobetu zezaten. Ez hori bakarrik, egoera horretatik sortu ziren kooperatibei ere lagundu zien. Baliabide publikoekin eraikitako etxebizitza horien titulartasuna udalari transferitu zitzaion ondoren.

1923tik aurrera, aurreko neurrien eragin eskasaren eta austriar monetaren egonkortzearen ondoren, SDAPk eskala handiko udal etxebizitzak (Gemeindebauten) eraikitzearen aldeko apustua egin zuen, enplegua sortzeaz gain, langabezia-tasa altuak arintzen laguntzeko. 1923ko otsailean, lehen etxebizitza-programa abiarazi zen, eta denbora errekorrean eraiki: urtearen amaierarako 2.256 etxebizitza eraiki ziren, nahiz eta 1.000 bakarrik zituzten aurreikusiak. Arrakasta horren ondorioz, etxebizitzak eraikitzeko bost urteko lehen plana egin zen, eta udazken horretan bertan eman zen haren berri. Plan horren arabera, 25.000 etxebizitza baino gehiago eraikiko ziren bost urtean. 1926aren amaieran, zifra horiek aise gaindituta, udalak beste 5.000 gehitu zizkion planari. 1927aren amaierarako, aurreikusitako 30.000 etxebizitzetatik 2.378 bakarrik falta ziren eraikitzeko, eta beste 6.000 eraikitzen ari ziren. Urte horretan bertan bost urteko bigarren plana iragarri bazen ere, 1933rako aurreikusitako beste 30.000 etxebizitzak ez zituzten amaitu, tentsio politikoa edo depresio ekonomiko globala zirela tarteko, besteak beste [9]. Hala eta guztiz ere, SDAPren Vienako etxebizitza-programaren zifrak deigarriak dira: 1919 eta 1934 bitartean, udalak 63.294 etxebizitza berri eraiki zituen Vienan; horrek esan nahi du hamar etxebizitzatik bat erakunde publikoen sorkuntza berria zela, eta ia 200.000 vienar bizi zirela etxebizitza haietan [10]. 

Funts galdurako proiektu hori ordaintzeko finantzaketa, batez ere, bildutako zergetatik etorri zen. Horri dagokionez, sozialdemokraten estrategiaren ezaugarri nagusiak hauek izan ziren: “luxuzko ondasunei zerga gehiago ezartzea beharrizanei baino” –beraz, ez da harritzekoa “udal-zerbitzuek, zeinak gehiengoaren beharra baitziren, tasa baxuak edo nuluak izatea”–; “progresibitate handia ezartzea tasetan, bai eta zergapetu beharreko diru-iturrien hautaketan ere”; eta zergak zehazki zertan erabiltzen ziren adierazten zuen “funtsak esleitzeko” modu bat ezartzea [11]. Ildo horretan, gastu gehienak berdintzen zituen zerga "Etxebizitzak Eraikitzeko Zerga" (Wohnbauesteuer) zen, 1923an dekretatutako zerga progresiboa, alokairu-kanonei aplikatutakoa.

Etxebizitzen ezaugarrietara itzuliz, Viena Gorrian Höfe direlakoak (patioak) izan ziren nagusi –superbloke ekipatuak, hiriko ehunean txertatu zirenak–, Siedlungen zeritzenen aldean –familia bakarreko etxez osatuak–. Milaka apartamentu har zitzaketen bloke horiek hiriaren inguruko eraztunean eraiki ziren, gerora “Proletarioen Ringstrasse” izenez ezagutu den horretan. Eraikin izugarri horiek sarrera nagusiak zituzten, berdeguneak dituzten patio zabaletara ematen zutenak. Era berean, nahiz eta Höfe-etako apartamentuak txikiak izan eta gutxieneko hornikuntza izan, bertan bizi ziren komunitateen beregaintasunerako zerbitzu kolektibo ugari zeuden: “Gemeindebauten-etan instalazio publikoei eman zitzaien garrantzia, komunalei, hala nola hauei: ekipamendu modernoko garbitegiak, bainuontziak eta dutxak zituzten bainu-tokiak (batzuek bainugela turkiarrak eta igerilekuak zeuzkaten), haurtzaindegiak, haur-eskolak, klinikak, liburutegiak, zurgintza-tailerrak, bilera-aretoak, antzokiak, eta baita zinemak ere” [12].

Beraz, zerbitzuok haien azpiegituran integratuta, Höfe-ek bizimodu berri bat iradokitzen zuten; Vienako etxebizitza sozialak eginkizun praktikoa ez ezik, ideologikoa ere betetzen zuen. Eraikitako 400 blokeetatik handiena eta ospetsuena –politikari eta egile ospetsuen izenez izendatzen zituzten– Karl-Marx-Hof zen, Karl Ehnek diseinatua, Otto Wagnerren dizipulua eta nazien zerbitzura lan egiten amaitu zuena. 1927 eta 1930 bitartean eraiki zen. Eraikuntza perimetral konplexu horrek 1,2 kilometroko luzera du, eta lau-sei solairuko altuerako blokeak. Gotorleku itxura du, eta “sarrera arkutuak eta bandera-adarrez koroatutako dorreak, etorkizun loriatsu baterantz eskutik emanda doazela diruditenak”; badira hura “masa-adierazpen baten baliokide arkitektonikotzat” jotzen dutenak ere [13]. Bertan, gutxi gorabehera 5.000 lagunentzako 1.380 etxebizitza eraiki ziren. Apartamentuak 30 eta 60 m2 artekoak ziren, eta gela bat edo bi, egongela bat, sukalde bat eta komun txiki bat zituzten. Tamaina handia izan ez arren, argitsuak eta aireztatuak ziren, diseinuak egiteko erabili zuten antolamenduari eskerrak. Gainerako etxe komunalen moduan, funtzio anitzeko gunean zerbitzu ugari zeuden beheko solairuetan eta patioetan: haurtzaindegiak, liburutegia, hortz-klinika, bi bainuetxe, bi garbitegi, etab. [14].

Zerbitzuok haien azpiegituran integratuta, Höfe-ek bizimodu berri bat iradokitzen zuten; Vienako etxebizitza sozialak eginkizun praktikoa ez ezik, ideologikoa ere betetzen zuen

Kontuak kontu, SDAPren boterea ameskeria zen: Viena isolatuta zegoen gainerako Austriarekiko, han indar erreakzionarioagoak baitziren nagusi, eta sozialdemokratek hartutako neurriak errezeloz ikusten zituzten. 1934ko gerra zibil laburrak Viena Gorria akabatu zuen. Höfe-ek austrofaxisten aurkako gotorleku gisa balio izan zuten; Karl-Marx-Hof bera armadak bonbardatu zuen. Gaur egun, horietako batzuek udal-etxebizitza gisa funtzionatzen jarraitzen dute.

NARKOMFIN KONDENTSADORE SOZIALA 

Urriko Iraultzaren ondoren, gobernu sobietarrak, oraindik zurien aurkako gerran murgilduta, bere biztanleak etxebizitzaz hornitzeko lan zailari ekin beharrean ikusi zuen bere burua. 1918an, bi dekretu onartu ziren norabide horretan: “Lurra nazionalizatzeko dekretua” eta “Hirietako higiezinen jabetza pribatua indargabetzeko dekretua”. Horrela, burgesiaren etxeak sozializatzen hasi ziren, eta horrek langile klasearen egoera txarrari aurre egitea ahalbidetu zuen [15]. Berehalako neurri horrek eta etxebizitza berriak eraikitzeak muga argiak zituzten: egoera horretan ezinezkoa zen familia bakoitzari ohiko etxebizitza bat ematea; eraikuntza berriak, “nahiz eta programa kolektiboak barne hartu, XX. mendearen hasierako etxebizitza burgesaren kopia murriztuak ziren”, eta sobietarrek oinarri zituzten postulatu teorikoek “haratago joateko beharra adierazten zuten (...); etxebizitzak bizimodu berrira egokitzeko aukera izan behar zuen, eta, aldi berean, haren eraldaketa bultzatu” [16].

Kontua ez zen soilik burges estiloko apartamentuak hornitzea familia batzuei ostatu emateko: etxebizitzari buruzko ikuspegi berri bat sortu behar zen. Hau da, sobietar etxe berriek bizimodua (byt) eraldatzen lagundu behar zuten. 1920ko hamarkadaren hasieratik erdialdera arte nagusi izan ziren familia bakarreko etxeen eta familia anitzeko etxebizitza-blokeen aldean –eredu konbentzionalak, nagusiki–, beharrezkoa zen irtenbide berriak bilatzea Politika Ekonomiko Berriak ekarritako hirietan bizitako hazkunde demografiko azkarra kudeatzeko. Testuinguru horretan, hainbat arkitektura-lehiaketa egin ziren etxe komunalen diseinuan esperimentatzeko, adibidez, Moskuko Sobietak 1922an sustatu zituenak langile-etxeen bi eskema diseinatzeko eta 1925ean emakumea etxeko eremutik askatzeko [17].

Kontua ez zen soilik burges estiloko apartamentuak hornitzea familia batzuei ostatu emateko: etxebizitzari buruzko ikuspegi berri bat sortu behar zen. Hau da, sobietar etxe berriek bizimodua (byt) eraldatzen lagundu behar zuten

Lehiaketa horietan parte-hartze handirik egon ez zen arren, ikerketa ez zen hor geratu. 1925ean Arkitekto Garaikideen Elkartea (OSA, errusierazko sigletan) sortu zen, konstruktibismoarekin lotutako abangoardiako arkitektoek osatua. Moisei Ginzburg eta Vesnin anaiak buru zituela, 1920ko hamarkadako sobietar eta nazioarteko arkitekturan eraginik handiena izan zuen taldeetako bat bihurtu zen, eta Sovremennaia Arkhitektura (Arkitektura Garaikidea) aldizkarian argitaratu zituen egindako ikerlanak. Taldeak arkitekturaren berrikuntzarekin zuen konpromisoa konpromiso politikoarekin lotuta zegoen: beren proiektuen bidez, gizarte berria eraikitzen lagundu nahi zuten. Hala zioen OSAk: “arkitekturaren helburua gizarte sozialistaren nahiak islatuko dituen eta, aldi berean, gizartean bertan eragina izango duen bizitza-esparru berri bat eraikitzea da” [18]. Hemen funtsezkoa da kondentsadore sozialaren kontzeptua. Egitura berri horiek funtzio desberdinak bilduko zituzten beren barruan bizitza kolektibizatzeko, eta, horrela, “gizartea eraldatzeko moldea eta tresna” bihurtuko ziren [19]. Horrek, jakina, ez du esan nahi modu inozentean defendatzen zutenik egitura mota berri batean bizitzea nahikoa dela bizimodua erabat eraldatzeko: bazekiten garapen ekonomikoaren mailak edozein eraldaketa posible mugatzen zuela. Gizarte-harreman berriak islatu eta sustatu behar zituzten egitura horien artean aurki zitezkeen langile-klubak, etxebizitzak –hori da guri dagokiguna– eta, azken batean, hiria bere osotasunean. 

1926an, OSAk, bere aldizkariaren bidez, lagunarteko lehiaketa bat iragarri zuen langileen etxebizitza diseinatzeko, eta etxe komunari buruzko bi inkesta ere bazetozen, etorkizuneko maizterrei eta teknikariei zuzenduak. Lehiaketarako jasotako proposamen guztiek kolektibizazio neurritsu eta trantsiziozkoaren alde egiten zuten, eta horrek erakusten du unean uneko errealitaterako diseinatuta zeudela; horren ondorioz, arkitekto horiek ziren “erregimen osoan aproposenak ordena berrirako bidea irekiko zuten trantsiziozko eredu berriak definitzeko” [20].

Horrek guztiak piztu zuen interesagatik, 1928an, Stroikom (Eraikuntzarako Batzordea) delakoaren barruan, etxebizitza estandarizatzeko departamentu bat sortu zen, Ginzburg buru zuela. Hiru hilabetean, metodologia berritzaile baten bidez, hainbat etxebizitza-zelula diseinatu zituen, SESBen etxebizitza berriak masan eraikitzeko eredu gisa erabili nahi zituztenak. Emaitzek erakutsi zuten apartamentu burgesen “miniaturizazioa” ez zela uste bezain eraginkorra, eta etxebizitzarik merkeena erlatiboki 50 m2 ingurukoa zela, hiru logela, sukaldea eta bainugela zituena. Hala ere, etxe mota hori ez zen eskuragarria herritar gehienentzat (% 60 ingururentzat), eta, beraz, konponbidea “F motako etxebizitza-zelula” berritzaileak erostea izan zen: “27 ­m2-ko (30 m2, bertsio hobetuan) gutxieneko bizitokiak”. Bizitza komunitario bat adierazten zuen arren –gela bat, sukalde txiki bat, bainugela eta dutxa besterik ez zituen–, “bizitza mota guztietako funtsezko balioei eusten zien”, hala nola “familia-bizitzaren intimitateari, bizilagunekiko erabateko banantzeari, isolamendurako aukerari eta abarri” [21]. Ondorioz, F mota zen irtenbiderik eskuragarriena biztanle gehienei ostatu emateko eta, aldi berean, bizimodu berri bat sustatzeko. Nolabaiteko ospea izan arren, sei eraikin besterik ez ziren eraiki Stroikom-en postulatuei jarraituz, Moskuko Narkomfin nabarmenena izanik. 

Nikolay Miliutin Finantza komisarioak eskatuta, Narkomfin gunea 54 apartamentutan Finantza Komisariotza Popularreko 50 langile familiari ostatu emateko eraiki zen. Ginzburg eta Milinis izan ziren trantsizio-motako etxe esperimental gisa pentsatutako kondentsadore sozial horren arkitektoak. Ideia zen bertan etxebizitza-eredu desberdinak egotea, denborarekin erabateko etxe komunalerako trantsizioa gerta zedin. 

Ideia zen bertan etxebizitza-eredu desberdinak egotea, denborarekin erabateko etxe komunalerako trantsizioa gerta zedin

Horrela, etxebizitza-bloke horizontalean –eraikinaren egitura nagusia–, lehen aipatutako F motako zelulez gain, K eta 2-F motako zelulak ere bazeuden. F motako zelulak pertsona batentzat edo birentzat diseinatuta zeuden, eta abangoardistenak ziren: gutxienekoarekin hornituta, ez zuten banaketarik gela komunaren eta logelaren artean. Gela hori 5 metroko altuerakoa zen, eta bainugela eta dutxa ziren eremu itxi bakarrak. Zelula horiek leiho handiak zituzten, eta aireztapena eta argi naturala eskaintzen zizkieten maizterrei, inguruko munduarekin konektatzeko. K motako zelulak komunitatearen mende ez zeuden familientzat diseinatuta zeuden, buruaskiak ziren eta gela bat gehiago zuten. Hala ere, F motako zeluletan bezala, gela komuna eta logela nagusia banandu gabe mantendu ziren. Modu horretan, etxeko espazio horietan begi-bistan zegoen espazioa “etxeko eremuan idealki sozializatu daitezkeen alderdiek hartzen zuten. Begiruneagatik edo patroi burgesak kontserbatzeagatik sozializatu ezin zen beste guztia ez ikusteko moduan zeuden etxeko espazioetan gorde ziren” [22]. 2-F motako zelulak apartamentu burgesen ia berdinak ziren: erabat independenteak eta gela guztiak hormaz banatuak. Eraikin horretako azken solairuan zeuden, halaber, Miliutin komisarioaren atikoa eta ohe tolesgarriak eta dutxa partekatuak zituzten logela batzuk. Gainera, teilatuan kristalezko zirkuluerdi formako espazio bat zegoen, areto komunaren funtzioak betetzen zituena [23].

Baina Narkomfin-en eremua eraikin gehiagoz osatuta zegoen. Bloke komunala etxebizitza-blokearekin lotuta zegoen zubi itxi baten bidez. Lehen solairuan gimnasio bat, aldagelak, atseden-gela bat eta biltegiak zeuden; bigarrenean, berriz, bi altuerako jangela bat –udarako jangela estalia ere bazegoen–, sukaldea, irakurketa-gela bat eta zerbitzu-instalazioak. Garbitegia beste eraikin bereizi batean zegoen. Era berean, haurrak zaintzeko laugarren eraikin bat planifikatu zen, baina inoiz ez zen eraiki, eta, beraz, lan hori eraikin komunitarioaren eremu librean egin zen [24].

Eraikin multzoa 1930ean amaitu zen eraikitzen. Une horretarako, OSA gainbeheran zegoen, eta haren ikuskerak zalantzan jartzen hasiak: bizimoduaren erreforma desagertzen ari zen lehentasunen artetik. Hori Narkomfin-­en islatu zen, eta beharrak diseinatutako espazioak funtzioz erabat aldatzea eragin zuen, eta apartamentuak eta logelak aipatutako zubian edo etxebizitza-blokeari eusten zioten zutabeen eremuan integratzera iritsi ziren. Horrela, Ginzburgek 1932an eremuari buruzko bere ikerketa kritikoa idatzi zuenerako “Narkomfin-eko etxe komunala historiaren zaborrontzira baztertua izan zen iraganeko garai bateko adierazpen berezi eta arkaiko gisa” [25]. Gaur egun, Ginzburgen bilobak zaharberritu ondoren, luxuzko pisuak ditu.

ONDORIOAK

Testuan zehar bi esperientzia ezberdin deskribatu dira, baina puntu komun batzuekin. SDAPk Austriako hiriburuan gauzatutako programa argiki erreformista zen estrategia baten barruan zegoen. Beren erreforma eta erakundeen bidez, herri-kultura (Volkskultur) birmoldatuko zuen langile-kultura (Arbeitskultur) sortu nahi zuten [26], baina beti ere statu quo-a mantentzeko konpromisoa atzendu gabe. Etxebizitza eraikitzeko programa zen bizimodua eraldatzeko politika horien ardatza. Hala ere, Höfe-ak Tafurik “hiri birtual” deitu zuena izan ziren. Hala esan zuen Tafurik: “haietan etxebizitza hasieratik da behin-behinekoa: gotorleku gorri harroek nekez ezkutatzen dute haien atzeko kontraesana”. Dioenez, superbloke horiek hiria den bezala onartzen zuten, baina, aldiz, “bestelako errealitate bat” lortu nahi zuten, “eta, bestalde, errealitate hori eskuraezina dela salatzen” [27]. Alde horretatik, superblokeak ez zituzten inoiz bertako egoiliarrek zuzenean kudeatu, eta horma haien barruan ezin izan zen inoiz lanaren banaketa sexuala ezabatu [28]. Engelsek zuzen dioen bezala, horrelako zerbait ulertzeko beharrezkoa da produkzio-modu kapitalistaren abolizioa. Halere, ezin da gutxietsi Viena Gorriko etxebizitza-programak egoera izugarri zailean zegoen herrialde bateko langileriari ekarri zion aurrerapen handia. Magrisek hala iradoki zuen: “patioek eta parterreek nolabaiteko alaitasun malenkoniatsua dute; etxe horien aurretik zulo zikinetan edo izenik gabeko arratoi-zuloetan bizi ziren haurren jolasei buruz mintzo dira, eta baita etxe horietan lehen aldiz duintasunez pertsona gisa bizitzeko aukera izan zuten familien harrotasunaz ere” [29].

Sobietar Batasuneko egoera guztiz desberdina zen. Narkomfin-en eraikuntzan amaitu zen proiektuak ez zuen erreformaren ertzetan geratu nahi: gizarte berri bat eraikitzen laguntzea zuen helburu. Beste era batera esanda, kondentsadore sozial berri horien bidez bizimodua eraldatzeko beharra iraultzaren eskakizuna zen. Hala ere, OSAko arkitekto konstruktibisten konpromiso iraultzaileak zailtasun ugari izan zituen parean. Ezinezkoa da kalitatezko etxebizitzak masan eraikitzea bizimodua errotik eraldatzeko eta, aldi berean, bost urteko planaren industrializazio-gastu izugarriei aurre egitea. Gainera, nekazaritza nagusi den herrialde batean, zaila da etxebizitzaren arloan errotuta dauden ikusmoldeekin eta tradizioekin amaitzea. Garai hartan sobietar populazioa ez zegoen prest bizitza komunalerako urratsa emateko; etxebizitza idealaren helburua iraultzaren aurreko etxe burgesena zen. Horregatik iritsi ziren 20ko hamarkadako arkitektoak “goizegi eta beranduegi”: goizegi baldintza objektiboek “hiri ideal bateko hiritar idealaren” sorrera eragozten zutelako, eta, beranduegi “esperientzien garaia igaro zelako eta 20ko hamarkadako ilusioz betetako ametsaren nolabaiteko arduragabekeria (...) 30eko hamarkadako beharrizan planifikatuetara pasatu zelako” [30]. Azken batean, baliteke etxebizitza komunalen estandarizazio-­plana, Narkomfin zuena adibiderik nabarmenena, huts egindako plan bat izatea, baina habitat berri bat sortzen saiatzeko, interesgarria da hura “produkzio-akats” gisa ulertzea, Buchlinek egin moduan [31]. 

Garapen pertsonalerako ezinbesteko puntua denez, bizitza erreproduzitzeko beharrezkoak diren zereginetarako irtenbide kolektiboak beti egon behar du presente etxebizitza sozialistako programa batean

Amaitzeko, antzekotasunei dagokienez, Hatherleyk bezala, boltxebikeek Viena “hiri imitatua” zela defendatzen dute batzuek, eta elementu arkitektoniko askotan ikus daiteke hori [32]. Eskulturak eta ardatz simetrikoak alderatzea baino garrantzitsuagoa da nire ustez bi esperientziek partekatzen duten ezaugarri bati erreparatzea: etxe komunaren garrantzia. Bai Höfe-etan bai Narkomfin-en, espazio eta ekipamendu kolektiboek funtsezko dimentsioa hartzen dute, horretarako intimitatea ezabatu beharrik gabe. Garapen pertsonalerako ezinbesteko puntua denez, etxebizitza sozialistako programa batean beti egon behar du presente bizitza erreproduzitzeko beharrezkoak diren zereginak kolektiboki ebazteak. Jakina, etxe komunetik urrun daude cohousing edo coliving bezalako formula ustez aurrerakoiak, langileriaren kalitatezko etxebizitza eskuratzeko ezintasuna islatzen dutenak eta hura miseriara kondenatzen. Gizarte-harreman berriak islatu eta sustatu behar dituen kondentsadore soziala izan behar du etxe komunak. Azkenik, esan gabe doa etxebizitza sozialistaren sistema garatzeko edozein planteamenduk unean uneko errealitatera egokitzeko aukera ematen dioten ikerketa luzeen emaitza izan behar duela, eta ez aurreko esperientzien kopia dogmatikoa.

BIBLIOGRAFIA

[1] Engels, F., Contribución al problema de la vivienda, Fundación Federico Engels, Madril, 2006, 55.or.

[2] Blau, E., The architechture of Red Vienna, 1919-1934, The MIT Press, Cambridge, Massachusetts, 1999, 26. or. Artikuluan erabilitako hitzez hitzezko aipu guztiak geuk itzuliak dira. Ingelesezko testu batetik datozenak, itzulpen propiokoak dira.

[3] Ducange, J.N., La Viena Roja Le Monde Diplomatiquen, 2022ko maiatza, eskuragarri hemen: shorturl.at/PST89

[4] Gruber, H., Red Vienna: experiment in working class culture 1919-1934, Oxford University Press, Oxford/Nueva York, 1991, 19-20. or.

[5] Blau, op.cit.

[6] Marcuse, P., “The housing policy of Social Democracy: determinants and consequences” hemen: Rabinbach, A. (ed.) The Austrian socialist experiment. Socialdemocracy and austromarxism, 1918-1934, 201-221 or., Westview Press, Boulder, 1985.

[7] Marcuse, P. “A useful installment of socialist work: housing in Red Vienna in the 1920s” hemen: Bratt, R.G., Hartman, C. y Meyerson, A. (eds.), Critical perspectives on housing, 558 – 585 or., Temple University Press, Philadelphia, 1986, 563. or.

[8] 1919an 14.000 unitate ziren kokaleku horiek, eta 1921ean, berriz, 30.000. Ibid., 565.or.

[9] Blau, op.cit., 45. or.

[10] Gruber., op.cit. 46. or

[11] Marcuse, P., “A useful installment…”, 571. or.

[12] Blau, op. cit., 7.or.

[13] Hatherley, O., “Socialism and Nationalism on the Danube” Places Journal, 2017ko maiatza, eskuragarri hemen: shorturl.at/tBILT

[14] Prokopljević, J., “Karl Marx Hof, la supermanzana de la Viena Roja” Veredes. Arquitectura y divulgación, 2021eko urtarrila, eskuragarri hemen: shorturl.at/syJK3 

[15] Soilik Moskun, 1918 y 1924 urte bitartean, modu horretan birkokatu zituzten milioi erdi langile eta euren familiak. Bliznakov, M., “Soviet housing during the experimental years, 1918 to 1933” eskuragarri: Craft Brumfield, W., Ruble, B.A., (eds), Russian housing in the modern age: design and social history, 85-148. or, Woodrow Wilson Center Press eta Cambridge University Press, Cambridge, 1993, 85. or.

[16] Movilla Vega, D., Espegel Alonso, C., “Hacia la nueva sociedad comunista: la casa de transición del Narkomfin, epílogo de una investigación” eskuragarri: Proyecto, Progreso, Arquitectura, 9. zk., 26-50.orr, 2013ko azaroa, 27. or.

[17] Movilla Vega, D., “Housing and Revolution: From the Dom-Kommuna to the Transitional Type of Experimental House (1926–30)” hemen: Architectural Histories, 8(1): 2, 1–16.or. 2020.

[18] Kopp, A., Arquitectura y urbanismo soviéticos de los años veinte, Editorial Lumen, Barcelona, 1974, 128. or.

[19] Ibid., 124. or.

[20] Movilla, Espegel, op.cit., 38. or

[21] Kopp, op.cit., 169.or

[22] Buchli, V., “Moisei Ginzburg's Narkomfin Communal House in Moscow: Contesting the Social and Material World” hemen: Journal of the Society of Architectural Historians, Vol. 57, No. 2, 160-181, or. online bertsioa, 1998ko ekaina, 171.or.

[23] Buchli, V., An archaeology of socialism, Berg, Oxford, 1999, 73-74. or.

[24] Movilla, Espegel, op.cit., 46-48. or.

[25] Buchli, V., “Moisei Ginzburg's…”, 177.or.

[26] Blau, op.cit., p.6.

[27] Tafuri, M., “Das Rote Wien. Política y arquitectura residencial en la Viena socialista”, Arquitectura: Revista del Colegio Oficial de Arquitectos de Madrid (COAM), 278-279. zk., 16-41. or., 1989, 37-39.or.

[28] Marcuse, P., “A useful installment…”, 574. or.

[29] Magris, C., El Danubio, Anagrama, Bartzelona, 2019, 181. or

[30] Kopp, op.cit., 248. or.

[31] Buchli, V., “The social condenser: again, again and again—the case for the Narkomfin Communal House, Moscow” The Journal of Architecture, 22:3, 387-402.or., 2017, 388.or.

[32] Hatherley, O., Paisajes del comunismo, Capitán Swing Libros, Madril, 2022, 45.or.


EZ DAGO IRUZKINIK