ARGAZKIA / Saioa Contreras
Imanol Satrustegi
@imanols3
2025/05/04

Frankismoaren ilunabarrean, Euskal Herriko langile mugimenduak erronka handia jarri zion diktadurari. Izan ere, Espainian ez bezala, oposizio antifrankistaren osaera apartekoa izan zen; ezker iraultzaileko alderdi eta eragileek errotze handia lortu zuten eta PCErekin lehiatu ziren mugimenduaren gidaritza hartzeko. Alderdiok sarri bi suren artean ibili ziren. Euskaltzaleak eta autodeterministak izateagatik, nazionalistatzat hartu zituzten, baina, aldi berean, sektore abertzaleek sukurtsalismoa eta espainolismoa leporatu zizkieten.

EUSKALTZALETASUN ANTIFRANKISTA

Erregimen frankistak hasiera-hasieratik izaera klasista izan zuen; sorreratik izan zituelakoz helburutzat lan-indarra diziplinatzea eta langile mugimendua menderatzea. Gerraren ondotik ezarritako diktadurari esker, burgesiak etekin handiak metatu zituen. Baina 1960ko hamarkadan gauzak aldatzen hasi ziren. Desarrollismoak ekarritako aldaketa ekonomiko, sozial eta kulturalen ondorioz oposizio berri bat ernetzen hasi zen. Sektore sozial ezberdinak (ikasleak, komunistak, katolikoak edo nazionalistak) iratzarri egin ziren pixkanaka, eta bat egiten joan ziren, batik bat langile mugimenduaren inguruan, zeina oposizio antifrankistaren bizkarrezur bilakatu baitzen. Klase-borrokaren agertoki berriaren aurrean, proletariotzak borrokarako tresna berriak behar zituen, eta horregatik sortu ziren Langile Batzordeak (Comisiones Obreras, CCOO), zeinak, sindikatu bat baino gehiago, mugimendu unitario eta asanbleario zabala osatzen baitzuten.

Ezker iraultzaileko alderdiok sarri bi suren artean ibili ziren. Euskaltzaleak eta autodeterministak izateagatik, nazionalistatzat hartu zituzten, baina, aldi berean, sektore abertzaleek sukurtsalismoa eta espainolismoa leporatu zizkieten
Espainian, oposizioko eta langile mugimenduko indar politikorik garrantzitsuena Santiago Carrilloren Alderdi Komunista (PCE) izan zen. Alabaina, Hego Euskal Herriko egoera ohiz kanpokoa zen, CCOOren hegemonia ez baitzegoen PCEren esku. Ezkerrerago kokaturiko beste alderdi eta mugimendu iraultzaile batzuek aurrez aurre begiratu zioten, eta harekin lehiatu ziren langile mugimenduaren gidaritza hartzeko. Esate baterako, hor zeuden Organización Revolucionaria de Trabajadores (ORT), Euskadiko Mugimendu Komunista (EMK), Liga Komunista Iraultzailea (LKI), Espainiako Lanaren Alderdia (PTE), Ezker Komunist Erakundea (OICEKE) eta langile-autonomia. Korronte iraultzaileok Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroa Garaiko langile mugimenduan nagusitu ziren; Bizkaian, aldiz, lehia parekatuago zegoen.

Halaber, oposizio antifrankista berri horren ezaugarri bereizgarrietako bat Espainiak zapaldutako nazioen berpizkunde identitario eta kulturala izan zen. Hainbat faktorek eragin zuten prozesu horretan. Batetik, Espainiaren ideia frankismoarekin identifikatu zen, eta, ondorioz, oposizioak, erreakzio modura, nazio zapalduetako ikuspegi nazionalekin bat egiteko joera izan zuen. Hainbestekoa izan zen identifikazio hura, ezen ezkerreko jendearen artean Espainia hitza tabu bilakatu baitzen eta eufemistikoki Estatua erabiltzen hasi ziren. Bestetik, ETAren berrikuntza teorikoek euskal abertzaletasuna kontserbadurismotik atera eta ezkerreko ideiekin uztartu zuten. Pixkanaka, ezkertiartu egin ziren abertzaleak, eta abertzaletu ezkerra. Erregimena bera arduratu zen oposizioaren sektore guziak barrikadaren alde berean kokatzeaz, konplot gorri separatista bat zegoela uste baitzuen, eta gogor erreprimitu zituen batzuk zein besteak.

Eta azkenik, kontuan hartu behar da 1960ko hamarkadan Euskal Berpizkunde Kulturala gertatu zela (euskara batua, idazleen belaunaldi berria, euskal artea, kantagintza berria...). Urkok kantatu zuen bezala, “putzu sakon eta ilun” hartatik ateratzen hasi zen euskal mundua. Pixkanaka oposizio antifrankista guzia Euskal Herriko aldarrikapen nazional eta kulturalekin identifikatzen joan zen, eta den-denek, abertzale zein ez, propiotzat hartu zituzten aldarrikapen horiek. Nolabait esateko, frankismoak ezarri zuen Espainiaren ideia zentralista eta hertsiaren aurrean, identitate berri bat eratu zen, euskaltzaletasun antifrankista dei genezakeena. Tuterako militante maoista batzuen hitzetan, garai hartan “ematen zuen antifrankista izateko abertzalea izan behar zela”. Laster, euskal sinboloek (ikurrinak, euskarak, euskal kulturak edota lauburuek) konnotazio aurrerakoia, demokratikoa eta antifrankista hartu zuten, eta oposizioko alderdi guztiek bereganatu zituzten. Sinbolo horiek balio subertsiboa zuten, eta frankismoaren aurkako errebeldia ikur bilakatu ziren.
Oposizio antifrankista berri horren ezaugarri bereizgarrietako bat Espainiak zapaldutako nazioen berpizkunde identitario eta kulturala izan zen


Erregimena bera horren kontziente zen, eta gogorki erreprimitzen zituen, kasik obsesibo izateraino. Tafallako langile mugimenduko kide bati, esaterako, poliziak isun bat jarri zion 1973an, “bandera separatistaren koloreak” (gorri, berde eta zuria) zituen kapela bat janzte hutsagatik. Alabaina, sinbolo eta aldarrikapen euskaltzale haiek ez ziren mugimendu abertzaleen eskutik iritsi langile mugimendura. Izan ere, orduko ezker abertzaleak, ETAren borroka armatuak prestigio handia ekarri bazion ere, zailtasun handiak zituen masa-mugimenduekin (batik bat, langile mugimenduarekin) bat egiteko. Garai hartan esaten zen “ezker abertzalean ez zegoela obrerorik”. Hainbat arrazoiren ondorio zen hori: fronte militarraren gehiegizko pisua, errepresio gogorra eta ETAk bizitako zenbait zatiketa. Haien militanteak nekez iristen ziren lantoki, ikastetxe edo auzoetara, eta ezker abertzale zibila ez zen garatzen hasi diktaduraren bukaerara arte.

Abertzaletasunaren bestelako korronteek (EAJ edo ELA), halaber, presentzia apala zeukaten langile mugimenduan. Orduan, nola txertatu ziren aldarrikapen euskaltzale haiek langile mugimenduan? Langile-klasearen erakunde eta mugimenduei esker izan zen. Besteak beste, ezker iraultzaileko alderdiak izan ziren aldarrikapen eta sinbolo euskaltzaleak etorkinez osaturiko auzo proletarioetan nahiz eskualde erdaldunduetan zabaldu zituztenak. Gerraz geroztik Tafallan ikusi zen lehendabiziko ikurrina, esaterako, CCOOko kide batzuek zintzilikatu zuten Luzuriaga lantegiko tokirik garaienean. Iruñean, orobat, 1976ko martxoan, Gasteizko sarraskiari erantzuteko mobilizazioetan xingola beltzdun ikurrinak langile mugimenduko kideek atera zituzten.

Euskal sinboloek (ikurrinak, euskarak, euskal kulturak edota lauburuek) konnotazio aurrerakoia, demokratikoa eta antifrankista hartu zuten, eta oposizioko alderdi guztiek bereganatu zituzten. Sinbolo horiek balio subertsiboa zuten, eta frankismoaren aurkako errebeldia ikur bilakatu ziren


EZKER IRAULTZAILEA ETA NAZIO AUZIA


Esan bezala, aldarrikapen euskaltzaleak transbertsal bilakatu ziren, eta alderdi eta mugimendu antifrankista guztien programetan Euskal Herriaren autogobernuaren aldeko eskaerak txertatu ziren. Baina denek ez zituzten lelo horiek modu berean ulertzen, gradazio handia eta aukera sorta zabala zegoen eta: jarrera moderatuenetatik hasi (autonomia) eta erradikaletaraino (separatismoa, independentzia), bitarteko jarrera ugariak kontuan hartuta (federalismoa, konfederalismoa eta abar). Garai hartako ezkerreko indarren artean, eztabaida eta sektarismo handia zegoen. Beti xextran zebiltzan, eta nazio auzia zen eztabaidagai handienetako bat. Oro har, hiru ziren ezker abertzalearen eta ezker iraultzailearen arteko ezberdintasun garrantzitsuenak.


Lehenik, autodeterminazioaren inguruko auzia zegoen. Leninen irakaspenei jarraikiz, ezker iraultzaileko alderdiek defendatzen zuten beharrezkoa zela uztartzea nazio zapalkuntzaren aurkako borroka eta proletarioen arteko klase-batasuna. Horregatik, federalismoaren eta autodeterminazio eskubidearen alde egin zuten, baina ez separatismoa bultzatzeko, baizik eta zapalkuntzan oinarritzen ez zen herrien arteko batasun sendoago bat lortzeko. Ezker abertzalea, ordea, independentista zen, eta baztertu egiten zuen termino horietan planteatutako autodeterminazioa. Hala ere, ezker iraultzaileko alderdien artean ñabardura argiak zeuden. Alderdi maoisten aburuz, batik bat PTEren eta ORTren iritziz, autodeterminazioa lortzeko, lehenik frankismoa eraitsi beharko zen, eta, jarraian, Espainiako Gobernu zentral berriak autodeterminazio eskubidea aitortuko zien nazio zapalduei. LCR-ETA (VI)-rentzat eta LCrentzat (1977an LKI sortzeko batu ziren bi alderdi troskistak), aldiz, autodeterminazio-eskubidea aldez aurretiko auzia zen. Hau da, diktadura eraitsi bezain pronto, Euskal Herriari subiranotasuna itzuli behar zitzaion sufragio unibertsalaren bidez biltzar edo asanblea bat aukeratzeko, eta horrek erabakiko zuen gainerako herriekin zer lotura edo erlazio izan behar zuen. Halaber, ezker abertzaleari “autodeterminaziorik gabeko independentzia” aldarrikatzea leporatzen zioten, planteamendu hori “bereizketa inposatu” eta “antidemokratiko” moduan hartzen baitzuten, euskal masei erabakia kendu eta “bazter uzten” zituelako. OICek, bere aldetik, planteatzen zuen zapalkuntza nazionalaren aurkako borrokak ezinbestean egon behar zuela loturik klase-gizartearen desagerpenarekin eta langile-batasunarekin. Haren ustez, zapalkuntza nazionala eta soziala arazo beraren aldaera ezberdinak ziren, eta, beraz, baztertu egiten zuen auzi horiek bereiztea edo mailakatzea. Harentzat, autodeterminazioak iraultza sozialista baten modukoa izan behar zuen, zapalkuntza guztiak desagertzen zituen ekintza politiko bat, eta askatasun nazional, kultural eta politikoak bermatzen zituena [4].


Bigarren eztabaidagai garrantzitsua antolaketa eredua eta klase-borrokaren markoa ziren. Ezker iraultzaileko alderdiek uste zuten klase-borrokarako markoa estatala zela, eta, ondorioz, haien ustez komeni zen iraultzaile guziak Espainia mailako alderdi estatal berdinean elkartzea. Horregatik, ezker iraultzailekoak Espainiako alderdien euskal adarrak ziren. Ezker abertzalearentzat, ordea, klase-borrokaren markoa autonomoa zen, eta “sukurtsalismoa” leporatu zion ezker iraultzaileari. Alabaina, barne-egituran, ezker erradikaleko alderdien euskal adarrek autonomia handia zuten, eta, kasu askotan, euskal probintzietan zeukaten militantziaren zati mardulena. Esate baterako, Ernesto M. Díaz Macías historialariak 1979an argitaratutako errolda batean, EMKk kalkulatu zuen alderdiak 2.601 kide zituela, eta horietatik 893 (hau da, %44 inguru) euskal atalari zegozkion.

Hirugarrenik, Nafarroa Garaiaren lurraldetasunaren eztabaida zegoen. Alderdi abertzaleentzat, Nafarroa Euskal Herriaren parte banaezina zen. Francisco Letamendia Ortzi parlamentaria abertzaleak, konparaziora, Nafarroaren lurraldetasunaren inguruko galdeketarik planteatzea “norbera bere amaren edo aitaren seme-alaba ote den bozkatzea” bezala ikusten zuen. Ezker iraultzaileko alderdi gehienek, era berean, Nafarroa Euskal Herriaren parte zela eta sortuko zen Euskal Gobernu autonomoaren parte izan behar zuela aldarrikatzen zuten, baina ñabardura handi batekin. Ezker abertzaleak ez bezala, aitortzen zuten Nafarroak izaera berezia zeukala, eta esaten zuten nafarren iritzia kontuan hartu behar zela, galdeketa baten bidez. EMKk, esaterako, Zer egin? aldizkarian defendatu zuen Nafarroak, Euskal Gobernu Autonomoan parte hartzean, mantendu egin beharko zituela bere izaera eta autonomia. Gainera, EMKk indar handia zeukan Erriberan, eta horregatik uste zuen nazio-auzia hegoaldean lantzeko beharrezkoak zirela bestelako modu batzuk, inbasio baten moduan uler ez zedin. Besterik zen LCR-ETA (VI)-ren jarrera, alderdi horrek uste baitzuen Nafarroako langile-klaseak, diktadurako azken urteetan, gainerako euskal lurraldeekin bat egin zuela frankismoaren aurkako borrokan. Ondorioz, proletariotzaren batasunarentzako komenigarriena Nafarroa eta gainerako euskal lurraldeek bat egitea zela uste zuen. Alabaina, uste zuen lurraldetasunari buruzko “bai ala ez” moduko galdeketa bat planteatzeak Nafarroako langile-klasean zatiketa eragin zezakeela, eta horrek mesede egingo ziola burgesiari. Edonola ere, antolaketari dagokionez, alderdi iraultzaileen komite nazionalek Hego Euskal Herriko lau probintziak biltzen zituzten, Nafarroa baztertu gabe.

Giro antifrankistetan esaten zen ORT zela nazio-auziari buruzko jarrera epelena zeukan alderdia. Alderdi hori Mao Zedongen pentsamenduaren jarraitzailea zen, eta indar handia zeukan Nafarroan eta Gipuzkoako Tolosaldean eta Goierrin. 1969. urtearen inguruan sortu zen, jatorri kristaua zuten sindikatu eta mugimenduen erradikalizazioaren ondorioz. Lehendabiziko urteetan, langile mugimenduan errotzeko jardun zuen batik bat, eta ez zuen ildo politiko edo ideologikoa askorik garatu, 1973-1974 ingurura arte behinik behin. Horregatik, gainontzeko alderdiek sobera “sindikalista” eta “obrerista” izatea leporatu zioten, eta ez zion nazio auziari askorik erreparatu. Baina aldarri horiek bereganatu egin zituen progresiboki. Hortaz, 1976ko irailean, ikurrinaren omenezko testu bat kaleratu zuten ORTkoek Abenduak 11 aldizkarian: “laster jarriko da Euskadiko zutoin guztietan gure bandera nazionala [...] gure subiranotasun nazionalaren ikurra [...] Francoren erregimenak zapaldua eta gaur egun Juan Carlosenak”.

Ezker iraultzaileko alderdiek defendatzen zuten beharrezkoa zela uztartzea nazio zapalkuntzaren aurkako borroka eta proletarioen arteko klase-batasuna. Horregatik, federalismoaren eta autodeterminazio eskubidearen alde egin zuten, baina ez separatismoa bultzatzeko, baizik eta zapalkuntzan oinarritzen ez zen herrien arteko batasun sendoago bat lortzeko. Ezker abertzalea, ordea, independentista zen, eta baztertu egiten zuen termino horietan planteatutako autodeterminazioa


Oro har, ETAren korronte obreristetatik sortutako alderdiek sentsibilitate handiagoa erakutsi zuten nazio-auziarekiko, EMK-k, konparaziora. 1967an sortu zen, ETAren bulego politikoa kanporatu zutenean. Talde horrek Espainiako beste kolektibo komunista batzuekin bat egin zuen une horretan, alderdi maoista bat sortzeko. Joan-etorriko bidaia bat egin zuen nazionalismoari dagokionez. Hasierako urteetan (1967-70), distantzia handia markatu zuen ezker abertzalearen nazionalismo erradikalarekin, baina, urteak pasa ahala, berriz ere abertzaletasunera hurbildu zen. Uste zuen langile mugimenduak eta nazio-mugimenduak elkarri bizkarra eman ziotela luzaroan, eta nazionalismoa “jatorri burgesakotzat” jotzen zuen arren, defendatzen zuen biak mugimendu herrikoi zabal batean bildu behar zirela, kapitalismo monopolistaren aurka eta askatasun nazionalen alde borrokatzeko. Hala ere, kezka handia mantendu zuen nazionalismo esentzialistak langile-klasearen barrenean sor zitzakeen gatazka interidentitarioen inguruan. Alde batetik, ulertzen zuen zapalkuntza nazionalak eragindako nahigabeek euskaldunen haserrea sor zezaketela, baina, bestetik, defendatzen zuen haserre hori ezin zela Espainiatik iritsitako etorkinen aurka bideratu. Kexa handienak abertzaletasunaren sektore batzuetan zentratu ziren, gehienbat Txillardegik eta Iñaki Aldekoak bultzatutako Euskal Sozialista Biltzarrea (ESB) alderdian. EMKren aburuz, “esklusibismo nazionala” baztertu beharra zegoen, eta langile-klasearen batasuna lehenetsi.

HIZKUNTZA-ZAPALKUNTZAREN AURKA

Ezker iraultzaileko alderdiek, beste sektore batzuekin batera, euskararen eta euskal kulturaren aldeko borrokan ere parte hartu zuten. Haien propagandan eta prentsan euskaldunek sufritzen zuten zapalkuntza eta diskriminazioa salatu zituzten. Horiei aurre egiteko, euskararen koofizialtasuna eta “elebitasun erreala” aldarrikatu zituzten.

LCR-ETA (VI)-k, esaterako, espetxeetan errepresio linguistiko gogorra zegoela salatu zuen 1974an; izan ere, funtzionarioek ez zieten bisitetan euskaraz hitz egiten uzten preso politikoen senideei, eta, hala eginez gero, bisita bertan behera geratzen zen momentuan. Hori euskal hizkuntzak bizi zuen zapalkuntzaren beste etsenplu baten modura ikusten zuten. Halaber, 1976an langileei dei egin zien lantegietan ordaindutako euskara-klaseak lor zitzaten. “Ikastola bat lantegi bakoitzean” lelopean, uste zuten langile mugimenduak “ordaindutako ordu libre bat” exijitu behar ziela nagusiei, euskara ikasteko.

LKI zen, hain zuzen ere, ezker iraultzaileko alderdien artean nazio-askapenarekin konprometituena, ETAren VI. Biltzarrean baitzuen jatorria. Alderdi horrek uste zuen nazionalismo burgesak jada ez zuela gaitasunik nazio-askapenaren borroka gidatzeko, nazio zapalkuntzaren aurkako masa-mobilizazioak kontrajarriak zirelako bere klase-interesekin. Horregatik, 1976ko Kongresuko “Auzo nazionalari buruzko Ebazpena” testutik ondorioztatzen denez, soilik proletariotza iraultzaileak eman ziezaiokeen erantzun koherente bat nazio-zapalkuntzaren aurkako borrokari, askapen nazionala programa sozialistan txertatuz. Era berean, alderdiaren aburuz, euskararen aldeko borrokaren gidaritza ere korronte nazionalisten esku zegoen, eta hori oztopo izan zitekeen euskararen garapenerako. Nazionalismo burgesaren eragina gutxitzeko, LKIk proposatzen zuen auzi kultural eta linguistikoaren borroka langile-klaseak gidatu behar zuela. Horretarako, beharrezkoa zen langile-klasearen abangoardiak (hau da, langile-alderdi iraultzaileak) borroka horren buruan jartzea kontsekuenteki. Soilik horrela lortuko zuten “burgesia euskaltzalearen” eragina gutxitzea.

Ikastoletan zeuden sektore ezberdinen arteko elkarbizitza ez zen beti erraza izaten, eta ikastola batzuetan liskarrak izan ziren. Hainbat herritan maisu-maistrak nahiz familia batzuk ikastoletatik kanporatu zituzten, “ateoak”, “gorriak” edo “espainolistak” zirelakoan


Ikastoletan ere korronte edo ildo ezberdinen arteko lehia gertatu zen. Izan ere, 1960ko eta 1970eko hamarkadan euskararen aldeko borrokaren fronte garrantzitsuenetako bat irakaskuntzarena izan zen. Ipar eta hego, euskal lurralde guzietan jarri ziren martxan helduak zein haurrak euskalduntzeko eta alfabetatzeko ekimen herritarrak. Horretarako, gau-eskolak eta ikastolak sortu ziren han eta hemen, askotan modu alegal edo klandestinoan.

Hortaz, 1974an LCR-ETA VI.ak Zutik! aldizkarian adierazi zuen ikastolen mugimenduaren barrenean bi korronte zeudela. Alde batetik, korronte abertzale eta burgesa zegoen, nazionalismo kontserbadore klasikoa eta euskal burgesia tradizionala (EAJ) nahiz burgesia teknokratikoa eta erdi-mailako koadroak (ELA) ordezkatzen zituena. Bestetik, aldiz, ezker iraultzaileak ordezkatzen zituen korronte herrikoi eta aurrerakoiak zeuden.Alderdi horren ustez, lehen korronteak balio kristau eta kontserbadoreetan oinarritutako hezkuntza defendatzen zuen. LCR-ETA (VI)-ren ikastola-eredua, ordea, ezberdina zen. Troskistek nahiago zuten izaera aurrerakoi, laiko eta herrikoia zeukaten ikastolak bultzatzea. Halaber, defendatzen zuten ikastolek herriaren eguneroko arazoekin loturik egon behar zutela. Antolaketa eta funtzionamenduari dagokionez, asanblearioak eta demokratikoak izan behar ziren, irakasleen nahiz gurasoen partaidetza bermatzeko. Korronte ezberdinen arteko gatazka horren aurrean, LCR-ETA VI.ak uste zuen ETA (V)-k parte har zezakeela korronte iraultzailean, eta berarekin bat egiteko deia egiten zion. Baina, antza denez, ez zuen arrakasta handirik izan, “espainolismoaren” aitzakiapean ia beti “euskal eskuinaren” jarrerei babesa ematea leporatu baitzioten ETA (V)-ri.

Bistan denez, ikastoletan zeuden sektore ezberdinen arteko elkarbizitza ez zen beti erraza izaten, eta ikastola batzuetan liskarrak izan ziren. Hainbat herritan maisu-maistrak nahiz familia batzuk ikastoletatik kanporatu zituzten, “ateoak”, “gorriak” edo “espainolistak” zirelakoan. Hala gertatu zen Arrasaten, Gernikan edo Iruñean. 1979an, esaterako, Euskadiko Langileen Partiduak salatu zuen Andoaingo ikastolatik familia bat kanporatu zutela ikastetxearen pedagogia atzerakoia salatu eta semeetako bat beste ikastola aurrerakoiago batera eraman zutelako. Yesca aldizkarian ageri zen lerroburua aski argia izan zen: “Ikastolas sí, pero no carcas”.

Herri Batasuna koalizioa eta ezker abertzalea erregimen berriaren aurkako “gaitzespen-fronte” moduko bihurtu ziren, eta nazionalismo erradikala “babesleku” izan zen iraultzaile askorentzat

Testuinguru horretan, Trantsizioko urteetan Iruñean ikastola proiektu berezi bat sortu zen: Udal Ikastola. Eredu hori ezohikoa eta bakarra izan zen Euskal Herri osoan, eta Asier Yaniz historialariak ikertu du. Ezker iraultzaileko eta langile mugimenduko guraso batzuek, ordura arte zeuden ikastola pribatu eta konfesionalen aurrean, ikastola publiko eta laikoa eratu zuten 1976an. Horretarako, legedia frankistaren zirrikituak eta Iruñeko udalean zeuden zinegotzi ezkertiarren konplizitatea baliatu zituzten. Ezker abertzalearen sektore batzuek, hasiera batean, nahiago izan zuten Herri Ikastola izeneko proiektua bultzatzea, Udal Ikastola erakunde publiko espainolen mendekoa zelakoan. Herri Ikastolak, ordea, ez zuen luze iraun, eta, laster, hango familia ugarik Udal Ikastolarekin egin zuten bat. Udal Ikastolak luzaz borrokatu behar izan zuen (bai azken udal frankistarekin, eta baita demokrazia-garaiko lehendabiziko udalbatzekin ere). Euskara-ereduko hiru ikastetxe publiko Nafarroako hezkuntza-sarean egonkortu zirenean konpondu zen gatazka.

DESENGAINUA ETA IRAULTZAILEEN BABESLEKUA

Diktaduraren azken urteetan, aldarrikapen nazionalak barneratu ahala, ezker iraultzailearen eta ezker abertzalearen arteko hurbilketa gertatu zen. 1975 eta 1976 artean lankidetza giroa zabaldu zen, eztabaida sektarioak mantendu ziren arren. Alabaina, Euskal Herrikoi Batzarra eta Euskal Erakunde Herritarra plataformak bultzatzea lortu zuten, indar iraultzaileen arteko koordinazio espazio moduan, eta 1976ko Aberri Eguna elkarrekin antolatu zuten Iruñean, oposizio moderatuaren parte hartzerik gabe.

Baina Trantsizioak indar korrelazioak aldatu zituen. Urte gutxian gauzak asko saldatu ziren. Ezker iraultzailea, zeinak ordura arte presentzia handia izan baitzuen langile mugimenduan, gainbeheran sartu zen, krisi ekonomikoaren, burgesiaren ofentsibaren eta langile mugimenduaren atzeraldiaren ondorioz. Herri Batasuna koalizioa eta ezker abertzalea, aldiz, erregimen berriaren aurkako “gaitzespen-fronte” moduko bihurtu ziren, eta nazionalismo erradikala “babesleku” izan zen iraultzaile askorentzat. Horren ondorioz, EMK eta LKI liluraturik geratu ziren HBren gaitasun elektoral eta sozialarekin, eta haren inguruan orbitatu zuten. Hainbatetan harentzako botoa eskatu zuten. Baina ezker abertzaleak haiekin lankidetzan aritzeko uzkur egoten jarraitzen zuen, espainolismoaren aitzakiapean. Beraz, harremanak errazteko, bi alderdiok haien adar espainoletatik bereizi ziren 1980ko hamarkadan, eta independentziaren leloa onartu zuten.

PTEk ere ezker abertzalera hurbiltzeko joera progresiboa izan zuen. Horregatik, EEren erreformismoaren eta HBren populismo maximalistaren arteko zubia izaten saiatu zen 1978 eta 1979 artean. ORTk, aldiz, bide moderatua hartu zuen Trantsizioan. Bere burua oraindik iraultzailetzat zeukan arren, Konstituzioaren eta Gernikako Estatutuaren aldeko jarrera hartu zuen. Gainera, publikoki terrorismo guziak salatzen hasi zen, baita ETAren indarkeria ere. Erabaki horien ondorioz, alabaina, bere oinarri sozialetik urruntzen hasi zen, eta ORTko kide ohi ugariren ustez, hori izan zen alderdiaren galbidearen hasiera. Krisi politiko eta ideologikoari aurre egiteko, PTEk eta ORTk ezustean bat egitea erabaki zuten 1979ko udan. Baina batasun-prozesu hark ez zuen arrakastarik izan, eta bertan behera geratu zen hilabete gutxira. Hilabete batzuk beranduago, PTEko militante ohiek Aportación a la Revolución Vasca dokumentua kaleratu zuten, ezker abertzalearen tesi ideologikoekin eta HBrekin bat egiten zutela iragartzeko.

ONDORIOAK

Diktaduraren amaierako urteetan, ezker iraultzaileak eta langile mugimenduko alderdiek konpromiso nabarmena erakutsi zuten Euskal Herriaren eskubide nazional eta kulturalekin. Beren jatorrizko ikuspegi internazionalistatik abiatuta, nazio-auziaren aldeko posizioak bereganatu zituzten progresiboki, eta hainbat kasutan ezker abertzalearen ildora hurbildu ziren. Hala ere, ezker abertzalearekin izandako harremana ez zen inoiz erraza izan: elkarlanerako saiakerak egon baziren ere, tentsio ideologikoek eta posizionamendu politikoek hausturak eta desadostasunak eragin zituzten.

Testigantzek agerian uzten dute askotan ezker iraultzailearen eta abertzaleen arteko konfiantza oso hauskorra zela, eta testuinguruaren arabera posizioen interpretazioak aldakorrak izan zitezkeela. Esate baterako, Erriberako PTEko militante batzuek kontatzen zuten Gipuzkoara joan ziren batean liskarra izan zutela hango batzuekin, “españolista izatea” leporatu zietelako; baina Tuteran, aldiz, paradoxikoki, “euskaldun”tzat hartzen zituzten ikurrinak zintzilikatzen zituztelako. Bi suren artean ibili ziren beti.

ERREFERENTZIAK
[1] Doménech Sampere, X. (2022). Lucha de clases, franquismo y democracia: Obreros y empresarios (1939-1979). Akal.
[2] Satrustegi, I. (2022). Beste mundu bat nahi genuen. Nafarroako Gobernua; Wilhelmi, G. (2016). Romper el consenso: La izquierda radical en la Transición (1975-1982). Siglo XXI; Satrustegi, I. (2025). Atreverse a luchar. La izquierda revolucionaria y la Transición en Navarra. Txalaparta.
[3] Ansa Goicoechea, E. (2019). Mayo del 68 vasco: Oteiza y la cultura política de los sesenta. Editorial Pamiela; Almeida Díez, A. (2022). El pueblo trabajador vasco: Breve historia de la formación de un concepto y sus consecuencias estratégicas en ETA. El Futuro del Pasado: Revista Electrónica de Historia, 13, 543–582.
[4] Jiménez de Aberasturi Corta, J. C., & López Adan, E. (1989). Organizaciones, sindicatos y partidos políticos ante la transición: Euskadi 1976. Eusko Ikaskuntza.