ARGAZKIA / Saraka
2023/05/01

Munduko gaitzak buru gaiztoen ekintzara murrizten dituztenek ez dute ezjakintasun hutsagatik egiten; beren burua salbatzaile gisa aurkezteko beharrezko ordaina delako egiten dute. Baina horren ondorio negargarria da salbazioa ezinezko bihurtzea, horren esanahia erlatibizatu egiten baita eta, gehienez ere, promesa soil batera mugatzen baita, beti salbatzailearen itxura zehatzari lotuta.

Hori gertatzen da, oro har, politika sozialdemokratarekin. Irabazteko promesarekin beti, gizarte-gaitzak ezabatzekoarekin, baina behin eta berriz itzultzen dira beti promesa eta gaitz berberak. Haustura-prozesua itzulera-prozesu bat da, eta promesa berrituena, ez baita ezerekin hausten benetan.

Azken finean, etsaiei izen-abizenak jartzea, beharrezkoa bada ere, berez ez da nahikoa. Etsaia seinalatu behar da, baina baldintza sozial jakin baten haragitze gisa, zeina etsaiaren aurka borroka egiten baino ezin baita borrokatu. Klase-borroka eta komunismoaren aldeko borroka ez dira prozesu abstraktuak, antolakuntza-ideia baten aurka egiten direnak; itzulpen zehatz bat hartzen dute nahitaez, eta indibidualtasun soila baino zerbait gehiago gorpuzten duten gizabanakoen aurkako borrokan hedatzen dira.

Etsaia seinalatu behar da, baina baldintza sozial jakin baten haragitze gisa, zeina etsaiaren aurka borroka egiten baino ezin baita borrokatu. Klase-borroka eta komunismoaren aldeko borroka ez dira prozesu abstraktuak, antolakuntza-ideia baten aurka egiten direnak; itzulpen zehatz bat hartzen dute nahitaez, eta indibidualtasun soila baino zerbait gehiago gorpuzten duten gizabanakoen aurkako borrokan hedatzen dira

Horregatik, etsaia seinalatu behar bada ere, eta akaso bere funtzio soziala «gaizkia» bezala itzuli ere bai, era berean salatu behar da «ongia» egiteko asmoarekin bere funtzioan ordezkatu nahi duen hori, biak ala biak, «ongia» eta «gaizkia», ez baitira ezaugarri kontingenteak; bien edukia, gure ikuspuntuaren arabera, komunismoaren etikak ezartzen du eta. Gobernantzan ordezkatu nahi dituzten buru gaizto horiek gaiztoak dira gobernatzen dutelako, eta ekoizpen modu kapitalistan inskribatutako eskakizun sozialen arabera gobernatzen dutelako gobernatzen dute.

Aztergai dugun gaian, prozesu ekonomikoen subjektibatze idealistak diskurtso sozialdemokrata berregitea dakar hiru zutaberen gainean: iragan hobea, oparotasun ekonomiko handiagoa eta, batez ere, ideologia sozialdemokrataren legitimazio sozial handiagoa, zeina ideologia burgesa baita, makillaje-geruza txiki batekin. Iragan hori langile mugimenduaren inguruan egituratutako masa-­mugimendu handien iragana da, soldata altuena eta burgesiaren eta langile-aristokraziaren arteko itun sozialarena. Azkeneko hori, klase ertain sozialdemokrataren oinarri ekonomiko eta juridikoa da.

Prozesu ekonomikoen subjektibatze idealistak diskurtso sozialdemokrata berregitea dakar hiru zutaberen gainean: iragan hobea, oparotasun ekonomiko handiagoa eta, batez ere, ideologia sozialdemokrataren legitimazio sozial handiagoa, zeina ideologia burgesa baita, makillaje-geruza txiki batekin

Iragandako iragan hori, ordea, presente dago oraindik ideia sozialdemokratetan, industria handien objektu-forman fosilduta. Oparotasunaren eta makineriaren arteko lotura lehen aipatutako subjektibatze-prozesuaren beste aldea baino ez da; izan ere, horrek, prozesu objektiboa idealizatzeaz gain, subjektua eta bere garapena gauza bihurtzen ditu.

Egia objektibo bat dago: Kapitala aberastasun abstraktuaren metaketa da, modu handituan eta jarraituan. Horrek, gainera, itzulpen subjektiboa du: irabaziarekiko gose kapitalista. Azken horrek azken mendeetako prozesu ekonomiko handiak azaltzen ditu; baina, bere forma itxuraldatuan, buru gaiztoei lotutako gogo indibidual soil gisa agertzen da. Norbanakoaren gose hori behar ekonomikoa da, ordea, Kapitala pertsonifikazio indibiduala baino gehiago delako.

Kapitala eta kapitalista indibidualizatzen eta idealizatzen duen prozesu horrek berekin dakar Kapitala baliozko premisa sozial gisa onartzea. Kontua ez da ekoizpen modu kapitalista indargabetzea, baizik eta buru gaiztoak edo kapitalista baztertzea, azkeneko hori gaizkiari, eta ez bere funtzio sozial objektiboari, lotutako kategoria moral bihurtua. Horrela, nahikoa da neurri sozial bat izenez eta justifikazioz aldatzea, neurri horrek kapitalista izateari utz diezaion. Hala, programa sozialdemokratan berrindustrializazio-estrategia ikusten dugu kapital-metaketaren berrosatze-prozesu nazionalaren funtsezko zutabe gisa, nahiz eta horrela aurkeztu ez, baizik eta oparotasun eta aberastasun-handitze abstraktu gisa. Berrindustrializazio-prozesu horrek abangoardiakoa izan behar du, punta-puntako teknologiarekin, nazioa munduko merkatuan abantailazko posizioetan jarriko duena.

Itzultzen badugu, horrek honako hau esan nahi du: ekoizpenaren industrializazio- eta modernizazio-prozesuak irabazi handiagoaz jabetu ahal izateko, hau da, langile klaseari gainbalio handiagoa erauzteko eta, gainera, egindako kapital-inbertsioaren aldean gainbalioaren erauzketa handitzeko, hots, langile klasearen esplotazioa handitzeko behar besteko tamaina izan behar du.

Ekoizpenaren industrializazio- eta modernizazio-prozesuak irabazi handiagoaz jabetu ahal izateko, hau da, langile klaseari gainbalio handiagoa erauzteko eta, gainera, egindako kapital-inbertsioaren aldean gainbalioaren erauzketa handitzeko, hots, langile klasearen esplotazioa handitzeko behar besteko tamaina izan behar du

Horrela, prozesu sozialaren subjektibatzeak prozesu sozialaren jarraitutasuna dakar, baina beste pertsona batzuekin, burges berriak, jada burgesak ez direnak, kapital-kudeatzaile hutsak baizik (sic). Hala ere, prozesu sozial horrek eragile aktiboen lehen asmoekiko guztiz kontrakoak diren bideak har ditzake. Izan ere, sozialdemokraziak desindustrializazioa bulegoetan diseinatutako estrategiatzat hartzen badu ere, irabazia ekonomia kapitalista egituratzeko elementu nagusi gisa ez ulertzeak disonantzia estrategikoak eta akats kategorikoak eragiten ditu, hala nola desindustrializazioa lan­-prozesu zehatza desegiten duen prozesu itzulgarri gisa ulertzea, eta ez Kapitalaren metaketa eta zentralizazio gisa.

Itsutasun hori, hein handi batean, sozialdemokraziak fede-dogma gisa eskuratutako eta etengabe aurkeztutako oinarri historikoen ondorio da. Berrindustrializazio-estrategiak ideologia sozialdemokrataren bi elementu nagusi biltzen ditu: soldatapeko lanaren zentraltasuna eta bere pertsonifikazio zehatza fabrikako langile kolektiboarengan, langile mugimenduaren baliozko gorpuzte bakar gisa, bere formarik agerikoena eta tamaina sozial handiko corpusa hartzen duen forma bakarra delako. Izan ere, mugimendu horren tamainak garrantzia handia du, alde batetik, sozialdemokrazia ebidentziaren gainean baino ez delako sostengatzen (horregatik «langile klasea hil da» diote batzuek, eta «langile klasea industrian erreproduzitu behar da» besteek), eta agerikoa dena bakarrik existitzen delako; eta, bestetik, ordezkatutako presio-­talde gisa jardun dezakeen hori bakarrik, hau da, sindikatu burokratikoen arabera egituratutako langile mugimendu zabala bakarrik izan daitekeelako baliagarria sozialdemokraziarentzat klaseen arteko itunaren bermatzaile gisa duen benetako funtzioa legitimatzeko (edo proletalgoaren zapalkuntza berdintasun sozialaren banderapean), eta salbatzailearen funtzioa gorpuzten duen figura politiko bezala berritzeko.

Horregatik, sozialdemokraziaren premisa guztiak, indar kolektibo gisa, soldatapeko lanaren zentraltasuna gizarte-potentzia antolatuaren forma zehatzean, hau da, sindikatu burokratikoetan antolatutako industria-langile gisa, berreraikitzearen menpekoak dira. Dena den, ilusio eta mamu faltsuak, bai eta ongiaren haragitzea izan nahi izatea ere, ez dira nahikoa langile klasearen esplotazioa berrantolatzeko, industria-parke nazional bat berreraikitzea eta klase ertaineko profesionalen jarraibide burokratiko eta politikoen menpeko langile mugimendu bat berreraikitzea ahalbidetuko duen maila batean.

EZ DAGO IRUZKINIK