ARGAZKIA / Zoe Martikorena
2024/09/01

Artekako 45. zenbakiko editorialean, hizpide izan genituen Kapitalaren zentralizazioaren ondorioak eta haiek Adimen Artifizialarekin duten harremana. Orduko hartan, esan genuen Adimen Artifizialaren helburua, Kapitalaren ekoizpen-indar moduan, Kapitalaren berezko kontzeptu bat proletariotzaren artean modu intentsiboan zabaltzea dela: ekoizpen-indar guztiak, eta, bereziki, kulturaren forma hartzen duen borondatea irabazi pribatuaren ekoizpenera subsumitutako zientziaren forman besterentzea.

Zenbaki honetan, zentralizazio kapitalistaren ondorio kulturalak landuko ditugu musikaren industriaren gaiaz arituz. Lehen azaldu dugunaren ondorio batekin has gaitezke: zentralizazio kapitalista gizakiaren hustuketa da, eta hura Kapitalaren mugimendu objektiboaren menpe jartzea. Horrek, era berean, berdintze bidezko hustea edo homogeneotasun kronikoa dakar. Kontzeptu horien bidez masa-kultura kapitalistaren ondorio sozialei egiten diegu erreferentzia, kultura horrek gizaki berdinak ekoizten baititu giza gaitasunak antzutuz. Antzutze horren funtsa 45. zenbakiko editorial horretan deskribatu genuen giza adimenaren sormen-, autonomia- eta ekimen-gaitasuna erauztea da. Ordea, prozesu komunistaren pean, adimen kolektibo batean eratu beharko litzateke giza adimen hori, zeinak gaitasun sozialak xurgatu eta forma ez-besterendu eta ez-kapitalista batean zentralizatu behar bailituzke.

Zentralizazio kapitalista gizakiaren hustuketa da, eta hura Kapitalaren mugimendu objektiboaren menpe jartzea. Horrek, era berean, berdintze bidezko hustea edo homogeneotasun kronikoa dakar. Kontzeptu horien bidez masa-kultura kapitalistaren ondorio sozialei egiten diegu erreferentzia, kultura horrek gizaki berdinak ekoizten baititu giza gaitasunak antzutuz

Zentralizazio kapitalistak musikaren arloan eta kultur industrian dituen ondorio sozialak gero eta agerikoagoak dira gure artean: esate baterako, musika-taldeak kontratatzeko prezioen igoera ari da gertatzen, eta horrek musika-eskaintza gero eta proletario gehiagorentzat eskuragaitzago egiten du; edota, eskaintza guztia espazio esklusiboetan zentralizatzen duen musika-zirkuitua eratzen ari da, eta horrek berekin dakar herri-espazioak hustea, haietan inplikatutako norbanakoen parte-hartzea jaistea, eta herrien eta auzoen gizarte-sareak suntsitzea. Horiek horrela, zentralizazioa sozialki mugatuta dauden eta masa-kultura masen beraien eskuetan egotea ukatzen duten espazioak sortzeko bitartekoa bilakatzen da.

Ekimen soziala eta sare asoziatiboa agortzeak berekin dakar proletalgoak politika egiteko dituen gaitasunak kaskartzea. Kulturak, baldin eta espazioen definizioan aktiboki parte ez hartzea sustatzen badu eta produktu parekagarriak –eta, ondorioz, produktu berdinduak– merkantzia-forman kontsumitzea sustatzen badu, merkatu kapitalistaren arauetara azpiraturiko kultura kontsumista da, ezagutza eta haren ekoizpen-bitartekoak pribatizatuz eratzen den kultura kapitalista, bi klase antagonikoak bere printzipio eratzaileen arabera erreproduzitzen dituena: burgesia klase menderatzaile moduan –gizarte kapitalistaren subjektu– eta proletariotza klase menderatu moduan –burgesiak moldatutako materiala–. 

Ekimen soziala eta sare asoziatiboa agortzeak berekin dakar proletalgoak politika egiteko dituen gaitasunak kaskartzea. Kulturak, baldin eta espazioen definizioan aktiboki parte ez hartzea sustatzen badu eta produktu parekagarriak –eta, ondorioz, produktu berdinduak– merkantzia-forman kontsumitzea sustatzen badu, merkatu kapitalistaren arauetara azpiraturiko kultura kontsumista da, ezagutza eta haren ekoizpen-bitartekoak pribatizatuz eratzen den kultura kapitalista

Horrela, objektua merkantzia bihurtuz, osatu egiten da ekoizpen kulturala industria kulturalaren forman sistematizatzeko prozesua, hau da, kultura kapitalistan garatzen da kultura. Objektuaren ezaugarri desberdinak eduki bakar batean urtzen dira, balioaren edukian hain zuzen, bere ñabardura guztiak hustuz, eta, horrekin, kontsumitzailea ere hustuz. Musika guztiak antzeko soinua du, guztiek zabor bera abesten dute, diskoteka eta tabernak tontoarena egiten duen jendez betetzen dira, eta nagusiak hilgarrion munduan duen haragitzea besterik ez da DJa; hori bai, koska batzuk gorago egoten da, artaldeak identifikatzeko moduan.

Marxismoaren barreneko zenbait korrontek pentsatu izan dute garapen kapitalistako elementu positibo bat dela zentralizazioa, kapitalismoa garatu eta gizarte komunista sortzeko aukera ematen duena. Alabaina, albo batera uzten dute zentralizazioaren alde negatiboa: zentralizazioak Iraultza Sozialistarako aukera aldi berean ireki eta itxi egiten duela etengabe. Izan ere, lana sinplifikatu eta ia ez-beharrezko egiten duen ekoizpen-indarren garapenak langileen lana eta langilea ere hustu egiten dituen bezala, gizarte-egitura eraginkorragorako aukera irekitzen duen zentralizazioa bere aurkakoan gauzatzen da: ekoizpen bitarteko sozialak gero eta esku gutxiagotan zentralizatzen dira, eta Kapitalaren arau objektiboei erresistentziarik gabe men egiten dien masa bizigabe bat eratzen da. Masa hori gero eta gehiago integratzen da makineria baten engranaje moduan, eta nahiz eta neurri handi batean bere itxura materiala galdu duen eta gero eta urtuago dagoen, gero eta presio handiagoa egiten du, hain justu desagertu egin delako langileen begietara.

Dagoeneko ez dute zertan handiak izan proletariotza menderatzen duten, moldatzen duten eta bere mugimendura egokitzen duten makineria industrialaren ekoizpen-kateek. Dagoeneko ez dira tailer handitan konfinaturiko munstroak ekoizpen-erritmoa ezartzen dutenak, proletarioen lana lan sozial moduan konfiguratzen dutenak, proletariotzaren kontzientziari eduki soziala ematen diotenak. Orain, industria da bere horretan kontzientziaren ekoizpena, eta proletariotza haren kontzientzian era zuzenean interbenituz menderatzea helburu duen ekoizpen-eremu batean eratu da kultura. Eta hori gertatu da, hain justu, proletariotzaren gaur egungo soziologiak, neurri handi batean lan kolektibo industrialaren forma konkretua galdu duenak, beharrezkoa egiten duelako haren mugimenduak mugatu edo dominazio kapitalistak gaur egun dituen beharretara moldatzen dituen industria berri bat.

Espazioak berreskuratzea eta zentralizazio kapitalistari aurre egitea, baita musikaren eta ekoizpen kultural deitzen zaion horren barrenean, ezinbestekoa da dominazio kapitalistaren aurkako erresistentzia-bitarteko moduan, bai eta politika egiteko eta proletariotza klase iraultzaile moduan eratzeko baldintza hobeak lortzeko borrokaren erreferentzia moduan ere. 

Zentralizazio sozialistak ez du gizakiaren autonomia eta iniziatibaren agorpena ekarriko. Kontrara, bere kontzeptua beste bat da: gaitasunen zentralizazioak tokian toki sortzen diren iniziatibak modu eraginkorrean aurrera eramateko bitartekoak ezartzea esan nahi du; bitarteko bat izan behar da aro berri baterako: askatasunaren eta giza ekimenaren aroa, oparotasun eta dibertsitate sozial berri baten aroa.

EZ DAGO IRUZKINIK