ARGAZKIA / Ekida
2024/01/01

Ohitura txarra dute nazionalistek: nazio bat sarraskitzen ari diren bitartean, errealitate gordin hori erabiltzen dute beren nazionalismo propioa indartzeko. Elkartasuna “bidaltzen” diote erasoa jasaten ari den herriari, baina nazioaren izenean egiten dute eta beren nazioaren lehentasunezko izaera azpimarratuta, elkartasun keinu horretan.

Esate baterako, Gernika-Palestina ekimenak, Gazako sarraskia eta Gernikako bonbardaketa berdintzea du helburu, edo Palestinako herria pairatzen ari den genozidioa erabiltzea gogorarazteko euskal nazionalismoak, elkartasuna bidaltzen baldin badu, ez dela elkartasuna ulertu izan den era okerrean, hau da, modu altruistan; baizik eta are okerragoa den forma berekoian: babesa adierazten dizut, hitzez soilik bada ere, zure egoera nire onurarako instrumentalizatu ahal badut.

Jarrera hori ez da soilik “herri-ekimenen” arlo kulturalean izaten, jakina. Bere adierazpenik tristeena aurkitzen du estrategia politikoetan. Herri palestinarrari elkartasuna adierazi, soilik norberaren interes nazional partikularretarako baliagarria bada, eta, gainera, herri palestinarrarentzat soluzio bat eskatu, soilik norberaren bide parlamentarista eta itun bidezkoa-demokratikoa indartzen baldin badu. Edo herri palestinarrari elkartasuna adierazi, bere desagerpenera bidean jarri duen estrategia babesten den bitartean.

Nazionalismoaren antinomiez aritu ginen Arteka-ren 34. zenbakian. Aipatu berri duguna ere bada nazionalismoaren antinomia bat: herrien arteko elkartasunak lekua du, soilik elkartasun hori printzipio unibertsal gisa hausten duen errealitate nazionalista baztertzailearen mesederako bada. Hau da, “herrien biziraupena” delakoak, edo nazioen biziraupenak, ez du printzipio unibertsalik, norberaren nazioarekiko menpekotasunetik formulatzen bada. Nazionalismoak bere nazioaren biziraupena bera kolokan jartzen du horrela, egiazki horren atzean indartsuagoak diren erdi-mailako klasearen interes partikularrak (demokrazia eta instituziogintza burgesa, estatus politikoa eta soziala, pribilegio metaketa…) ezkutatzen baitira, zeintzuk nazioaren kontzeptu inklusiboarekiko kontrajarriak baitira.

Azken batean, errealitate desberdinen berdinketa bat izan behar da, Euskal Herria eta Palestina kontzeptu berdinaren pean alderatu ahal izateko, eta azkeneko horren sarraskiak lehenengoaren “ideia” indartu ahal izateko. Nazio-eraikuntzak hori du: berdinketa-prozesu horretan, ezinbestean, bestearen berezitasuna ukatu behar duela, bestea desagerpenera kondenatzeraino. Hau da, berdinketa-prozesu horrek berdinketa gauzatzen duen nazionalismoaren errealitatera moldatzen du nazio erasotua, pairatzen ari den erasoa bera desitxuratuz.

Errealitate desberdinen berdinketa bat izan behar da, Euskal Herria eta Palestina kontzeptu berdinaren pean alderatu ahal izateko, eta azkeneko horren sarraskiak lehenengoaren “ideia” indartu ahal izateko

Nola ez da ba posible izango bi estaturen bidezko soluzioa Palestinarentzat, hori baldin bada Mendebaldeko begirada arrazistarentzat ekintzarako markorik legitimoena; hots, Europako demokrazia parlamentarioarena?

Edonola ere, soluzio politikoek euskarri teoriko bat behar dute. Kasu honetan, berdinketa, ezinbestean, kolonialismoaren kontzeptuan gauzatu behar da. Izan ere, euskal nazionalistentzat, Euskal Herria eta Palestina, biak ala biak, dira nazio kolonizatuak. Bada Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren posizioa kontraesankorra dela esan duenik ere, ustez Euskal Herriaren izaera kolonizatua ukatzen duelako, Palestinari kolonizatua izatea aitortzen dion bitartean; azkeneko hori, antza, ekonomikoki kolonizatua ez dagoen arren. Hori egia balitz ere, azkeneko auzi hau ebazteke legoke: biak, Euskal Herria eta Palestina, zentzu ekonomikoan kolonizatutako nazioak ez badira, zein da zentzu politikoan duten izaera kolonial berdina?

Palestinaren kolonizazioaren ardatz nagusia ez da kolonialismo ekonomikoaren arabera azaltzen, jakina. Baina horrek ez du esan nahi kolonialismo ekonomikorik ez dagoenik: Israelek okupatutako Palestinan bizi diren palestinarrek ez dituzte okupatzaile sionistek dituzten eskubide berdinak, ez eta sionismoa babesten ez duten judutarren berdinak ere. Hor existitzen den kolonialismo ekonomikoa ukatzea, israeldarrek Palestina okupatu gabe dutela esatea bezala da. Izan ere, zer da ba kolonialismo ekonomikoa, ez bada biolentzia politikoaren bitartez herrialde arrotz batek beste herrialde batean gauzatzen duen esplotazioa? Ez al dute hori egiten sionista israeldarrek palestinarrei eskubide ekonomiko berdinak aitortzen ez dizkietenean?

Palestinaren kolonizazioaren ardatz nagusia ez da kolonialismo ekonomikoaren arabera azaltzen, jakina. Baina horrek ez du esan nahi kolonialismo ekonomikorik ez dagoenik: Israelek okupatutako Palestinan bizi diren palestinarrek ez dituzte okupatzaile sionistek dituzten eskubide berdinak, ez eta sionismoa babesten ez duten judutarrenen berdinak ere

Bada, Euskal Herria eta Palestina, zentzu ekonomikoan ere, ezin dira berdindu, Palestinan egon badelako kolonialismoaren arabera aztertu daitekeen egoera ekonomiko bat, Euskal Herrian ez dagoena –nahiz eta jatorri desberdinen araberako segregazioa egon, baina hori beste kontu bat da eta beste errealitate eta printzipio batzuen arabera gertatzen da, eta, seguru asko, ez luke euskal herritartasuna leku onean utziko–. Horrek bakarrik justifika dezake, beraz, ikuspegi eta esku-hartze politiko desberdindua. 

Baina desberdintzeko arrazoi gehiago daude, eta horiek ukatzeak dakartzan ondorio politikoak ez dira kolonialismo ekonomikoaren ukazio ezjakinarenak bezain onberak. Izan ere, Euskal Herria eta Palestina kolonialismo politikoaren eta kulturalaren esparruan berdindu nahi izateak ukatu egiten du palestinarrek bizi duten infernua: eta ez sarraski-guda etnozidak eztanda egiten duenean soilik, non milaka eta milaka palestinar erail eta haien etxeak suntsitzen dituzten; ez soilik egunerokoan bizi dituzten kontrolak eta biolentzia militarra. Palestinarren gaitz nagusia ukatzea ere bada: Nakba, palestinarrak euren lurraldeetatik kanporatzeko estrategia planifikatua. Eta hori palestinarren historia eta existentzia ukatzea da. Ukazio hori ez da ezjakintasunari lotutakoa bezain onbera, benetan krudela izan behar delako, muturreko nazionalista, egunero begien bistan paratzen zaigun palestinarren infernua euskal herritarren egoerarekin alderatzeko.

Eta ez, infernu hori ez da Palestinan hedatu erresistentziak okupazioari aurre egin diolako. Hori palestinarren gaitza palestinarrei egoztea bezala da. Are gehiago, tamaina horretako teoria inozoak azaldu beharko lukeena ez da kausa-ondorio hori (erresistentziak handitzen du erasoa), kausa bera baizik: zergatik dituzten palestinarrek erresistentzia nazionala forma militarrean antolatzeko indarra, baliabideak eta baldintzak, eta Europako nazio zapalduek ez. Baina horretarako ere kolonialismoaren kontzeptu argi bat behar da, eta ez nazionalistek erabiltzen duten kontzeptu ilun hori, non Borgoina bera ere kolonia gisa har daitekeen, bere jatorriari edo “esentziari” erreparatuta, eta eztanda nazionalik ez izatea herritarren “alienazioari” leporatu ahal zaion. Alajaina! Nazioak leku guztietan daude, esnatuko dituen Mesiasaren zain!

Eta ez, infernu hori ez da Palestinan hedatu erresistentziak okupazioari aurre egin diolako. Hori palestinarren gaitza palestinarrei egoztea bezala da. Are gehiago, tamaina horretako teoria inozo batek azaldu beharko lukeena ez da kausa-ondorio hori (erresistentziak handitzen du erasoa), kausa bera baizik: zergatik dituzten palestinarrek erresistentzia nazionala forma militarrean antolatzeko indarra, baliabideak eta baldintzak, eta Europako nazio zapalduek ez

Hala esnatu ziren judutar sionistak ere, Mesiasaren etorrerarekin. Palestina okupatu zuten, bertan ezarri zuten euren bizilekua, palestinarren garbiketa etnikoa gauzatuta horretarako: beraien lurraldetik eta herrietatik kanporatu, herriei su eman, eta kartzela erraldoietan konfinatu. Historialari desberdinek “sortzaileen kolonialismoa” edo “populatzaileen kolonialismoa” deitu izan diote horri. Gaztelaniazko “colonialismo de pobladores” adieraren itzulpen posibleak dira biak: sortzaileena, “nazio” berri bat sortzen dutelako; populatzaileena, kolonialismo horrek ez duelako nazio bat “kanpotik” menderatzen, eta herrialde bat okupatzen duelako nazio berri bat sortzeko eta zegoena kanporatzeko, bortizkeriaren eta erailketaren bitartez.

Berdinketak, beraz, kalte egiten dio palestinarren askapen-prozesuari, eta berdinketaren araberako elkartasuna palestinarren askatasunari baldintzak ezartzea da: edo nazionalisten mundua elikatzeko balio du, edo ez da babesik emango. Horri argi erantzun behar zaio: baldintzekin ematen den babes hori, bi estatuen soluzioa babesten duena; palestinarrei, sionisten maila berean, su-etena eskatzen dien babesa, ez da babes bat. Palestinarrak menderakuntzara eta desagerpenera kondenatzen dituen babes bat da. 

Palestina, aske izango bada, baldintzarik gabe izango da. Eta horrek baldintzarik handiena deuseztatzea dakar: Israelen eta sionisten desagerpena.

EZ DAGO IRUZKINIK