Abesti bat exekuzio publiko bat da. Baina executio in effigie bat: balio sinbolikoa bakarrik duen exekuzio bat. Ez da inor akabatzen: mezu bat bidaltzen da. Erdi Aroan inkisizioari ihes egin ziotenekin gertatzen zen bezala: haiek hil ezin zituztenez, haien irudiak urkatzen zituzten. Edota urtero lez herriko plazan Markitosi su ematen zaionean bezala.
Plaza goraino dago. Haurrak gurasoen besoetan: inork ez du ikuskizuna galdu nahi. Denek dakite ez dela benetako gaizkilea (egotekotan) deuseztatzen, sinbolikoa dela. baina balio die. Arauak errepasatzeko, gaitzak zerrendatzeko, katarsirako.
Antzekoa da abestiekin. Badakigu maitasunaz hitz egiten duen abesti bat ez dela maitasuna bera. Desamodioaz ari den abestia ez da desamodioa, noski. Berdina askatasunarekin, edo iraultzarekin. Baina balio digu (bai eta klase-etsaiaren industria kulturalari ere): desirak, ideiak, oroitzapenak eta kezkak dantzan jartzen dizkigu. Errealitate miserabletik haratago beste zerbait posible dela sentiarazten digu. Zirraragarria da.
Ikuspegi politikotik, ordea, ahobiko arma da executio in effigie izaera hori. Alde ona: plaza betea dago (plaza dira irratia, gaztetxea, Instagrameko story-a, festibala, playlista...) eta ikur batzuk akabatu eta beste batzuk goraipatuz, kulturalki interbenitu dezakegu. Are, borrero onenak izan beharra dugu. Alde txarra: beti izango da in effigie.
Hori da musika egile eta hartzaile gisa presente eduki behar duguna: ezin dugu pentsatu iraultzaz abeste hutsa iraultza egitea denik. Ezin dugu onartu askatasun gosea askatasun abestiz asetzea. Ezin dugu utzi ihesbide dosiek errealitatea onargarri egitea. Ezin gara abestiekin, abestien bitartez, konformatu..
HEMEN ARGITARATUA