Adrian Almeida
2025/10/02

Espainiako Trantsizioari buruzko proposamen intelektual eta politikoak erdibituta azaltzen dira; batetik, “bigarren trantsizio” batera itzultzearen alde egiten zutenak, eta, bestetik, tradizio erudituak, itxuraz jarrera kritiko eta sutsu batekin, “78ko erregimena” gainditzearen alde egiten zutenak. Lehenengoek adostasun zabaletara itzul­tzearen fikzioa eskaintzen zuten, sozialdemokraten eta kontserbadoreen arteko koalizio handien babespean eta, protesta eta antagonismo agerpenen aurrean, estatu arrazoiaren alde. Bigarrenak, unibertsitateko progresistak eta Euskal Herriko eta Kataluniako nazionalistak, ahalegin politiko eta suhartasun handiagoarekin edo txikiagoarekin, herensuge-ehizan saiatzen ziren, zenbait promesa beteko zutela agintzen zuten bitartean: erabateko demokrazia, polizia eta epaileei beren oinordetza frankista erauztea, enpresarien boterea mugatzea, edota 1976aren amaieran (Erreforma Politikorako Legearen onarpenarekin) diseinaturiko erregimen politikoa defendatzen zuten hedabideak salatzea. Trantsizioa gainditzea beste trantsizio bat ahalbidetzeko, oraingoan bai benetan demokratikoa izango zena, izan zen, besteak beste, Podemos alderdiaren leitmotiva orain dela hamar urte, eta bada, adibidez, EH Bildurena eta Esquerrarena oraindik ere.

Trantsizioa gainditzea beste trantsizio bat ahalbidetzeko, oraingoan bai benetan demokratikoa izango zena, izan zen, besteak beste, Podemos alderdiaren leitmotiva orain dela hamar urte, eta bada, adibidez, EH Bildurena eta Esquerrarena oraindik ere

Artikulu honen asmo nagusia da, hain zuzen ere, alderdi ezkertiarrek eta nazionalistek erabil­tzen duten fikzio kontzeptual horixe argitzea; hau da, 78ko erregimena hedatzea proposatzen duen hori bera. Izan ere, historikoki, alderdi horiek saiatu dira garaiaren kontakizun kritiko bat eraikitzen, helburu izanik fikzio estrategia antisistemiko bat garatzea eta teorikoki borrokatutako aldeari eskari jakin batzuk aitor diezazkioten eskatzea. Horren haritik, 78ko erregimenaren ikuspegi partikular hori alokuzio kontzeptual zehatz bat kontsidera­tzen da, zeinak ez baitu islatzen kritikaren jomugak –1975aren ondorengo Estatua– barnebil­tzen dituen determinazioen multzoa. Horregatik, erreferen­tzia abstraktu eta espezifikoa egiten zaio errealitate honi: Estatu kapitalistak haren garai esplizituki diktatorialetik ateratzean ezarri zuen harreman politikoen sistema. Frankismo osteko Estatuari egindako kritikan aldebakartasun hori onartzeak, ekoizpen sistemaren zentzu orokorretik kanpo, ziurrenik ad infinitum iraunarazi du borroka politikoaren eta ekonomikoaren arteko bereizketa. 

Frankismo osteko Estatuari egindako kritikan aldebakartasun hori onartzeak, ekoizpen sistemaren zentzu orokorretik kanpo, ziurrenik "ad infinitum" iraunarazi du borroka politikoaren eta ekonomikoaren arteko bereizketa

Horrekin guztiarekin, erreferentzialtasun historikoari dagokionez, aski litekeena da hirurogeita hamarreko hamarkadako klase borrokak eta langile klasearen iraultzarako ezintasunak markatutako iragana samintasunez eraldatu izana, gaur egun demokrazia hedatzeko esperientzia alferrik galdu bihurtzeraino. Edo gauza bera dena, deskribatuko dugun bezala, iraganarekiko erreferentzialtasun zehatzik gabeko gogora ekartze bat gerta­tzen da, eta behin eta berriz gizentzen da egungo ustezko hausturarako itxaropen aukera. Horrela, esate baterako, Emmanuel Rodriguez autoreak nabarmendu du langileen autoantolaketa moduek beren helburu iraultzaileak lortu izan ez bazituzten ere, autoantolaketa-esperientzia horiek “beste demokrazia mota batzuk” eskaini ahal izango lituzketela.

UDABERRI ASANBLEARIOA, LORALDI IRAULTZAILEA?

Egungo hausturaren gainean egiten dituen interpretazio espezifikoak justifikatzeko iraultzaren aukera historiko alferrik galduei balioa kentzen dien pentsamendu ildoa agerian uzteko, historiaren errepaso labur bat egin behar dugu. Horri dagokionez, zalantza handirik gabe baieztatu daiteke honako ideia hau: 1974an, Euskal Herriko lantegietan eta hiri inguru proletarioetan, bai eta estatuko beste ingurune industrializatu batzuetan ere, autoantolatu ziren taldeek eremu ireki bat eskain­tzen zieten antolakunde iraultzaile asko eta askori politikan parte hartu ahal izateko. Asanbladak modu espontaneoan ugaritu ziren, garai hartako krisi kapitalistaren errealitatearen ondorioz eta hasiera batean klase izaera zuen kolektiborik ez egotearen ondorioz –diktadurak debekatu eta erreprimitu egin baitzituen–; ugaritze dinamika horri esker, lehen urratsak ematen hasiak ziren zenbait organismoren artean mezu iraultzaile bat zabaldu zen. Organismo berri horiek, laster alderdi forma hartuta eta kontsejismoak eta Portugalen gertatu berria zen matxinadaren esperientziak eraginda, askotan arrakasta baino suhartasun handiagoarekin, indarra hartzen saiatuko ziren, eta etorkizun iraultzaile batera bideratzen, benetako langile boterearen ikuspegitik. Matxinada eta haren ondoriozko goraldi iraultzailea zerumuga posible gisa agertzen zen, euskal lurraldeetan behinik behin, autoantolaketaren hedapen horren bitartez. 

1974an, Euskal Herriko lantegietan eta hiri inguru proletarioetan, bai eta estatuko beste ingurune industrializatu batzuetan ere, autoantolatu ziren taldeek eremu ireki bat eskaintzen zieten antolakunde iraultzaile asko eta askori politikan parte hartu ahal izateko

Artikuluan kritikatzen dugun mitifikazioa ez erreproduzitzearren, nabarmendu behar da asanblada-ekimen asko hasiera batean langileen eta herriaren antolaketa modu espontaneo gisa baino ez zirela eratu. Antolakuntzari zegokionez alderdi politiko klandestinoekiko eta sindikalismo bertikalarekiko independenteak izateak ez zuen esan nahi, halabeharrez, patronalaren aurrean edota estatu kapitalistaren eta haren diktadura-erregimenaren aurrean haustura iraultzailea eragingo zuen independentzia politikoa zeukatenik. 1974an Artiacheko galleta-fabrikako (Bilboko Deustuko Erribera inguruan) emakume proletarioek nabarmendu zutenez, esperientzia haren alderdirik garrantzi­tsuena zen konturatzea asanbladak “beharrezkoak zaizkigula daukagun edozein arazo elkarrekin konpontzeko”. Batzuetan, zenbait asanbladak esplizituki arbuiatu zuten haustura-zentzuan proposatutako politizazioa; beste batzuetan, ordea, 1976ko Gasteizko asanbladan, adibidez, ezker iraultzaileko taldeek posizio irmoa ezartzea lortu zuten, eta hori erabili zuten auzia berehalako aldarrikapen ekonomikotik haratago eramateko eta borrokak lantegietatik kanpo ere zabaltzeko. Gauza bera gertatu zen Nafarroan garrantzi handia izan zuen 1974ko abenduaren 11ko grebarekin.

Batzuetan, zenbait asanbladak esplizituki arbuiatu zuten haustura-zentzuan proposatutako politizazioa; beste batzuetan, ordea, 1976ko Gasteizko asanbladan, adibidez, ezker iraultzaileko taldeek posizio irmoa ezartzea lortu zuten, eta hori erabili zuten auzia berehalako aldarrikapen ekonomikotik haratago eramateko eta borrokak lantegietatik kanpo ere zabaltzeko. Gauza bera gertatu zen Nafarroan garrantzi handia izan zuen 1974ko abenduaren 11ko grebarekin

Bi adibide horietan, eta Bizkaian eta Gipuzkoan izandako horrelako beste gertakari batzuetan, ikusten den bezala, haustura iraultzailera iristeko benetako elementuak egon baziren ere, asanblada bidezko antolaketa-era ez zen berez gai izan modu bateratuan horrelako apurketa historikorantz aurrera egiteko. Ironikoki, asanbladaren indar berak hasiera batean joera kontsejistak finkatu zituen, baina baita arian-arian mugimendu autonomoak bideratutako proposamenak ere, zeinak asanbladaren esperientzian automatikoki antikapitalista zen erantzunaren agerraldia eta gizarte komunistaren aurrerapena sumatzen zituen. Kasu bietan, eta baita jarrera leninista argiagoa zutenetan ere, militanteak eta ideia iraultzaileak asanbladetan sartzeko prozesua ziur aski mugatua izan zen bai geografiaren aldetik, bai denboraren aldetik. Hala ere, militanteen artean iraultzaren aurreko garaia benetan bizitzen ari zirelako ideiak iraun zuen, ulergarria eta naturala den moduan, bestalde. Dena den, izan bokazioagatik edota espontaneotasuna gurtzeagatik, izan erreferentzialtasun ezagatik, izan dinamika asanblearioek beraiek gainezka egiteagatik, edo izan, azken horri dagokionez, asanbladen ekimenen aurreko inpotentziarengatik, iraultzaren zerumugarantz egiteko jauzia ez zen gauzatu. 

Funtsezkoa da gogoratzea, halaber, 1976an, batez ere Gasteizko martxoaren 3ko erailketen ondoren, diktaduraren aurkako talde moderatuenek (PCE, PSOE eta EAJ, besteak beste) irmotasunez ekin ziotela, nahiz eta itxura mesfidatia agertu, elite frankistekin hitzarmena gauzatzeari. Agintari polizialen artean benetako izu giroa sumatzen zen, matxinada piztuko ote zen, eta lan-gatazken politizazioaz eta “diktadura gorriaren atariaz” hitz egiten zuten. Horrela, Arias Navarroren kabineteak Gasteizko zauria bat-bateko esku kolpe batekin itxi zuen, eta era horretan erakutsi zien PCEri eta PSOEri gerra zibilera iristeko guztiz prest zegoela. Ez zen beharrezkoa izan, jakina. Erreakzioa nagusitu egin zen, baita ikuspegi iraultzaileak asanbladetan aurrerapenik txikiena egin baino lehen ere, eta negoziazio-aldi bat hasi zen, zeina amaitu baitzen nolabaiteko irekiera batekin Gorte frankistek 1977an sufragio unibertsala onartzean. Imanol Satrustegi historialariak adierazi zuen bezala, hura “erreakzio prebentibo” moduko bat izan zen.

Ordurako ziklo asanblearioa noraezean zegoela, porrot teknikora bidean, nolabaiteko arraste-arrantza egitea bilatzen zuten sektoreak agertu ziren. Sektore horien asmoa zen sarea botatzea, oposizio moderatuak inoiz bere egin ez zituen zenbait eskaeraren aldarrikapenak eskainiz zerbait arrantzatzen saiatzeko. Baina, hori eginda, ziurrenik, asanblada-forma eta haren ahalmena ahuldu egiten zuten, bai eta asanbladetan kon­tzientziazio iraultzailea zabaltzeko proposamenik aurreratuenak ere. Maila horretako ekimenak ezker erradikalaren zein ezker abertzalearen sek­tore batzuetatik abiatu ziren, eta sektore horiek etorkizuneko estatu kapitalista demokratizatuaren aurrean negoziatzeko proposamena 1976ko udan plazaratu zuten. 

Aurreko guztiak honako hau iradokitzen du: krisi kapitalistaren eta burgesiaren zein estatuko elite gidarien ofentsibaren aurrean, gutxienez hiru norabide politiko bereizten hasi ziren ziklo asanblearioari dagokionez. Horietako lehenengoak asanblada baztertzen zuen eta erregimena irekitzearen aldeko sektoreekin negoziatutako ordezkaritza-instituzio berriak eratzearen alde egiten zuen; hori litzateke, hain zuzen, alderdi antifrankista erreformisten sektorea. Bigarrenak asanbladen espontaneotasuna gurtzen zuen, eta haren jatorrizko formak gizarte komunistaren eta langile kontraboterearen aurrekari gisa irudikatzen zituen. Hirugarren korronteak ziklo asanblearioaren indarraz baliatu nahi zuen estatuarekin hitzartze-bide bat proposatzeko, ahalbidetuko lukeena erreformistek formulaturikoa baino bide aurreratuago bat izatea –plano taktiko hutsean–; posizio horretan kokatu zen ezker abertzalearen zatirik handiena. Bide horretatik, ezker abertzaleak urte luzez lortu zuen Trantsizio garaian azkenean lortu ziren emaitzak arbuiatzen zituen polo bakarra izaten jarraitzea, eta, estrategia armatuaren bidez, Estatua KAS alternatibaren puntu programatikoak negoziatzera eser zedin erdietsi zuen. 

Orain arte zirriborratu diren gogoeta horiek, era berean, honako hau hausnartzeko bidea ematen dute: asanbladek, langileen mugimenduaren katalizatzaile gisa izan zuten garairik distira­tsuenean ere, eta haien potentzial guztiarekin, ez zuten izan aldarrikapen ekonomizistarik gabeko nukleo gisa aldi berean loratzeko itxurarik. Modu sinplifikatuan bada ere, esan daiteke lehen deskribatutako hiru aukera politikoak ez zirela inoiz saiatu asanbladetan zuzenean parte har­tzen asanblada horien kontzientziazio iraultzailea garatzeko; aitzitik, haiek ordezkatu nahi zituzten, negoziazio aurreratuago baten katalizatzaile gisa erabili edota, besterik gabe, sortu zireneko egoera berean utzi. Esaten genuen eta jarraian zehaztuko dugun bezala, banaketa hori ez da hutsezina historikoki, baina balio orokorrago bat du; izan ere, erabilgarria da iraganeko memoriaren kudeaketa kritikatzeko eta ezker aurrerakoiaren kontzeptuaren zentzua birdimentsionatzeko, gaur arte 78ko erregimenari egiten dion kritikari dagokionez.

MITO IRAULTZAILEA ETA ESPEKTATIBEN ORTZI MUGA

Aurreko argudioak behartzen gaitu, hasteko eta badaezpada, honako hau adierazi behar izatera: memoria kolektiboa itxuratzeari dagokionez, historikoki faltsua eta kaltegarria da Euskal Herriko trantsizio-aldi osoa “euskal iraultzaren” testuinguru gisa laburbiltzen duen deskripzioa, eta baita iraultza hori garaitutzat jotzea ere. Onartu behar badugu ere egon, egon zirela iraultza hori gertatu ahal izateko elementuak, beharrezkoa zaigu, halaber, iraultza hori zergatik gertatu ez zen esplikatzen duten gabezien gainean hausnartzea. Horrek ez du eragozten matxinada-aldi oso bati merezi duen aitormen esplizitua eskaintzea. Izan ere, matxinada-aldi horrek langileen eta herritarren parte-hartzea eguneroko bizitzaren parte bihurtu zuen Euskal Herrian, gaur egunera arte, eta kultura militante bat sortu zuen, borrokan hezia, deliberatua eta antolaketari dagokionez oso eraginkorra. Gaur egungo militantzia horren guztiaren oinordeko da.

Edonola ere, balizko “euskal iraultza” horri buruzko gutxieneko hausnarketak kontzeptuaren definizioarekin eta euskal kasuarekiko aplikagarritasunarekin lotutako koordenatu minimoak lortzeko balio beharko liguke. Hortaz, jakin beharko genuke ea iraultza hori erregimen politiko edota soziala aldatzeko saiakera soil gisa ulertzen den, helburua lurraldean Estatuaren desintegrazioa gertatzea ote zen, ala benetako trantsizio bat egon ote zen, non langile klaseak boterea bereganatu zuen eta gizartearen mailako eraldaketa eragin zuen. Badirudi dagoeneko aipatu den ­Emmanuel Rodriguez egileak, beste autore batzuekin batera, “saiakeraren” ideiaren alde egingo lukeela. Hala ere, berriz ere, formulazio zehaztugabe batekin egiten dugu topo ahalegin horien eduki praktikoei dagokienez; horrek, azken batean, baliogabetu egingo luke haien izaera iraultzailea, eta, norabide zehatzik gabe, azkenean lortutako demokrazia burgesa zabaltzeko ideiarekiko lotura eratuko litzateke. 

Beraz, eta oso mingarria izan daitekeen arren, hobe da iraganean iraultzarik izan ez zela onartzea honako hauek maila berean jartzen dituen mitoa elikatzea baino, nahiko era zentzugabean jarri ere, gainera. Alde batetik, ezker iraultzaileko militanteen lehen ahaleginak, azkenean ezker abertzalearekin hautsi zuten beste batzuen zeregin koherentea (LAIA-EZ eta LAIAK), eta langile asanbladak, auzoetako asanbladak eta, geroago, bizitokien ingurukoak (okupazio prozesuak eta hiri-komunen sorrera). Beste alde batetik, 1976ko abuztuan ETA-PMk zituen puntu programatikoak, udal hauteskundeak deitzeko eta gero horietan parte har­tzeko eskaeraren bitartez demokrazia areagotzeko ekimenak –udal instituzioak asanbladetan lortu ez zena lortzeko gai izango balira bezala– eta ekoiz­pen modu kapitalistaren alternatiba gisa gertatu zen kooperatibismoaren gorakada, zeina Mondragon Taldean gauzatu baitzen. Paradoxikoki, urte haietan talde horrek berak beste ekimen kooperatibista zintzoagoen ahalmena mugatu zuen, jatorrizko balioen eta korronte sozialisten barne-­pisua murriztu zituen, eta, azkenik, irabazietan eta nazioarteko merkataritzarekiko loturan oinarritutako bide baten alde egin zuen.

Frankismoaren pean askatasuna kapital handiaren askatasun esklusibo bihurtu zen heinean, proletariotzaren eta burgesia txiki euskaltzalearen arteko bateratze aldi bat hasi zen; izan ere, arerio zapaltzaile beraren aurka borrokatzearen kontzientzia zeukaten, bai eta, erregimenak torturatutako eta eraildako bakoitzarekin, oinaze eta sufrimendu kolektiboak ezaugarritutako nazio berekoak izatearen kontzientzia ere

Aitzitik, asmo iraultzailea zuen norabide politikoa benetan agertu zen asanbladetan eta langileentzako beste instituzio batzuetan, hala nola, Errekaldeko Herri Unibertsitatean, eta asmo hori Frankoren heriotzak irekitako aukeraren berehalako ondorioa izan zen. Jendarteak desiratzen zuen amaiera zoriontsu hori gertatu zen arte, diktadurak burgesia euskaltzale eta nazionalista txikiari eskubideak murrizten zizkion eta, horren eraginez, burgesia hori baztertuta zegoen kapital handien aurrean eta, oro har, askatasun zibilak etenda zituen. Frankismoaren pean askatasuna kapital handiaren askatasun esklusibo bihurtu zen heinean, proletariotzaren eta burgesia txiki euskal­tzalearen arteko bateratze aldi bat hasi zen; izan ere, arerio zapaltzaile beraren aurka borrokatzearen kontzientzia zeukaten, bai eta, erregimenak torturatutako eta eraildako bakoitzarekin, oinaze eta sufrimendu kolektiboak ezaugarritutako nazio berekoak izatearen kontzientzia ere. Egile ugarik adierazi duten moduan, Euskal Herrian “batasun antifrankista askoz gehiago egituratzen zen errepresioaren aurkako borrokaren inguruan partekatutako proiektu politikoen inguruan baino”.

Euskara, 1936an matxinatu ziren karlistek antzina modu naturalean hitz egiten zutena, gogor jazarria egon zen, ordea, diktaduran, eta horregatik bihurtu zen zapalkuntza gainditzeko hizkuntza eta, kasu batzuetan, iraultza sozialista irudikatzeko nahitaezko komunikazio elementua proletariotzaren zati esanguratsuen artean, etorkinen artean zein bertakoen artean

Euskara, 1936an matxinatu ziren karlistek an­tzina modu naturalean hitz egiten zutena, gogor jazarria egon zen, ordea, diktaduran, eta horregatik bihurtu zen zapalkuntza gainditzeko hizkuntza eta, kasu batzuetan, iraultza sozialista irudikatzeko nahitaezko komunikazio elementua proletariotzaren zati esanguratsuen artean, etorkinen artean zein bertakoen artean. Bandera gorria arazorik gabe ibiltzen zen airean ikurrinarekin batera, Espainiako Estatu kapitalista diktatorialaren aurkako borrokaren ikur gisa harrotasunez goratua. 1976an LAIA-EZeko militanteek azaldu zutenez, etsai komun baten kariaz klase sozial desberdinen artean egondako bateratze-aldi hori desegiten hasi zen, klase mailan, behintzat, eta ez horrenbeste maila sinbolikoan. Hori gertatu zen askatasun zibilak, zuzenbidearen hedapena eta liberalizazio ekonomikoa presenteago egoten hasi zirenean, eta demokrazia burges baterantz bideratutako erregimen politiko berri bat egoteko aukera sendotu zenean (zazpi lurraldeetako hiruk autonomia juridikoa izango zuten, ikurrina ofiziala izango zen entitate berri horretako ikur gisa eta Bizkaiari eta Gipuzkoari Kontzertu Ekonomikoa itzuliko zitzaien prozesu horren une goren gisan), horrek esan nahi baitzuen euskal kapitalista txikiek eta ertainek zabalik edukiko zutela joko-eremua.

Etsai komun baten kariaz klase sozial desberdinen artean egondako bateratze-aldi hori desegiten hasi zen, klase mailan, behintzat, eta ez horrenbeste maila sinbolikoan. Hori gertatu zen askatasun zibilak, zuzenbidearen hedapena eta liberalizazio ekonomikoa presenteago egoten hasi zirenean, eta demokrazia burges baterantz bideratutako erregimen politiko berri bat egoteko aukera sendotu zenean

Aurreko digresioa ez da erretorika hutsa. Oroimen kolektiboa oinordekotzan hartua eta partekatua den kulturatzat hartzen badugu, edo gauza bera dena, Erfahrung edo esperientzia kolektiborako espazio gisa, “euskal iraultzaren” mito horri aurre egin behar diogu. Izan ere, ziklo asanblearioari buruz hitz egitean, mito horrek, aipatutako hiru espazio haietako baten oinordeko gisa, garai hartako autoantolaketaren indarra erabili nahi du 78ko erregimenaren esangurarik gabeko zabal­tze bat bultzatuko duen oroimena elikatzeko. Kasu honetan, historiaren errepresentazio berrantolatu horren fabrikazioa objektu maitatuak eragindako doluaren balizko gainditzean oinarritzen da: “euskal iraultza” garaitua. Haren itxurazko porrotak, jakina, garai hartako instrumentalizazio-baldintza­tzailetatik kanpo (eta ez soilik PCEren eta PSOEren traizioetatik kanpo), itxiera bat eta helduleku kon­tzeptual indartsu bat ahalbidetzen ditu, eta hortik abiatuta, nostalgia-egoera artifizial bat lor daiteke, lehen deskribatu ditugun planteamendu ez erabat iraultzaileen bitartez, edo, kasurik txarrenean, 78ko erregimena gainditzea proposa daiteke energia libidinalak itxaropen-printzipioetatik kanpo dauden ideal berrietara lekualdatzeko, eta ekoizpen kapitalistaren erregimena arduraz onartzeko.

Historiaren errepresentazio berrantolatu baten fabrikazioa objektu maitatuak eragindako doluaren balizko gainditzean oinarritzen da: “euskal iraultza” garaitua. Haren itxurazko porrotak, jakina, garai hartako instrumentalizazio-baldintzatzailetatik kanpo (eta ez soilik PCEren eta PSOEren traizioetatik kanpo), itxiera bat eta helduleku kontzeptual indartsu bat ahalbidetzen ditu, eta hortik abiatuta, nostalgia-egoera artifizial bat lor daiteke, lehen deskribatu ditugun planteamendu ez erabat iraultzaileen bitartez, edo, kasurik txarrenean, 78ko Erregimena gainditzea proposa daiteke energia libidinalak itxaropen-printzipioetatik kanpo dauden ideal berrietara lekualdatzeko

Horrela, “euskal iraultza” horren alferrik galdutako iragana, inoiz idatzi ez denaren irakurketa legitimo gisa, irudi dialektiko baten gisa, plantea­tzen da. Baina irudi dialektiko horren helburua ez da izango orainarekin duen konfrontazioan inoiz fruiturik eman ez duen iragan iraultzailearen arduraz libratzea, baizik eta, haustura lor­tzearen itxura eginez, izandako trantsizioarekin azaleratutako aldi historiko berean lotura kritiko garran­tzirik gabeko bat eskaintzea. Beste modu batera esanda, iraganean izandako balizko “euskal iraul­tza” hori esperientzia erreformistarako espazio gisa eratzen bada, hau da, “78ko erregimenaren zabaltze” gisa eratuz gero, etorkizunean “hausturaren” aukera teknikoki posible bihurtzen da. Nahikoa izango da gehiengo parlamentarioak handitzea, gobernura iristea, “gehiengoarentzat gobernatzea”, eta horrela, xirmi-xarmaz, lortuko litzateke, azkenik, amesturiko “demokrazia erradikala”. 

Esperientzia-espazio baten formulaziorako sintesi hori, zeinak nahasten dituen dolua, garai hartako irakinaldi kontrakulturaren nostalgia eta klase-­borroka banaketaren aldeko bataila huts gisa ulertzen duen obrerismoa, neurri handi batean baliatu egiten da langile-oroimen baten transmisio ezaz eta langileen sozializaziorako espazioen aldaketaz, baita borroka iraultzaileari begirako identitate kolektibo bat ez erreproduzitu izanaz ere. Txiki eta Otaegiren kasuan ikusi den bezala, haien erailketaren 50. urteurrenean, militante iraultzaileak aise eraldatuak izan dira, eta “estatus politiko berriaren”, “euskal autonomia aurreratuaren” eta “jendearen bizi-baldintzak hobetzearen” defendatzaile bihurtu dituzte. Lehen “independentzia eta sozialismoa” zeuden tokian, orain “autonomia eta kooperatibismoa” daude.

Txiki eta Otaegiren kasuan ikusi den bezala, haien erailketaren 50. urteurrenean, militante iraultzaileak aise eraldatuak izan dira, eta “estatus politiko berriaren”, “euskal autonomia aurreratuaren” eta “jendearen bizi-baldintzak hobetzearen” defendatzaile bihurtu dituzte

Ziurrenik, iraganaren erabilera interesatu hori 1970eko hamarkadan sortutako matxinada-egoeraren zuzendaritza politikoaren nolabaiteko gaitasun faltaz ere baliatzen da. Izan ere, estadio zehatz horrek geografikoki eta kuantitatiboki indarra erakutsi zuen, eta “denbora historikoa eteteko” esperientzia aberatsa izan zen. Baina, era berean, loturarik gabeko norabideak finkatu zituen, inkoherenteak, eta estrategiaren aldetik hutsalak, eta, azkenik, iraultza ahalegin oro bertan behera utzi zuen.

Gaur egun, Frantzian, Alemanian eta Italian ez bezala, mota askotako aktibismoan sakabanatuta dagoen espazio politikoa bada ere, goian aipatutako azken elementu horrek arreta ipinarazten digu ziklo asanblearioaren hasieran parte hartu zuen beste sektore baten oroimen-formulazioan. Bereziki, autonomiaren inguruko sekzioei buruz zerbait esatera bultzatzen gaitu. Izan ere, autonomiak izan dira gar­tsuago, baina agian horregatik, zintzotasun handiagoz, gaur egun arte esperientzia asanblearioa eta hirurogeita hamarreko hamarkadako matxi­nada-aldia proiektu horizontalista bat gauzatzeko aukera gisa imajinatu dituztenak, klase-banaketak gaindi­tzeko, denbora historiko linealaren contiuuma apur­tzeko eta militantzia berri bat sortzeko.

Haien “iraultza molekularren” ideala soilik Kapitalaren diktaduratik ihes egiteko ahalegin eraginkor baten bidez lortu zuten. Horren ondorioz, in nuce bereganatu dute hondamenaren arrazoia alderdi politikoek (alderdi erreformistekin edota talde sektarioekin baino lotzen ez dituztenak) jokatu zuten rola izan zela, eta alderdi horiek masa proletarioen matxinadarako ekimen espontaneoak apurtzeko izan zuten interesa. Hain zuzen ere, alderdia forma, zeinaren paper iraultzailea nabarmen mugatua izan baitzen bere zatiketengatik, klandestinitateagatik eta asanbladaren boterearen aurrean izan zuen epelkeriagatik, putzu beltzera botata, iraultza prefiguratibo txiki haien porrota ez da euren arazoen eta posizio politiko zehatzen gabeziaren ondorio gisa ikusten, baizik eta ofentsiba neoliberal, autoritario eta sekuritistaren ondorio. Eraso hori gertatu izan ez balitz, eta alderdi politikorik existitu izan ez balitz, antza, asanbladek, haien pentsaera eta erabaki heterogeneoak gorabehera, komunismoa gauzatuko zuten.

BERTOLDOREN ARBOLA. GALERA ETA ABSENTZIA

Edozein begirale politikorentzat begi-bistakoa da, besteak beste, Sumar, EH Bildu, Esquerra eta Podemos alderdiek behin eta berriz adierazi dutela, beti ere hauteskunde-ziklo berrien testuinguruan, 78ko erregimena gainditzeko itxaropena ustezko porrot iraultzaile hura berreskuratzeko modu gisa –betiere aipatu ditugun termino erreformistetan kokatua–. Are lotsagarriagoa da itxaropen-mito horren erabilera egin duten beste alderdi politiko batzuen kasua; adibidez, PCEk, Ezker Batuak, UGTk eta PSOEko zenbait korrontek, Trantsizio garaian arazo handirik gabe aurreko erregimeneko eliteekin ituna egitea onartu bazuten ere, erreparo handiegirik gabe.

Azken horientzat, hildako edota torturatutako militante iraultzaileen itzalak babestu egin behar ditu 1978ko Konstituzioak azkenean izandako emai­tzak. Trantsizioko pertsona handien hilobian leku bat eskaintzekotan, ohore hori jasotzeko arrazoia izan behar da demokrazia ahalbidetu izan zutela; hau da, “Espainia aske bat” eraiki zutela. Baina militante haietako batek ere ez zuen termino abstraktu horietan hitz egiten, eta gainera, ez zuen “askatasuna” kontzeptua demokrazia burgesarekin identifikatzen.

Bestalde, lehenengoentzat, eroritako haiek lortu ziren emaitzen gutxieneko erreformarako bidea ematen dute. 2015ean, ezker konfederala deiturikoak, M15eko ziklo asanblearioagatik eta Hegemonia eta estrategia sozialista obrako “iraultza demokratikoaren” ideia populisten gorakadarengatik horditua oraindik, bete-betean bereganatu zuen “gertagarritasunaren” ideia “zatiketa sozialaren izaera eratzailean”. Ordu hartan Podemos alderdiko idazkari zen Iñigo Errejonen hitzetan, 78ko erregimena gainditzeak “ez du esan nahi dagoena irauli egin behar denik, baizik eta eraldaketa politiko eta sozialerako prozesu bat eraiki behar dela. Horrek guretzat esan nahi du harro egoteko moduko belaunaldien legatu batzuk erreskatatzea, hala nola zerbitzu publikoak blindatzea edota mugikortasun sozialaren aukera bermatzea”. Urte haietan Podemos alderdiko liderra zen Pablo Iglesiasek nahiko modu adierazgarrian adierazi zuen El Pais egunkarian argitaratutako eta Una nueva Transición bere liburuan jasota dagoen “Zer da aldaketa?” izenburuko artikulu batean honako ideia hau: 78ko alderdi-bitasunaren aurrean, zeinak kapital handiak babesten dituen, aldaketa planteatu behar zen; hau da, enpresa txikien eta ertainen alde egin, eta “Espainian lanpostuak sortzen dituenaren kontra egiteari utzi”. Aurreko urtearen amaieran, Iglesiasek, ofizialki Podemos alderdiko idazkari nagusi hautatu berritan, 78ko giltzarrapoa zabaltzeaz hitz egiten zuen, “ekonomia demokratizatzeko”, fiskalitatea hobetzeko, kooperatibak sortzeko eta, azken batean, Danimarka bezalako herrialde aberatsago bat izateko.

Horrela, ongizate-estatua mantentzeko edota hedatzeko eskaera haiek eta euskal-kooperatiben ereduaren aldeko nolabaiteko apustua sendotu egin ziren, gaur egunera arte, “herri” subjektibotasuna eratzeko elementu gisa (“telebistak politikoki sozializatutako herria,” Iglesiasen esanetan), eta Trantsizioaren garaiko porrot iraultzaile demokratikoaren irudi distortsionatuarekin lotzen ziren, itxura hutsa baina izugarri eraginkorra zen forma batean; hortaz, kontraesanik gabeko antagonismo-aldi gisa planteatua. Gainera, nahikoa ziurtasunez esan liteke, sigla aldakorrak gorabehera, elementu horrek funtzionatzen jarraitzen duela Más Paisen, Sumarren, eta ziur aski erretorika gartsuago batekin bada ere, baita Podemosen ere.

Zalantza handirik gabe, EH Bilduk ere onartu du 1970eko hamarkadako irudikapen partikular hori Euskal Herrirako, eta bereganatu du Trantsizioan alferrik galdutako emaitza iraultzaileak aplika­tzea benetan dela “eskubide nazionalak eta sozialak irabazteko bidean aurrera egitea”. 2025ean, Otegik, ezker abertzaleko masei gustatuko litzaiekeen baino elokuentzia handiagoz, etengabe aipatzen zuen espektro politiko horren guztiaren zerumugan begiztatzen den aukera: “78ko hipotekak altxatzen ditugu ala, benetan, hau ez da sostengatuko”. Zer da sostengatu nahi den hau? Hain zuzen ere, ezker aurrerakoia deiturikoaren bloke horrek guztiak Bertoldok bezala egiten du: bere heriotza onartzen du, helburu iraultzailearen porrota, baina baldintza bat jartzen du: berak aukeratuko du bortxaz zein zuhaitzetatik urkatuko duten. Honez gero, soka lepoan lotuta dauka, pisu hila da, baina zuhaitz horren aukeraketa luzatzen du betiko.

Ezker aurrerakoia deiturikoaren bloke horrek guztiak Bertoldok bezala egiten du: bere heriotza onartzen du, helburu iraultzailearen porrota, baina baldintza bat jartzen du: berak aukeratuko du bortxaz zein zuhaitzetatik urkatuko duten. Honez gero, soka lepoan lotuta dauka, pisu hila da, baina zuhaitz horren aukeraketa luzatzen du betiko

78ko erregimenari buruzko posizio horren aurrean, zeinak mito iraultzailea elikatzen baitu orduko eta egungo erreformismoa bertan proiekta­tzeko, damua nabarmenduko duen irakurketa bat planteatu behar dugu: gertatu ez zen iraultza batengatik damua eta egonezina. Iraultza bat, zeina galdu zen izan ez zelako, eta iraganean gauzatu izan ezin horrek berrazalarazten ditu, ez horrenbeste hura sortzeko egungo baldintzak, ezpada orduko traidoreak eta haien oinordekoak ezagutzeko aukerak, eta garrantzitsuena, haren haustura-promesa gordetzen uzten du, 78ko erregimenarekin benetan haustura politikoa gauzatzeko aukera.

Beraz, pentsatzen badugu iraultza gauzatu zela, porrotaren arrazoiak, batez ere, kanpoko elementuetan bilatuko ditugu. Aldiz, iraultza errealitatean inoiz ez zela gauzatu gogoetatuz gero, ez-gauzatze horren gaineko ondorio politikoak atera ahal izango ditugu, eta “erreakzio prebentiboaren” ikuspegi zehatza lotu ahal izango dugu 1974an (edo 1970ean) hasitako matxinada-zikloa gidatzeko berariazko zuzendaritza politiko baten faltarekin. Azken finean, ulertzen badugu porrota mugimendu iraultzailearena izan zela, eta ez iraultzarena berarena, aukera izango dugu egungo garaian eta ”belaunaldi garaitu guztien izenean” edota haien oroimenez indar askatzaile hori berreskuratzeko. Borrokan eraikitako memoria.

Azken finean, ulertzen badugu porrota mugimendu iraultzailearena izan zela, eta ez iraultzarena berarena, aukera izango dugu egungo garaian eta ”belaunaldi garaitu guztien izenean” edota haien oroimenez indar askatzaile hori berreskuratzeko
EZ DAGO IRUZKINIK