Hiru aurrekariko prozesu historikoa
1965eko urriaren 3an, Habanako Chaplin antzokian, Fidel Castrok Kubako Alderdi Komunista (Partido Comunista de Cuba, PCC) sortu berriaren Komite Zentrala aurkeztu zuen jendaurrean, eta, ekitaldi horrekin, 1959ko urtarrilaren 1eko Kubako Iraultzaren garaipenarekin hasitako bateratze-prozesua burutu zen. Prozesu horren bidez, erakunde politiko bakarrean batu ziren Fulgencio Batistaren diktadurari aurre egin zioten indar nagusiak; hain zuzen ere, uztailaren 26ko mugimendua (Movimiento 26 de Julio), alderdi sozialista popularra (Partido Socialista Popular) eta martxoaren 13ko direktorio iraultzailea (Directorio Revolucionario 13 de Marzo).
Aitzitik, PCCren jatorria ezin dezakegu azken prozesu horretara mugatu; izan ere, alderdiak hasiera-hasieratik bere buruarekiko izandako ulerkera historikoari muzin egitea litzateke hori. Hain zuzen ere PCCk hamarkadetako jarraitutasun politikoaren oinordeko gisa aldarrikatu izan du bere burua, eta ez soilik 1959ko Iraultzatik jaiotako erakunde gisa. Alderdi iraultzaile hori funtsezko hiru esperientziatan sustraitzen da: batetik, José Martík kolonialismoaren aurka borrokatzeko sortutako Partido Revolucionario Cubano Kubako alderdi iraultzailean; bigarrenik, Kubako lehen alderdi komunistan, Urriko Iraultzaren babesean sortua; eta, hirugarrenik, Kubako Iraultzan bertan. Genealogia horrek, hain zuzen, Kubako etapa historikoen jarraitutasun politikoa erakusten du, eta ez erakundeen segida soila.

Kubako alderdi iraultzailea
Kubako alderdi iraultzailea (Partido Revolucionario Cubano, PRC) Jose Martík sortu zuen 1892an, Kubaren independentziaren aldeko gerra berria antolatzeko asmoz. Hala ere, ez zen altxamendu armatua prestatzera mugatzen: alderdiaren oinarriek jaso bezala, PRCk mugimenduari norabide politiko bateratua eman, eta etorkizuneko errepublikaren oinarriak ezarri nahi zituen. Errepublikak erregimen kolonialetik oinordetzan hartutako menderatze-egiturak ez errepikatzea zuen helburu, eta, beraz, PRC, hauteskunde lehiarako alderdi gisa baino gehiago, askapen nazionaleko prozesua zuzentzeko sortu zen.

Kubako Alderdi Komunistak hamarkadetako jarraikortasun politikoaren oinordeko gisa aldarrikatu izan du bere burua, eta ez soilik 1959ko Iraultzatik jaiotako erakunde gisa
Martíren kolaboratzaile estuenetako bat Carlos Baliño izan zen. Tabakogilea lanbidez eta militante beteranoa, Baliñok PCRren jardunari eutsi zioten kluben antolaketan parte hartu zuen, batez ere Estatu Batuetan finkatutako etorkin komunitateen artean. PRCren barruan, Baliño antolatzaile eta propagandista izan zen, Martíren proiektuarekin sakonki konprometitua, eta, hamarkada batzuk geroago, haren ibilbideak esanahi historiko berezia hartu zuen.

1895eko maiatzean hil zen Martí, Dos Ríosen, baina PCR Kubako alderdi iraultzailea ez zen berehalakoan desagertu: independentzia-gerraren koordinazio politikoan funtsezko papera betetzen jarraitu zuen, Espainiaren domeinu kolonialak porrot egin arte. Espainiak eta Estatu Batuek 1898ko Parisko Ituna sinatu zutenean, PRC desagertu egin zen. Hala ere, Kubak Estatu Batuekiko mendekotasun politiko eta ekonomiko izugarria izaten jarraitu zuen, eta, bitartean, industriaren garapenak eta langile mugimenduaren hazkundeak gatazka-egoera berriak ireki zituzten. Azken faktore horiek markatu zuten errepublikaren aro berria.
Testuinguru horretan, Carlos Baliñoren ibilbideak dimentsio berezia hartu zuen. PRC desagertu ondoren jarduera politikotik aldendu beharrean, pixkanaka bere militantzia langile mugimendura eta ideia sozialistetara bideratu zuen. Hala, Jose Martírekin batera PCR Kubako alderdi iraultzailearen sorreran parte hartu eta hiru hamarkada geroago, eginkizun erabakigarria izan zuen ostera ere, oraingoan Julio Antonio Mellarekin batera: Kubako lehen alderdi komunista sortzea.

Kubako lehen alderdi komunista
1902ko Errepublikaren lehen urteetan, uhartearen panorama politikoa eraldatu zuten hainbat prozesu indartu ziren Kuban, eta ibai bakarrean baturiko errekastoak bailiran bateratu. Langile mugimenduaren hazkundeak, sindikalismoaren hedapenak eta erakunde sozialisten agerpenak Urriko Iraultzaren nazioarteko inpaktuarekin egin zuten bat –boltxebikeen garaipen hura erreferente bihurtu zen Latinoamerikako sektore iraultzaile askorentzat–. Hala, Urriko Iraultzaren influentziak eremu emankorra aurkitu zuen Kubako langile klase jaioberriaren artean, antolakuntza sindikalaren eta ideia sozialisten hedapenaren tradizioa sortzen ari zen momentu horretan.
Internazional Komunistaren ardura nagusia ez zen soilik Latinoamerikan bere eragina zabaltzea, baizik eta langile mugimenduan esku har zezaketen alderdi komunista egonkorrak bultzatzea
Aldi berean, Habanako Unibertsitatea herrialdeko berrikuntza politiko eta intelektualaren gune nagusietako bat bihurtu zen. 1922an, Julio Antonio Mellak unibertsitateko ikasleen federazioa (Federación Estudiantil Universitaria) sortzen lagundu eta, urtebete geroago, José Martí Herri Unibertsitatea sustatu zuen. Azken hori, heziketarako ez ezik, ikasle mugimenduaren eta langile erakundeen arteko topagunea ere izan zen, eta militante iraultzaileen belaunaldi berria politikoki heztea bultzatu zuen.
Bitartean, Internazional Komunistak gero eta arreta handiagoz jarraitzen zuen Kubako langile mugimenduaren bilakaera. 1920ko hamarkadaren hasieratik, Kominterneko Idazkaritza Latinoamerikarrak uhartearen egoera politikoari buruzko txostenak jasotzen zituen, eta harremanak zituen Habanan eta beste hiri batzuetan sortzen hasi ziren elkarte komunistekin. Internazional Komunistaren ardura nagusia ez zen soilik Latinoamerikan bere eragina zabaltzea, baizik eta langile mugimenduan esku har zezaketen alderdi komunista egonkorrak bultzatzea. Kubako kasuan, osagai tradeunionista sendoa erakusten zuen langile mugimenduak, baina koadro eta nekazariekiko lotura eskasekin. Kontserbatu den korrespondentziak ondo baino hobeto islatzen du Kubako egoera ezagutzeko zer-nolako interesa zegoen; nolakoak ziren, besteak beste, talde horien osaera soziala, langile erakundeekiko loturak eta zer nolako gaitasuna zuten Hirugarren Internazionaleko atal propio bat eratzeko.
Prozesu nazional eta internazional hori 1925ean burutu zen, Habanan egindako Elkarte Komunisten Kongresu Nazionalean. Ordezkariek Kubako lehen alderdi komunista eratzea erabaki zuten, uharteko talde marxistak bateratuta. Ordezkarien izendapen harrerako burua Carlos Baliño izan zen, bere ibilbide politiko luzearen aintzatespen gisa; Julio Antonio Mella, berriz, erakunde berriaren buruzagitzako kide izendatu zuten. Kongresuak José Miguel Pérez aukeratu zuen lehen idazkari nagusi eta, azkenik, alderdia Internazional Komunistan sartzeko eskaera formala egitea onartu zuen.

Alderdi berriaren sorrera-testuingurua honako hau zen: batetik, Gerardo Machadoren gobernuak gero eta errepresio bortitzagoa zerabilen; bestetik, antolakundea oraindik ere kopuruz urria zen, hirigune nagusietatik kanpo gutxi ezarria eta klandestinitatera behartua. Ondorioz, erakundea sendotzeko behar larria zegoen, baina, alderdiak horretan ziharduen bitartean, buruzagi nagusietako batzuk jazarriak izan ziren, hala nola Julio Antonio Mella eta José Miguel Pérez.
Era berean, Kominternean sartzeak hartu-eman politiko bizia zabaldu zuen nazioarteko mugimendu komunistarekin. Urte haietako korrespondentziak erakusten duenez, ez zituzten Internazionalaren orientazio orokorrak modu mekanikoan aplikatzen, baizik eta Kubako errealitatearen arazo espezifikoetara egokitzen zituzten. Arazo horietako bat nekazarien artean alderdiak zuen zabalpen eskasa zen: afera bereziki garrantzitsua zen, kontuan hartuz gero herrialdearen konposizio ekonomikoa eta landa-eremuko gatazkak areagotzen ari zirela. Hortaz, lan politikoa landa-eremura hedatu eta langileen eta nekazarien arteko aliantza eraiki beharra zegoen: horra hor momentuko eztabaidaren ardatz nagusietako bat.
Kontua ez zen soilik alderdi komunistaren eta nazionalistaren arteko akordio taktikoak ezartzea, baizik eta gero eta zabalagoa zen mugimendu antimachadistan esku hartzea, independentzia politikoari uko egin gabe
Machadoren erregimenaren aurkako mobilizazioek gorantz egin zuten, eta praktika politikora zabaldu ziren arestian aipaturiko eztabaidok. Alde batetik, alderdi nazionalistarekiko (Partido Nacionalista) harremana eztabaidagai nagusietako bat zen; izan ere, nekazari asko eta asko barnebiltzen zituen. Kontua ez zen soilik harekin akordio taktikoak ezartzea, baizik eta gero eta zabalagoa zen mugimendu antimachadistan esku hartzea, independentzia politikoari uko egin gabe. Izan ere, nazionalismoaren zati batek irtenbidea Estatu Batuen babesaren eskutik ikusten zuen. Beste aldetik, baina, Kubako langile konfederazio nazionala (Confederación Nacional Obrera de Cuba) sendotzeak, greben bultzadak eta hainbat lan-gatazkatan komunisten presentzia gero eta handiagoak alderdiaren eragina handitu zuten.

1930eko greba orokorraren testuinguruan irekitako krisiak proban jarri zuen estrategia hori. Alderdi Komunistak eginkizun aktiboa izan zuen langileen mobilizazioetan eta 1933ko lanuzteetan, eta erregimena botatzea lortu zuten. Hala ere, Machado erori izanak ez zituen itxi urte haietan irekitako eztabaidak. Aitzitik, koiuntura berriak erronka ugari ekarri zituen: aliantza-politika aztertzea, alderdiaren papera definitzea irekiera politiko handiagoko testuinguruan, eta estrategia testuinguru nazional eta nazioartekora egokitzea, etengabe aldatzen ari baitzen.
Alderdi komunistatik alderdi sozialista popularrera
1930eko hamarkadan, Kubako komunismoa aro berri batean sartu zen. Gerardo Machado erori izanak ez zion prozesu iraultzaileari biderik eman, sektore askok espero bezala. Kontrara, erregimenaren amaiera ezegonkortasun politikoko aldi luze baten hasiera izan zen: Indar Armatuek, Fulgencio Batistaren lidergo gero eta handiagoaren pean, pisu erabakigarria hartu zuten bizitza publikoan. Paraleloki, faxismoak Europan izan zuen gorakadak Internazional Komunistaren taktika eta estrategia aldatzea ekarri zuen. Kominternak, 1935eko VII. Kongresuan, fronte popularren politika jarri zuen erdigunean, faxismoaren eta gerraren aurka indar demokratikoekin aliantza zabalak eraikitzean oinarritzen zena.
Kuban, Alderdi Komunistak pixkanaka-pixkanaka klandestinitatea utzi eta bere presentzia zabaldu zuen mugimendu sindikalean. Bertan, paper nabarmena bete zuen langile mugimendua berrantolatzen eta, 1939an, Kubako langileen konfederazioa (Confederación de Trabajadores de Cuba) eratzen. Hala, testuinguru politiko berri bat ireki zen, 1940ko Konstituzioan gauzatua: Alderdi Komunista bizitza legalean eta parlamentarioan sartzeko aukera zabaldu zen, eta, beraz, egoera izugarri aldatu zen aurreko hamarkadan izandakoaren aldean.

Prozesu hori erakundearen bilakaeran islatu zen: 1939an, alderdiak izen berria hartu zuen, Unión Revolucionaria Comunista, Internazionalak bultzatutako aliantza-politikarekin bat etorriz. Bost urte geroago, 1944an, Partido Socialista Popular (PSP) izena hartu zuen, eta izen horrekin garatu zuen bere jarduera Errepublikak iraun zuen aldian.
Berrogeiko hamarkadan, PSPk eragin nabarmena izan zuen mugimendu sindikalean, eta ordezkaritza instituzionala mantendu zuen. Garai horretan, Batistaren gobernuekin unean-unean kolaboratzera iritsi zen Batista presidente izan zen lehen etapan (1940-1944), eta, esan gabe doa, estrategia hark eztabaida handiak piztu eta kritika gogorrak jaso zituen, batez ere, PSPk gerrillarien borrokarako aukera zalantzan jarri baitzuen. Hala ere, 1952an estatu kolpea eman zuen Batistak, eta horrekin amaiera eman zion hamarkada bat baino gehiago iraun zuen testuinguru politikoari. PSP alderdi sozialista popularraren jarduerak legezko izateari utzi zion eta 1959ko Iraultzarekin bukatuko zen konfrontazio ziklo berria ireki zen.
1959ko Iraultza eta antolakunde iraultzaileak bateratzea
1959ko urtarrilaren 1eko iraultzak garaipena lortu bazuen, izan zen ibilbide eta estrategia politiko desberdinak zituzten erakundeek borrokarako bat egin zutelako Batistaren diktaduraren aurka.
1952ko estatu kolpearen ondorengo lehen urteetan, zeregin nagusia langile mugimendua berrantolatzea eta diktaduraren aurkako herri mobilizazio zabala eraikitzea zela pentsatzen jarraitu zuen PSP alderdi sozialista popularrak. Ikuspegi hori aurreko hamarkadetan izandako esperientzia politikoaren eta Kubako egoeraren irakurketaren ondorio zen, matxinada armatu orokor baterako baldintzak oraindik ere eskasak zirela iruditzen baitzitzaien. Hala ere, balorazio hori aldatzen hasi zen prozesuak aurrera egin eta armada errebeldea bere posizio politiko eta militarra sendotzen joan ahala.

Bira hori pixkana-pixkana izan zen, eta ez gatazkarik gabe. 1955eko abenduan, langileen eskaeren defentsarako batzordeak 400.000 azukre langilek greba orokorra egitea lortu zuen. Greba horrek soldata-aldarrikapenen zati bat lortu, eta PSPk eremu armatutik kanpo zuen mobilizazio-gaitasuna agerian jarri zuen. 1956an, alderdiak “abuztuko ildoa” aldarrikatu zuen: ildo horrek hauteskunde orokorren aldarrikapena agortutzat jotzen zuen eta, lehen aldiz, modu irekian proposatu zuen herriaren matxinada Batista boteretik kentzeko bide gisa. Hala ere, Movimiento 26 de Julio mugimenduarekiko mesfidantza oraindik ez zen desagertu: Che Guevarak gerora idatzi zuen bezala, PSPri boterea hartzeko aukerari buruzko ikuspegia falta zitzaion. Lankidetza behin betiko finkatu zen 1958an, PSPko militanteak Che Guevara eta Camilo Cienfuegosen zutabeetan sartu zirenean, eta langileen fronte nazional batuaren (Frente Obrero Nacional Unido) sorrera bultzatu zen diktadura erortzean etorriko zen greba orokorra koordinatzeko.
1952an estatu kolpea eman zuen Batistak, eta horrekin amaiera eman zion hamarkada bat baino gehiago iraun zuen testuinguru politikoari. PSP alderdi sozialista popularraren jarduerak legezko izateari utzi zion eta 1959ko Iraultzarekin bukatuko zen konfrontazio ziklo berria ireki zen
PSPrekin batera, beste bi erakunde iraultzaile handi zeuden, Movimiento 26 de Julio eta Directorio Revolucionario 13 de Marzo izenekoak. Lehenak, Fidel Castro buru, Sierra Maestrako gerrilla-borroka antolatu zuen hirietako ezkutuko sare zabal batekin, eta bigarrenak estrategia insurrekzional propioa garatu zuen.
Baina garaipenak ez zituen erakunde horiek berehala bateratu eta desagerrarazi. Iraultzaren lehen urteetan, Movimiento 26 de Julio mugimenduak, Partido Socialista Popular alderdiak eta Directorio Revolucionario antolakundeak egitura bereiziak izaten jarraitu zuten. Hala eta guztiz ere, botere berria sendotzeko zatiketa gainditu eta prozesua zuzentzeko gai izango zen erakunde bakar bat eraiki behar zen.

ORI erakunde iraultzaile integartuetatik Kubako Alderdi Komunistara
Lehen urratsa 1961ean erakunde iraultzaile integratuak (Organizaciones Revolucionarias Integradas, ORI) sortzea izan zen; erakunde horien helburua Movimiento 26 de Julio, Partido Socialista Popular eta Directorio Revolucionario 13 de Marzo politikoki koordinatzea zen. Horien sorrera bat etorri zen iraultzaren une erabakigarri batekin: haren izaera sozialistaren aldarrikapena, Playa Giróneko garaipena eta Estatu Batuekiko gatazka larriagotzea. Horrek guztiak indartu egin zuen zuzendaritza politiko bateratuaren beharra.
Integrazioa, ordea, ez zen zailtasunik gabe gauzatu. Militanteen jatorriari lotutako hautaketa-irizpideek eta ORIen funtzionamenduan atzemandako praktika sektarioek prozesua zuzentzeko beharra azaleratu zuten. Horren ondorioz sortu zen, 1962an, Kubako iraultza sozialistaren alderdi batua (Partido Unido de la Revolución Socialista de Cuba, PURSC), bateratzearen etapa goren gisa sortua eta bere koadroen ibilbide eta meritu iraultzaileetan oinarritutako erakunde kohesionatu bat sendotzera bideratua.
Hiru urte geroago, 1965eko urriaren 3an, PURSC alderdiak behin betiko hartu zuen Partido Comunista de Cuba (Kubako Alderdi Komunista) izena alderdiaren lehen Komite Zentralaren aurkezpen ekitaldian. Organo horren osaeraren irakurketa publikoak, kide bakoitzaren ibilbide iraultzailea azaltzearekin batera, adierazi nahi zuen zuzendaritza berria ez zela erakunde zaharren arteko banaketa soila, baizik eta hamarkadetako borrokan pilatutako esperientziaren ondorio.

Kubako Alderdi Komunistaren I. Kongresua
1975ean, Kubako Alderdi Komunista eratu eta hamar urtera, alderdiaren I. Kongresua egin zen Habanan. Aurreko garaia antolaketa politikoa bateratzeak markatu bazuen, lehen kongresu hark beste fase bat inauguratu zuen: Iraultza sendotzeko eta alderdia zuzendaritza-organo gisa definitzeko garaia. Horrela, hilabete gutxi batzuk geroago honela zioen 1976ko Konstituzioak: PCC “gizartearen eta Estatuaren indar politikoko gidari gorena” izango zen.
Iraultzak garaitu ondoren, botere berria sendotzeko zatiketa gainditu eta prozesua zuzentzeko gai izango zen erakunde bakar bat eraiki behar zen
Agertoki berri honetan, eta gidaritza-rola bere eginda, sozialismoaren eraikuntzak aurrez aurre zituen arazoei buruz eztabaidatu zuten nagusiki alderdiaren barruan. I. Kongresuaren Txosten Nagusiak Iraultzaren lehen urteen balantze kritikoa egiten zuen, eta eztabaidaren erdigunean jarri zituen, besteak beste, plangintza ekonomikoa, garapen industriala, nekazaritza, lanaren antolaketa edo Estatuko aparatuaren funtzionamendua. Horrekin batera, Kongresuak Kubako Alderdi Komunistaren plataforma programatikoa onartu zuen, bai eta antolamendu politikoari, hezkuntzari, kulturari, zientziari, defentsari eta nazioarteko harremanei buruzko hainbat ebazpen ere; horrela, zehaztuta geratu zen alderdiaren jarduera-esparrua hurrengo etaparako.
Gainera, urte gutxi batzuk lehenago Elkarren Laguntza Ekonomikorako Kontseiluan (ELEK) sartu zen Kuba. Integrazio horrek hainbat kontu erraztu zituen, hala nola finantzaketa lortzea, lankidetza zientifiko-teknikoa, merkatu egonkorrak eta lanaren nazioarteko banaketa sozialistan oinarritutako plangintza. Horrela, alderdiaren buruzagitza sendotzeaz gain, I. Kongresuak gizartearen eta Estatuaren berehalako erronka politiko eta ekonomikoei heldu zien.
II. Kongresuak (1980) ekonomiaren zuzendaritza eta plangintza sistema aplikatzeko lehen bosturtekoaren balantzea egin zuen, eta 1985era arteko gidalerro ekonomikoak onartu zituen, txostenak berak argi eta garbi aitortzen zuen narriadura ekonomikoaren testuinguruan. Sei urte geroago, III. Kongresuak, 1986an, inflexio-puntu bat markatu zuen: “akatsen zuzenketa eta joera negatiboak” izenburupean, alderdiak aurreko bosturtekoaren gaineko autokritika egin zuen, hala nola ekoizpenean, baliabideak aurreztean eta lan-diziplinan hartutako erabakiei zegokienez.

IV. Kongresua eta garai bereziaren hasiera
Kubako Alderdi Komunistaren IV. Kongresua 1991n egin zen. PCCren sorreratik izandako erronka politiko handienetako bati egin behar izan zion aurre: Iraultza egonkortu zen garaian ezarritako ereduak azkar desagertzen ari zen nazioarteko testuinguru bat zuen oinarri. Izan ere, sozialisten joko zelaia gainbeheran zihoan nazioartean, eta, ondorioz, ELEK ere desegin egin zen. Bi gertakari horiek zailtasun politiko eta ekonomiko handiak ekarri zizkioten uharteari.
Marko sozialista hausteak ondorio latzak izan zituen, besteak beste, kanpo merkataritzak bortizki behera egitea, energia-hornidura, finantzaketa eta lankidetza teknikoa galtzea, edota jarduera ekonomikoak izugarri murriztea. Gainera, azpimarratzekoa da Estatu Batuek betetako rola, uhartearen aurkako blokeoa gogortu baitzuten hura ezegonkortzeko, Torricelli Legea edo Helms-Burton Legea onartzearen bidez. Testuinguru horretan hasi zen “garai berezia” deiturikoa.
PCC Kubako Alderdi Komunistaren I. Kongresuan definitutako egitekoa honela jaso zen hilabete gutxi batzuk geroago 1976ko Konstituzioan: PCC “gizartearen eta Estatuaren indar politikoko gidari gorena” izango zen
Errealitate berri horren aurrean, IV. Kongresuak nazioarteko isolamendu egoeran proiektu sozialistak zituen jarraipen aukerez eztabaidatu zuen, alderdiaren buruzagitza mantendu, eta egokitzapen ekonomikoko prozesu bat irekita. Hurrengo urteetan onartutako erreformak salbuespenezko egoera bati aurre egiteko mekanismo
gisa aurkeztu ziren, baina 1976ko Konstituzioaz geroztik ezarritako oinarri politikoak aldatu gabe. Harrezkero, PCCren kongresu gehienek erronka hori bera izan dute ardatz: nola egokitu Kubako eredu ekonomikoa nazioarteko testuinguruaren eraldaketetara, eta, paraleloki, alderdiaren gidaritza zaindu.
Era berean, garai horretan uharteak nazioarteko erreferentzialtasun politikoa galdu zuen, eta, ondorioz, PCCk eta Kubak munduaren aurrean bete beharreko papera ere eztabaidagai izan zen. Hala, Kubako prozesuari erantzukizun handiagoa aitortu zioten: uhartearen borroka ezin zen bere behar propioetara mugatu; aitzitik, agertoki berri horretan bereziki, nazioarteko erreferente bilakatu behar zuen.

Kubako Alderdi Komunista gaur egun
Sozialisten joko zelaia erori izanak ez zuen aldatu Kubako Alderdi Komunistak Kubako sistema politikoaren barruan zuen posizioa, baina bai alderdiak jardun behar zuen testuingurua, sakonki, gainera. 1976ko Konstituzioa onartu zenetik, PCCk bere burua “gizartearen eta Estatuaren indar politikoko gidari goren” gisa definitzen jarraitzen du. Printzipio hori mantendu egin zuen 2019ko Konstituzioaren erreformak, eta politikoki norabidetzen du prozesu osoa.
Lan hori masa-erakundeen sare zabal baten bidez egituratzen da; besteak beste, Central de Trabajadores de Cuba, Comités de Defensa de la Revolución, Federación de Mujeres Cubanas, Federación Estudiantil Universitaria edo Unión de Jóvenes Comunistas. Antolakunde horien bitartez, alderdiak herrialdeko bizitza politiko, sozial eta produktiboaren eremu nagusietan duen presentziari eusten dio, koadro berriak prestatzen ditu eta biztanleriaren hainbat sektoreren partaidetza antolatua bideratzen du.
Estatu Batuek eragin handia izan zuten Kubako egoera gaiztotzean, uhartearen aurkako blokeoa gogortu baitzuten hura ezegonkortzeko, Torricelli Legea edo Helms-Burton Legea onartzearen bidez
Azken hamarkada eta erdian, jarraipen instituzional horri zuzendaritzaren belaunaldi erreleboa gehitu zaio. 2011n, Raul Castro Lehen Idazkaritzako buru zela, VI. Kongresuak politika ekonomiko eta sozialaren ildoak onartu zituen, zeinak “Kubako eredu ekonomikoa eguneratzea” ireki baitzuten. VII. Kongresuak, 2016an, prozesu horri jarraipena eman zion, Kubako eredu ekonomiko eta sozialaren kontzeptualizazioa eta 2030era arteko garapen plan nazional bat onartuta. 2021ean, VIII. Kongresuan –ofizialki “jarraipen historikoaren kongresua” deitua–, Raul Castrok Lehen Idazkaritza utzi zuen. Erreleboa Miguel Diaz-Canelek hartu zuen, eta, horrela, 1959ko Iraultzaren buruzagi historikoen zikloa itxi zen.
Bloke sozialistaren erorketatik bizirik atera zen estatu bakanetakoa izan zen; beraz, Kuba –eta, ondorioz, PCC– erreferente bilakatu zen alderdi komunista eta mugimendu antiinperialista askorentzat
Nazioarteko posizioari zegokionez, joko-zelai sozialista erortzearen ondorioz, PCCk rol protagonista hartu behar izan zuen halabeharrez, Gerra Hotzean izan zuena baino areago. Izan ere, bloke sozialistaren erorketatik bizirik atera zen estatu bakanetakoa izan zen; beraz, Kuba –eta, ondorioz, PCC– erreferente bilakatu zen alderdi komunista eta mugimendu antiinperialista askorentzat. Orduz geroztik, Iraultzaren defentsarekin batera, agente aktibo izaten jarraitzen du Kubak: nazioarteko jarduera bizia dauka, baita kontinente desberdinetako erakunde politiko eta sozialekiko aldebiko loturak ere. Gainera, hainbat topaketa, ekitaldi eta espaziotan parte hartu du, hala nola Alderdi Komunisten eta Langile Alderdien Nazioarteko Topaketetan, São Pauloko Foroan edo Gazteen eta Ikasleen XIV. Mundu Jaialdian.
Kubako Alderdi Komunistaren historia ez zen 1965eko urriaren 3an hasi, ezta orduan amaitu ere. Hirurogei urte geroago, hastapeneko hamarkadetan izan zituen oso bestelako erronkei egin behar die aurre: eredu ekonomiko gaurkotuari, AEBren blokeo gogorrari, edota nazioarteko agertoki berriari. Zailtasunak zailtasun, baina, sorreratik hartutako erantzukizun berari eusten jarraitzen du: Kubako gizartearen eta Estatuaren indar politiko gidaria izatea.