ARGAZKIA / Amaiur Ruiz, Irune Juangarcia & Ekhiotz Arbe
Markel Samaniego
2025/06/02

Aski ezaguna da Frantziako Alderdi Komunistak Bigarren Mundu Gerran izan zuen rola. Nazien aurkako erresistentzian jardun heroikoa izan zuen borrokaren dimentsio guztietan eta, Molotov-Ribbentrop paktuaren ondorioz izen ona galdu bazuen ere (izan ere, ez zuen Erresistentzian parte hartu naziek Frantzia inbaditu ondorenera arte), 1941etik aurrera berehala berreskuratu zuen izen on hori, koadro komunisten determinazioa eta inplikazioa erabatekoa izan baitziren. Horren isla da Bigarren Mundu Gerra osteko masa alderdi komunista handienetako bat izan zela Europan, bai eta Frantziako alderdirik bozkatuena ere.

Hala ere, badaude Frantziako Alderdi Komunista protagonista izan zuten gertakari batzuk, ezagunak ez izan arren, Bigarren Mundu Gerraren eta iraultza komunistaren patua baldintzatu zutenak: hain zuzen ere, 1936ko maiatzean piztu zen Frantziako eztanda proletarioaz ari gara. Langileen oldarraldiak fabriken okupazio masiboa ekarri zuen, patronalarekiko jarrera erasokorra, alderdi eta sindikatu guztietatik kanpo zegoen dinamika autonomoa, eta mugimendu ekonomiko hutsa izatetik harago lurralde osora zabaltzeko perspektibarekin batera proletariotza iraultzailearen botere organoak (sobietak) eratzeko aukera. Ikusiko dugun moduan, Frantziako Alderdi Komunistaren eskuetan erori zen mugimendu horren noranzkoa erabakitzeko parada.

Ikuspegi komunistatik begiratuta, Frantziako Alderdi Komunistaren historia guztitik dugu zer ikasia; baina uste dut 1936ko gertakariek, izan zuten konplexutasunagatik eta hainbat eta hainbat elementuren konfluentziagatik, zeresan handia dutela eta inspirazio-iturri izan daitezkeela gaurko komunistontzat, koiuntura taktikoak eta printzipio estrategikoen arteko koherentziak inposatzen dituen ebazpen posibleek askotan sakrifizio handiak eskatzen dituztelako. Zentzu horretan hausnarketa egiteko intentzioa du testu honek.

Edukiari dagokionez: Frantziako Alderdi Komunista ezin uler daiteke Kominterna (Internazional Komunista) gabe, Alderdia azken horren nazio-destakamentua izan baitzen. Ez gara sartuko Frantziako Alderdi Komunistaren eta Internazional Komunistaren arteko erlazioaren eboluzioa eta nondik-norakoak aztertzera, nahiz eta pisuzko faktore bat izan ziren ezbairik gabe. Bada, Internazional Komunistak testuinguru historikoaz egiten duen analisiari erreparatuko diogu, ulertzeko zer zen Herri Frontearen taktika eta taktika horrek izan zezakeen zentzua iraultza sozialistaren garapenaren ikuspegitik. Horrekin batera, 1934-36 bitarteko Frantzian lur hartuko dugu eta, azkenik, 1936ko gertakarietan Frantziako Alderdi Komunistak izan zuen posizioa problematizatuko dugu.

Kominternaren VII. BILTZARRA, 1935

Internazional Komunistaren VII. biltzarraren arabera, kapitalismoa fase agonikoan sartu zen 1929an, heriotzarako joeran; gainbehera horrek langileriaren bizi baldintzen okertzea zekarren. Ondorioz, langileria langile mugimendu indartsuetan gorputz hartzen hasia zen: Austrian, Dolfuss-en diktaduraren aurkako langile miliziak; Londresen, gosearen martxak egin ziren langabetuek, sozialistek eta alderdi komunistak bultzatuta; Parisen liga faxisten aurkako borroka sozialisten eta komunisten eskutik; Asturiasko iraultza komunista, sozialisten eta anarkisten ekintza-batasunarekin… Horri SESBen ereduak mundu osoko langilerian eta herri zapalduetan zuen pisu sinbolikoa gehitu behar zaio. 

Era berean, Hitlerren agintaldiak zera iradokitzen zuen: Mendebaldeko oligarkiaren fakzio batzuek beharrezko ikusten zuten eredu politiko autoritarioago bat, klase ertainen bizi maila berreskuratzeko gai izango zena, bai eta komunismoaren mehatxuaren kontra borrokatzeko bermea ere. Aldi berean, agorturik aurkitzen zen plusbalioa erauzteko ziklo berri bati ateak irekiko zizkion gobernantza-eredua izan nahi zuen. Oro har, autoritarismoranzko joera gorakorra Mendebaldeko estatu guztietan hauteman zen, forma batean edo bestean. Esaterako, AEBn Roosevelt-en Gobernuak hartu zituen neurriek hori iradokitzen zuten. (“faxismoari ateak irekitzen zizkion”, esaterako, botere exekutiboan autoritate gehiegi kontzentratzeak, beste hainbat neurrirekin batera). Horrekin batera, alderdi faxista handiak ugaritu egin ziren Europako lurralde guztietan. 

Testuinguru horretan, Polonia, Italia eta Japoniarekin batera, gerrarako joera hartu zuen, halaber, Alemaniak. Hain zuzen ere, joera hori SESBen aurkako posizio gero eta gogorragoetan gorpuztu zen bereziki (ikus anti-Komintern paktua 1936an, 1934ko Polonia-Alemania paktua, esku-hartze nazi eta faxista Espainiako Gerra Zibilean, Japoniaren inbasioa Txinan, Italiaren inbasioa Etiopian….). SESBek joera hori jada 1929an aurreikusi zuen eta –Errusiako gerra zibileko esku hartze inperialisten esperientzia bizkarrean izanik– iragarri zuen mundu gerra bat pizteko aukera nabarmentzen ari zela, nazioarteko oligarkiak interesak zituela SESB suntsitzeko eta, horretarako, loraldi betean zegoen garapen militar eta industrialaz baliatuko zela. Gainera, SESB kolektibizazio kanpaina betean zegoen momentu hartan, bai eta herrialdea industrializatu eta demokratizatzeko planetan ere. Horrekin batera, ondorengo analisia egiten zuten bloke inperialistaren arteko kontraesanei zegokienez: arriskua zegoen tentsio interrinperialistak areagotzeko, aintzat harturik Lehen Mundu Gerraren osteko nazioarteko ordena ekonomikoan posizio pribilegiatua zuten potentzia inperialistei, hau da, Frantziari, Erresuma Batuari, Herbehereei, AEBri eta Belgikari, besteak beste, ez zitzaiela guda bat komeni, periferia kapitalistan zituzten interes kolonialengatik, bereziki. Ondorioz, Internazional Komunista SESBen aurka joan zitekeen batasun inperialista arrakalatzen saiatu zen, bakearen aldeko hautu politikoa eginez nazioartean.

1929tik aurrera, aukera iraultzaileak Europara itzuli ziren eta Kominternak errealitate hori irakurtzen jakin zuen. Izan ere, aditzera eman zuen beharrezkoa zela fronte antifaxista eta antikapitalista handiak sortzea, langile masen eta herri sektoreen kontzientzia oraindik ere ez baitzen iraultza sozialistaren aldekoa eta, beraz, Herri Fronteak, “langile fronte bakarraren” taktika baliatuta burgesia inperialistaren barne kontraesanak hauspotu behar zituela

Nazioarteko iraultza proletarioari dagokionez, zera esan behar da: 1923-25 artean Mendebaldeko herrialdeetan iraultzarako aukerak galdu ziren heinean, aukera-galera horrek isla izan zuen SESBen noranzkoan. Horren ondorioz, “sozialismoaren eraikuntza herrialde bakarrean” deitu zitzaion horren gaineko eztabaida piztu zen, Stalin, Trosky, Kamenev eta Zinoviev izan zirelarik eztabaida horren protagonista nagusienak. Hain zuzen ere, eztabaida horrek ezarri zituen SESBen politikaren gidalerroak. Garai hartan, loraldi ekonomikoa hasi zen Mendebaldean (aipatutako garapen industrial eta militarra horren isla) eta, iraultza-saiakeren porrotekin batera, ofentsiba sozialistaren fasetik defentsa-posizioetara itzuli ziren proletariotza iraultzailearen alderdi, antolakunde eta sindikatuak. Testuinguru horrek baldintzatu zuen, beraz, SESBen sorturiko eztabaida, ebatzi beharreko arazo gisara planteatuz ea posible ote zen SESBen aurrerapausoak ematea sozialismoaren eraikuntza ekonomikoan eta proletariotzaren diktaduran aukera iraultzaileek Europan berriro lur-hartu arte. Artikulu honetan ez dugu aztertuko eztabaida hartan posizio bakoitzak zer defendatzen zuen, ez eta eztabaida estrategiko hori “sozialismoaren eraikuntza herrialde bakarrean bai edo ez” dikotomia horretara mugatu behar den, dikotomia hori sinplistegia delako, dudarik gabe, eta hori ez delako artikulu honen objektua, baina garbi dagoena zera da: 1929tik aurrera, aukera iraultzaileak Europara itzuli ziren eta Kominternak errealitate hori irakurtzen jakin zuen. Izan ere, aditzera eman zuen beharrezkoa zela fronte antifaxista eta antikapitalista handiak sortzea, langile masen eta herri sektoreen kontzientzia oraindik ere ez baitzen iraultza sozialistaren aldekoa eta, beraz, Herri Fronteak, “langile fronte bakarraren” taktika baliatuta burgesia inperialistaren barne kontraesanak hauspotu behar zituela, jakina, Kominternak ikusi zuelako, azken instantzian, burgesia inperialistaren bloke bakezaleak (Erresuma Batua, Frantzia, AEB…) Hitlerrekin batzeko joera izango zuela, eta hura SESBen aurka oldartzera bultzatuko zutela. Bada, Kominternak bete-betean asmatu zuen, posizio taktiko horretan faxismoaren eta kapitalismoaren lotura sintetizatu zuelako eta posizio hori muturreraino eramateko prestutasuna hartu zuelako.

Kominternaren taktikak, termino horietan, bazuen bere izateko arrazoia iraultza sozialistaren ikuspegitik; izan ere, masen erradikalizaziorako bide-orri bat planteatzen zuen. Ez da ahantzi behar garai hartan Internazional Sozialistak oraindik pisu handia zuela langile masetan, eta burgesiaren ezkerreko alderdiek klase ertaineko sektore aurrerakoiak ordezkatzen zituztela, bai eta nekazariak ere. Frantziak, herrialde industrializatua izanagatik, nekazari kopuru handia zuen eta, aintzat hartuz sobieten boterea ezartzeko eredu boltxebikea hegemonikoa zela, ulergarria da kezka taktiko hori izatea. Azkenik, ofentsiba iraultzailera pasatzeko aukerak ere aurreikusten zituen taktika horrek, behin kontraesan guztiak agortu eta langile zein herritar masen kontzientziak horri heltzeko baldintzak sortzen zituenean. Horretarako, alderdi komunistek prest egon behar zuten herrialde guztietan, eta beharrezko instituzioak artikulatu beren baitan, prozesua muturreraino eramaten laguntzeko.

Hitlerren mehatxuak areagotzen ari ziren, bereziki Alemaniako Alderdi Komunista suntsitu ondoren; langileriaren hainbat destakamentu antolatuk ekintza-batasunerako beharra aldarrikatu zuten

Beraz, ondorengo terminoetan planteatu zuten Dimitrov, Togliatti eta enparauek nazioarteko iraultza sozialistarako bide-orri taktiko baten aukera: Herri Fronte bat faxismoaren eta kapitalismoaren aurka, eta, fronte horren barneko nukleo indartsu gisara, langile fronte bakarra (sozialisten eta komunisten aliantzan oinarritua), betiere alderdi komunisten gidaritzapean. Taktika horrek igoaldi belikoaren aurkako bide-orria zeukan, bakearen aldekoa. SESBen kanpo politikak, noski, Kominternaren taktikarekin bat egiten zuen. 

Kominternak berak ere aurreikusten zituen hartu berri zuen posizio taktikoaren arriskuak. Lehenbizikoa zen burgesia nazionalek hartzea Herri Fronte horren gidaritza, eta prozesu iraultzaileak oztopatzea. Horrek SESBen aliantza-politika Hitlerren aurkako estatu burgesekin egitea ekarriko zuen. Bigarrena zen Herri Frontearen gidaritza komunistek eramatea muturreraino, eta estatu sozialista aldarrikatzea matxinada iraultzaile baten bidez. SESBen defentsa estatu sozialista berriekin antolatuko zen. Hirugarrena zen Herri Frontearen gidaritza komunistek izateak fakzio burges guztien izua eragitea, hainbesterainokoa, non burgesek nahiago izango zuten inperialismo hitleriarrarekin batzea komunismoaren mehatxuaren aurka, eta, beraz, SESBen aurka. Historiak erakutsi duen bezala, hirugarren aukera gailendu zen. 

Frantziako Alderdi Komunista eta Herri Frontea 

VII. biltzarra 1935ean egin zen eta, ordurako, Frantzian erritmoak oso aurreraturik zeuden jada. Hitlerren mehatxuak areagotzen ari ziren, bereziki Alemaniako Alderdi Komunista suntsitu ondoren; langileriaren hainbat destakamentu antolatuk ekintza-batasunerako beharra aldarrikatu zuten. Horri ondorengoa gehitu behar zaio: Frantzian liga faxistak (Croix de Feu) indar handia hartzen ari ziren, eta kale mailako indar paramilitar gisara funtzionatzen hasiak ziren (adibidez, 1934ko otsailean Asanblada Nazionalaren aurkako erasoaldi faxista gauzatu zuten). Testuinguru horretan, Frantziako Alderdi Komunistaren eta SFIOren (Internazional Sozialistaren delegaritza frantsesa) oinarri sozialek langileria iraultzailearen ekintza batasun antifaxista aldarrikatu zuten. 1935era arte Internazional Komunistak sozial-faxistatzat zeukan sozialdemokrazia, eta sozialisten oinarriarekin batasuna ongi ikusten bazuen ere, mesfidantzaz eta beligerantziaz begiratzen zien zuzendaritzako aparatuei. Honela zioen Frantziako Alderdi Komunistaren zuzendaritzak: “Inoiz baino anaitasun handiagoa adieraziko diegu langile sozialistei, inoiz baino indartsuago egingo diegu dei kamarada komunistekin batera ekin dezaten. Eta inoiz baino irmoago salatzen ditugu buruzagi sozialistak eta alderdi sozialista, burgesiaren zerbitzari eta gizarte kapitalistaren azken gotorleku baitira [...]”. Hala ere SFIOren zuzendaritzak temati jarraitu zuen Frantziako Alderdi Komunista erakarri nahian, Kominternak posizioz aldatzea erabaki zuen arte. 

Posizio-aldaketa hori 1934ko maiatzean gauzatu zen eta, aipaturiko faktoreez gain, beste elementu batzuek ere eragina izan zuten. Batetik, sozialisten borroka-determinazioa nabarmen handitu zen faxismoaren mehatxupean; horren isla dira, Frantziaz gain, baita Austriako, Erresuma Batuko eta Espainiako esperientziak ere, besteak beste. Alegia, sozialisten artean bazegoen komunismoaren alderdi historikora hurbiltzen ari zen sektore handi bat. Bestalde, Alemania eta Poloniaren arteko paktu militarra ere urte horretan adostu zen. SESBek asmo txarreko mehatxu gisa ikusi zuen; beste pauso bat gerra-goraldiaren norabidean. Paktu hori, gainera, Frantzian agintzen zuen fakzio burgesaren ikuspegitik ere mehatxu bat zen; izan ere, Lehen Mundu Gerraren ondoren eraikitako nazioarteko ordenaren aurka zihoan eta horrek Frantziaren nazio subiranotasuna kolokan jartzen ei zuen. Hala ere, kontrakotasun horren atzean, izatez, Frantziako oligarkiaren interes ekonomikoak zeuden, zeintzuei ez zitzaien komeni beste gerrate bat. 

Jokaldi tranpati eta oportunista izan zen Alderdi Erradikalaren sorrera, Frantziako burgesia bere klase interesen aldeko maniobrak egitera eraman zuena, momentu batean folklore iraultzailearekin bat eginez eta, ondoren, praktikan faxismoarekiko jarrera koldar eta uzkurra erakutsiz

Beraz, Frantziako Alderdi Komunista eta SFIO elkartu egin ziren fronte zabal horretan. Gainera, Frantziako Alderdi Komunistako lider esanguratsu Thorez-ek are zabalpen handiagoa planteatu zuen fronte horretarako: Alderdi Erradikala ere erakarri zuten. Alderdi horrek, hain zuzen ere, burgesiaren fakzio erradikalenak elkartzen zituen, baita intelektualak edo hiriko zein landa-eremuko klase ertainak ere. Ez zeuden, ordea, faxismoaren aurka edozein baldintzatan borrokatzeko prest. Honela sintetizatzen zuen alderdiaren posizioa haren agintari Deladier-ek: “Ni ez naiz eskuindarra, baina nazkatuta nago nire alderdia estremisten atoian ikusteaz. Alderdi Erradikala ez da inolaz ere formazio iraultzaile bat”. Izan ere, Frantziako burgesiak faxismoaren mehatxuaren neurri berean zuen parean komunismoaren mehatxua, eta modu kontzientean saiatu zen Frantziako langileriaren iraultzarako potentziala kanalizatzen Herri Frontearen formularen bidez, hura hegemonizatuz termino ideologiko eta politikoetan. Aurrerago ikusi zen bezala, jokaldi tranpati eta oportunista izan zen Alderdi Erradikalaren hori, bere klase interesen aldeko maniobrak egitera eraman zuena, momentu batean folklore iraultzailearekin bat eginez eta, ondoren, praktikan faxismoarekiko jarrera koldar eta uzkurra erakutsiz (Municheko akordioak, etab.).

Testuinguru horretan, Frantziak elkarri laguntzeko paktu bat proposatuko zion SESBi; paktu hori 1935 hasieran sinatu zuten. Bloke inperialistan higadurak sortzeko intentzioak abagune bikaina topatu zuen bertan; izan ere, Frantzia gainontzeko potentzia bakezaleetatik aldentzen zen SESBekiko beligerantziari zegokionez, bai eta Hitlerren aurka parez pare kokatu ere, gainera.

Gorako joera horrek Herri Fronte antifaxistan jo zuen gailurra, 1935eko uztailaren 14an: sozialistek, komunistek eta erradikal-errepublikarrek herri batasun antifaxista bat irudikatu zuten. Hauek izan ziren Herri Frontearen aldarrikapen nagusiak: erreforma ekonomikoak, askatasun demokratiko-burgesak eta bakearen aldeko politika (faxismoaren eta gerraren aurkakoa). Akordio minimo bat zen, baina testuinguru historikoaren partikulartasunak zentzu politiko handia ematen zioten iraultzarako aukeren ikuspegitik. Batetik, ulertzen zen erreforma ekonomiko-sozialen aukera agorturik zegoela kapitalismoan; bestetik, eskubide politikoen aukera ere agortua zen autoritarismoranzko joera hartua zuen estatu ereduan; eta, azkenik, gerrarako joeraren aurrean burgesia nazionalek anbibalentziaz eta zalantzati jokatzen zutenez, kontraesan handia zen haientzat. Beraz, gizartearen mugimendu historikoak kapitalismoaren gainbeherarako baldintzak jartzen zituen, eta komunismoaren alderdi historikoa zen antolatu beharreko indar soziala. 

Klase ertainen erradikalizazioa faxismoaren arnasgune bilakatu zitekeen, edo kontrara, komunismoaren sostengu, kartak ongi erabiltzen baziren. Horrek arrisku bat ekarri zuen: frontearen politikak klase ertainaren izpiritu politikoarekiko dependentzia garatzeko arriskua

Herri Fronteak, komunisten gidaritzapean, ofentsibarako aukerak sor zitzakeen, beraz.

Horrekin batera, beste elementu oso esanguratsu bat klase ertainen auzia izan zen. Klase ertainen erradikalizazioa faxismoaren arnasgune bilakatu zitekeen, edo kontrara, komunismoaren sostengu, kartak ongi erabiltzen baziren. Horrek arrisku bat ekarri zuen: frontearen politikak klase ertainaren izpiritu politikoarekiko dependentzia garatzeko arriskua. Hona hemen adibide garbi bat: SFIOk ekoizpen bitartekoen nazionalizazioa aldarrikatu zuen Herri Fronteak bere egin beharreko programa-lerro gisa. Thorezek, ordea, argudiatu zuen, batetik, Alderdi Erradikala ez zela ados egongo, eta, bestetik, klase ertainen kontzientzia maila aintzat hartuta ezin zela une hartan puntu hori asumitu.

1936ko greba orokorra eta sobieten aukera

Kominternaren kongresuan, Thorezek termino hauetan azaldu zuen Frantziaren egoera 1935ean: “Masa mugimenduaren indarrak Herri Frontearen gobernu baten beharra inposa dezake; gure alderdiak gobernu hori babestuko luke, bai eta uneren batean parte hartzera iritsi ere. Hala, faxismoaren aurkako borroka latzagoa izango litzateke, erreakzionario eta faxisten erantzuna berehalakoa eta bortitza izango litzatekeelako. Baina ordurako Herri Fronteak eta Alderdi Komunistak posizio berriak izango lituzke, eta guk posizio horiek baliatuko genituzke sobieten boterearen ezarpena prestatzeko, alegia, proletariotzaren diktaduraren ezarpena prestatzeko”. 

Alegia, 1935erako, Thorezen arabera 800.000 funtzionariok jada itxaropena galdua zuten ordena burgesean, burgesia txikia mesfidati ageri zen Alderdi Erradikalaren eta, oro har, alderdi burgesen zuzendaritzekiko, nekazarien gehiengoa nahigabeak jota zegoen, eta Alderdi Komunistak zein sozialistak CGT eta CGTU sindikatuekin batera igoera nabarmena izan zuten militantziari eta aldekoei zegokienez. Horregatik, “krisi iraultzaile” baten aukeraz mintzo zen Thorez. Bestalde, Frantzian, faxismoaren indarrak Croix de Feu liga faxistetan kontzentratu ziren, eta gerra zibilaren klima orokortuz joan zen. Bat-batean komunistak, sozialistak eta faxistak akordio batera iritsi ziren, eta guztiek euren antolakunde paramilitarrak disolbatzeko konpromisoa hartu zuten. Arrazoia: 1936ko maiatzeko hauteskundeak. 

Herri Fronteak irabazi zituen hauteskundeok eta Herri Frontearen barrenean, indar korrelazioa argi eta garbi zen komunisten eta sozialisten aldekoa. Alderdi Erradikalak diputatu ugari galdu zituen, Frantziako Alderdi Komunista izan zen proportzioan gehien hazi zen indarra, eta, sozialisten artean, fakzio iraultzailea izan zen garaile nagusia (fakzio eskuindarra SFIOtik kanpo aurkeztu zen hauteskundeetara). Beraz, emaitza hori langileriaren kontzientziaren erakusle zen, bai eta klase ertainen erradikalizazioaren ispilu ere. Frantziako Alderdi Komunistaren gorakadak garrantzi berezia zeukan, esan nahi baitzuen proletariotzaren sektore borrokalarienek erreferentzia irabazi zuela azken urteetan; izan ere, ordura arte sindikalismo iraultzailearen tesi soreliarrek aztarna sakona utzia zuten proletariotzaren baitan, eta sozialdemokraziak ere pisu nabarmena zeukan. Baina testuinguru historikoaren dialektikak, Frantziako Alderdi Komunistaren ekinbide propagandistarekin batera, frantziar proletariotzaren erreferente nagusi bilakatu zuen 1936rako.

Bada, egoera berriak ondorengo galderak iradokitzen zituen: zer interes zituen Hitlerrek eta zer interes SESBek Frantziako egoera berrian? Komeni al zen gerra zibil bat? Zer inplikazio izan zitzakeen ofentsiba iraultzaile batek Frantziaren gaitasun militarren ikuspegitik? Zer paper jokatu zuen armadak? Zertan gera zitekeen paktu franko-sobietarra?  

Bada, ia-ia analisietarako aukerarik gabe, frantziar proletariotzak bere apustu propioa egin zuen hauteskundeetatik astebetera, 1936ko maiatzaren 11n: greba orokorra aldarrikatu zuten, eta fabriken okupazioa, patroien gatibatzea zein desjabetze iniziatibak lurralde osoan zabaldu ziren. Milioika langilek hartu zuten parte hilabetez luzatu zen greba hartan. CGTko Johaux-ek honela azaldu zuen egoera “Mugimendua martxan hasi da, eta inork ez daki zehazki nola eta non hasi den”. Izan ere, Herri Frontearen gobernu berria sortu aurretik, langile masek iniziatiba hartu zuten, Frantziako Alderdi Komunistaren, SFIOren eta sindikatuen gainetik. Badirudi langileriak, Herri Frontearen garaipena aitzakiatzat hartuta eta berea zela sentituz, eztanda egin behar zuela, baina, era berean, eztanda eragin zutenak krisi ekonomikotik eta Lehen Mundu Gerratik arrastaka zihoazen bizi-baldintzak izan ziren, bai eta instituzio burgesekiko kontrakotasunak eta mesfidantzak ere, promesa faltsuen bidez langileak hainbeste urtean inpotentziara kondenatu zituzten haiexek.

Hala eta guztiz ere, Frantziako Alderdi Komunistaren posizioak lekuko guztiak harritu zituen: proletariotzaren diktadura eta sozializazioranzko pausorik ematetik urrun, mugimendua baretzearen alde posizionatu zen, Herri Fronteko gainerako guztiak bezalaxe. Thorezek sintetizatu zuen posizio hau, aditzera emanez nekazarien gehiengoa oraindik ez zegoela iraultzara batzeko baldintzetan, ez eta burgesia txikiaren zati bat amaieraraino joateko prest ere. Ildo horretan, Frantziako Alderdi Komunistaren aurretik patronala, CGT eta Blum-en gobernu berria (Blum zen SFIOren erreferente nagusia) grebalarien mugimendua itzaltzen saiatu ziren, erreforma batzuk aitortuz Matignon-eko Akordioetan, baina mugimenduak bere horretan jarraitu zuen ekainaren 11ra arte; egun horretan, fabriketatik Paris erdialdera jotzeko mehatxua luzatu zuten grebalariek. Greba metalurgiaren sektorean zabaldu zen batik bat; bi milioitik gora grebalarik hartu zuten parte, eta Frantziako Alderdi Komunista zen erreferentzia politiko nagusia haien artean. Marceu Pivert-ek (fakzio iraultzaileena gorpuzten zuen SFIOn) ondorengoa adierazi zuen: “Orain, dena da posible ausartentzat”. Eta hau erantzun zion horri Thorezek: “Ez, dena ez da posible orain”.

Hala, Thorezek, emergentziazko bilkura batean, ondorengo irakurketa eta instrukzioak igorri zizkion Frantziako Alderdi Komunistaren militantziari: “Garrantzitsua bada ere mugimendu aldarrikatzaile bat gidatzea, are garrantzitsuagoa da hura nola bukarazi jakitea. Orain, kontua ez da boterea hartzea. Mundu guztiak daki gure helburua langile, nekazari eta soldaduen kontseiluek eratutako Frantziako Errepublika ezartzea dela oraindik ere, inolako zalantzarik gabe. Baina hori ez da gaur gauean gertatuko, ez eta bihar goizean ere”.

Thorezek Frantziako Alderdi Komunistaren energia guztiak bideratu zituen greba hori “ondobidean” amaitzera, hura baretzeko ahalegin guztiak eginez. 

Testuinguru historikoaren dialektikak, Frantziako Alderdi Komunistaren ekinbide propagandistarekin batera, frantziar proletariotzaren erreferente nagusi bilakatu zuen 1936rako alderdi hori

Beraz, Frantziako Alderdi Komunistako agintariek planteatu zuten 1936ko maiatz-ekaineko langile oldarraldiaren atzean boterearen auzia zegoela eta, modu horretan, aditzera eman zuten ez zegoela horretarako baldintzarik. Aldiz, zalantzagarria da ea greba horien potentzial iraultzailea ezinbestean boterearen berehalako konkistan kristalizatu behar zen edo lehenik horretarako kondizio diren botere organoak sortzen lagundu behar zuen; alegia, sobietak sortzen. Botere politikoaren konkistaren auzia planteatzeko modua –matxinada iraultzailearen momentura mugatzea edo botere organoen sorrerara eta botere bikoitzaren egoerara– erabakigarria izan zen; izan ere, Thorezek adierazi bezala, Herri Frontea ez zen iraultza, ez zen instituzio iraultzaile sorta bat, baizik eta klase kontraesan handiak gorpuzten zituen plataforma taktiko bat. Beraz, kasu honetan ere, Frantziako gizartearen krisiak ondorengo auzia planteatzen zuen: erreforman sakondu ala iraultzan sakondu. 

Historiaren puntu honetan honako hau galdetu behar da: zer dela eta Thorezen eta Frantziako Alderdi Komunistaren jarrera hori? Zergatik ez sakondu iraultza proletarioan? 

Hitlerren mehatxuaren inplikazio gordinak

Marcel Gitton Frantziako Alderdi Komunistako agintari garrantzitsuak, Hitlerren mehatxuaren harira, esaten zuen Frantziaren segurtasuna zegoela beste guztiaren gainetik. Geroago, SESBeko kanpo-­politikako komisario Litminov-ek (Molotov-en aurrekoak) ere aditzera eman zuen lehentasuna Frantziaren gaitasun militarrak mantentzea izango zela. 

Blum presidenteak hauxe adierazi zuen urte batzuk beranduago: “Egoerak traza arriskutsuki estua hartu bezain laster, Francok emandako indar kolpearen pareko zerbait izango genukeen Frantzian. Atzerriko gerra baten aurretik, Frantziak gerra zibila izango zukeen, eta Errepublikak garaile ateratzeko aukera gutxi”. 

Frantziako Alderdi Komunistak ataka garrantzitsuan aurkitu zuen bere burua: sobieten antolakuntza sustatuz posible zen gorako joera batekin botere politikoaren konkista gauzatzea, baina horrek gerra zibila ekar zezakeen, edota inbasio hitleriarra

Aldiz, historiak erakutsi duen bezala, Frantziako armadan sektore erreakzionario bat egon bazegoen ere –Petain jeneralak ordezkatua–, sektore horrek Vichyko Erregimena soilik nazien okupazioaren testuinguruan ezarri ahal izan zuen, indar faltagatik hain zuzen ere. Espainiako Alderdi Komunistak honela azaldu zuen egoera aurrerago: “1936ko baldintzekin, Frantzian, kolpe faxista bat porrotera kondenatuta zegoen (…) Blumek beldur bat zuen, eta hura gauzatzea eragozten ahalegindu zen: proletariotzaren mugimendua indartzea eta Herri Fronteak garaipen osoa eskuratzea, ez soilik Espainian, baizik eta baita Frantzian ere”. Izan ere, Espainian ere egoera iraultzailea argitu zen 1936ko uztailean, baina, ordurako, Frantzian erreformaren bidetik itzali zen langile grebaren potentzial iraultzailea.

Guztiarekin, Frantziako Alderdi Komunistak ataka garrantzitsuan aurkitu zuen bere burua: sobieten antolakuntza sustatuz posible zen gorako joera batekin botere politikoaren konkista gauzatzea, baina horrek gerra zibila ekar zezakeen, edota inbasio hitleriarra. SESBek nola edo hala aliatu frantsesaren potentzia militarra mantendu nahi zuen, gerrarako joera gero eta nabarmenagoak ez zezan haren aurkako kolpe inperialista bateratu batean lur hartu. Horrekin batera, ikusteke zegoen bloke inperialistako gainontzeko herrialdeek (AEB eta Erresuma Batua, bereziki) zer posizio hartuko zuketen Frantzia proletario baten aurrean. Bestalde, Espainiako Alderdi Komunistako agintariek zioten gisara (Dolores Ibarruri buru zutela), Espainiako iraultzaren garaipenerako aukerak asko baldintzatu zituen 36ko greban Thorezek eta Blumenek esku hartu izanak. 

Frantziako Alderdi Komunistaren posizioak guztiz erabakigarriak izan ziren zentzu guztietan. Nazioarteko iraultza sozialistaren, Bigarren Mundu Gerraren eta SESBen patua zeharo baldintzatu zuten 36ko maiatz-ekainean hartutako erabakiek

Hala ere, esan daiteke Frantziako Alderdi Komunistaren posizioak guztiz erabakigarriak izan zirela zentzu guztietan. Nazioarteko iraultza sozialistaren, Bigarren Mundu Gerraren eta SESBen patua zeharo baldintzatu zuten 36ko maiatz-ekainean hartutako erabakiek. Hala ere, sobieten botereak frantziar lurraldean ateak ireki zitzakeen bezala, arriskuak ere zeharo handiak ziren, faxismoaren hedapen territorialak komunismoarentzat eta ordenaren alderditik antolatzen zen ororentzat diktadura terrorista bat inplikatuko zukeelako. Lukács-ek era honetan sintetitzatu zituen SESBen hautuaren bi aurpegiak, egokitasunaren eta zorigaiztoaren artean: “Bigarren Mundu Gerran SESB erori izan balitz, sozialismoaren perspektibak 200 urtez atzeratuko ziren. Oso prezio altua ordaindu behar izan genuen horren truke: pertsona askok dezepzioa hartu zuten sozialismoarekiko eta marxismoarekiko”. Aintzat har dezagun, gainera, SESBek egin zituen aurreikuspenak bete egin zirela oligarkia estatubatuar, ingeles eta frantsesei zegokienez; batetik, 1938ko Municheko Paktuak erakutsi bezala eta, bestetik, SESBekin akordioetara iristeko ahal bezainbeste oztopo jarriz, Hitlerrek SESB erasotzeko kondizioak hauspotuz etengabe. Ribentropp-Molotov akordioa soilik testuinguru horretan uler daiteke.

Laburbilduz, badirudi azkenean faxismoaren mehatxuak baldintzatu zuela Frantziako Alderdi Komunistaren jarduna; faxismoarentzat arnasgune izan zitezkeen egoera guztiak ekidin behar ziren eta SESBek denbora irabazi behar zuen “borroka sakraturako prestatzeko”. Prozesu horretan, Frantzian “barne-liskarrak” ekidin behar ziren, Liminovek zioen moduan, nola edo hala.

Komunismoaren historian, eta, oro har, gizateriaren historian, "oren goren" batzuk izan ohi dira (Stefan Zweigen hitzak gogoratuz), zeintzuetan erabaki batek hurrengo hamarkadak zein mendeak baldintzatu ahal dituen. Susmoa dut, 30eko hamarkada asaldatuan momentu horietako asko gertatu zirela, eta horietako bat Frantziako Alderdi Komunistaren zeregina izan zela. Kasik ezinezkoa da imajinatzea zer gerta zitekeen gertaerek beste noranzko bat hartu izan balute, baina, dena dela, eta jazoera horietan sakontzeko elementu guztiak mahai gainean izan gabe ere, nabarmena da patu latza inposatu zitzaiela garaiko komunistei halako kontestuen gainean deliberatzerakoan. Iraultzarako berehalako baldintzei uko eginez, etorkizuneko borrokarako baldintzak lehenetsi zituzten eta, hala, inteligentzia eta etika estrategiko izugarria demostratu zuten. Erabakiak hobeak eta okerragoak izan zitezkeen, eta jarraituko dugu horiek aztertzen eta haiengandik ikasten, baina epai moralistetatik eta ezkerkeriatik urrun goratu behar ditugu garaiko komunisten ahalegina, determinazioa eta heroitasuna. Erabaki horiei esker ere gaur-gaurkoz komunismoaren birrosaketa plantea dezakegu; erabaki horiei esker ziklo iraultzaile berri baterako ateak irekitzeko atarian egon gaitezke.