AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Diario Público
2023/10/05 10:51

Atzo jakinarazi zutenez, Europar Batasuneko estatu kideak ados jarri dira Migrazioari eta Asiloari buruzko Akordioari dagokionez: Bruselan berriz bildu ostean, migrazioaren inguruko Krisi Araudi berri bat osatzea adostu dute. Hala, araudi berri hori sortzeko elkarrizketei ekingo diete orain.

Testu horrek ezarriko du legezko marko bat Europar Batasuneko 27 estatu kideek, aurrerantzean, "krisi egoeretan" neurriak har ditzaten, besteak beste, pertsona migratzaileen asilo eskaerei eta mugetako esku-hartzeei dagokienez. "Krisi egoera" horietan, herrialde jakin batek laguntza eta "babes neurriak" eskatu ahal izango dizkie Europar Batasuneko gainerako estatu kideei.

"Laguntza neurri" horien artean aurreikusita dago, esaterako, herrialde jakin batean asiloa eskatu duten pertsona migratzaileak Europar Batasuneko beste estatu batzuetara deportatzea; "babesa eman" duen estatuak asilo eskaera horiek tramitatzea, edota estatu kideek euren artean laguntza ekonomikoa ematea, "krisi egoerei" aurre egiteko. Teorian, Europako Batzordeak onartu beharko ditu "babes neurri" horiek, "behar eta proportzionaltasun" oinarriak kontuan hartuta.

Italian eta Erresuma Batuan, aurrekari beldurgarriak

Joan den irailean, immigrazioari aurre egiteko plan bat iragarri zuten Lampedusan (Italia) Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek eta Italiako presidente Giorgia Melonik. Migrazio-krisi bat aitzakiatzat hartuta, "legez kontrako immigrazioa" geratzeko neurriak adosteko asmoa erakutsi zuten. "Legez kanpoko immigrazioa Europaren erronka dela eta erantzun europarra behar duela" esan zuen Von der Leyenek.

Italian edota Erresuma Batuan migrazioaren eta pertsona migratzaileen kontra hartu diren azken neurriek, norabide beldurgarri bat erakutsi dute, eta agerian utzi dute zein kutsutakoa izan daitekeen aurrera begira jarduteko modua. Italian, adibidez, adinari dagokionez gezurra esaten ez duten pertsona migratzaileak zuzenean deportatu nahi dituzte, atxikitze-zentroak areagotu nahi dituzte, eta boluntarioen bidez sendotu nahi dituzte mugetako polizia-indarrak.

Erresuma Batuan, besteak beste, pertsona migratzaileei GPS gailuak jartzea aztertzen ari dira, eta pertsona migratzaileak preso izateko ur gaineko kartzela bat jarri dute martxan.

EZ DAGO IRUZKINIK