AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Blokeatuta jarraitzen dute Zarauzko eta Bergarako IAT zentroei buruzko elkarrizketek
Langileek uztailaren 13an jo zuten greba mugagabera, eta ITASUA enpresak ez du inolako hobekuntzarik proposatu azkeneko bileran. Jaurlaritzari esku har dezala eskatu diote sindikatuek.
2026eko uztailaren 24 - 10:15
Blokeatuta jarraitzen dute Zarauzko eta Bergarako IAT zentroei buruzko elkarrizketek
— ARGAZKIA LAB

ITASUA enpresak berriz erakutsi du ez daukala asmorik akordio batera heltzeko. ELA eta LAB sindikatuek deituta, atzo bildu ziren berriz enpresako zuzendaritza eta ordezkari sindikalak: ITASUAri langileen eskaerak helarazi zizkioten sindikatuek, baina zuzendaritzak ez zuen inolako hobekuntzarik atera mahaira. Horiek horrela, blokeatuta jarraitzen dute elkarrizketek eta greba mugagabearekin segitzen du plantillak.

Ibilgailuen Azterketa Teknikorako (IAT) hiru lan-zentro ditu ITASUAk, eta horietatik bitan, Zarautzen (Gipuzkoa) eta Bergaran (Gipuzkoa), uztailaren 13an ekin zioten greba mugagabeari langileek; 55 dira denera. Izan ere, Gipuzkoako gainerako lantegietakoak baino askoz ere lan-baldintza kaskarragoak dituzte: gutxiago kobratzen dute (urtean 8.000 euro gutxiago hainbat kasutan), nahiz eta 133 ordu gehiago egiten duten lan. 

ITASUAk negoziatzeko duen borondate falta salatu dute ELAk eta LABek, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote interbenitu dezala.