AKTUALITATEA / Olatu erreakzionarioa
Bilboko Udala herri-akusazio izango da aurrerantzean, "berrerorleak" lapurretagatik epaitzen dituztenean
PPren udal-taldeak proposatu zuen neurria, eta hainbat zuzenketa egin ondoren, EAJ-PSOEren udal-gobernuak onartu egin du. Denbora da EAJk eta PPk "delitugileak" eta pertsona zaurgarriak lotzen dituztela.
2026eko ekainaren 17 - 07:03
Bilboko Udala herri-akusazio izango da aurrerantzean, "berrerorleak" lapurretagatik epaitzen dituztenean
— ARGAZKIA Bilboko Udala

Hainbat delitu kasutan herri-akusazio izateko erabakia hartu du Bilboko (Bizkaia) Udalak, Zigor Kodea eta Prozedura Kriminalen Legearen erreformak baliatuta. PP alderdiak egin zuen proposamena, eta hainbat zuzenketa egin ondoren, osoko bilkuran onartu dute: EAJ-PSOEren udal-gobernuak babestu egin du, EH Bildu abstenitu egin da, eta Elkarrekin-Podemosek aurka bozkatu du. Hala, aurrerantzean, "berrerorleak" ("reincidentes") lapurretagatik epaitzen dituztenean ariko da herri-akusazio gisa udala.

Hori horrela, udala akusazio izan dadin, salaketek eta akusatuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: batetik, lapurretei lotuta auzipetu beharko dituzte akusatuak, eta ez da delitu hori leporatzen dieten lehen aldia izango. Bestetik, udalak kontsideratu beharko du pertsona horiek "alarma sozial berezia" sorrarazten dutela, eta udala bera izan beharko da lehena salaketa jartzen. Lapurreta egin dioten pertsona polizia-etxean lehenago aurkeztuko balitz, udalak aukera hori galduko luke.

Neurria hartzeko, Bilboko Udalak berak argitaratu dituen hainbat datu baliatu dituzte aitzakia gisa. Hala, datuon arabera, iaz 538 pertsona "berrerorle" atxilotu zituzten, eta atxilotu aurretik, horietako 30 inguruk beste bost delitu edo gehiago eginak omen zituzten.

Diskurtso kriminalizatzaileak nonahi

Egoera horixe baliatu dute, gainera, segurtasunaren diskurtso kriminalizatzailea zabaltzeko: "Neurri honekin, delitugileen inpunitatearekin amaitu nahi dugu". Horrez gain, udala bera biktimatzat jo du Gonzalo Olabarria (EAJ) Kultura eta Gobernantza zinegotziak: "Segurtasuna falta delako sentsazioa hedatzen denean, udalak dira gehien sufritzen dutenak". Eta Olabarriak gaineratu du araudi zigortzailea gogortzea ez dela hartu omen duten neurri bakarra, "Jaurlaritzak eduki baituelako berrerorleak artatzeko zerbitzu autonomiko bat": Justizia Errestauratiboaren Zerbitzua. Esther Martinez Bilboko PPren eledunak, bestalde, antzeko adierazpen kriminalizatzaileak egin ditu: "salaketak jartzeko, herritarrak sarri utzikeriaz aritu ohi badira ere", udalak Prozedura Kriminalaren Legearen erreforma "segurtasuna eta bizikidetza hobeto zaintzeko baliatuko" duela esan du.

Denbora da EAJko eta PPko eledunek diskurtso hori pertsona migranteak eta zaurgarriak kolpatzeko baliatzen dutela. Esaterako, joan den azaroan, kargua hartu orduko adierazpenok egin zituen Jon Insausti Donostiako (Gipuzkoa) alkate berriak: "Delituak behin eta berriz egiten dituenak kartzela edo kanporaketa izan behar ditu". Antzera aritu zen, ordu hartan, Javier de Andres Euskal Autonomia Erkidegoko burua: lapurreta gehienak etorkinek egiten dituztela defendatu zuen, eta baliabide gehiago eskatu zituen Poliziarentzat, baita "berrerorleak" "lehenbailehen kanporatzea" ere.

EH Bilduren Bilboko udal-taldeak, neurriak "bermeak ez dituela ematen" eta "proportzionala ez dela" aitortu badu ere, "kasu konkretutarako" denez, abstenitzeko hautua hartu duela adierazi du.