AKTUALITATEA / Migrazioa
Gutxienez 1.317 pertsona hil dira urtarrila eta maiatza artean Espainiako Estatura iritsi nahian
'Caminando Fronteras' GKEak eman ditu datuak. Horretarako, Mendebaldeko Muga Euroafrikarreko migrazio-fluxuak aztertu ditu. Besteak beste, 27 ontzidi desagertu dira, eta 129 adingabekok bizitza galdu dute aldi horretan.
2026eko ekainaren 17 - 08:53
Gutxienez 1.317 pertsona hil dira urtarrila eta maiatza artean Espainiako Estatura iritsi nahian
— ARGAZKIA Open Arms

Caminando Fronteras Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) argitaratu berri duen txosten baten arabera, 2026ko lehen bost hilabeetan 1.317 pertsona hil dira Espainiako Estatura iritsi nahian. Hori horrela, erakundeak txostenean jaso du migrazio-fluxuek behera egin dutela zenbakitan, baina Espainiako Estatura heltzeko bideak inoiz baino "arriskutsuagoak" eta "hilgarriagoak" direla.

GKEak Mendebaldeko Muga Euroafrikarra (mendebaldetik ekialdera, Mendebaldeko Saharan hasi eta Aljeriaraino iristen den lurraldea da hori) aztertu du, hainbat baitira zonalde horretako migrazio-bideak: hala nola itsasartekoa, Aljeriakoa, lurrekoa edo Kanariar Uharteetakoa. Hala, argitaratu dituzten datuon arabera, gutxienez, 150 ezbehar jazo dira iragan bost hilabeteetan; eta hildakoen artean, 129 adingabeko identifikatu dituzte jada. Gainera, txostenean jaso dute gutxienez 27 ontzi desagertu egin direla, baita horietan zeuden pertsona guzti-guztiak ere. Hildako lagunen batez bestekoa ikaragarria da, hortaz: 2026ko urtarriletik maiatzera, egunero-egunero, zortzi pertsona migrante hil dira zonalde horretan.

Aipatutako migrazio-ibilbideen artean, batetik, Kanariar Uharteetara heltzeko ibilbidea erabili dute gehien migranteek. Iaztik, fluxua txikitu egin da, baina hilkortasuna, ordea, hazi: 635 lagunek galdu dute bizia uhartedira heldu nahian. "Kanariar Uharteetara heldu diren pertsona migranteen kopurua %72 jaitsi bada ere, iaz iristen ziren ehun lagunetatik hamalay hiltzen ziren; aurten, ordea, ehun lagunetatik 21 hil dira aldi berean", adierazi du Caminando Fronteras-ek. Bestetik, Aljeriako bidean lehen aldiz 500 lagun baino gehiago hil dira Europara iristeko ahaleginean; eta, iaztik, bide horretako kopurua %54 hazi da. Bukatzeko, GKEak emandako datuon arabera, gutxienez 99 pertsonek galdu dute bizitza itsasarteko ibilbidean, eta beste 48k Ceutako Harresian.