AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Nesken irudi sexualizatuak partekatzeko kanal bat salatu dute Arrigorriagan
Hego Uribeko Itaiak jakinarazi duenez, Arrigorriagako eta inguruko herrietako emakumeen irudiak zabaldu eta komentario misoginoak egiten dituzte hainbat mutilek Telegram kanal batean.
2026eko uztailaren 24 - 09:40
Nesken irudi sexualizatuak partekatzeko kanal bat salatu dute Arrigorriagan

Duela bi aste, Hego Uribeko Itaiarengana jo zuen Arrigorriagako (Bizkaia) neska batek, hainbat gizonek Telegram plataforman martxan daukaten kanal baten berri emateko. Talde horretan, Arrigorriagako eta inguruko emakumeen irudiak partekatzen dituzte, "komentario sexualizatzaileak eta misoginoak" egiteko. 

Hego Uribeko Itaiak ohartarazi du larriagotzen ari dela matxismoa, besteak beste, "sare sozialen bidez eta influencer matxisten eta erreakzionarioen eskutik emakumeen irudi sexualizatua indartu delako". Eta gaineratu du: "Horrek eragin berezia du gazteen artean, eta emakumeak mespretxatzen dituzten, erasoak justifikatzen dituzten eta haiekiko edozein jokabide onargarria dela sinetsarazten duten mezuak normalizatzen laguntzen ari da".

Honakoa ez da gizon mordoak osatutako online talde bat argitara ateratzen den lehen aldia, Itaiak gogorarazi duenez: "Ezagunak egin dira emakumeei eraso egiteko aholkularitza taldeak edo emakumeen kontrako mezuak zabaltzeko talde misoginoak". Horiek horrela, Emakumeen Antolakunde Sozialistak defendatu du ezinbestekoa dela matxismoaren aurkako jarrera hartzea, "hori egin ezean, matxismoa normalizatzen eta erasotzaileen inpunitatea areagotzen delako".