AEBetako Estatu Departamentuak, Washingtondik, neurri murriztaile gehiago iragarri ditu Kubaren aurka: bederatzi erakunderen eta gobernuarekin lotura duten bi funtzionarioren aurka, hain zuzen ere. Erabaki ofizialaren helburua da Miguel Diaz-Canel presidentearen gobernuari zuzenean mugatzea baliabide ekonomikoetarako sarbidea, Estatu Batuetako agintaritzek argudiatu baitute "legez kanpokoa" dela baliabide horien jatorria. Erabakia, ordea, blokeoa gogortzeko pauso bat gehiago da.
AEBetako diplomaziaren komunikatuak seinalatutako erakundeen artean, energiaren sektoreko hiru enpresa nabarmentzen dira: Petrolioaren Ikerketa Zentroa (CEINPET), Energia Enpresa S.A. (ENERSA) eta Einarbo S.A. Halaber, Donald Trumpen administrazioak Mariel S.A.-ren Edukiontzien Terminala sartu du zerrendan, Karibeko herrialdeko portuko operadore nagusia, "Grupo de Administración Empresarial S.A. (GAESA) konglomeratu militarrak gidatutako ihes-sare baten parte dela" esanez, "enbargoa saihesteko ". Kubako nazioarteko mediku-misioen sistema ere hartu dute jomugan AEBek, Etxe Zuriak bereziki seinalatutako programa bat.
Banakako arloan, zigorrek zuzenean seinalatzen dituzte Kubako Osasun Publikoko ministro Jose Angel Portal Miranda eta Lankidetza Medikoko Unitate Zentraleko (UCCM) zuzendari Gretza Sanchez Padron. Izendatze horrek ondorio legalak ditu, AEBetako lurralde- edo lege-jurisdikziopean dauden pertsona zigortuen aktibo, jabetza eta interes guztiak berehala izozten baitituzte. Era berean, Estatu Batuetako herritarrei edo korporazioei debekatu egiten zaie inplikatuekin edozein motatako transakzio komertzialak egitea.
Azken ebazpen hori hilabete batzuk lehenago hasitako gogortze sistematiko baten jarraipena da. Ekainean, Washingtonek antzeko murrizketa batzuk ezarri zituen Miguel Diaz-Canel presidentearen, haren familiako kide batzuen eta Raul Castro agintari ohiaren seme Alejandro Castro Espin koronelaren aurka. Aldi berean, AEBetako Justizia Sailak indarrean mantentzen du Raul Castroren aurkako auzipetze judiziala, 1996an izandako "bi hegazkin zibilen eraispenean izan zuen erantzukizunagatik".
Habanatik, Kanpo Harremanetarako Ministerioak gogor erantzun du, AEBen neurriak gaitzetsiz. Bruno Rodriguez Kubako kantzilerrak publikoki salatu du "eraso-ekintza" bat dela honakoa, "Kubako herri osoaren aurkako zigor kolektibo" bat ezartzeko. Uharteko diplomaziaburuaren esanetan, Etxe Zuria setio ekonomikoaren ondorioak ezkutatzen saiatzen ari da, eta, aldi berean, AEBetako Gobernuari leporatu dio "asmo genozidak" izatea, krisi humanitarioa maila handian eragiteko.