AKTUALITATEA / Arrazakeria
Mobilizazio antifaxista jendetsuak Belfasten eta Glasgown
Istiluak eta komunitate migratzaileen aurkako erasoak astebetez luzatu ostean, milaka pertsonak aurre egin diete bi hiriburuetan bildutako talde faxista mugatuei.
2026eko ekainaren 15 - 13:24
Mobilizazio antifaxista jendetsuak Belfasten eta Glasgown

Astebeteko istilu larrien eta pogromo arrazisten ostean, milaka lagun kalera atera ziren larunbatean Belfast eta Glasgow hirietan, etorkinen aurkako indarkeria gaitzesteko eta eskuin muturrak aurrera egin dezan galarazteko, Morning Star eta Red Pepper hedabideek zehaztu dutenez. Mobilizazioek zuzenean erantzun zieten talde unionistek koordinatuta azkenaldian izan diren erasoei; egun batzuk lehenago, zauritu ugari eragin zituzten naziek, nahita piztu zituzten suteak atzerriko herritarren etxebizitzetan, eta erlijio-zentroak setiatu zituzten Irlandako eta Eskoziako hainbat herritan.

Belfasten jendetza bildu zen udaletxe inguruan, aurreko astearen hasieran izandako ekintza arrazistak salatzeko, eta bat egin zuten aurreko egunetan sindikatuek eta langile-antolakundeek markatutako jarrerarekin. Erantzun antifaxista Glasgown ere nabarmendu zen, izan ere, astearte gauean hasita, Belfasten sortutako tentsioa bertan ere hedatu zen. Hiriaren erdialdean eraso arrazistak izan ziren eta konfinamendu prebentiboa ezarri behar izan zuten bertako meskita batean, kaputxadun unionisten jazarpena zela-eta. Larunbateko protestan, Stand Up to Racism Glasgow plataformak antolatuta, jendetza bildu zen Royal Concert Hallen aurrean, eta nazien talde txiki bat gainditu zuten antifaxistek. Eskoziako Poliziak babestu zituen faxistak, polizia-lerro handi bat ezarriz. 

Eskuin muturreko talde txikiak oihu islamofoboak eta nazien agurrak egiten zituen bitartean, berehala erantzun zuen arrazismoaren aurkako mobilizazio masiboak, Unite sindikatuaren eta hainbat kolektiboren babesarekin. Errefuxiatuei ongietorria emateko abestiekin ito zituzten faxisten mezuak, eta aho batez oihukatu zuten "Zabor nazia, gure kaleetatik kanpo".