AKTUALITATEA / Migrazioa
Lau urte Melillako hesiko sarraskitik: 70 bat pertsona erail zituen Poliziak
Marokotik Melillara pasatu nahian ari ziren ehunka lagunen kontra izugarrizko bortizkeriaz jo zuten Marokoko poliziek eta Guardia Zibilak. Espainiako Estatuan hilabete gutxira artxibatu zuten auzia.
2026eko ekainaren 25 - 10:03
Lau urte Melillako hesiko sarraskitik: 70 bat pertsona erail zituen Poliziak
— ARGAZKIA Telecinco

Duela lau urte, 2022ko ekainaren 24an hain zuzen ere, Marokoren eta Espainiako Estatuaren arteko muga gurutzatzen saiatu ziren ehunka pertsona (ia 2.000 izan ziren hainbat iturriren arabera), Melillako hesia igarota. Bi estatuetako polizia-indarrak, ordea, ikaragarrizko biolentziarekin saiatu ziren haien saiakera oztopatzen, eta gogor kargatu zuten migratu nahian ari zirenen kontra.

Biktimen kopuru zehatza ez da sekula argitu, baina zenbait Gobernuz Kanpoko Erakundek azaldu izan dute 70 lagun erail zituztela egun horretan. Iturri ofizialen arabera, 23 inguru izan ziren. Horrez gain, baina, hainbat pertsona desagertu ziren sarraskian.

Badirudi Marokoren lurraldean izan zirela erailketa denak, Marokoko jendarmeen aldetik hain zuzen ere, baina gerora argitaratu diren informazioek erakutsi dute Espainiako Guardia Zibilak ere bortizki jardun zuela: gasa erabili zuen pertsona horien aurka, eta harriak bota zizkien.

Sarraskia gertatu eta bi urtera, 2024an, Marokoko Fiskaltzak bertan behera utzi zuen Melillako hesian gertatutakoari buruzko ikerketa, eta auzia artxibatu zuten. Bada, Espainiako Estatuan are ahalegin txikiagoa egin zuten gertaerak argitzeko eta erantzukizunak eskatzeko: Espainiako Fiskaltzak 2022ko abenduan artxibatu zuen ikerketa, eta ez zuten inolako neurririk hartu Guardia Zibilak edo Barne Ministerioak ardura har zezaten.