AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Eneko Carrion
2024/03/18 18:50

Konturatzerako, curriculum digitala edota konpetentzien ebaluazioa bezalako kontzeptuek beren tokia egin dute hezkuntzako hiztegian. Hezkuntzan lanean ari den edonor ohartu da aldaketaz. Prozesu hori ulertu nahi badugu, ordea, hezkuntzaren esparrutik haratago joan eta lan-munduko eraldaketetan arreta jarri behar dugu. Enpresarien eskariak aldatu egin dira; lanpostu egonkor eta iraunkorrak iraganeko kontua dira; orain, langileek lan prekarioetara egokitzen jakin behar dute, etengabe beren burua berrerabiliz, euren ezagutza eta trebetasunak zaharkituta gelditu direlako. Eta hezkuntzak eginkizun giltzarria du prozesu horretan.

Ekoizpen-eredu fordistaren agortzea, industriak garrantzia galtzea eta ekonomia-politika keynesiarraren eraginkortasun eza Mendebaldeko herrialdeek 70eko hamarkadatik pairatzen duten geldialdi ekonomiko globalaren hiru adierazle dira. Horrek beharrezko bihurtu du Ongizate Estatuari lotutako hezkuntza-ereduaren aldaketa. Bere ezaugarri nagusia da hezkuntzak enpresarien beharrei azkarrago eta egokiago erantzuteko beharra. Horixe da hezkuntzan ikus ditzakegun joera guztien ardatza. Era berean, hezkuntzak errentagarria izan behar du, hots, enpresari batzuek beraien beharretara egokitzen den eskulana lortzen duten bitartean, beste batzuek negozio ikaragarria egiten dute hezkuntza-sistemaren bitartez. Prozesu hori agerian uzten duten bi fenomeno dira digitalizazioa eta konpetentzien bidezko ebaluazioaren sistema. Artikulu honek hezkuntza-komunitateko kideon artean hausnarketa eta eztabaida zabaltzeko elementuak eskaini nahi ditu.

Konpetentzien sistema

Produktibitatea hobetzea bihurtu zen garatutako ekonomien behar nagusietako bat, eta horretarako, produktibitateari ekarpenik handiena egiten dioten ezagutza eta trebetasunak identifikatu beharra zegoen. Hor sartzen da konpetentzien bidezko eredua.

Teoria hori 70eko hamarkadan garatu zen nagusiki. Horretan aritu zen, esaterako, McClelland psikologoa (Harvardeko irakaslea). Bere ikerketekin, ofizio batean aritzeko errendimendurik handiena zekarten gaitasunak identifikatu zituen: aukerak identifikatzeko, aprobetxatzeko eta oztopoak gainditzeko gaitasuna; norberaren jardunaren jarraipena egiteko gaitasuna; funtzioak betetzeko beharrezko denbora optimizatzeko gaitasuna eta modu asertiboan komunikatzeko gaitasuna. Harvardeko irakaslearen jarraitzaileetako bat Richard Boyatzis izan zen, psikologiako irakasle eta McBer enpresako aholkularia. Hark, bere metodologia aplikatuta, enpresa bateko goi-kargu batek izan beharko lituzkeen oinarrizko hemeretzi konpetentziak identifikatu zituen.

Hezkuntzak produktibitatearen hobekuntzan laguntzeko beharretik abiatuta, hezkuntzari buruzko ulerkera-marko berri bat ezarri zen, zeinak hezkuntza giza-kapital gisa itzultzen den inbertsio moduan ulertzen duen. CERIk (Centre for Educational Research and Innovation; giza-kapitaleko inbertsioak zuzentzeko OCDEren instituzioa) horrela definitu zuen giza-kapitala 1998an: "gizabanakoei dagozkien ezagutza, trebetasun, konpetentzia eta bestelako ezaugarriak, jarduera ekonomikoan garrantzitsuak direnak". Ikuspegi aldaketa horrekin, askotariko proiektu eta proposamenak garatzen ari dira nazioz gaindiko erakundeak. Azpimarragarrienetako batzuk izan dira Tuning gisa ezagututakoa, DeSeCo (Definition and Selection of Competencies: Theoretical and Conceptual Foundations), PISA proba entzutetsuak edota UNESCOk argitaratutako Hezkuntzak altxor bat dauka ezkutatuta. Uste dut Europako instituzioek hezkuntzaz duten ulerkera oso argiki azaltzen duela EBren Gaitasun berriak lanpostu berrietarako txosteneko aipu honek:

"Enplegatzaileek gaitasun transbertsalak bilatzen dituzte, komunikaziorako gaitasuna edo analisirako eta problemen ebazpenerako gaitasuna bezalakoak. Helburu hori erdietsiko da politika aktiboak ezarriz eta hezkuntza- eta formakuntza-sistemen efikazia hobetuta".

Ikuskera horrek ezagutza zer den ulertzeko beste modu bat ere badakarki, zeinak, nire ikuspuntutik, lanerako erabilgarria den horretara mugatzen duen ezagutza, eta, ondorioz, irakaskuntza-jarduneko hainbat eduki desplazatzen eta ezabatzen dituen. Hau da, ekonomia-jardueran inpaktu askoz txikiagoa duten ezagutza eta gaitasunak ezabatu edo bigarren planoan uzten ditu.

Interneten gisako tresnak hedatzeak lan-mundua zein hezkuntza irauli ditu. Internet ezagutza-iturri nagusitzat hartzen da, eta, beraz, ikasleak ez du ezagutza memorizatu edo barneratu behar; eduki horietara iristeko gai izan behar du. Ondorioz, eskola jada ez da ezagutzaren transmisiorako espazio izango, eta ezagutza edo edukiak egoera konplexu eta ezezagunetan erabili eta aplikatzen irakatsi beharko du (analisirako gaitasuna eta problemen ebazpena). Urrats horri deitu izan zaio "jakitetik egiten jakitera" igarotzea. Baina, jakina, "egiten jakite" hori ezin da ulertu eginbehar zehatz eta errepikakor baterako prestakuntza gisa; hori fase industrial-fordistari lotuta egon izan da. Paradigma hori moldatzen jakiteari eta egoera ezezagunetan problemak ebazteari lotuta dago; gehiago egokitzen da gaur egungo garaira, posfordismo gisa ezaguna. Ezagutzaren aplikagarritasunak horrelako pisua hartzeak berekin dakar erabat ordezkatzea kulturan sakontzeko, pentsamendu aske eta kritikorako eta gizartearen eraldaketarako analisirako gaitasuna. Trebetasun horiek ez datoz bat enpresa-efizientziaren hezkuntza-ereduarekin. Izan ere, aipatutako ezagutza horiek, STEM (Science, Technology, Engineering, Mathematics) gisa ezagutzen diren jakintza teknikoek baino askoz ere denbora gehiago behar dute ekonomian inpaktu positibo bat izateko. Horregatik, besteak beste, giza-zientzien esparruko eduki asko Ipar Amerikako eta Europako unibertsitateetako curriculumetik baztertuak izaten ari dira.

Hala ere, ezin dezakegu esan hezkuntzak jada edukirik transmititzen ez duenik, gaur-gaurkoz, ideologizaziorako tresna nagusietako bat izaten jarraitzen baitu. Horren adibide garbia da enpresa, lidergotza eta ekintzailetzara bideratutako gero eta ikasgai gehiago txertatzea. OCDEren Finantza-Merkaturako Komisioak (CMF, Comisión para el Mercado Financiero) eta Seguru eta Pentsio Pribatuen Batzordeak (Comité de Seguros y Pensiones Privadas) esfortzu berezia egin dute finantza-munduaren ulerkera eta horrekiko jarrera eraldatzeko. Orain ikaslegoa ekintzailea izan dadin nahi dute, iniziatiba izan dezan eta sortzailea izan dadin (betiere merkatuaren beharrak asetzera mugatuta), hau da, ez dezala enpresaria esplotatzaile gisa ikusi, baizik eta aukera pertsonal gisa edo aliatu gisa. Uste dut horrek gazteenen artean ideia erreakzionarioak hedatzen lagundu duela.

Hori guztia inposatzeko eta onartua izan dadin, bai hezkuntza-komunitatean bai jendartean, beste mekanismo bat ere ezarri da: kanpo-ebaluazioa. Horien artean ezagunena PISA proba da. Bere helburua hezkuntza-errendimendua neurtzea eta ikasleen oinarrizko konpetentzien lorpen-maila egiaztatzea da, ranking bat ezarriz eta herrialdeen eta euren hezkuntza-ereduen arteko lehiakortasuna bultzatuz. Ebaluazio horien inposaketak are gehiago mugatzen du ikasgelako lana, zer irakatsi eta ikasi behar den ezartzen baitu. Horrek are gehiago murrizten ditu jada urriak diren askatasuna eta autonomia irakasleentzat.

Digitalizazioa

Ikaslegoa enpresarien interesen arabera moldatzeaz gain, izugarrizko irabaziak lortzeko negozio-iturri ere bada hezkuntza. Aukerak ia infinituak dira: softwareak, datu-baseak, ikasgeletarako ordenagailuak, arbela digitalak, online ikastaroak, akademiak, aplikazio eta plataformak, eta abar luze bat. Hezkuntza digitalaren mundu mailako merkatuaren neurria 20 mila milioi dolarrekoa izan zen 2021ean, errentagarritasun-tasa oso altuarekin (2022rako espektatiba %31,7koa zen). Azken hamar urteetako bilakaerak argi erakusten du aipatzen ari garen hazkunde ikaragarria. Gainera, aipatzekoa da hazkunde hori ez dela AEBetara edo Europara mugatzen; Txina edo India bezalako herrialdeak dira hezkuntzako teknologietan gehien inbertitzen dutenetako batzuk.

Gure inguruko instituzioetan arreta jartzen badugu, ikus dezakegu Eusko Jaurlaritzak 18 milioi euro ordaindu zizkiola Microsofti azpiegitura teknologikoaren ardura har zezan, eta Google-ekin akordioa sinatu zuela 2022an Workspace for Education zerbitzua erabiltzeko, milioika ikasle eta irakasleren datuak erraldoi teknologikoaren esku jarriz. Horrez gain, hor daude Chromebook-en erosketa masiboak: bakoitzak 300 eta 445 euro artean balio du. Ez dira teknologia-enpresak hezkuntzako negoziora jauzi egin duten bakarrak; bestelako finantza-enpresa batzuek ere beren inbertsioak areagotu dituzte, interes ekonomiko eta politikoagatik. Horren adibide da Owl Ventures, arrisku-kapitaleko firmarik handiena mundu mailan, eta hezkuntzako teknologien merkatuan diharduena. 2 mila milioi dolar baino gehiago ditu aktiboetan: hezkuntzaren eraldaketa digitalerako aholkularitza eta laguntza eskaintzen ditu mundu osoan. Espainiako Estatuari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu espainiar konpainia handiek ere hezkuntza-sektoreko inbertsioak areagotu dituztela, bai interes ekonomikoagatik, baita interes ideologikoagatik ere. Hemen adibide batzuk:

  • "Hasi Heztetik (Empieza por Educar), 2011. urtean sortua, irabazi-asmorik gabeko antolakunde independentea da, inongo erakunde politiko zein enpresa-entitaterekin loturarik ez duena". Hori dio euren web-orriak, eta, pixka bat beherago jarraituz gero, irakurriko dugu antolakunde "independente" horren lehendakaria Ana Botín dela eta EntreProfes, fundazioaren proiektu izarra (irakasleentzat online-prestakuntzarako espazioa), Telefónica Fundazioarekin elkarlanean sortu zela.
  • La Caixak Educaixa dauka, irakasleentzako formakuntza-programa bat, hezkuntzako eraldaketa bultzatzeko helburuarekin.
  • Amancio Ortega Fundazioak 50 plaza eskaintzen ditu urtero, interesa duten irakasleek urtebeteko formakuntza izan dezaten Kanadan.

Eta batzuk aberasten diren bitartean, digitalizazio masibo horren ondorioak ikasle eta irakasleok pairatzen ditugu batez ere. Ikaslegoan ikusten ditugun arazoetako asko ezin zaizkio hezkuntzako digitalizazioari soilik egotzi, digitalizazioa gizarte osoko fenomeno bat baita. Hala ere, hezkuntzaren esparruko digitalizazioa bada kausetako bat. Gero eta ikerketa gehiagok azpimarratzen dute gazteen artean hainbat gaitasun murrizten ari direla: irakurketarako gaitasuna, ulermenekoa, kontzentratzekoa zein komunikaziorakoa, besteak beste. Ikerketen arabera, hamabost urtean, lau segundoko kontzentrazio-gaitasuna galdu dugu, eta badirudi beheranzko joerak jarraituko duela.

Azeleratutako digitalizazio horrek bestelako fenomeno batzuk ere ekarri ditu: lo-falta, isolamendu soziala, ziberjazarpena eta abar. Irakasle bakoitza bere kasa egiten saiatzen denetik haratago (zeina ondo dagoen eta zeinari balioa eman behar zaion), seinalatu beharra dago agerikoa dela teknologiak erabiltzeko orduan dagoen irizpide pedagogiko falta. Ez da arrazoitutako plangintzarik egin tresna digitalak noiz, non, nola eta zertarako erabili behar diren zehazteko. Dena dekretu bidez inposatzen da, eztabaida eta hausnarketarako espaziorik sortu gabe, eta izaten ari den ondorio kaltegarriei entzungor eginda. Gainera, tresna digitalak hedatu diren arren, ez da bermatzen ikaslegoaren prestakuntza digital egokirik.

Inposaketa horien eta hezkuntzako joera horien adibide garbi bat ikus dezakegu Europako Funts ezagunetan. Aurrekontu-partida nagusietako bat, Hezkuntza eta ezagutza, etengabeko prestakuntza eta konpetentzien garapena izenpean, hezkuntza-eraldaketara bideratuta dago eta 7.360 milioi eurokoa da, hiru lerro hauen artean banatuta:

  • C-19. Konpetentzia Digitaletarako Plan Nazionala (3.593 milioi)
  • C-20. Lanbide Heziketa bultzatzeko plan estrategikoa (2.075 milioi)
  • C-21. Hezkuntza-sistemaren modernizazioa eta digitalizazioa (1.698 milioi)

Funts horiek oso ondo laburbiltzen dituzte inposatzen ari diren hezkuntza-ereduaren ezaugarriak eta zer behar laborali erantzuten dieten. Plan horiek guztiek hauxe bilatzen dute: gutxiengo bat gaitasun handiekin prestatzea, sistema teknologiko konplexuak maneia ditzan; enpresari batzuen irabaziak handituko dituen digitalizazio masibo bat, eta Lanbide Heziketa hedatzea. Azken horrek, unibertsitate-gastua murrizteaz gain, bilatzen den profil profesionalera hobeto egokitzen den eskulana lan-mundura txertatzea azkartzen du; gainera, sistema dualaren ondorioz, ia doakoa da eskulan hori.

Ondorioak

Aldaketa horiek guztiak ez dira ari gauzatzen hezkuntza-komunitateko kideen arteko eztabaida pedagogiko zabalaren ondorioz; dekretu bidez inposatzen ari dira, oposizio irmorik gabe. Horren adibide izan da LOMLOE, aipatutako joeretan sakontzen duen legea, baina PSOE gobernuan zela ezarri denez, protestarik eragin ez duena. EAEko alderdi politikoei dagokienez, orain, hauteskunde-kanpainan sartuta, esango digute beraiek konponbideak dituztela hezkuntzako arazo guztientzat (segregazioa, burokrazia, euskara, gaitasunen galera...). Bitartean, irtenbideak instituzioen kudeatzaileak aldatuta etorriko direlako ideia indartuko dute alderdien interesetara subordinatutako sindikatu jakin batzuek. Non geratu da interes elektoralen menpekoa ez den agenda politiko propioa?

Hauteskundeak pasatuta, ez da ezer aldatuko; enpresari batzuei mesede egingo dieten lege berriak inposatuko dituzte (azkenekoz EAEn onartu dena bezala), eta agintean dagoen alderdiak esango digu lege horrek aldaketa batzuk dakartzala, baina aldaketa gehiago nahi baditugu, eurengan konfiantza izaten jarraitu behar dugula. Amaierarik gabeko istorio baten modukoa da.

Alderdi eta sindikatuek euren interes partikularrak defendatzen dituzten bitartean eta beste batzuek negozioa egiten duten bitartean, hezkuntzak okerragotzen jarraitzen du: ikaslegoaren gaitasun kognitiboak okerrera egiten ari dira, eduki asko garrantzia galtzen ari dira, eta enpresarien esku-hartzea hazten eta hazten ari da. Inork ez du seinalatu eta zalantzan jartzen hezkuntza enpresarien interesen menpe egotea. Benetako aldaketa baten bila bagabiltza, eta ez partxeak jartzen, kritika arazoaren errora zuzendu behar da. Baina ezin gara analisi eta hitzetan gelditu; pauso bat eman behar dugu aurrera, eta ez irakasleek soilik, hezkuntza-prozesuan inplikatutako agente guztiok hartu behar dugu parte.

EZ DAGO IRUZKINIK