Okupazioaren kriminalizazioa ez da auzi berri bat. Aspaldian hitz egin izan da okupazioaren kontrako ofentsibaz, zeina mekanismo ezberdinen bitartez gauzatzen den; masa komunikabideak, erreforma juridikoak, zerbitzu parapolizialen hedapen eta garapena eta abar. Mekanismo horien bitartez, orokorrean okupazioaren eta konkretuki Langile Kontrolpeko Espazioen kontrako erasoaldi bat izaten ari da. Izan ere, Kapitalak, errentagarritasuna berreskuratze aldera, gizartea berregituratzea behar du.
Berregituraketa hori gauzatzeko, metaketa-fase berri bat abiarazteko baldintzak ezartzeko erreforma juridiko, politiko eta sozialak egiten dihardute. Krisi kapitalistak determinatutako errealitatean, aipaturiko berregituraketa Estatuaren esku-hartzearen bitartez ere gauzatzen da kasuan kasu, izan metaketa fase berri horretara egokitzeko beharrezkoa den bizi eredurako kondizioak jarrita, izan sor litezkeen erresistentzia eta ziurtasun-gabezia egoerak saihesteko edota zigortzeko mekanismoak ezarrita. Horren baitan koka ditzakegu PSOEren eta Podemosen gobernuaren lege erreformak Espainiako Estatuan. Konkretuki, testu honetan, usurpazio delituaren bueltan egin nahi diren azken aldaketez arituko naiz, baita horrek Estatuaren deriba totalitarioarekin duen harremanaz ere.
Lehenik eta behin, gogora ekarri nahiko nuke ez dela azken urteetako lehen lege aldaketa. 2018an Lege antiokupa deitu zitzaiona sartu zen indarrean. Horren bitartez, Prozedura Zibileko Legearen (LEC) 447. artikuluko 3 bis atala ezarri zen. Atal berri horrekin, demanda “okupatzaile ezezagunen” kontra jartzeko aukera zabaltzen zen. Horrela, aurretiaz inor identifikatu gabe eta, batez ere, espazioaren kontra demanda jartzeko aukera ireki zen, unean-unean espazio horretan bizi zenaren edo zegoenaren kontra joz. Horretaz gain, demanda baten bitartez, okupaturiko espazioa berehala itzularazteko eska dezake jabeak. Ondoren, bost eguneko tartea eskaintzen zaio espazioan dagoenari, titulu legitimo bat aurkez dezan. Denbora hori igarota eta titulurik egon ezean, desalojo agindua ematen du epaileak. Mekanismo horren bitartez, okupaturiko espazioen husterako aginduak lortzeko prozedura azkartzea lortu zen.
Horren ondoren, Estatuko Fiskaltza Orokorrak 2020ko irailaren 15eko instrukzioa argitaratu zuen. Horrekin, besteak beste, usurpazio delituetan kautelazko neurri bat hartzeko aukera ireki zen. Horrela, pertsona fisikoek, izaera publikoko pertsona juridikoek eta irabazi asmorik gabeko entitateek, salaketa bat jartzearekin batera, kautelazko huste bat eska dezakete, espazio baten desalojorako aukera egun gutxi batzuetara laburtuz.
Duela aste batzuk aurkeztu zuten PSOEren azken lege aldaketa proposamena, eta Estatuko Fiskaltzak 2020an emandako instrukzioa garatzea ahalbidetzen du neurriak. Izan ere, Zigor Prozedurako Legearen 544 sexies atala txertatu nahi dute: espazio bat hustea erabaki ahal izango du epaileak edo auzitegiak, 48 orduko epean gehienez, jabeak (edozein dela ere, jabe handi bat, funts putre bat nahiz banku bat) hala eskatuz gero, eskaera egiten denetik edo polizia-atestatua igortzen denetik zenbatzen hasita. Orain arte ez bezala, mekanismo horren bitartez, jabe handiek eta enpresa pribatuek lehenago eskuratu ahal izango dituzte espazioak. Okupazio legitimorako aukerak modu drastikoan txikitzen ditu horrek.
Hala ere, PSOErena ez da usurpazio delitua edo okupazioaren auzia zigortzea helburutzat duen lege proposamen bakarra izan. Besteak beste, hurrengoak dira orain arte hainbat alderdi parlamentariok proposatutako aldaketak eta neurriak. En Común talde parlamentarioaren kasuan, udal administrazioek espazioak husteko neurriak hartu ahal izatea gehitzen dio PSOEren proposamenari. Alderdi Popularrak, bestalde, usurpazio delituari jarritako zigorra zabaltzea proposatzen du, isun bat jartzetik, sei eta hemezortzi hilabete arteko kartzela-zigorrak jartzeko aukera egon dadin. Auzokideei espazioak desalojatu ahal izateko mekanismoak ematea eta okupaturiko etxebizitzetan erroldatzeko aukera kentzea ere proposatu du. Horretaz gain, etxebizitza izaera kendu nahi die okupatutako etxebizitzei, intimitaterako eskubidea ukatuz eta, beraz, baita bizilekuaren estaldura juridikoa ere. VOXen bereizgarriak, berriz, kartzela-zigorra oraindik eta handiagoa izatea eta poliziari edozein unetan agindu judizialik gabe espazio okupatuetara sartzeko eskumena ematea dira.
Neurri eta mekanismo juridiko-politiko horiekin guztiekin kolpatzen dena espazioen gaineko langile kontrola da. Eta hori ezin da krisiaren testuinguruan baino ulertu. Proletarizazio prozesuak eta horri ematen ari zaion irtenbide totalitarioak zeharkatzen dute okupazioaren kontrako ofentsiba. Gauzak horrela, langabezia orokortuak, oinarrizko produktuen prezioen gorakadak, zerbitzu publikoen okertzeak eta abarrek oinarrizko bizi bitartekoak ukatzen dizkiote langileriari, eta, horiek eskuratzeko, espropiazio zuzenera jotzeko arriskua sortzen da. Alderdi politikoek, baina, pobretzea borrokatu beharrean, espropiazio joera horri aterabide polizial eta penala ematen diote. Horren erakusle dira ebasketak zigor altuagoekin kolpatzeko aldaketa, poliziaren aurrekontuak handitzea edota Zigor Kodearen erreforma gauzatzeko azken proposamena; azken horren bitartez, mobilizazio eta protesta jendetsuetan egon daitezkeen tentsio egoerak hiru eta bost urte arteko espetxeko-zigorrekin kolpatzeko aukera irekitzen da. Testuinguru orokor horretan, okupazioaren kontrako ofentsiba eta zehazki PSOEk eta gainontzeko alderdiek aurkeztu dituzten lege proposamenak horretara datoz: espazioen gaineko langile kontrola ezabatzera.
Egoera honetan beharrezkoa da Langile Kontrolpeko Espazioen defentsa garatzea. Horretarako, kontuan izan behar dugu honakoa: gizarte kapitalistan, langileriak bere interesak defendatzeko eskubideak eskuratu baditu, klase arteko indar-harremanean bere alde eginda izan da. Hots, bere kabuz antolatuz lortu du borroka zelaia mugatzen duten baldintzak hobetzea. Esan bezala, une honetan, eta aurretiaz aipaturiko hamaika erreformen bitartez, joko zelai hori estutzen dihardute, eta nabarmena da Estatuaren totalitarismoranzko joera. Horren guztiaren aurrean, argi dugu Langile Kontrolpeko Espazioen existentzia bera langileriaren antolakuntzaren eta borrokaren ondorio izango dela. Are gehiago, langileriaren antolakuntza independentearen eta Prosezu Sozialistaren garapenerako beharrezkoak dira Langile Kontrolpeko Espazioak. Horregatik, PSOEren zein bestelako alderdien lege proposamenei eta, oro har, okupazioaren kontrako ofentsibari aurre egiteko unea da. Horregatik, ezinbestekoa da abenduaren 10ean Gasteizen eta Iruñean izango diren mobilizazioetan parte hartzea.