AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Nadia Perez
2022/12/11 22:07

Urteak pasatu dira La Manada kasuaren ondotik Espainiako Estatuko Berdintasun Ministerioak abusuaren eta erasoaren arteko desberdintasuna gainditzeko borondatea adierazi zuenetik. Bide horri jarraiki, aurtengo abuztuan Soilik baietz da baietz bezala ezaguna egin den legea onartu zuen Diputatuen Kongresuak. Eta askok emakumeon eskubideen aldeko lege abangoardistenetakoa bezala izendatu badute ere, hautsak harrotu ditu lege proposamenak. Aldiz, legea kritikatzeko nahi horren atzean, PSOEren eta Podemosen gobernua ahultzeko eta emakumeon aurkako jarrera erreakzionarioak sustatzeko nahia dago.

Zirko mediatiko horren erdian beharrezkoa da lege horrek eta horri lotutako proposamen politikoek indarkeria matxistaren aurkako lanketan duten muga politiko eta soziala azpimarratzea. Legearen inguruan egindako irakurketa juridikoek eztabaida aspektu konkretuetara mugatzen dute, eta, horien gaineko hausnarketak garrantzia badu ere, alboratu egiten da proposamen horien eraginkortasun erreala indarkeria matxistarekin amaitzeko bidean. Horrela, dimentsio honetako polemika baten aurrean beharrezkoa da auziak, hau da, emakume langileok bizi dugun biolentziak eta horren gaindipenak, benetan eskatzen dituen parametroetan kokatzea gure hausnarketa eta eztabaida.

Irene Montero fokuen erdian kokatu duen legeak badu aldaketa formalak gauzatzeko borondatea, aurreko legeetatik aldaketa terminologikoak eginez edota gaur egungo indarkeria matxista egoera berriak txertatuz. Besteak beste, sexu-biolentzia gisara barne hartuko dira erasoak, horrek biolentzia eta larderia existitu behar ez izatea eragin dezake, eta biolentzia-forma digitalak txertatzen ditu. Hala ere, hutsune juridikoak bistaratzen ari dira. Horien artean polemika sortu duena sexu-erasoak gauzatu dituztenen zigor-denbora txikitzeko aukerarena izan da, lege horrek zigorren muga zabaldu baitu. Horrek zigortzaileen eta prebentziozko proposamenen arteko eztabaida mahaigaineratu du. Victoria Rosell genero biolentziaren aurkako gobernuko ordezkariak argi adierazi zuen: ez dela lege zigortzaile bat proposatzen dutena eta zigor altuak ez direla eraginkorrak, kontrako eragina sortzen dutela. Gizartea onespenean heztearen beharra jarri dute zentroan. Horrela, norbanakoaren eta gizartearen pentsaeran aldaketa bat bultzatu nahi dute proiektu hezitzaileen bitartez. Argi dago zigorrak luzatzeak ez duela zertan segurtasun handiagoa ekarri, baina, era berean, prebentziozko neurrien eta gizarteratze proiektuen eraginkortasuna oso zalantzagarria da, biolentzia betikotzen duen egitura soziala desagertzearekin bakarrik uler baitaiteke hori guztia. Arau kultural matxista erreproduzitzen duen gizartean birgizarteratzeak zer zentzu izan dezake? Indarkeria matxistaren aurkako lan pedagogikoak ibilbide laburra izango du ez badugu emakumeok bigarren mailako subjektu bihurtzen gaituzten baldintzekin amaitzen.

Ikusten den bezala, legeek hutsuneak izan ditzakete, eztabaidak sortzen dituzte eta, horien ondorioz, beharrezko aldaketak egin daitezke. Aldiz, eztabaida horietan guztietan jokoan dagoena politika instituzionala da: eztabaidak hartutako zabalpen mediatikoak Berdintasun Ministerioaren eta, ondorioz, gobernuko alderdi ezkertiarren porrot politiko eta elektorala jartzen baititu jo puntuan. Hala, adierazgarria da eskuineko alderdiek lege hori aitzakiatzat hartuta  parlamentuan egunero sortzen duten zirkua. Asmo bakarra gobernuko alderdiak ahultzea eta, bide batez, iritzi atzerakoi eta erreakzionarioak indartzea da, modu horretan Kapitalaren ezkerrak zenbaitengan sorturiko etsipena eta desengainua bere aldeko boto bilakatzeko asmoz. Eskuineko alderdiek indarkeria matxistaren aurka duten proposamena kartzela-zigorra gogortzera mugatzen dute. Proposamen guztiz klasista da hori: zigorraren gogortasuna bakoitzak duen aberastasunaren menpe dago eta argi dute, modu horretara, dirurik ez duena kartzelan ustelduko dela eta dirua eta boterea duenak ez duela kartzela zapaldu ere egin beharko.

Ez dira, baina, legea propaganda elektoralistarako erabiltzen ari diren bakarrak. Gobernuko alderdiak lege feminista horren eta beste batzuen zabalpena modu paraleloan hartzen ari diren neurri autoritarioak ezkutatzeko erabiltzen ari dira. Ezin genezake ahaztu Espainiako Estatuko historiako gobernurik aurrerakoiena ari dela langile klasearen aurka zuzenean egiten duten legeak onartzen: lapurretengatik kartzelaratzeko aukera ematen duen Zigor Kodearen erreforma, okupazioaren kriminalizaziorako eta ilegalizaziorako PSOEren legea edota indar polizial eta militarren soldaten igoerak. Paradoxikoa dirudien arren, lege horietan egokia iruditu zaie kartzela-zigorrak indartzea. Erreforma eta lege horien izaera antiproletarioa da eta emakume langileon baldintza sozialak okertzea eragiten du, kalitatezko bizi-baldintzak izateko ditugun aukera urrien aurrean, kartzela-zigorrak, errepresioa eta miseria besterik ez baititu elikatzen. Zein emakumeren izenean hitz egiten dute pobreziara eta biolentziara kondenatzen gaituzten proposamen politikoek? Argi dago gobernuaren politika feministak Estatua indartzeko helburua besterik ez dutela. Horren ondorioz, momentuko aldaketak gauzatu daitezke, baina, esan bezala, horrek ez du emakume langileontzako proposamen askatzaile bat lortuko.

Hitz gutxitan, gobernuko alderdien lege proposamenek teorian aldaketak eragiten badituzte ere, gizarteko sektore zaurgarrienen arazoek edo problematikek bere horretan jarraitzen dute. Aldaketa horietarako aukera Estatuaren gaitasun ekonomikoek bermatzen dute eta, beraz, horien eraginkortasun erreala (kasu honetan ikusteko badago ere) oso mugatua izaten da eta ilusio erreformista baino ez dute elikatzen. Indarkeria matxistaren kasuan, esaterako, errealitatea kongresuan entzuten ari garenaren oso bestelakoa da: erasotuak diren emakumeek izugarrizko traba burokratikoekin topo egiten dute, egoera horietatik ateratzeko eskainitako zerbitzuen kantitatea eta kalitatea auzitan jartzekoa da eta erasotzaileen inpunitatea hainbat kasutan areagotu egin da. Eta ez da orain arte indarkeriaren aurkako lege proposamenik ez zegoelako, proposatzen diren laguntza guztiek ezintasun ekonomiko eta sozialarekin topo egiten dutelako baizik.

Egoera horretan, Estatuak eskaintzen digun limosnaren zain egotea ez da aukera bat. Kontrara, proposamen erreformista horiek seinalatzea lehentasunezko lana da, hori egin ezean kalean existitu daitekeen borroka grina apalduko bailitzateke. Baina egiteko horrek modu paraleloan indarkeria matxistarekin amaitzeko bide-orria fintzen eta eztabaidatzen joatea eskatzen du, irtenbidea ez baita etorriko berau betikotzen dutenen aldetik. Emakume langile guztion babesa bermatua izateko gaitasunak eskuratu behar ditugu. Horretarako, instituzioekiko independentea izango den antolakuntza propioa indartu behar dugu. Era berean, erasotzaileen aurrean erantzun irmoak eman behar ditugu, aurrekariak ipiniz eta erasotzaileek inpunitaterik izan ez dezaten. Baina, aurrekari horiek jartzeko, indarkeria normalizatzen duen gizartearen eraldaketa soziala bermatu behar da.

EZ DAGO IRUZKINIK