KOLABORAZIOAK / Indarkeria matxista
'Soilik baietz da baietz', lau urte eta gero: lege baten mugak
'Soilik baietz da baietz', lau urte eta gero: lege baten mugak

Badira epai batzuk auzitegietako hormak gainditzen dituztenak. Manada auziaren lehen epaiak, 2018an ezagutzera eman zenak, halako zerbait eragin zuen, eta egun gutxiren buruan, eztabaida juridikoa kaleetara hedatu zen. Ez zen soilik gertatutakoaren kalifikazio juridikoa zalantzan jarri; sexu-indarkeria ulertzeko indarrean zegoen eredu osoa jarri zen auzitan. Testuinguru horretan hasi zen mamitzen gero Soilik baietz da baietz (Solo sí es sí​) legean gauzatuko zen erreforma, zeinak, azkenean, ez baitzituen hasierako itxaropenak bete, errealitatea eraldatzeko ezintasuna agerian utziz.

1995etik indarrean zegoen Zigor Kodeak bi delitu mota bereizten zituen: sexu-abusua eta sexu-erasoa. Bereizketa horren oinarria zen ea erasotzaileak indarkeria edo larderia erabili ote zituen eta, beraz, baiezko kasuan, sexu-ekintza hori sexu-eraso gisa kalifikatu zitekeen, zigor altuagoa ezarriz. Horren arabera, pistolaz sexu-harremanak edukitzera behartzea sexu-erasoa litzateke, eta droga bidez menderatuz gero, berriz, abusua.

Emakumeon aurkako indarkeriaren inguruko kontzientzia soziala handitzen joan zen heinean, eredu horrek kritika ugari jaso zituen, ez soilik ondorio juridikoengatik, baita atzean zuen logikagatik ere. Praktikan, prozesu judizial askotan arreta biktimaren jokabidean jartzen zen: ea zenbaterainoko erresistentzia erakutsi zuen, ea zergatik ez zuen ihes egin edo ea nola erreakzionatu zuen. Horrela, indarkeria edo larderia frogatu beharrak biktimaren portaera epaitzera eramaten zuen epaiketa, nahiz eta jakina den egoera horietan pertsona askok ez dutela erresistentzia aktiborik erakusteko gaitasunik.

Manada-ren auziko sexu-ekintzetan larderiarik egon ez zela adierazi zuten Nafarroako auzitegiek: bost gizonek irteerarik gabeko atari batean 18 urteko neska bat sartzea, bortxatzea, grabatzea eta laguntzarik eskatu ahal ez izateko bere sakelekoa hartzea ez omen zen nahikoa intimidatorioa. Horrek galdera bat jarri zuen mahai gainean: benetan egokia al zen indarrean zegoen legeak sexu-indarkeria ulertzeko erabiltzen zuen eredua? Eta galdera horren alboan aldarrikapena: "Ez da abusua, bortxaketa da".

Testuinguru horretan, Manada auzia inflexio-puntu bihurtu zen. Gizartearen zati handi batek ez zuen soilik epai jakin bat zalantzan jarri; legearen beraren oinarriak eztabaidatzen hasi zen. Aldi berean, nazioartean ere sexu-delituen inguruko paradigma aldatzen ari zen. 2011ko Istanbuleko Hitzarmenak sexu-delituak pertsonaren borondate askearen urraketa gisa ulertzeko beharra ezarri zuen, eta Europako hainbat estatuk bere legeria egokitu eta onespenaren kontzeptua sexu-delituen definizioan txertatu zuten.

Gainera, prozesu judizialak iraun zuen bitartean, milaka pertsona batu zituen mobilizazio-ziklo bat garatu zen herriz herri eta hiriz hiri. Manifestaziorik jendetsuenetako batek 30.000 lagunetik gora bildu zituen Iruñean. Erantzun hori, gainera, ez zen fenomeno isolatua izan; nazioartean ere mobilizazio handien garaia izan zen, besteak beste, Argentinako Ni Una Menos mugimenduarekin, AEBetako Me Too ekimenarekin edo greba feministekin. Horrela, kaleetan sexu-indarkeriaren aurkako erantzun sozial zabal eta irmoa eratu zen.

Testuinguru juridiko, sozial eta politiko horretan jaio zen 2022ko Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko Lege Organikoa, Soilik baietz da baietz izenez ezagunagoa. Erreforma hori juridikoki Istanbuleko Hitzarmenaren araberako egokitzapena zen arren, orduko gobernuaren eta Berdintasun ministro Irene Monteroren interes alderdikoei erantzun zien, aukera eman baitzien popular bilakatutako aldarri hori bereganatzeko eta itxuraz erradikala zen erreforma bat burutzeko.

Ondorioz, Soilik baietz da baietz legearen bidez aurreko formekin eta sexu-delitu zein askatasun-sexualaren ulerkerarekin apurtu nahi izan zen: lehenik, erasoaren eta abusuaren arteko bereizketa amaitu zuen eta, bigarrenik, sexu-delituen definizioaren erdigunean onespena kokatu zuen. Baina bere asmoak urrunago zihoazen, onespen libre eta argiaren kontzeptuan oinarritzen zen sexu-askatasuna ulertzeko modu berri bat mahaigaineratu nahi izan baitzen; hau da, aldaketa esanguratsu bat proposatu nahi zen, nahiz eta horrek, ondoren frogatu bezala, ezintasun nabarmenak izan zituen.

Dena den, lege berria ustel atera zitzaien, berehala piztu baitzen onespenaren formulazioaren inguruko eztabaida. Izan ere, zer esan nahi du borondatea modu libre eta argian adierazteak? Eta, batez ere, nola balora daiteke prozesu judizial batean onespena egon den ala ez, froga bakarra pertsona baten hitza bestearenaren aurka denean? Zalantza horiei beste batzuk ere gehitu zitzaizkien, hala nola sexu-harreman batek irauten duen bitarte osoan onespena etengabe ematen dela nola egiaztatu daitekeen edo zein ondorio izan zitzakeen formulazio berriak segurtasun juridikoarentzat. Sektore erreakzionarioek, gainera, egoera probestu zuten eztabaida instrumentalizatzeko eta karikaturizatzeko. Besteak beste, sexu-harremanak izateko, aldez aurretik kontratu bat sinatu beharko litzatekeela iradoki zuten. Horrek guztiak onespenaren definizioaren zein hura aurrera eramaterako garaian egon zitekeen zehaztugabetasuna azaleratzen zuen.

Bestalde, erreformaz geroztik, sexu-askatasunaren aurkako jokabide guztiak sexu-erasoaren kontzeptuaren barruan bildu ziren, eta, horrek, Zigor Kodearen zigor-sistema osoa berrantolatzea ekarri zuen. Delitu desberdinak ziren jokabideak delitu bakar batean bildu zirenez, zigor-tarte berriak ezarri behar izan ziren. Horren helburua zen epaileei jokabide bakoitzari erantzun egokia emateko malgutasuna ematea. Dena den, berrantolaketa horren ondorioz, delitu batzuen gutxieneko zigorrak aurreko araudian ezarritakoak baino baxuago kokatu ziren. Horrek piztu zuen legearen inguruko polemikarik handiena.

Izan ere, Espainiako ordenamendu juridikoan, akusatuari mesedegarriak zaizkion lege penalek atzeraeragina dute, nahiz eta legea indarrean sartu aurretik epai irmoa eman eta subjektua kondena betetzen egon. Hori dela eta, sexu-delituengatik kondenatutako askok beren zigorrak berrikusteko eskubidea izan zuten, eta, ondorioz, eskaera ugari aurkeztu ziren legea indarrean sartu ondoren. Ondorioak bereziki larriak izan ziren: 2023ko datuen arabera 1.200 pertsona baino gehiagori zigorra murriztu zitzaien, eta 120 baino gehiago espetxetik atera zituzten. Horien artean, Manada auziko zenbait kideri ere zigorra murriztea onartu zitzaien.

Beste behin ere, gizartea asaldatu egin zen egoera horren aurrean. Montero ministroak, bere defentsan, epaileen interpretazioa kritikatu zuen eta legearen aplikazio okerra egotzi zien. Epaileek, berriz, lege penal onuragarriena aplikatzeko duten betebeharra azpimarratu zuten. Aldi berean, jurista askok legeak akats teknikoak zituela adierazi zuten, nahiz eta Justizia Ministerioak halakorik ukatu. Sortutako zalapartaren ondorioz, legea 2023an berriro erreformatu zen, eta zigor-mailak moldatu ziren arren, zigor-murrizketak ez ziren saihestu.

Polemika horrek, hala ere, ia erabat monopolizatu zuen eztabaida publikoa eta, beraz, bigarren mailan utzi zuen funtsezko auzia, hau da, emakumeen sexu-askatasuna ez dela bermatzen lege penalaren aldaketa hutsarekin.

Esan daiteke legeak balio deklaratibo bat duela. Lehen aldiz, ordenamendu juridikoak berariaz aitortu zuen sexu-harreman baten oinarria pertsonen onespen libre eta borondatezkoa dela. Ikuspegi horretatik, erreformak ekarpen sinboliko bat egin dakioke sexu-askatasunaren ulerkerari.

Hala ere, aldaketa normatibo batek, bere horretan, ez ditu automatikoki aldatzen justizia-sistemaren edo estatuko erakundeen izaera matxista eta klasista. Izan ere, lege berriak ez du desagerrarazi emakumeek sexu-indarkeriaren aurrean bizi duten errealitatea: biktimen kontakizunen sinesgarritasuna etengabe zalantzan jartzea, salaketa jartzeko prozesuaren gogortasuna, edo polizia-etxeetan eta epaitegietan gertatzen den bigarren mailako biktimizazioa. Are gehiago, Monterok berak egindako azken adierazpenen arabera, eraso sexualen %10 soilik salatzen dira, eta salatzaileen %100ek ez lukete berriro salatuko; hau da, legeak arazo honi irtenbiderik eman ez diola onartzen du.

Soilik baietz da baietz legearen bidez, gobernuak 2018an kaleetan piztutako borrokaren aldarriak bere egin nahi izan zituen. Hala ere, ikusi bezala, sexu-askatasuna bermatzetik urrun, aldarri horiek jardun instituzionalera mugatu ziren. Ondorioz, emakume langileon zapalkuntzari modu integralean aurre egiteko ikuspegi iraultzaile eta klasista baztertu zen, eta, aldi berean, kaleak hustu eta desmobilizazioa sustatu zen.

Bitartean, errealitateak latza izaten jarraitzen du, eta gero eta hedatuago dauden diskurtso eta ideia matxista zein erreakzionarioek egoera are gehiago larriagotzen dute. Horrenbestez, esan daiteke legearen bidez ez dela lortu matxismoaren aurkako borrokan aurrerapausorik ematea. Errealitateak ez baititu ekarpen sinbolikoak behar, indarkeria matxistarekin amaitzeko benetako proposamen bat baizik.

Horrela, azken urteetako esperientziak erakutsi du lege-erreformek eta politika instituzionalak ez dutela emakumeon zapalkuntzari errotik aurre egitea lortu. Alderdi politikoek lege hau bezalako neurriak onartu badituzte ere, bide instituzionalaren mugak agerian geratu dira. Erreforma honetan ere ikusi da lege-aldaketek ez dutela erasotzaileen inpunitatea amaitzea lortu; aitzitik, egungo matxismoaren normalizazioak erasotzaileek babestuago eta legitimatuago jarduteko baldintzak mantentzen ditu.

Nolanahi ere, Soilik baietz da baietz proposamenak aurrera egiten jarraitzen du instituzioetan. Aurten, Europar Parlamentuak haren alde egin du, eta beste hainbat estatutan ere antzeko erreformak onartu dituzte. Dena den, esperientziak erakutsi du legeak espero zen aldaketarik ez duela ekarri. Horregatik, argi dago indarkeria matxista deuseztatu nahi bada borroka berriro kaleetara itzuli behar dela, garai hartan bezala, herriz herri eta hiriz hiri. Horretarako, ezinbestekoa da antolakuntza-sareak indartzea eta borrokarako benetako gaitasuna garatzea.