Muskizen (Bizkaia) 29 urteko gizonezko bat atxilotu dute berriki, bere bikotekideari emandako tratu txar zitalengatik: badirudi erredurak egin izan dizkiola zigarroekin, kolpatu egin duela, eta "puta" hitza markatu diola azalean, kuter bat erabiliz.
El Correo-ren arabera, aurreko astelehenean izan zen indarkeria kasuaren berri. Izan ere, 21 urteko neska zauriturik eta noraezean aurkitu zuten kalean hainbat pertsonak. Ospitalera eraman zuten, eta bertan azaldu zuen zer nolako tratu txar fisikoak ematen zizkion bere bikotekideak aspalditik; bortxatu ere egiten zuen, aipatutako egunkariaren arabera.
Hematomak, erredurak eta markak topatu zizkioten antza. Biktimaren esanetan, hainbat aldiz autoan edo etxabean indarrez giltzaperatu zuen bikotekideak, eta familiarengandik urruntzera behartu zuen. Dena den, emakumeak gurasoei telefonoz hots egin zien aurreko asteburuan, eta horren ondorioz jipoitu zuen gizonak. Kalera ihes egitea lortu zuen neskak; orduan topatu zuten zenbait bizilagunek.
Antza denez, tratu txarren emaileak hainbatetan egin zuen mehatxu emakumearen gurasoei eraso egitearekin; eta, hain zuzen ere, euren etxetik gertu aurkitu eta atxilotu zuten, Barakaldon (Bizkaia). Epaileak, hala ere, bera aske uztea erabaki du, kautelazko neurriekin.