KOLABORAZIOAK / Faxismoa

Antifaxismoa eztabaidagai

Antifaxismoa eztabaidagai

Ikasturte berria hasi da eta faxismoa are eta bortitzago ageri da mundu mailan, baita Euskal Herrian ere. Azken egun eta asteak horren adibide dira. Etorkin bati aire-arma batekin tiro egin diote Donostian, kalera irten dira faxistak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, migratzaileen kanpin dendak erretzearekin gutxi ez eta zortzi urteko ume bat erasotu dute Ceutan, pintaketa faxistak agertu dira Nafarroako hainbat tokitan eta etorkinen mugimendua galarazten saiatu dira faxistak Portsmoutheko portuan, besteak beste.

Gainera, Espainiako zein Frantziako estatuetako hauteskundeak tarteko, eskuinak eta ultraeskuinak ezarriko duten agenda politikoak oraindik eta hauspo gehiago emango dio faxismoari, jada Ceutan ikusi den bezalaxe. Bitartean, PSOEri ez zaio gaizki etortzen faxismoaren mamua zabaltzea, gero faxismoaren aurkako alternatiba gisa aurkezteko bere burua. Kanpaina elektorala antifaxismoan oinarrituko duten bitartean, instituzioetatik eta interes elektoraletik kanpo antolatzen den antifaxismoa kriminalizatzen eta erreprimitzen jarraituko dute, ordea. Horrek guztiak eragina izango du gurean ere.

Egoera larria da, eta, kale mailan, jendearen gehiengoak arduraz bizi du, Euskal Herrian behintzat. Joan den ikasturtean Mugimendu Sozialistaren lan-lerro nagusietako bat izan zen honakoa. Faxismoaren aurka kaleak hartu genituen hainbat alditan eta ehunka gazterekin lan ideologiko nabarmena egin zen. Eta badira faxismoaren aurkako bestelako dinamika eta mobilizazioak ere. Azkena Ernaik Donostian Faxismoari ez, Euskal Herria irabaztera lelopean egindako manifestazioa izan da. Uda osoan zehar egoeraren aurrean gazteak kalera irtetearen beharraz aritu dira. Horretan ados gaude, noski, baina antifaxismoa eduki iraultzailez betetzeko beharra jarri behar dugu mahai gainean.

Zentzu horretan, azkenaldian, bizitzen ari garen garaiaren inguruko irakurketa antzekoa egiten dugula eman dezake. Kanpainan zehar kapitalismoren krisia eta faxismoaren zabalpena lotu dituzte, erreakzioa eskuineratze-prozesu orokortu gisa definitu dute, DNA antifaxistaren ideia baztertu eta Euskal Herriko egoera kulturala egondako borroka-tradizioarekin lotu dute... Hala ere, antzua da analisia horren atzean dauden klase-interesak aipatu ere ez badira egiten, eta autoritarismoaren gorakadan sozialdemokraziak eta zentro-eskuinak betetzen duen rolari entzungor egiten bazaio. Hainbatetan azpimarratu dugu honako ideia: oligarkia izaera autoritarioa izango duten estatuen aldeko apustua egiten ari da. Agerikoa da gobernu faxista eta ultraeskuindarrek prozesu hori azkartu egingo dutela, baina, gaur-gaurkoz, Espainiako Estatuan esaterako, erreforma hori gauzatzen ari dena PSOE da, industria militarra indartuz eta neurri autoritarioak aplikatuz.

Egoeraren analisia alde batera utziz, faxismoa gelditzeko bide eraginkorrena Euskal Herriaren eraikuntza dela izan da haien kanpainako ideia zentrala. Gazteak askapen-prozesura batzea izango da faxismoaren aurkako euste-horma, baina zertan da askapen-prozesua? Egun ez dago martxan euskal estatu bat lortzeko prozesu independentistarik. Gutxienez bi arrazoiren ondorio izan daiteke honakoa: batetik, nazioartean dagoen indar-harremanak aukera hori blokeatzen duelako, esaten duten gisara; baina, bestetik, erreferente estrategikotzat duten EH Bilduk independentismoa alboratu eta autonomismoaren aldeko hautua egin duelako.

Argi dago faxismoa eta estatuen autoritarismoa gelditzeko derrigorrezkoa izango dela masazko erantzuna eta antolakuntza. Faxismoa, erreakzioa eta autoritarismoa fenomeno globalak dira, eta horrek, eraginkortasuna nahi baldin bada behintzat, antifaxismoa maila internazionalean artikulatzea eskatzen du. Ezin gara gurean gotortu, langile-mugimendua berrarmatzea eta mugimendu komunista lurralde desberdinetan hedatzea izango da faxismoa gelditzeko bermea. Horrek ez du ukatzen, inondik inora, nazio bakoitzeko errealitate konkretuei erantzuteko gai izango diren antolakundeen beharra, eta ezta ere, nazio-zapalduetako langileon autodeterminazio-eskubidea.

Antifaxismoa klase-ikuspegiz eta ikuspegi hegemonikoz hornitu behar dugu. Langileon batasuna egikaritu behar du, gehiengo iraultzailea artikulatu eta zapalkuntza guztien aurka egin. Faxismoa langileon aurkako mugimendua da, eskubide zibil eta politiko guztiak deuseztatzera datorrena. Nazio-zapalduen aurka egiten du, eta hala, Euskal Herrian maiz espainolismoaren edo frantziar chauvinismoaren eskutik dator. Horrek, ordea, ez du ezinezko bihurtzen euskal faxismo baten artikulazioa, beste nazio zapaldu batzuetan ikusi dugun bezala, Katalunian kasu. Identitarismoa sustatu beharrean, klase-batasuna hedatzeko momentua da.

Bidegurutze historiko baten aurrean gaude, bai: estatu autoritarioa edo estatu sozialista. Kapitalismoaren kritika jarri behar dugu erdigunean; izan ere, kapitalismoak bizirik dirauen heinean hor jarraituko du faxismoaren mamuak. Sozialismoa ez da auzi moral soil bat, sozialismoa estrategia iraultzaile bat da, zeinak nazioartean dagoen indar-korrelazioa aldatzeko potentziala duen. Ideia hori utopikotzat jotzeak ez dio mesede handirik egiten langile-mugimenduaren aktibazioari. Alternatiba ezin da instituzio burgesen kudeaketara mugatu, harago pentsatu behar dugu. Erreformismoaren eta burgesiaren eragin-esparrutik kanpo.

Espero dut, beste behin, kritika politikoa eta etsaitasuna ez nahastea. Garai konplexuak bizitzen ari gara eta beharrezkoa iruditzen zait gazteon artean eztabaida arrazionala sustatzea, posizioak argitu eta fintzeko asmoz.