AKTUALITATEA / Indarkeria matxista

21 antiabortistaren absoluzioa berretsi du Arabako Auzitegiak

"Frogatutako jokabidea ezin da jazarpentzat hartu", jasotzen du sententziak. Aurtengo udaberrian ere izan dira abortuaren aurkako kontzentrazioak Euskal Herriko hainbat hiriburutan, eta ultrakatolikoek zabaldutako mezu erreakzionariei aurre egin die Itaiak.
2026eko irailaren 14 - 07:57
21 antiabortistaren absoluzioa berretsi du Arabako Auzitegiak
— ARGAZKIA Gasteizko Itaiak iazko martxoan egindako protesta.

"Ez zen laido, intimidazio, hertsapen edo irain ekintzarik egon", dio Arabako Auzitegiaren ebazpenak, 2022ko irailaren 28tik azaroaren 6ra bitartean dozenaka ultrakatolikok Gasteizen egindako kontzentrazioen inguruan. Abortua gauzatzen duten kliniken aurrean elkarretaratzen dira urtero, haurdunaldia etetera doazen emakumeei eta langileei presioa egiteko asmoz, eta iaz izan zen auzi horri buruzko epaiketa aitzindari bat Arabako hiriburuan (lehen aldiz Europa osoan, elDiario.es-en esanetan): abortuaren aurkako elkarretaratzeetan parte hartu zuten 21 pertsona epaitu zituzten. 

Abenduan jakin zen manifestari antiabortistak absolbitu zituela Gasteizko epaile batek, Vitoria Beatriz Eva Roman Gobernadok hain zuzen ere. Askabide klinikak helegite bat ipini zuen iazko sententziaren aurka, baina hura atzera bota eta ebazpena ontzat eman du orain Jesus Alfonso Poncela Garcia epaileak. Nabarmendu du ez duela identifikatu "larritasun nabarmeneko" eta zigortzeko moduko jardunbiderik, eta ultrakatolikoak errugabetu ditu: "Frogatutako jokabidea ezin da jazarpentzat hartu, eta ez du ingurune-jazarpena sortzeko adinako garrantziarik".

Aurtengo udaberrian ere, Garizuma hastearekin batera, abortuaren kontrako kontzentrazioak egin dituzte jazarleek Gasteizen, baita Bilbon eta Donostian ere. Itaiak, Emakumeen Antolakunde Sozialistak, abortatzeko eskubidea defendatzeko hainbat ekimen egin ditu: protestak, hitzaldiak... Gasteizen, mobilizazio jendetsu bat egin zuen martxoaren amaieran, antiabortistak biltzen diren leku berean.