IKUSPUNTUA / Sexu-esplotazioa

Prostituzioaren eta sexu-esplotazioaren bereizketa auzitan

Sexu-Esplotazioaren eta Neska eta Emakumeen Salerosketaren aurkako Nazioarteko Eguna igaro berritan, bi gogoeta ekarri nahi ditut.

Lehena, gizartean apenas kezkarik piztu gabe pasatu dela eguna. Sexu-esplotazioa urruneko errealitatea balitz bezala, beste lurralde batzuetan gertatzen den zerbait. Baina hemen badugu zertaz hitz egin, urtero milaka emakume muturreko indarkeria pairatzera behartzen dituzten hamarnaka sexu-esplotazio sare atzematen baitituzte.

Joan den astean jakin genuen Gipuzkoan adingabe bat prostituitzera behartzen zutela eta Sevillan prostituzioan ziharduen emakume bat erail dutela. Eta asaldura gutxi eragin zuen Irunen prostituzioan diharduen emakume baten kontrako sexu-erasoak, gertatutakoa oso larria izan arren.

Bigarrena, prostituzioaren alde egin eta prostituzioan aritzen diren emakumeen errealitatea ordezkatzen dutenen isiltasuna. Posizio politiko horrek prostituzioaren inguruko eztabaidagai batera garamatza: zer gertatzen da prostituzioa eta sexu-esplotazioa bereizten direnean?

"Onargarria" den prostituzioa eta "onartezina" denaren arteko bereizketak auzia norberaren ustezko borondatera mugatzen du, emakume gehienek erabaki hori bizi-baldintza penagarriek eta bizirauteko premiak baldintzaturik hartu dutenean. Hautu indibidualaz soilik hitz egiteak, gainera, prostituzioak emakume guztiongan dituen ondorio sozialak ezkutatzen ditu: emakumeok objektu sexual bihurtzen gaitu, eta gizonek gure gorputzen gaineko eskubidea dutelako ustea indartzen du.

Prostituzioa eta emakumeen salerosketa ere ezin dira elkarrengandik aparte ulertu. Lehenengoak emakumeen etengabeko fluxua behar du irabazi milioidunei eusteko, eta bigarrena da horretarako biderik ziurrena eta merkeena.

Eztabaida bereizketa horren gainean eraikitzeak, azkenerako, emakumeon aurkako indarkerian eta zapalkuntzan oinarritutako industria legitimatzeko eta normalizatzeko balio du. Eta emakume langileen interes orokorra bazter uzten du, hain zuzen, emakumeak indarkeria horietara bultzatzen dituzten baldintza material eta sozialak desagerrarazteko borondatea.

Norabide horretan, garrantzitsua da sexu-esplotazio sareei aurre egitea eta mundu mailan milioika emakumek bizi duten egoera ikusaraztea, prostituzioa amaitzearen aldeko jarrera gizarteratzeko eta berau behin betiko amaituko duen botere politikoa indartzeko.