2021. urtean, EAEn % 18,34ko gorakada izan da emakumeen aurkako indarkerian. Emakunderen datuen arabera, EAEn abuztura arte 2.488 emakumeri egin diete eraso bikotekideek edo bikotekide ohiek. Nafarroako datuak ere kezkagarriak dira; izan ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren arabera, 2019an 1.041 salaketa erregistratu ziren guztira. Bestalde, HCE Frantziako Berdintasunerako Kontseilu Gorenaren datuen arabera, aurten 48 emakume hil dituzte Frantziako Estatuan. Era berean, Espainiako Fiskaltzak adierazi du 2018 eta 2019 urteen artean 16-17 urte bitarteko adingabeen arteko sexu-indarkeria kasuek % 40ko igoera izan zutela. Zalantzarik gabe, datu kezkagarriak dira, eta areagotu besterik ez dira egiten zaurgarritasun handiko uneetan, hala nola, azken urte eta erdian bizi izan dugun konfinamenduan. ANAR1 Fundazioaren datuen arabera, martxoaren 23tik 30era bitartean familia barneko 270 indarkeria-kasuren berri eman zen.
Ez da kasualitatea krisi egoera batean emakumeen edo adingabeen aurkako indarkeria datuak gero eta neurrigabeagoak izatea, erreprodukzio- eta sexu-esplotazio eredu berri bati dagozkionak. Zer esan nahi du horrek guztiak eta zeri egin behar diogu aurre?
Indarkeria matxistaren subjektua eta modalitateak
OMEk indarkeria matxistari buruz egindako 2013ko ikerketa2 baten arabera, munduko emakumeen % 35ek indarkeria fisikoa eta/edo sexuala jasan du inoiz. Beste ikerketa batzuek3 erakusten dutenez, % 32ra iristen da momentuko bikotekideak edo bikotekide ohiak gauzatutako indarkeria psikologikoa (besteak beste, mehatxuak, gutxiespenak, umiliazioak, debekuak) jasan duten emakumeen ehunekoa. Era berean, tratu txarrak jasan dituzten emakumeen seme-alabak indarkeria jasateko arrisku handiko sektorea dira4. Esaterako, Corbalan eta Patro5 ikerlarien azterketa batek azaldu zuen tratu txarrak jasan zituzten emakumeen seme-alaben % 85 beren amenganako indarkeriaren lekuko izan zirela, eta haietatik bi herenek tratu txar fisiko eta psikologikoak jasan zituztela.
Gazteen artean, datuak ez dira hobeak. ANAR1 Fundazioaren datuen arabera, azken zortzi urteetan haurren eta nerabeen aurkako indarkeria kasuek gora egin dute: 2009an 1.487 kasu artatu ziren; 2016an, aldiz, 5.930. Azken urte horretan, % 27,4ko igoera izan zen. Indarkeria mota nagusiak, besteak beste, tratu txar fisikoa (% 22,7), eskola-indarkeria (% 19,7), tratu txar psikologikoa (% 17,6), jokabide-nahastea (% 9,3), genero-indarkeria (% 9), sexu-abusua (% 7,6), abandonua (% 6,6), familiaz kanpoko erasoak (% 3,4), ziberjazarpena eta groominga (% 1,8) dira.
Sektore gazteenetan dagoen joera horren ondorioz, egokia iruditzen zait gaur egun harreman sozialak ahalbidetzen eta funtsatzen dituzten zenbait modalitate berri izendatzea. Izan ere, orain arte nahiko ezezagunak ziren zenbait jokabidek lotura estua iradokitzen dute Whatsapp, Instagram edo Onlyfans gisako sare sozialen erabileraren gorakadarekin. Sare sozial horietan badirudi zenbait nerabek jarrera jakin batzuk normalizatzen dituztela, besteak beste, euren bikotekideen mezuak irakurtzea, zein «istorio» igotzen dituzten kontrolatzea, «atsegin dut» nork eman dion ikustea edo baimenik gabe haren sexu-konnotazio handiko eduki pribatua partekatzea. Gainera, plataforma horietan ez dira ezohikoak emakume askoren itxuraren kontrako iruzkin gaitzesgarriak eta irainak; kontrakoa, erabateko onarpena dute pisuaren, tamainaren edo beste ezaugarri fisiko batzuen inguruko balorazioek. Onlyfans ataria (harpidetza bat ordaintzaren truke eduki mota jakin bat eskuratu daitekeen plataforma), adibidez, jomugan jarri dute zenbait sortzaileren material sexual eta erotikoren polemikek. Dirudienez, plataforma horren atzean Tim Stokely eta Leo Radvinsky daude, porno industriako magnate handiak. Plataformak hazkunde esponentzial bat izan du pandemia garaian, eduki erotiko eta irudi biluziak lortzeko ematen duen erraztasunari esker. «Nerabe» hitza izan zen genero pornografikoari dagokionez hitz bilatuena. MYM plataformak, Frantziako Onlyfans plataforma litzatekeenak, esaterako, gorakada handia izan zuen harpidetzetan konfinamenduan zehar; zehazki, urte bakarrean 60.000 erabiltzaile izatetik 145.000 izatera igaro zen6. Adingabeek erraz eskura ditzaketen eta partzialki modu anonimoan erregistratzeko aukera duten plataforma horiek hipersexualizazioa, ziberjazarpena eta estortsioa garatzeko eta iraunarazteko leku aproposa bilakatu dira. Leku horietan, halaber, nerabeentzako arrisku handiko jokabideak identifikatu dira.
Pornografia-kontsumoarean gorakada
Sexu-abusuarekin lotutako beste joera interesgarri bat helduengan zein gazteengan pornografiarekiko esposizioak duen gorakada izan daiteke. EpDatak planteatutako ikerketa batean9, non 16-29 urte bitarteko 2.500 gazte elkarrizketatu ziren, ikusi zuten nerabeek pornografiarekin topo egiten zuten lehen aldia zortzi urte ingururekin izaten zela. 16 urte izan aurretik pornografia kontsumitzen zuten partaideen % 75,8 gizonak ziren. Horien artean, % 45,4 iristen ziren edukira hura bilatu gabe. Horrez gain, pornografiak jokabide arriskutsuak areagotu zitzakeela proposatu zuen ikerketak, batez ere gizonengan; horien artean, preserbatiborik gabeko sexua, sexua taldean eta sexua ezezagunekin. Denver, Northeastern eta Browneko unibertsitateek10 2019an egindako beste ikerketa batzuek, zeintzuek pornografia online kontsumitzea eta indarkeria sexuala lotzen zituzten, ondorioztatu zuten nerabeek bideoetan ikusten zituzten indarkeriazko praktikak imitatzen zituztela: berariazko baimenik gabeko sexua, emakumearen mendekotasun-irudiak, preserbatiborik gabeko sexu-praktikak, sexualizazio handiko eta estereotipatutako gorputzak eta abar.
Pornografiarekiko esposizioak, gainera, eredu teknologikoak areagotuta, pertsonen arteko sexu-praktiketan eragina izateaz gain, mendekotasun-arazo larriekin ere zerikusia du. 1970. urteaz geroztik, etengabe handitu da mendekotasun pornografikoa, eta, aldi berean, baita gai horri buruzko argitalpen kopurua ere11. Horren ondorioz, pertsona gehiagok behar izan dute tratamendua12. Asebetetze eza eta disfuntzio sexuala eguneroko ogia dira. Fenomeno hori gorputzaren pertzepzioarekin eta sexuaren presio performatikoarekin hertsiki lotuta dago. Jokabide horiek ere komorbilitate handia dute antsietate-nahasmenduekin, substantzien abusuarekin eta elikadura-jokabide nahasmenduekin.
Indarkeriaren ondorioak osasunean
Egiturazko indarkeria horrek guztiak abusu-egoera negargarriak normalizatzen ditu norbanakoaren erantzukizunaren izenean. Modu horretan, indarkeriaren erabilera justifikatzen da eta emakume ahulenei beren kide gizonek tratu txarrak ematearen errua egozten zaie. Horrela, ikusi da tratu txarren egoera horiek lotura estua dutela patologia larriekin. Horien artean, deskribatu da hiru-lau aldiz arrisku handiagoa dutela trauma osteko estresa pairatzeko, % 33-64 arteko prebalentziarekin7,8. Kategoria horren barruan hainbat sintoma identifika daitezke, hala nola antsietatea, alerta-egoera, egoera orokor txarra, saihesteko jokabideak, oroitzapen intrusiboak, erreakzio disoziatiboak eta abar: hainbat ikerketak erakutsi dute tratu txarrak jasan dituzten emakume horiek etengabe kezkatuta daudela zerbait txarra gerta daitekeelakoan. Ingurukoekin harremanak izateko ezintasuna eta mesfidantza, berriz erasotuak izateko beldurrez, etengabeak izan daitezke, bai eta haraino eraman zituzten gertakari traumatiko horien bat-bateko oroitzapenak ere. Beste ezaugarri batzuk estresa, harremanak izateko arazoak eta egoera larriagoei aurre egiteko ezintasuna izan daitezke. Horretaz gain, ikusi da hiru-bost aldiz arrisku handiagoa dutela jokabide suizidak izateko, eta bost-zortzi aldiz handiagoa alkoholaren gehiegizko kontsumorako eta beste substantzia batzuekiko mendekotasuna izateko7. Azkenik, kontuan hartu beharreko beste faktore bat da emakume horien % 47,6k depresioa ere izan dutela 8.
Elkarren artean lotzen diren joeren, fenomenoen eta ondorioen sare konplexu horrek emakume langileen egoera okertu besterik ez du egiten, bai eta gure ahultasuna modu menperaezinean iraunarazi ere. Hala ere, azterketa deskriptibo egokia egiteko datuetan arakatzen ditugun azterketa-mugak onartu behar dira. Zorroztasun metodologikorik ezak eta datu zehatzak biltzeko irizpide ezak zaildu eta ziurrenik gutxietsi egiten dute emakume langilearen aurkako indarkeriak alderdi horretan izan dezakeen benetako garrantzia. Gainera, oso egoera larrian gaude, ez baitugu baliabiderik egoera ahulagoan dauden emakume langileek egoera horri aurre egin diezaioten eta kontatu dezaten. Orain arte, horretarako proposamenek ez dute eraginkortasun handirik izan, eta aldaketarako ahalmen urria erakutsi dute, baita muga politiko ugari ere. Beraz, emakumeak kapitalismoan betetzen duten funtzio sozialagatik egiturazko indarkeria jasatera kondenatuta egongo direnez, gaia merezi duen seriotasunarekin jorratzeko premia azpimarratu nahiko nuke. Horretarako, beharrezkoa izango da gaiari lotutako modalitate berriak aztertzen jarraitzea eta proposamen estrategiko eraginkorrak garatzea, epe motzeko aldaketa kulturaletarako saiakera pragmatikoen aurrean. Izan ere, proposamen horien helburu bakarra indarkeria hori betikotzen duen sistemaren barruan aldaketak egitea da, eta beraz, proposamen antagonikoak dira arazoa gainditzeko xedearekiko. Hori dela eta, indarkeria sistemikoaren egiturarekin, egiturazko sexu-jazarpenarekin eta feminizidioekin amaitzeko, ezinbestekoa da halabeharrez miseriara –miseria ekonomikora zein moralera– garamatzan antolakuntza soziala gainditzeko gai izango den botere politikoa sortzeko ekarpena egitea. Norabide horretan zertu behar dugu borroka kulturala. Premisa argia da; hau guztia datorrenaren erakusle soil bat da.
1 Evolución de la violencia a la infancia y la adolescencia en España según las víctimas (2009-2016). Madrid: Fundación ANAR, 2017.
2 Global and regional estimates of violence against women; Prevalence and health effects of intimate partner violence and non-partner sexual violence. WHO, Department of Reproductive Health and Research.
3 La violencia de género en los jóvenes. Una visión general de la violencia de género aplicada a los jóvenes de España. Injuve.
4 Intergenerational transmission of partner violence: a 20-year prospective study: Ehrensaft, Cohen, Brown, Smailes, Chen y Johnson, 2003.
5 Consecuencias psicológicas de la violencia familiar: mujeres maltratadas e hijos de hogares violentos. Conferencia invitada en las II Jornadas sobre Mujer y Salud: Interacción de los contextos familiar y laboral: Corbalán, J. y Patró, R, Mayo 2003.
6 Mym, Onlyfans: la crise du Covid-19 provoque un boom des réseaux sociaus de l’intime. Midi Libre, 20217 Mental health consequences of intimate partner abuse: a multidimensional assessment of four different forms of abuse: Mechanic MB et al, 2008.
7 Mental health consequences of intimate partner abuse: a multidimensional assessment of four different forms of abuse: Mechanic MB et al, 2008.
8 Symptoms of Posttraumatic Stress, Depression and Body Image Distress in Female Victims of Physical and Sexual Assault: Exploring Integrated Responses: Weaver TL et al, 2007.
9 Consumo pornografía jóvenes datos gráficos: Epdata.
10 The Association Between Exposure to Violent Pornography and Teen Dating Violence in Grade 10 High School Students: Rostad W, Gittins-Stone D, Huntington C et al, 2019.
11 Pornography Addiction in Adults: A Systematic Review of Definitions and Reported Impact: Duffy A, Dawson D, Nair R, 2016.
12 Cybersexusers, abusers, and compulsives: new findings and implications. Sex Addict Compulsivity: Cooper A, Delmonico DL, Burg R, 2000.