Franco hil berri, Trantsizioa martxan, nolakoa zen testuinguru politikoa urte haietan?
Nik bezala, kartzelan ginenok bi ikuspegi ditugu. Bata barrukoa: nahiko arduratsua izan zen barruko bizipena, beraien esku baikinen eta beldur pixka bat baikeneukan. Pentsatzen genuen: "[Faxistak] Altxatzen baldin badituk, hona etorriko dituk eta agur". Baina, gerora, sumatzen genuen gure askatasuna ere etorriko zela. Eta bestalde, kalean, Trantsizio garaia izaten ari zen, izugarrizko mobilizazioekin. 1977ko Aministiaren Aldeko Astean, Euskal Herrian bakarrik, zazpi hildako izan ziren. Izugarrizko gogoa genuen kalera ateratzeko, iraultzara, botere kapitalista garaitzera; gure 27 urteekin, pentsa. Gogo asko zegoen, askatasun-egarria. Bai kalean eta bai kanpoan, garaile izango ginela sinesten genuen.
Zer inplikatzen zuen garai hartan borrokatzeak?
Dena. Eta prest ginen, gainera. Bizia galtzeko, edozertarako, iraultzaile profesionalak izateko asmoarekin. Gure helburua iraultza zen. Iraultza; lehendabizi Euskal Herrian, Estatuan, gero Europan, eta gero... Baina, kalera irteterakoan, sekulako zaplastekoa jaso genuen.
Irten ginenean, apirilean, Eibarko plaza honetan milaka lagun zeuden gure zain, izugarrizko harrera egiteko. Sinestezina izan zen. Jendez beteta zegoen dena, bizkarrean eraman gintuzten, mikrofonoa eskaini. Gero ekaina etorri zen: lehendabiziko hauteskundeak eta porrota. LKIkoa zen gure hautagaitza, eta porrot egin zuen. Masen psikologiaren azterketa sakona egin behar da. Izan ere PSOE, EAJ eta PCE atera ziren garaile. PCEk gutxienez zer edo zer egin zuen frankismo garaian, baina PSOE eta EAJ ez genituen ikusi ere egin kartzeletan, EAJko Joseba Elosegi kenduta [protesta-ekintza gisa bere buruari su eman zion].
Giro horretan atera ginen kalera, eta militatzen jarraitu genuen. Baina gero konturatu ginen: Moncloako ituna, Konstituzioaren itun negargarria, Trantsizioa bera nola eraman zuten... Frankismo guztia bere onenean geratu zen. "Trantsizio eredugarria" izan zen, noski, baina beraientzat. Jendearengan ere, orokorrean, halako amnesia moduko bat sortu zuten. "Ahaztu egin behar da" mezua zabaldu zuten Xabier Arzallusek eta Marcelino Camachok 1977an, Amnistiaren Legea onartu zenean.
"Trantsizio eredugarria izan zen, noski, baina beraientzat. Jendearengan ere, orokorrean, halako amnesia moduko bat sortu zuten"
Zer zen preso politikoa izatea? Espetxea ikasketa eta borroka leku izan zen? Zer harreman zuen presoen borrokak gainerako borrokarekin?
Gure zutaberik onena zen gure arteko lagunartea. Errepresioa sumatzen genuen, gaizki pasatzen genuen momentu batzuetan, baina lortu genuen kartzela unibertsitate moduko bat bihurtzea. Gure arteko kidetasuna izugarria izan zen. Bakoitzari familiak ekarritako guztia leku berberera zihoan: janaria, dirua; dena. Izugarrizko liburutegia osatzea lortu genuen.
Gure eskuetara iristen zen guztia irakurtzen genuen eta estudiatzen genuen. Klandestinoki liburu pila bat sartzen zizkiguten, frankismoak debekatuta zituenak. Kamuflatu egiten zituzten liburuak. Karl Marxen Kapitala iristen zitzaigun Pio Barojaren azal batzuekin, aldizkari internazionalak kaxetan, eta limaren bat ere bai tartean [barreak].
"Lortu genuen kartzela unibertsitate moduko bat bihurtzea"
Eta hori euskal presoen artean bakarrik, edo preso guztiak zeundeten elkarrekin antolatuta?
Denon artean: PCEkoak, FRAPekoak, PCMLkoak. Segovian behintzat hori lortu genuen. Batek esaten zuen: "Ez zuen ia gogorik ematen ateratzeko ere!". Estudiatzen egoten ginen jo eta ke, gauean begiak erre arte; ia argirik ez zegoen, eta gu hala ere liburuak irakurtzen. Beste kartzela batzuetan arazoak egoten ziren preso politikoen artean, ezberdintasun politikoak ere baziren, PCEkoekin adibidez. Baina Segovian ez.
Segoviako ihesaldia baino lehen beste saiakera batzuk izan ziren, bai zuek, baita beste espetxe batzuetan ere. Zergatik planteatzen ziren ihesaldi horiek bereziki garai hartan?
Esaldi bat bazen: "Edozein presoren lehenengo eginbeharra ihes egitea da". 1969an, Basauriko espetxetik hamabost presok egin zuten ihes. Gu Burgosko Prozesua baino lehen ari ginen ihesaldi bat prestatzen, baina bertan behera geratu zen, kartzelaren kanpoaldeko harresiak izugarrizko zimendatzea baitzeukan beheraka, lur azpian. Buruan geneukan, berez, Burgosko Prozesua baino lehen prozesatu guztiak irtetea. Prozesurik gabe geratuko lirateke, pentsa!
"Buruan geneukan, berez, Burgosko Prozesua baino lehen prozesatu guztiak irtetea. Prozesurik gabe geratuko lirateke, pentsa!"
Bestalde, erregimenari legitimitatea kentzeko funtzioa zeukaten ihesaldi horiek. Modu askotan kentzen genien legitimitatea, baita presoek epaiketa-prozesuetan egindako defentsarekin ere, adibidez. Abokatuekin dena prestatzen genuen aurrez: "Galdetu hau; hau eta hau esango dugu". Prozesua erabiltzen genuen beraiek epaitzeko; beti tribunala errefusatzen genuen, eta berehala grisak etortzen ziren. 25 urte gehiagoko kondena jartzen ziguten, eta kitto.
Hitz egin dezagun Segoviako ihesaldiez. Nola zegoen pentsatuta lehenengo ihesaldi hura?
Pelikula ikusita izango duzue. Lehenengo ihesaldia 1975ean izan zen, abuztuaren 2rako ezarritako fusilamenduen aurretik. 54 lagun ginen irtetekoak. Argazkiak geneuzkan aterata, kartzelara klandestinoki sartutako kamera batekin, gerora norbere karnetak egiteko. Operatibo horretan Josu Mujika harrapatu zuten eta Poliziak akabatu egin zuen.
Kanpoan zeuden bi talde hori guztia prestatzen: ETA politiko-militarrekoak (PM) eta ETA Vekoak. Baina ETA PM-n Lobo deiturikoa zegoen infiltratuta, eta abisua jo zuen. Ihesaldia bertan behera geratu zen orduan. Guk kriston ilusioa geneukan, irtetean Portugalera joateko asmoa baikeneukan. Pentsatuta geneukan Europan zehar sekulako kanpaina egitea, fusilamenduen eta frankismoaren aurka.
Hala ere ez zineten etsita geratu, eta oso laster, bigarren ihesaldi bat prestaten hasi zineten. Nola?
Lehenengo ihesaldi saiakeraren ondoren, sekulako neurriak hartu zituzten barruan, eta 12-15 bat kide sakabanatu zituzten. Geratu ginenok lehendabizi egin genuena epaiketa salatzea izan zen, 25 eguneko gose-greba eginez. Irailaren bukaeran fusilatu zituzten, eta urrian pentsatzen hasi ginen jada. Zurrumurrua zegoen laster Segoviatik Soriara eramango gintuztela, segurtasun handiagoko espetxera. Begiratzen hasi ginen ea nola zegoen lehenengo saiakera prestatzean estoldetan egindako lan guztia, eta sarrera kenduta, guztia berdin zegoen. Sarrera modu konplikatuagoan egin behar izan genuen azkenean, komunontzi bat kenduta, zirrikitu arraro batetik.
Hilabete horietan, bazkaldu eta gero, denok gure ziegetara joaten ginen eta galeriak ia hutsik uzten genituen. Kartzelariek ez zuten inor ikusten patioan. Baten bat egurra mozten aritzen zen, zarata ateratzen. Nahita egiten genuen, behean ihesaldirako tunela prestatzen ari zirenen hotsak disimulatzeko. Ohituarazi egin genituen galeriak, bazkalostean, mugimendurik gabe ikustera. Eta egun hartan ere ez zuten mugimendurik ikusi: bazkalostean, mahaitik jaiki eta, bi minutuan behin, zulora sartu ginen banan-banan. 4-5 orduz ez ziren konturatu 29 preso falta zirela!
"Bazkalostean, mahaitik jaiki eta, bi minutuan behin, zulora sartu ginen banan-banan. 4-5 orduz ez ziren konturatu 29 preso falta zirela!"
Nolakoa zen tunela? Zenbat denbora behar zen kanpora iristeko?
Estolda nahiko luzea zen. Lehendabiziko 200-300 metroetan, gorputza zikinkeria artean justu-justu sartzen zen, eta leku batzuetan trabatu egiten ginen. Nire aurretik zihoan bat trabatuta geratu zen; hanketatik hartu eta tira egin nion. Aurrera jarraitu genuen zikinkeria eta arratoi artean.
Han geratu ziren presoak ere laguntzaile izan zenituzten.
Oso gaizki pasatu zuten. 14:00etarako 29 lagun desagertu ginen. Eta hangoak disimulatzen. Arratsaldeko 18:00etan edo 20:00etan presoak zenbatzeko momentua heldu zen, eta han geratu zirenei galdetu zieten ea desagertutako presoak non zeuden. 29 lagun falta ziren! Ez zekitela erantzun zuten, baina sekulako mehatxuak egin zizkieten. Guardia Zibila sartu zen. Bakoitza bere ziegara bidali zuten eta halako gauzak entzun zituzten: "Vamos a arrasar todo esto, vamos a matarlos a todos".
Zuek, behin kanpora iritsita, zer bide egin zenuten? Muga pasatzeko laguntzaileak huts egin zuen...
Oso ondo atera zen gure irteera. Kamioneta batera sartu gintuzten; nahiko txikia zen eta denok makurtuta joan ginen. Eta hortik trailer handi batera sartu gintuzten gero, oso ondo disimulatuta zegoena, egur-karga batekin. Zubiri pasatu genuen, Aurizberri ere bai. Baina kamioia geratu egin zen leku batean; norbaiten zain egon behar genuen. "Ez zetorrek, ez zetorrek. Zer kristo egin behar diagu?"; "Irten egingo gaituk, baina nora jungo gaituk?", entzuten zen.
Goizeko 01:00 zen, euria ari zuen, gu alkandora negargarri batekin eta abarkekin geunden, eta hotz ikaragarria egiten zuen. Mugalaria izandako batek esan zuen orduan: "Nik kalkulatzen diat hemendik 20 minutu edo ordu-erdi batean Urepelera heltzeko moduan izango garela". Beraz irten egin ginen eta ibiltzen hasi ginen, denok, lagun-talde bat bezala. Erdi-pozik ere bai; nik gogoratzen dut Federic katalanari esan niola: "Fede, laster Parisen izango gaituk eta".
Hori esan eta pare bat minutura tiro-hotsak entzun ziren. Guardia zibil bikote bat bakarrik zen alto eman ziguna, nortzuk ginen jakin gabe, kontrabandista taldetxo bat-edo izango ginelakoan.

Oriol Solé Sugranyes hil zuen gau hartan Guardia Zibilak.
Bai. Duela gutxi egon naiz Ibañeta gainean, omenalditxo bat egitera joan baikinen. Haren omenezko monolitoa dago han. Ez dakigu zehazki zein lekutan akabatu zuten.
Zertarako balio izan zuen Segoviako ihesaldiak?
Operatibo bezala porrot bat izan zen: hildako bat, lau zauritu, eta muga pasatu zuten lau lagun bakarrik. Beste guztiok barrura sartu gintuzten berriz. Baina, politikoki, denek esaten ziguten eta nik ere horrela pentsatzen dut: amnistiaren aldeko izugarrizko deia izan zen, eta, zentzu horretan, arrakastatsua. Areagotu egin zuen amnistiaren aldarrikapena kaleetan, eta oihartzun ikaragarria izan omen zuen.
"Operatibo bezala porrot bat izan zen [...]. Baina, politikoki, denek esaten ziguten eta nik ere horrela pentsatzen dut: amnistiaren aldeko izugarrizko deia izan zen"
Zer nabarmenduko zenuke gaur egungo begietatik garai hari begira?
Garai hori borrokaren garaia izan zen. Kontuan izanik 40 urteko diktadura batetik gentozela, berpizte-garaia izan zen. Eta, zentzu horretan, ikaragarrizko indarra erakutsi zuen. Ez Euskal Herriak bakarrik; Euskal Herriak ikaragarri, baina Estatuan, Katalunian, Andaluzian, Madrilen, izugarrizko mugimendua izan zen. Madrilen, urtarrilean eta otsailean, sekulako mobilizazioak izan ziren. Han ere hildakoak izan ziren, baita Almerian ere. Hori ekarri zuen [garaiak], berpizte handi bat; egarria, askatasunaren egarria.
Esan beharra dago, gero, betiko boterea dutenek ondo pentsatu zutela egarri hori nola baretu. Ezin zuten Portugalgo Iraultza bezalako bat ahalbidetu Espainian. Willy Brandtek eta beste, Alemaniatik, izugarri diru pila sartu omen zioten PSOEri, hura indartzeko. Eta, horren ondoren, Platajunta, Convergència Democràtica eta abarrek izugarrizko lana egin zuten jendea desmobilizatzeko. Libertad sin ira abestia asmatu zuten, pentsatzen baitzuten askatasun hori 40 urtetako diktadurako amorruarekin etorriko zela; denei lepoa moztuko zietela. Horrelako abestiak-eta asmatzen hasi ziren, jendea baretzeko. Gero Konstituzio berriarekin hasi ziren, eta orduan peloteo ikaragarria izan zuten beren artean.
Gu apirilean atera ginen kartzelatik, eta eman ziguten paperean jartzen zuen gu askatzeko arrazoia: amnistia. Amnistiaren Legea gero etorri zen, urrian. Kaleko borrokak atera gintuen gu, ez Adolfo Suarezen gobernuak gu askatzeko zeukan gogoak, oso demokratak zirelako. Herriko presioak atera gintuen, herriko borrokak. Amnistiaren Legea amaiera emateko puntu bilakatu zuten, artikulu bat sartu baitzuten azken momentuan: artikuluak zioen lege hori aplika dakiekeela pertsonen eskubideak urratu zituen aurreko erregimeneko eragile eta agintaritza guztiei. Hori sartu ziguten. 40 urtetako diktadura amnistiatua. Eta horrela izan zen.
"Kaleko borrokak atera gintuen gu, ez Adolfo Suarezen gobernuak gu askatzeko zeukan gogoak, oso demokratak zirelako. Herriko presioak atera gintuen"