AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ibai Julian
2023/02/27 17:02

Testu honek gaur egun orokortzen ari den gobernagarritasun eredu berria ulertzeko gako batzuk eskaini nahi ditu, zeinetan Estatu gero eta autoritarioago baten analisiak zentraltasuna hartzen duen. Era berean, eskubide zibil eta politikoen aldeko borrokari buruzko ohar batzuk aurkezteko helburua du.

Estatu formaren mutazioa: Zuzenbide Estatu Sozial zaharretik Estatu Autoritario berrira

Estatuaren funtzio nagusia, ekoizpen eredu kapitalista hegemoniko bilakatu zenetik aurrera, bederen, Kapitalaren metaketa-dinamikak era egokian funtzionatzeko beharrezko baldintzak ezartzea izan da. Ezin dugu Estatua ulertu harreman ekonomikoekiko autonomoa den gainegitura gisa, bestelako interesak dituen agente independentea balitz bezala. Estatu kapitalista, historikoki, kapital handien dominaziorako forma politikoa izan da: sistema ekonomiko lehiakor eta suntsitzaile honek sortzen dituen tentsioak leuntzeko arduraduna, alegia. Hala ere, historian zehar aldatu egin da Estatuak ordenamendu juridiko eta sozialaren eraketan parte hartzeko forma, garapen ekonomikoaren beharren arabera. Beraz, aztertu egin behar dugu zer forma konkretu izan duen Estatuak ekoizpen kapitalistaren fase historiko bakoitzean, horretara bultzatu duten egiturazko faktoreei erreparatuz. Guk, hemen, puntu zehatz bati helduko diogu: eredu paradigmatiko baten agortzeari eta berri bat eratzeko joerari, gutxienez Mendebaldeko herrialdeetan. Lehenengo eredu hori gerra arteko sasoian ernaldu, kapitalismoaren urrezko urteetan egonkortu, eta 70eko hamarkadan agortzen hasi zen, neoliberalismoaren etorrerarekin. Testu honetan Zuzenbide Estatu Sozial gisa izendatuko dugu. Bigarrenari, lehenengoaren agorpenetik gaur egunera arte konfiguratzen joan den ereduari, Estatu Autoritario esango diogu.

Zuzenbide Estatu Soziala garapen ekonomiko gorakorreko sasoi batean eraiki zen, zeinetan masa ekoizpenak ongizate eta kontsumo maila altuak eskain zitzakeen langile klasearen zati handi batentzat. Lana sobera zegoen, eta Estatua klase ertain zabal horri zergak jarrita finantzatu zitekeen. Garai haietan, egiazki hitz egin zitekeen nazioen politika ekonomikoaz, Estatuak subiranotasun erreala baitzeukan biltzen zuen aberastasuna kudeatzeko. Oinarri ekonomiko horren bitartez, beste gauza batzuen artean, babes soziala eta soldaten igoera hedatu ahal izan ziren langile klasearen geruza zabalentzat.

Horrekin batera, garai hartan burgesiari demokraziaren zilegitasuna defendatzea komeni zitzaion, "totalitarismo" faxistak eta komunistak gainditzeko alternatiba logiko gisa. Era horretan aldarrikatu zuten Zuzenbide Estatua indartzearen garrantzia, gerrak zeharkatutako urte haietan ezabatuak izan ziren oinarrizko eskubideak babesteko. Hala ere, ezin dugu alde batera utzi komunismoaren existentziak prozesu horretan izan zuen eragin sakona: aginte kapitalistak ez zuen Zuzenbide Estatua bultzatu konpromiso humanistagatik edo justiziagatik, baizik eta antolakunde komunista handiak neutralizatzeko, bide demokratikotik Estatuan integratuz.

Hala eta guztiz ere, 70eko hamarkadan hasi ziren egiturazko eraldaketekin, Zuzenbide Estatu Soziala bultzatu zuten oinarriak ahultzen joan ziren, eta horrek gaur egunera arte iristen den joera bati bidea egin zion: Estatuaren bilakaera autoritarioari. Horretarako bi faktore nagusi azpimarratu behar ditugu:

Estatu Soziala ezinezko bilakatzen da. Estatuak subiranotasun politiko eta ekonomikoa galtzen du, gero eta kontzentratuago dagoen eta boteretsuagoa den nazioarteko kapital finantzarioaren aurrean. Inbertsore izatetik, zordun izatera igarotzen da, eta oligarkia finantzarioek inposatutako programa ekonomikoen mendeko bilakatzen da. Hartara, lurraldearen gaineko agintea galtzen du, eta nolabaiteko transmisio uhal bilakatzen da. Ordutik, Estatuak zor infinitu bat kudeatu behar du, langile klasearen diziplinamenduaren eta pobretzearen kontura.
 
Zuzenbide Estatua alferrikako bilakatzen da. Proletariotzaren antolakunde politikoen eta sindikatuen integrazioaren ostean, Kapitalak ez du inolako oposiziorik. Gauzak horrela, hamarkada luzez herriaren interes orokorra ordezkatu duen agentzia neutral baten irudia izanagatik ere, gaur egun gero eta nabarmenago ari gara ikusten Estatua maskara demokratikoa kentzen ari dela, bere benetako izaera agerian uzteko: Kapitalaren klase diktadurarako aparatu politikoa da.

Estatuaren bilakaera autoritarioa

Hasieran esan bezala, Estatuaren funtzio nagusia ordena soziala babestea da. Baina irabaziak beherantz doazen honetan, gero eta zailagoa zaio eginkizun hori. Metaketa krisia aurrera doa, eta kanpoko gatazka geopolitikoa zein barneko ezegonkortasun soziala areagotzen ari dira. Testuinguru horretan, egoerari eusteko, Estatua ordenamendu konstituzional eta errepresibo berriak eratzen ari da. Guk hiru bloke aztertuko ditugu: Estatuaren botere instantzien berrantolaketa, makineria militarraren sendotzea, eta kontrol sozialerako mekanismoen eta proletariotzaren aurkako errepresioaren modernizazioa.

Estatuaren botere instantzien berrantolaketa

Gobernuen botere instantziak berregituratzen ari dira. Botereen arteko banaketa, Zuzenbide Estatu modernoaren oinarri nagusietakoa dena, pitzatzen ari da. Estatuak bestelako botere egitura bat behar du datozen krisi sozialei, politikoei eta inperialistei eusteko. Eredu berri bat behar du, zeinetan botere judiziala edukiz hustuko den eta aginte gaitasuna botere exekutiboan kontzentratuko den, salbuespen egoerak gobernatzeko.

Botere judizialari dagokionez, pandemia garaiko neurriei begiratzea baino ez dugu: Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuen dekretuz, eta, salbuespen neurri horren bitartez, herritarrak etxean konfinatu, etxeratze aginduak ezarri, kaleak militarizatu eta beste hainbat neurri hartu zituen. Bada, gobernuak oinarrizko eskubide multzo bat ezabatu eta hilabete batzuk geroago, Auzitegi Konstituzionalak ilegaltzat jo zituen harturiko neurriak, eta, hala ere, horrek ez du inolako ondorio legalik izan neurri horiek ezarri zituzten botere publikoentzat. Hori gertatzeko arrazoia da egiazki ez dela existitzen botere judizialaren independentziarik, ez baitauka lekurik Estatu Autoritarioan. Egungo oinarri konstituzionalak babestu, eta, ondorioz, exekutiboaren jarduna ikuskatuko duen botere autonomo bat oztopo larria da azken horrentzat, orain arteko oinarrizko eskubide batzuk bertan behera utziko dituen ordenamendu konstituzional berri bat sortzeko bidean. Garai zailak datoz, beraz, eta gobernuek bidea garbi izan behar dute segurtasun nazionala bermatzeko eta metaketa ziklo berriaren eraldaketa beharrei erantzuteko. Zentzu horretan, botere judizialaren autonomia ez da egiazkoa eta Estatuaren bisaia demokratikoari eusteko baino ez du balio, desbideratze autoritarioei eta estatu krimenei aurre egingo dien zuzenbide bat existitzen dela irudikatuz.

Aginte gaitasuna botere exekutiboan kontzentratzeari dagokionez, duela gutxiko Segurtasun Nazionalerako Legearen erreforma da adibide argienetako bat. Erreforma horren ondorioz, segurtasunerako baliabideak (segurtasun zerbitzu pribatuak edota erkidegoetako poliziak, besteak beste) Segurtasun Nazionalerako Kontseiluaren agindupean kontzentratzen dira; beraz, organo horri segurtasun baliabideen kudeaketa eta plan taktikoak martxan jartzeko eskumena aitortzen zaio. Norabide berean, gero eta ohikoagoa da gobernuak neurri politiko garrantzitsuak inolako izapide parlamentariorik gabe ezartzea, Ukrainako gerrara arma astunak bidaltzeko erabakiarekin ikusten ari garen bezala.

Hala eta guztiz ere, orain arte azaldutakoak ez du esan nahi Estatua bere baitara itzultzen ari denik edota azken hamarkadetan galdutako subiranotasuna berreskuratzen ari denik. Besteak beste Espainiako edo Frantziako estatu nazionalek NATOren eta Europar Batasunaren programa estrategikoak ezarri baino ez dute egiten, segurtasun nazionalaren, ordena publikoaren eta kanpo politikaren esparruetan. Are gehiago, Estatuaren botere instantzien berrantolaketak ahalbidetzen du oligarkia finantzarioaren planak trabarik gabe eta era azkar eta eraginkorrean ezarri ahal izatea. Prozesu hori (seguru asko beste artikulu batean landuko da) argi eta garbi ari gara ikusten NATOk bultzatutako lasterketa militaristan.

Makineria militarraren indartzea eta krisi belikoa

Egungo kapital metaketaren krisi testuinguruaren ezaugarri nagusietako bat, nazioarteko lehia kapitalistari dagokionez, egitura militarren berrarmatzea da, interes blokeen arteko baliabideen eta merkatuen kontrolerako bitarteko gisa. Gero eta gogorrago aplikatzen diren ohiko neurriak nahikoa ez direnean (gerra komertziala, muga zergak, enbargoak eta abar) bloke oligarkikoen irabaziei eusteko, eskalada belikoa saihetsezin bihurtzen da. Hau da, atzeraldi ekonomikoaren egungo testuinguruan, gatazka belikoak sakondu egiten dira eta Causewitzen aipu zaharrak gaurkotasun osoa hartzen du: "gerra politikaren jarraipena da, bestelako bide batzuetatik".

Munduko gastu militarraren igoera izugarriari erreparatzea baino ez dago konturatzeko bloke oligarkikoak eskala handiko gerrarako prestatzen ari direla. 2021ean, Ukrainako azken igoaldia baino lehenago, munduko gastu militarrak urteko bi bilioi dolarrak gainditu zituen historian lehen aldiz. Gastu hori urtetik urtera handitzen ari da, gainera. NATOren baitako herrialdeek gastu horren %50 ordezkatu zuten, eta AEBek %38 (801.000 milioi dolar). AEBen lehiakide nagusiek, Txinak eta Errusiak, gastu osoaren %13,8 eta %3,1 ordezkatu zituzten, hurrenez hurren. Gainerako aktore geopolitikoak aurrekoetatik urrun gelditzen diren arren, gastu militarra gora egiten ari da munduaren luze zabalean. Esate baterako, Espainiako Estatuan, PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak gastu militarra nabarmen handitu du; gaur egun BPGaren %2,17ra heldu da, NATOk ezartzen duen %2ko eskakizuna aise gaindituta.

Europar Batasunari dagokionez, nabarmentzekoa da gero eta lankidetza militar estuagoa dagoela herrialdeen artean. Elkarlan hori bereziki azkartu da Erresuma Batua Europar Batasunetik atera ondoren. Herrialdeak gaitasun bateratuak garatzen ari dira, estrategia bateratuak definitzeko mekanismoak, azpiegitura eta industria militarrera bideratutako funtsak, edota (Ukrainaren kasuan bezala) esku-hartze zuzen eta zeharkakoen finantzazioa martxan jarriz. Gauzak horrela, herrialdeak berrarmatze orokor baterako eta Europar Batasunaren autonomia militarrerako elkarlana sustatzen ari dira.

Aipatzekoa da Europar Batasuneko herrialdeek ez dutela behin ere NATOrekiko eta AEBekiko mendekotasuna zalantzan jarri. Are gehiago, 2022ko martxoan onartutako Iparrorratz Estrategikoan (gerra estrategiari buruzko Europar Batasunaren lehen dokumentuan) Aliantza Atlantikoarekin harremanak estutzearen alde egiten dute.

Beraz, mundu mailako igoera beliko baten aurrean gaude, zeinak Europako koiuntura politikoa baldintzatuko duen datozen urteetan.

Kontrol sozialerako mekanismoak eta proletariotzaren aurkako errepresioa

Beste ezer baino lehen, bereizi egin behar ditugu kanpo mehatxu belikoa eta Estatuarentzako barne mehatxua. Kanpo etsaia ez bezala, proletariotza ezabatu ezinezko mehatxu potentzial bat da Estatuarentzat. Izan ere, hura behar du, eta ez soilik ekoizle gisa gizarte aurrekapitalistetan klase erdi esklaboekin gertatzen zen eran, baizik eta kontsumitzaile gisa ere bai: agente ekonomiko gisa behar du Estatuak proletariotza. Hortaz, egungo sistema kapitalista behartuta dago eskubide zibil eta ekonomikoen eremu minimo bat eskaintzera, Kapitalaren erreprodukzioa era egoki batean garatu ahal izateko. Hain zuzen ere, hor datza gobernagarritasun modernoaren artea: proletariotza joko arauen baitan diziplinatzeko mekanismoak garatu behar dira, baina hura guztiz suntsitu gabe.

Kontuan izan testu honetan ez deula analisi osatu bat eskainiko diziplina mekanismo guztien inguruan. Izan ere, pobreziaren kudeaketarako eredu berriaren azterketak gure analisi markoa gainditzen du. Hortaz, ez da hitz egingo xantaia gisa funtzionatzen duten Estatuaren dirulaguntzez, ingurune proletarizatuetako medikalizazioaren gorakadaz, edota gure jokabidea eraldatzen duten plataforma birtualen orokortzeaz, esaterako.

Interesatzen dena diziplinamendu prozesuaren atal zehatz bat da: segurtasunaren eta kriminalizazioaren errelatoa, zeinak kontrol sozialerako eta errepresiorako mekanismoen gogortzeari bidea zabaltzen dion. Ikus dezagun.

Pobreziaren kriminalizazioa eta segurtasuna estatu-arrazoi gisa

Segurtasuna eskaini ezin duen gizarte batek huts egiten du. Segurtasuna Estatua zilegitasun krisi batean ez sartzeko oinarrizko baldintza da. Ez bada gai biztanleek beren bizi proiektua baldintza minimo batzuetan gara dezaketela bermatzeko, eta jendea ezegonkortasun eta arrisku egoera batek zeharkatzen badu, auzitan jartzen da gizarte eredua bera. Baina, lehen adierazi dugun bezala, krisia gatazka geopolitikoak zein pobrezia areagotzen ari da, eta horrek ezegonkortasuna eta segurtasun eza eragiten ditu, gaindituta zeudela uste genituen egoera batzuk gaur egunera ekartzeraino. Ondorio horien kausei heltzeko ezintasunaren ondorioz, Estatuak aterabide polizial eta zigortzaile bat inposatzen du, bere nagusitasun sinbolikoa berrezartzeko: Estatu sendo gisa aurkezten du bere burua, hiritarren segurtasunaren edota ordena publikoaren aurkako edozein mehatxu gogor zigortzeko errukirik izango ez duen agente gisa.

Hain zuzen ere, etsai komunaren eraketa sinbolikoan aurkitzen du Estatuak segurtasun ezaren arrazoi errealen fokua desplazatzeko eta aparatu errepresiboen gogortzea justifikatzeko heldulekurik onena. Kasu askotan eratu ditu Estatuak figura estigmatizatuak, proletariotzaren zenbait sektore kriminalizatuz: 80ko hamarkadako toxikomanoa, etorkina, okupa... Horiek denak segurtasun ezaren errudun gisa aurkeztu izan ditu, hartara, politika antiproletarioak politika antikriminalez mozorrotuta ezartzeko. Hemen kokatu genitzake, halaber, irailaren 11tik aurrera mundu osoan aplikatu ziren politika antiterroristak, kontrol eta errepresio mekanismoak areagotzeko balio izan zutenak eta nagusiki langile klasearen aurka aplikatu zirenak.

Aipagarria da egoera horrek guztiak haztegi perfektua osatzen duela faxismoaren gorakadarako. Faxismoak proletariotzaren aurkako paktu sozial berri bat bultzatzen du eta Estatuaren bilakaera autoritarioa elikatzen du. Etsai komuna definitzeko prozesuan eginkizun garrantzitsua du, baita Estatuaren neurri autoritarioekiko masa atxikimendu bat lortzeko ere. Horretarako, komunitate nazionalaren ideia indartzen du, eta irizpide etniko eta kulturalen bitartez definitzen du nor den komunitate horren parte eta nor ez. Era horretan, seinalatu eta kriminalizatu egiten ditu gutxiengo zapalduak, etorkinak eta proletariotzaren potentzia antolatzen duten adierazpen politiko independenteak.

Bada garaia pobreziaren kriminalizazioari aurre egiteko, eta biktima borrero gisa aurkezten duen errelatoa neutralizatzeko. Alde batetik, delinkuentziaren moralizazioa borrokatu behar dugu. Kriminalitate indize ofizialak sektore kolpatuenei lotuta ageri diren arren, seinalatu behar dugu pobrezia ez dela hautu bat, baizik eta gizartearen zati bat bizirauteko delituzko praktiketara bultzatzen duen egoera sozial bat. Janaria lapurtzearen, etxebizitza bat okupatzearen edota hesi baten gainetik jauzi egitearen atzean libreki hartutako erabaki bat dagoela uste duenak gizatasun defizit nabarmena dauka.

Beste alde batetik, behar-beharrezkoa da frogatzea kriminalitatearen eta Estatuaren aparatu errepresiboaren indartzearen arteko korrelazioa ez dela saldu nahi diguten bezalakoa. Akademia "progresista" bera izan da, Waqcuanten zigorraren soziologiarekin, nahikoa ebidentzia enpiriko eskaini dituena krimena-zigorra binomio faltsua desegiteko. AEBetan dugu adibide paradigmatiko bat: 1970. eta 2010. urteen artean kriminalitate indizeak antzera jarraitzen zuen bitartean, preso kopurua zortzi aldiz hazi zen eta aparatu errepresiboa nabarmen gogortu zen. Antzera gertatzen da Espainiako Estatuan: Ignacio Gonzálezek dionez, gaur egun duela 50 urte baino polizia eta preso gehiago ditugu, baita Franco hil zenean baino zigor kode gogorragoa ere. Eta, hala ere, delinkuentziak ez du gora egin azken hiru hamarkadetan, zigor kodearen gogortze sakonenak egonkortasun hori erdietsi ostekoak izan badira ere. Ez dirudi, beraz, politika kriminalaren garapena delinkuentziarekiko erantzunak soilik azal dezakeenik.

Labur esateko, kriminologia hegemonikoaren marko teorikoa hasieratik bertatik da okerra. Kontrol sozialerako eta errepresiorako mekanismoen modernizazioa ikertu ahal izateko ekonomia politikoaren kritikatik abiatu behar dugu, zigorraren ekonomia politikoaren aitzindari izan ziren Ruschek eta Kirchheimerrek egin zuten bezala Zigorra eta Egitura Soziala lanean, edota Melossi eta Pavarini jarraitzaile italiarrek sakondu bezala Kartzela eta Fabrika liburuan. Beste gauza batzuen artean, autore horiek garrantzia ematen diote kategoria ekonomikoen eta zigor-kategorien arteko artikulazioari. Haien arabera, horixe da bide bakarra azalpen egoki bat emateko, besteak beste, Erreserbako Industria Armadak kartzela sistemaren garapenean izan duen eraginari buruz, eta, alderantziz, kartzelak lan indarra modulatzeko bete izan duen rolari buruz. Laburbilduz, oinarri analitiko horretatik abiatuta baino ezin daiteke azalpen egoki bat eman metaketa-zikloaren arabera kontrol eta errepresio mekanismoek hartzen dituzten formen inguruan. Jarraian, gai horri buruzko gako orokor batzuk zirriborratuko dira eskematikoki.

Kontrol sozialerako eta errepresiorako mekanismo berrien norabidearen inguruko zenbait ohar

Lehen hipotesia: gabezia diziplinatzetik, eszedentziari eustera

Poliziaren eta kartzelaren genesi historikoa kapitalismoaren eskutik datoz; eta haien funtzio nagusia ez da soilik izan hirigune berrietako delinkuentzia kontrolatzea, baizik eta ordena berri bat ekoiztea, desjabetuen klase sozial berri bat diziplinatzea soldatapeko lan industrialaren erregimen berrian integratzeko. Hori guztia lan indar asko eskatzen zuen industrializazio prozesu azkar baten erdian gertatu zen. Gaur egun, ordea, lanak gizartean zentraltasuna galtzearen ondorioz proletariotza ekoizpen prozesutik kanporatua izaten ari den garaiotan, zigorraren izaera zuzentzailea eta bergizarteratzearen aldekoa galtzen ari dira, lekua utziz gizartetik estrukturalki baztertuta dagoen sektorea arrastoan sartuta izateko kontrol sozial erabatekoan oinarritutako eredu bati.

Bigarren hipotesia: biraketa prebentiboa

Cornishen eta Clarkeren hautaketa arrazionalaren teoriak dio delituak egiten dituzten pertsonek arrazionalki erabakitzen dutela ekintza horiek aurrera eramatea. Haien arabera, delitu bat egin edo ez erabakitzeko orduan, baldintzapen nagusia arriskuen eta onuraren harremanaren azterketa da. Bada, kontrolerako teknologia digitalek, polizia sozialak eta gizarte polizialak osatzen duten Panoptiko berriaren eraketa, hain zuzen, arriskuen eta onuraren arteko harremana aldatzera dator; ekinbide gatazkatsu edota kriminalak saihesteko oztopoak jarriz zelatatze eta kontrol dispositiboen bitartez. Bide batez, prozesu horrek funtzio zibilizatorio bat ere betetzen du, Txinako Kreditu Soziala izeneko kontrol sistema aurreratuan ikus daitekeenez, adibidez. Hala ere, biraketa prebentibo horrek ez du inolaz ere esan nahi hertsadura zuzeneko mekanismoak ahultzen ari direnik; kontrara, poliziaren armatzerako eta espezializaziorako joera bat ere ikusten ari gara.

Hirugarren hipotesia: lurraldea kartzela gisa, edo kartzelaren hedapena lurraldera

Azken urteotan, kriminalitate indizea eta preso kopurua progresiboki txikitzen ari dira. Horrek kontraesankorra dirudi Estatuaren bilakaera autoritario bat bizitzen ari garela defendatzen dugunontzat. Bada, egoera hori azaldu dezakeen arrazoi nagusia da kartzela bera lurraldera hedatzen ari dela. Espetxe-itxialdi batetik itxialdi sozial batera igarotzen ari gara, non pobrea harrapatuta dagoen Estatuaren dirulaguntza xantaiagileen artean, lasaigarriekin medikalizatuta eta kontrol- eta errepresio-aparatu moderno eta ahalguztidunak beldurtuta. Horri guztiari hiriguneen kartografia ere gehitu behar diogu: hirien zentroa aberatsentzako jolas parke bat bihurtzen den bitartean, pobreak periferiara kanporatzen dituzte horko auzo proletarizatuetan biziraun dezaten, poliziaz josita edota haientzat propio sortutako arautegi zigortzaileen mende.

Errepresioaren objektuei buruzko oharrak

Komenigarria da, orokorrean, errepresioa aplikatzen den hiru maila bereiztea; hau da, errepresioaren bitartez Estatuak ezabatu edo kontrolatu nahi duena zera da:

1) Soldata zuzenaren edo zeharkakoaren bitartezko erreprodukzio zirkuitutik kanpoko alternatibak. Soldatak jaisten direnean, handitu egin dira aukerak proletariotzak bizirauteko espropiazio zuzenera edo bestelako bide alternatiboetara jotzeko. Baina Kapitalak pobrezia inposatu behar du, ezarritako mugetatik ateratzeko aukerak erabat suntsituz. Zentzu horretan ulertu behar dugu jabetzaren aurkako delituak saihesteko neurrien gogortzea. Okupazioaren aurkako ofentsiba edo lapurreta txikien aurkako legea hautagarritasun txikienaren zigor printzipioa sendotzera datoz. Horrela, proletariotza ohartarazten dute: "soldatapeko lanean edo Estatuaren dirulaguntzetan kateatuta bizi baldintzak txarrak badira ere, erreprodukzio zirkuitu horietatik kanpo txabolismoa eta kartzela baino ez dituzu aurkituko".

2) Protesta soziala. Azken urteotan, ezinegon soziala asimilatzeko eta isilarazteko eskubideen eta askatasunen murrizketa larriak ari gara ikusten. Sare juridiko berri bat bidea egiten ari da jendeak protesta ekimenetan parte hartu ez dezan. Horren adibide dira, esaterako, historiako ustezko gobernurik progresistenak indargabetzea zin egin zuen Mozal Legea eta zigor kodearen azken erreforma, manifestazioak erreprimitzeko arma gisa desordena publikoen delitua gogortzen duena.

3) Antolakuntza politiko independentea. Estatuaren neurgailu bikoitza nabarmena da: finantzazioa, eskubideak eta askatasunak bere baitan integratutako alderdi politikoentzat, eta jazarpen estrategia proletariotzaren antolakunde independenteen aurka. Oinarrizko eskubideak urratzea eta errepresioa, salbuespena baino, eguneroko ogia dira Estatuaren aurpegi okerrenari aurre egin behar diogun antolakunde independenteentzat. Horren erakusle dira iazko ikasle greban atxilotu zituzten 34 ikasleak, edota etxegabetze bati aurre egiteagatik Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak jasan behar izan dituen 70.000 euroko isunak.

Borrokarako baldintzen aldeko borroka: eskubide politikoak

Eskubide politikoen aldeko borroka ez da legez jasotako eskubide juridikoen marko estura mugatzen. Sozialdemokraziaren proposamenaren aurka, auzia ez da mugatzen Estatuak onartutako oinarrizko eskubideak defendatzera, baizik eta progresiboki proletariotzaren jardun politiko independentea garatzeko baldintza multzoa hedatzera. Izan legeen onarpenaren ondorioz, izan onargarritasun handiagoko erregimenen bitartez, auzia burgesiarekiko dugun indar korrelazioa da; eta haren bitartez gure jardun politikoa garatzeko baldintzak inposatzeko gaitasun efektiboa erdiestea. Perspektiba horrek ahalbidetzen digu azpimarratzea zuzenbidearen iturria ez dela Estatu kapitalista, baizik eta sozialismoa bera, indar korrelazioa proletariotzaren aldera ekarriz eta askatasun baldintza gero eta gehiago konkistatuz doan heinean.

Ikuspegi horretatik artikulatu daiteke jardun politikorako marko zabalago bat, itxuraz deskonektatuta dauden zenbait borroka barne hartu eta elkarlotu ditzakeena. Alde batetik, protestarako eta antolakuntza politikorako oinarrizko eskubideak defendatu behar ditugu: biltzeko eta manifestatzeko eskubidea, intimitaterako eskubidea, edota printzipio komunistak libreki adierazteko eta hedatzeko eskubidea, besteak beste. Horrekin batera, kalearen kontrolean aurrera egin behar dugu, beste gauza batzuen artean faxismoaren aurkako borroka indartuz gazteria militantea beldurtzen ahalegintzen diren talde erreakzionarioen aurka; eta Langile Kontrolpeko Espazioak hedatu behar ditugu, zeinetan hainbat adierazpen iraultzaile garatu diren. Azken batean, borrokarako baldintzen aldeko borrokak zera barne hartu behar du: antolakuntza komunistaren garapen askerako aukera ahalbidetzen duten baldintzen multzoa. Nazioarteko oligarkiak gidatu eta estatu kapitalistek proletariotzaren eskubide politikoen aurka administratzen duten ofentsibari aurre egiteaz ari gara. Hori guztia programa iraultzaile batek gidatu behar du, amnistia osoaren printzipioa defendatuko duena, eta sistema bidegabe hau suntsitu eta askatasun unibertsalean oinarritutako gizarte batez ordezkatzeko eskubidearen alde egingo duena.

Badakigu justizia burgesa itsua dela eta bere balantza beti alde berera erortzen dela. Baina oraindik ere garaiz gaude gure aldera ekarriko duen kontrapisua ezartzeko. Bere ezpatak gu mila zati egin eta beranduegi izan baino lehen.

IRUZKIN BAT
  1. KT
    Koldo Tellitu 2023/03/02

    Artikulu interesgarria, hori bai, Jendeari protesta-ekintzetan parte hartzeko asmoa kentzeko egitura juridikoa Corcuera Legearekin hasi zen eraikitzen, eta oso eraginkorra izan zen milaka isunekin. Errepresio biguneko lehen tresna izan zen. Ordura arte, mobilizazioen errepresioa polizia-kargetan, erasoetan eta atxiloketetan oinarritzen/zentratzen zen. Eta, ondoren, eginbide penalak irekitzen ziren. Corcuera legearen aplikazioarekin, jendea hasieran ez zen jabetzen gertatzen ari zenaz. Poliziak ez zintuen atxilotzen, ez zintuen jotzen, identifikazioa baino ez zuen eskatzen, eta, batzuetan, ezta hori ere, urrutitik identifikatzen zintuen. Baina gero isunak iristen hasi ziren, milaka isun, eta jendeak pentsatu zuen ez zituztela kobratuko, garai hartako trafiko-isunak bezalakoak zirela, ez zirela kobratzen. Eta nomina eta bankuetako kontuen enbargoak iritsi ziren, eta jendea kezkatzen hasi zen eta mobilizazioetara joateari uzten... Nik 400 isun baino gehiago eraman nituen, eta ikusi nuen j ... Gehiago Irakurri

    Artikulu interesgarria, hori bai, Jendeari protesta-ekintzetan parte hartzeko asmoa kentzeko egitura juridikoa Corcuera Legearekin hasi zen eraikitzen, eta oso eraginkorra izan zen milaka isunekin. Errepresio biguneko lehen tresna izan zen. Ordura arte, mobilizazioen errepresioa polizia-kargetan, erasoetan eta atxiloketetan oinarritzen/zentratzen zen. Eta, ondoren, eginbide penalak irekitzen ziren. Corcuera legearen aplikazioarekin, jendea hasieran ez zen jabetzen gertatzen ari zenaz. Poliziak ez zintuen atxilotzen, ez zintuen jotzen, identifikazioa baino ez zuen eskatzen, eta, batzuetan, ezta hori ere, urrutitik identifikatzen zintuen. Baina gero isunak iristen hasi ziren, milaka isun, eta jendeak pentsatu zuen ez zituztela kobratuko, garai hartako trafiko-isunak bezalakoak zirela, ez zirela kobratzen. Eta nomina eta bankuetako kontuen enbargoak iritsi ziren, eta jendea kezkatzen hasi zen eta mobilizazioetara joateari uzten... Nik 400 isun baino gehiago eraman nituen, eta ikusi nuen jendea larritzen isunak iritsi ahala. Errepresioa gogorra, oso gogorra zenez, torturak, kartzela edo atzerrira ihes egitea jendeari lotsa pixka bat ematen zion Corcuera isunaz hitz egiteak, jendea etxera joaten zen bere isunekin, eta ia ez zen sozializatzen. "Kartzelan dagoen jendeak sufritzen duen guztiarekin, ni isun ekonomiko batengatik nola kexatuko naiz" pentsatzen zuen jendea.

    Aurretiazko komunikazioaren kontzeptua ezarri zuen. Ordura arte ez zen baimenik eskatzen, biltzeko eskubidearen legeak hau jasotzen zuen eta "Bilera bat bera ere ez da aldez aurreko baimenaren menpe egongo". Corcuera legea baimena ezartzeko, "aurretiazko komunikazioa" asmatu zuen, ez zen baimena, baina hori barik... isuna.