AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2020/11/03

Aurreko astean Espainiar gobernuaren muturreko posizio aldaketa bizi izan genuen. Alarma egoera berritzeko izan zuen babesa uda garaian galdu ondoren, behin eta berriz adierazi du mekanismo hori ez zela beharrezkoa, nahikoa zela ohiko legeriarekin. Aldiz, egoeraren larritasunak eta hainbat autonomia erkidegoen presioak -lehena EAJ izanik- iritzia aldatzera eraman ditu. Orain gobernuak 15 egunerako alarma egoera ezarri du, aurreko osteguneko diputatuen kongresuan kontrakotasun handirik gabe sei hilabeteko luzapena onartu zelarik. Horren berehalako ondorio izan da, alde batetik, 23.00etatik 06.00etara ezarri den etxeratze agindua eta bestetik, autonomia erkidegoetako lehendakarien erabaki eskumena, modu horretan autonomiek erabakiak hartzeko izan zitzaketen arazo juridikoak saihestuz.

Martxoan ezarririko neurrien aurrean adierazi izan zen bezala, zuzenbide estatuaren legaltasun printzipioaren eta dagokion botere banaketaren ezabapena oinarri ditu erabakiak. Eta argi ikus daiteke, osasun egoeraren larritasunari erantzuten dioten neurriak izatetik urrun, neurri guztiz politikoak direla horiek, klase izaera argikoak. Aldiz, burgesiaren alderdi instituzional bakar bat ere ez da hori salatzera ausartu. Beno, ausartu baino, inork ez du arazo hori identifikatu. VOX alderdi ultraeskuindarra izan da herritarron mugikortasun eta biltze eskubidea modu ilegalean mugatzen ari direla salatu duen bakarra. Oinarrizko eskubideen urraketa aldarrikatzen, sozialdemokraziari ezkerretik pasa zaizkio faxistak, antikomunismoa bandera hartuta, noski.

Bitarte horretan, Podemos-eko alderdikide den Pablo Echenique [1]sorturiko zurrumurru eta gezurren kexu, hainbat «egitate» azpimarratzera mugatu zen: hartutako erabakien zuzentasuna eta inbertsio publikoaren beharra izan zituen hizpide. EH Bildu abstentzioaren alde [2]agertu zen, bizitzak salbatzeko beharrezko ikusten badute ere, osasuna eta eskubide sozialak bermatzeko nahikoa ez dela azalduz. Murrizketen alde beraz, baina truke arduratsu bat exijituz: askatasunak maila pribatuan bezala, publikoan ere murriztea. Era berean, eta Unidas Podemos-en ildotik, osasunaren eta publikotasunaren aldeko apustua adierazi zuten, denen artean egitekoa dela adieraziz, baina beti ere politika koherenteak aurrera eramaten badira[3].

Publiko versus pribatu dikotomiaren analisia egiten badugu aldiz, erraz ikus dezakegu esparru publikoaren aldarria helburu estrategiko gisa izateak duen muga. Zerbitzu baten publikotasuna Estatuak horren gainean duen kontrola besterik ez du azaltzen, jakina izanik Estatuaz ari garenean Estatu burgesaz ari garela. Hau da, oligarkiaren interes finantzario, merkantil eta industrialen mesedetara antolaturiko agenteaz ari gara. Publikoak ez dio biztanleriaren kontrolari erreferentzia egiten, norbanakoen sarbidea zerbitzu horietara aldatu egiten baita duen klase posizioaren arabera. Argi ikus daiteke, proletalgoak kalitatezko osasun zerbitzuetarako duen aukera mugatua, esaterako, beharrezko bitarteko teknologikoetarako aukera eza. Osasuna, beste edozein zerbitzu bezala, beti egongo da kapital metaketa globalaren prozesura menperatua formazio sozial burgesaren parte den heinean.

Egungo testuingurua, krisi kapitalistaren testuingurua da, kapitalismoaren fase aldaketa, eta momentuan bizi dugun osasun larrialdiaren gestioa ere egoera horren baitan ulertu behar dugu. Krisiak orain arte klase ertainaren bloke politikoa osatu duen langileriaren kapa sozialaren proletarizazioa dakar. Hortaz, zerbitzu publikoek biztanleriaren gero eta kapa handiago bati erantzun behar diote. Kapitalari beraz, beharrezko gerta dakioke zerbitzu publikoa indartzea, ongizate kuota minimoak ez bermatzeak ekar diezaioken ondorioak saihestu asmoz.

Sozialdemokraziaren ikuspegitik krisia ordaindu daitekeen fenomeno gisara ulertzen da, klase ertainaren existentziarako bake sozial eta politikoa lortzeko helburua izanik testuinguru horretan euren planteamenduak: «krisia kapitalak ordain dezala». Aldiz, krisia lanaren gaineko esplotazioa berrantolatuz ordaindu da historikoki. Zentzu horretan, ulertu behar dugu asistentzia sozialaren bermeak eta ordenaren mantenuak, ekoizturiko balio globaletik erauzten dituela bitartekoak, kontuan izanda Estatua soilik aktibitate produktiboetan sorturiko bitartekoen gestiora mugatzen dela, zerga bidez bereganatzen dituenak. Krisiak ordea, sektore produktiboen beherakada dakar, horrela, etekin enpresarialen beherakadak, alde batetik, berauen zerga ekarpenaren txikitzea eta bestetik, soldatapeko langileen diru-sarreren jaitsiera dakar. Ondorioz, zerbitzu sozialen mantenua ezinezko bilakatzen da, zerbitzu asistentzialen murrizketak eta horien merkaturatzea justifikatuz. Horra hor kapitalaren kontraesanetako bat: kapitalaren metaketa eta erreprodukzio soziala bermatzeko zailtasunak ditu. Zerbitzu sozialen prestazioa, hazkunde ekonomikorako traba da. Hori dela eta, publikotasunaren ildo estrategikoak langileontzako zerbitzu minimoa borrokatzen du, kapitalismoaren beharrezko tendentziaren aldarria izanik hori.

Egoeraren elementu determinantea krisi kapitalistan kokatzen da. Gizartea ez du birus batek mugiarazten, kapital metaketak baizik. Birusa bizi baldintza ekonomiko eta politikoen zapalkuntza isilpean ezartzeko bitarteko gisa erabiltzen ari dira. Kontuan izan behar dugu, aurretik aipaturiko proletalgoaren areagotze kuantitatiboak, guzti horien menderakuntzan sakontzea exijitzen duela. Horri erantzuten dio azken egunetan bizitzen ari garen Estatu totalitarioaren aplikazioak: askatasun eta eskubide guztien suntsiketa dakarren momentu historikoa. Eta horren arduradun dira, egoera horretara eraman gaituzten alderdi instituzional guztiak, eskuin, zein ezkerrekoak, pobrezian oinarrituriko metaketa ziklo berri baten ezarpenerako hautua egin dutenak.

Eta erraz egiten ari da hori, indar korrelazioan, proletalgoaren inpotentzia ideologiko eta organizatiboa bakarrik ageri baitira. Begi bistakoa izan da azken erabakien aurrean alde batetik, biztanleriaren eta alderdi instituzionalen isiltasuna eta kontrakotasun eza eta bestetik, kalera atera diren gehiengoen noraez ideologiko eta politikoa. Aldiz, badago Euskal Herrian borondate eta konpromiso osoz forma serioan lanean ari den sektore oso bat, asteburu honetan bertan burgesiaren zuzeneko diktadura gelditzeko aldarriarekin kalera atera direnak. Gazte Koordinadora Sozialistak abiaturiko kanpaina politikoak argi uzten du bi direla onartu beharreko irizpideak: osasuna eta oinarrizko askatasunak. Eta horren haritik, giza bizitzaren esparruen aldeko sozializazioa du ildo estrategiko, hau da, zerbitzu guztien eredu sozialista, sektore publikoak soilik zentzua baitauka gizartearen kontrol zuzenaren pean, ez soilik gizarteko zati baten kontrolpean. Metabolismo sozialeko erreprodukzio prozesuen sistema unibertsal, doako eta kalitatezkoa, hain zuzen ere. Hori soilik botere burgesaren deuseztapenaren ondorio izan liteke, eta beraz, proletariotzaren antolakuntza komunistaren aldekoa da dagokigun jarduna, eskubideen defentsarako eta askatasunen unibertsalizaziorako alderdiaren eraikuntza, finean.

 


[2] Ibídem.

[3] Ibidem. Mertxe Aizpurua EH Bildu alderdiko bozeramailea: «entre todos sí, pero con políticas coherentes»