AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Nadia Perez eta Irene Ruiz
2023/11/27 12:23

Emakume langileon askapenerako proposamenean puntu nagusi bat izan da historikoki zaintzaren auzia, jakina baita gure kontrako zapalkuntza ezaugarritzen duen gai nagusietako bat dela. Hainbat dira zaintzaren auziak mahaigaineratzen dizkigun gatazkak. Batetik, zaintza sektoreko langileek, zaintza-lanen aitortza sozial ezaren ondorioz dituzten baldintza txarrak; bestetik, zaintza-zerbitzuen kalitate eskasa, deshumanizazioa eta, beraz, menpeko egoeran dauden eta zaintza-zerbitzuak behar dituzten horien baldintza penagarriak; eta, azkenik, zaintza-lanek lan-banaketa sexualaren ondorioz emakumeongan sortzen duten lan-karga, bai familia esparruan, bai zaintza-zerbitzu profesionaletan.

Dena den, askotarikoak izan dira gaiari heltzeko egindako proposamenak, eta eztabaidak indarra hartu du beste behin azaroaren 30erako deituriko Greba Orokor Feministaren harira. Mugimendu Feministak zaintza-esparru osoa problematizatzeko eta berrantolatzeko helburua atera du mahaira deialdi horrekin. Instituzio publikoak interpelatzean eta horiei presioa egitean kokatu dute irtenbidea, erakundeen ardura delako "zaintzarako eskubide unibertsala aitortzea eta bermatzea". Arazoa, ordea, horien borondate politiko falta dela azaldu dute.

Itaiaren ikuspuntua bestelakoa izan da, ordea, garrantzi berezia duelako zaintzaren auzia harreman sozial kapitalisten barruan kokatzeak, gatazka ulertzeko eta horri aterabidea eskainiko dion norabidea garatzeko. Interes ekonomiko kapitalistek eragiten dute zaintza-lanen problematika. Batetik, Estatuak −interes kapitalistak bermatzen dituen agente gisa− enpresarien etekin ekonomikoak babestea du helburu eta, beraz, zaintza-lanek ahalik eta kostu gutxien eragitea komeni zaio. Hori dela eta, zaintza-lanak familiaren bidez bermatzea eta sektorera bideraturiko inbertsio publikoan murrizketak egitea beharrezkoa da beretzat. Are gehiago krisi kapitalista betean. Bestetik, enpresariak etengabe saiatzen dira zaintzaren kontura etekin ekonomikoak lortzen. Zaintza-jardunak beharrezkoak zaizkigu, eta horri azken hamarkadetan gertatzen ari den biztanleriaren zahartzaroa gehitu behar zaio. Horregatik, zaintza-arloko merkatu-sektorea indartzen ari dira, zerbitzuaren pribatizazioaren bidez eta langileen baldintzak eta zerbitzuen kalitatea txartuz.

Egoera hori izanik, instituzioak gizartearen eraldaketarako tresna gisa kokatzea eta Estatuaren kudeaketa aurrerakoian sinestea ameskeria hutsa da. Kapitalismoa eta Estatua krisian daude, eta azken urteetan agerian geratu da instituzioek eskaini dezaketen bakarra ogi-apurrak direla. Estatua ez da agente neutro bat eta egiturazko muga argi bat du: bere izaera klasista. Hau da, gizarteko sektore batzuen pribilegioak mantendu ahal izateko, beharrezkoa da beste sektore handi baten baldintzak okertzea. Publikoaz ari garenean, beraz, Estatuaren edo Administrazioaren kudeaketaz ari gara, eta horrek ez du inondik inora guztion hobekuntza bermatzen. Agian, sektore konkretu batzuen pribilegioak mantentzeko balio du, baina egoera zaurgarrienean dauden emakumeak alboratzen ditu.

Instituzioen ikuskera horrek, egungo miseria-egoera mantentzeko bitarteko bihurtzen du erreforma, eta ez heziketa politikorako tresna. Horrela, etor daitekeen mamua aitzakiatzat hartuta justifikatzen dira behin eta berriz ezker politika instituzionalaren aldeko proposamenak. Egiaz, ordea, Kapitalaren eta, ondorioz, dominazioaren logikarekin hausteko borondate eza ezkutatzen da horren atzean. Aldiz, instituzioetan langileon interesak defendatzeko eta bermatzeko aukera bakarra da instituzioetatik kanpo indar politiko independentea sortzea. Horrek berma dezake, instituzio burgesen aurrean, proletalgoaren instituzioak gailentzea. Kontrara, instituzioen barruan indar posizio bat lortzera bideraturiko proposamenek ez dute aukerarik zapaltzen gaituen Kapitalaren markoa gainditzeko.

Gaurdanik aurrera daramagun borroka politiko orok norabide estrategiko horri erantzun behar dio. Zaintza-sektoreko eta -zerbitzuko miseriazko baldintzei eta lan-banaketa sexualari aurre egiteko, zehazki, oinarrizko bi aldarri izan beharko genituzke kontuan. Lehena, zaintza-lanen sozializazioa gauzatzea, hau da, zaintza-lanak, emakumeon ardura izatetik, gizarte osoaren ardura izatera igarotzea. Horrek esan nahi du zaintza-lanak ezin direla familia-esparru pribatuan geratu eta gizartearen antolaketak arduratu behar duela zerbitzu horretaz. Era berean, gizarteko lan-prozesuen antolaketa horretan, zaintza-lanak ezin dira sektore debaluatu baten gain jausi (historikoki, emakume langileon gain). Horrek, inplizituki, lan-prozesu ororen aitortzaren auzira garamatza: zaintza-lanek konkretuki, baina jardun orok orokorrean, aitortza sozial berdina izan behar dute. Beraz, ezin da kualifikazioaren araberako hierarkiarik egon gure biziraupenerako beharrezkoak diren lan-prozesuen artean. Bigarren aldarrikapenera garamatza azken ideia horrek: soldata-berdintasuna guztiontzat. Klaserik gabeko gizarte bat da guztiok kalitatezko lan- eta bizi-baldintza berdinak izateko premisa. Modu horretan, eraiki beharreko gizarte berriaren oinarriak izan behar dira aberastasun sozialari guztiok egin diezaiokegun ekarpena aitortzea eta guztiok aukera-berdintasuna izatea.

Prozesu horretan ekarpena egiteko tresna politiko bat da greba, langileon eskubideak defendatzeko eta borrokatzeko baliagarria dena. Ez da berria antolakuntza borrokatik sortzen delako ideia, hau da, klase-borrokaren adierazpenek jendearengan sor dezaketen kontzientziatik indar politikoa eraikitzen dela. Aldiz, helburua lortzeko norabidean kokatu behar dugu kontzientziazio lan hori: kapitalismoaren eta bere instituzioen gainditzean, hain zuzen.

Norabide horretan, grebak ekarpena egin behar dio guztiontzako aukera-berdintasuna bermatuko duen proposamen politikoari. Horregatik, egunak berak balio behar du, batetik, emakume langileon zapalkuntzaren erantzule diren sektore guztien ardura seinalatzeko eta, bestetik, sektore feminizatuen problematikei ahotsa eman eta, elkar lagunduz, borroketan aurrerapausoak emateko eta konpromiso politikoa erakusteko. Itaiak azaroaren 30erako antolatutako mobilizazioek, beraz, aldarrikapen politiko askatzaileak mahaigaineratzeko eta norabide horretan indarrak batzeko helburua dute.

EZ DAGO IRUZKINIK