AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Oharra: testua larunbatean, martxoaren 14an, idatzi zen. Ordutik gaur arte datuak aldatu egin direla begi bistakoa da.

Mundu mailako pandemia izendatu du Munduko Osasun Erakundeak (MOE). 5000 pertsona baino gehiagoren heriotza eragin du, munduko 120 herrialde baino gehiagotan dago kasuren bat (kontinente guztietan), milioika pertsona daude berrogeialdian etxetik irten ezinik, osasun zerbitzuak kolapsatuta daude, ikastetxeak, saltoki eta abar itxi dituzte eta herrialde askotan debekatuta dago norbera dagoen hiritik mugitzea, baita etxetik ateratzea ere. Apokalipsiari buruzko film baten gidoia dirudi, baina oraindik Europan goia jo ez duen koronabirus gaixotasunaren (COVID-19) ondorioetako batzuk dira.

Gaixotasunaren hedapena galarazteko neurriak dira berrogeialdia edo eraikin publikoak zein mugak  ixtea, argi dago. Baina ez gure osasuna babestea agintarien printzipio etiko bat delako, koronabirusak kapitalismoaren egunerokotasun normala oztopatu duelako baizik. Gainbalioaren erauzketa babesteko neurriak dira. Nola azaldu daiteke, bestela, ixten lehenengoak ikastetxeak izatea eta enpresa produktiboak eta estrategikoak zabalik mantentzea, edo ixtea behar-beharrezkoa den kasuan, ixten azkenak izatea? Gurean Petronor da enpresa horietako bat, ea ixten duten. Birusak langileongan eragin ditzaken osasun arazoak ekiditea bada neurriak hartzearen arrazoia, nola azaldu daiteke, esaterako, etxegabetzeak bere horretan mantentzea edo jantoki sozialak ixtean (Madril) horri esker bizi den jendeari ezer ez eskaintzea?

SARS-CoV-2 birusa eta hortik eratorritako COVID-19 gaixotasunaren jatorria oraindik ezezaguna da. Lijian Zhao Txinako kanpo ministerioko bozeramaileak, zeharka esan du, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) armadak eraman zuela birusa Wuhanera (Txina), gaixotasunaren sorreraren epizentrora, alegia. Askotariko hipotesiak daude, baina momentuz ezin dugu jakin zein den gaixotasunaren jatorria, eta gainera, osasunaren aspektutik behar beharrezkoa bada ere, joko zelai geopolitikoan interesgarriena krisi honen inguruan ematen ari den AEB eta Txinako burgesien arteko guda da.

Dirudienez, Txinaren ekonomian kalte handiak eragin ditzake: ekoizpen prozesuaren zati handi bat geldirik egon da eta zenbait estimazioren arabera estatu horren BPG %5 erori daiteke. Luzerako borroka izango da, ordea, eta honek guztiak zein agente geopolitiko indartu dezakeen ez dago batere argi. Oraingoz, COVID-19a estimulu bortitza izan da munduko ekonomia. Azken astean, petrolio upelaren prezioa erdira baino gehiagora jaitsi da, eta mundu guztiko burtsek jaitsiera historikoak izan dituzte: IBEX 35ak bere historiako jaitsierarik handiena izan du eta Wall Streetek, berriz, maximoetatik izandako jaitsierarik azkarrena.

Rolando Astarita ekonomialari marxistak depresio global baterako baldintzak daudela baieztatu du. Haren ustez, AEBko eta, beharbada, Europako ekonomiaren beheranzko espirala izateko elementuak daude, ekonomia globalean eragin negatiboa eta atzeraldia ekarri dezakeena. Ildo beretik, paradoxikoa izanda ere, Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak eta Nazioarteko Diru Funtseko (FMI gazteleraz) presidente ohiak, krisi berri baten arriskuaz ohartarazi du. Koronabirusaren ondorioetako bat krisi ekonomikoa izan daitekeela esan du, zehazki, 2008. urtekoa baino gogorragoa izango dena, gainera. Gerora, Angela Merkelek ere berretsi du azken hori.

Koronabirusaren atzetik dagoen burgesiaren fakzio ezberdinen arteko gerra inperialistara itzuliz, aipatzekoa dira Txina egiten ari den mugimenduak. Izan ere, besteak beste, Iran eta Italiara laguntza bidali du, botere erakustaldi galanta eginaz. Gainera, Europar Batasunari aurre hartu dio: toneladaka maskara, material eta laguntzaile andanaz hornitutako hegazkinak iritsi dira aipatutako herrialdeetara. Ez da, ordea, indarra erakusteko mugimendu soila: geopolitikan ez dira gauzak dohainik oparitzen, komunismoak aktore politiko internazionala izateari utzi zionetik ez behintzat. Litekeena da, Txinak Europak etorkizunean irekiko dizkion aukeretan pentsatuz egin duen mugimendua izatea.

Osasun krisiaz ari gara, baina krisiak bestelako krisi gehiago sortu ohi ditu. Espainian esaterako,  gobernuaren lidergotza krisi bihurtu da zalantzarik gabe, eta horren eraginez gobernuaren eta estatuaren kudeaketa gaitasunarekiko zilegitasun krisia ere bai. Bai behintzat hasierako egun hauetan. Histeria sozialaren egoeran gobernuak ez du jakin gizartean zuzendaritza edo buruzagitza irmo gisara aurkezten bere burua: krisiaren lehenengo aste honetan desinformazioa, erantzukizun falta, gobernuak berandu erreakzionatu duenaren sentsazioa eta neurri partzial zein lokalak izan dira nagusi, neurri efektibo eta orokorren aplikazioaren ordez. EAEren kasuan, esaterako, zergatik itxi ziren soilik Gasteizeko ikastetxeak eta hiru egunetara gainerako guztiak? Edo, zentzua dauka Madrileko unibertsitateak itxi izana Madril itxi gabe? Akaso neurri horiekin gaixotasuna gelditzea espero zitekeen?

Gobernuaren aldetik lidergotza krisia eta erantzukizun falta nabaria izan da, eta horren adibide asko aurkitu ditzakegu egun gutxian: alderdikeriaz jokatuz, martxoaren 8an protagonista izateko helburuarekin manifestazioak bertan behera ez uztea esaterako, gaixotasunen prebentziorako Europako agentziaren irizpideek agintzen zuten bezala. Egun gutxira, gainera, ekitaldi hauetan protagonista izandako Irene Montero berdintasun ministroak positibo eman zuen COVID-19 gaixotasunean. Erantzukizun faltaz gain, determinazioa ere falta izan zaio Gobernuari, edo hori erakutsi dute behintzat, esaterako Garzon ministroa Twitterretik etxean geratzeko mesedez (!) eskatzen aritu denean. Ministroek noiztik eskatzen dituzte mesedeak? Gobernuaz aparte ere izan dira pasarte negargarriak: esaterako, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo erkidegoko presidenteak hiria nola ixten den ez dakiela esan zuen.

Euskal Herrian, EAJ lidergotza krisia baliatzeko asmotan eta hauteskundeetarako protagonismoa irabazteko helburuarekin, Urkullu lehendakariaren zuzendaritza papera harrotzen ari da, tartean, Espainiako gobernuak deitu zuen alarma-egoera baino ordu batzuk lehenago martxan jarriaz emergentzia egoera eta bere eginez egoeraren erantzukizuna. Ematen du neurriak sinbolikotik gehiago daukala efektibotik baino, Gobernuak onartuko duen alarma egoera, salbuespen egoera izanik eskumen asko Gobernu zentralaren gain geratzen direlako. Gainera, momentu ona da EAJrentzat lidergotza indartsuaren demostrazioa egiteko, Koronabirusak Zaldibarko katastrofea eztabaida publikotik atera duelako. EH Bilduk, berriz, Zaldibarrekin irekitako bide sentsazionalistan sakonduko duela ematen du, instituzioen kudeaketa txarra seinalatuz, eta beraiek kudeatzaile hobe bezala aurkeztuz. Nolabaiteko kapitalismoaren kudeaketa etikoa eta ekologikoa aldarrikatzen dute zeharka. Jokoz kanpo geratzeko arriskua ikusi zuen Bilduk, eta azkar ibili direla ezin uka, koronabirusagatik hauteskunde kanpaina bertan behera utziko dutela adieraztearekin, besteak baino lehenago sartu baitziren hauteskunde kanpainan.

Osasun krisiak berarekin aspektu anitzetako krisiak sortuko dituela esan dut, eta jadanik ikusten ari garen bezala, gizarteko dimentsio ezberdinetara hedatuko dela dirudi. Zentzu horretan, klase menderatzailearentzat aukera eta esperimentu bat izango da langilegoaren aurkako ofentsiba ekonomiko eta politikoan sakontzeko, klase menperakuntzaren teknologian aurrera egiteko. Gainera, komunismoa agente politiko gisara existitzen ez den egungo egoeran, hots, langileriaren interesak defendatu eta burgesiari boterea lehiatzeko beharrezkoa den masa alderdi komunistaren gabezian, are errazagoa izango zaio langileriaren menderakuntzan aurrera egitea. Nazanín Armanian geopolitikan adituak paralelismo bat egin du COVID-19 pandemiaren eta I-11ko Torre Bikien atentatuaren artean: osasun krisia eskubide politiko eta zibilak murrizteko erabiltzearen arriskua seinalatu du. Txina tendentzia horren adibide argia da, osasun krisia baliatu baitu orain arte zituen kontrol sozialeko teknologien aurrerapenak praktikan jartzeko: dronen bidez jendea berrogeialdira behartzea, poliziak betaurreko bidez pertsonen gorputzetako tenperatura (ere) neurtzeko gaitasuna izatea edo mugimendu guztien berri ematera behartzen duen mugikorreko aplikazioa erabili beharra dira horren adibide batzuk.

Esan dudan bezala eta lehen egun hauetan ikusten ari garenez, tamalez, Espainiar Estatuan erresistentzia gutxi topatuko du burgesiak krisia langileriaren aurkako ofentsiba gisara erabiltzeko. Horren adibidea da CCOO eta UGT-k burgesiarekin (CEOE eta PYMErekin) egindako azken hitzarmena: sindikatuek eta enpresaburuek lortutako akordioak Errege Lege-Dekretu bat onartzeko eskatu dio Gobernuari. Batez ere, aldi baterako enplegua erregulatzeko espedienteen (ERTE) erregulazio berria eskatu dute. Hau da, patronalak erraztasun gehiago izan ditzan langileak kaleratzeko edo lan orduak murrizteko. Beste dimentsio batean, baina ofentsibaren adibide dira ere, EHUko garbitzaileei greba eskubidea ukatu izana edo Gipuzkoako zahar-etxeetako garbitzaileek berrehun egun baino gehiagoko greba bertan behera utzi behar izatea.

Begi bistakoa da, koronabirusaren aurkako borrokaren erabilera koiunturaletik haratago, langileriaren aurka erabiltzeko teknika eta teknologiak direla aipatutakoak. Bide batez, ikusteko dago, langileriaren bizitzetan alarma egoera bezalako tresna bortitzek nolako inpaktu kulturala izango duten. Momentuz, Gobernuaren aginduz milioika pertsona etxean geratuko dira hainbat egunez, eta hori, aurrekari bat izan daiteke.

Krisi garaiak tragikoak badira ere, baditu aspektu interesgarriak. Horietako bat erreformismoari iraultzailearen kareta kentzea da. Izan ere, badago bere burua komunistatzat izanda sozialismoaren eraikuntza estatu burgesa indartzearekin nahasten duenik. Horiek dira koronabirusarekin Txina eredutzat hartzen dutenak eta enpresa pribatuen nazionalizazioa gaitz guztien aurkako botikatzat aldarrikatzen dutenak. Ekoizpen bitartekoen nazionalizazioa, ordea, proletalgoaren kontrol gaitasunik eta botere antolaturik gabe burgesiaren kudeaketa modalitatea aldatzea besterik ez da. Kontrol burgesa enpresa pribatuaren bitartez izan ordez estatu aparatuetatik izatea, alegia. Publikoa izateak ez du zertan langile klasearen inklusibotasuna bermatu, are gutxiago gure interesen araberako erabilera.

Enpresen nazionalizazioa ez da alderdi sozialdemokratek eta burgesiak gainditu ezin duten marra gorri bat, ezta ere kapitalismoa kolokan jartzen duen neurri bat, koronabirusaren krisiarekin ikusten ari garen bezala. Esaterako, Madrilgo Komunitate Erkidegoan osasun pribatuaren eta publikoaren arteko koordinazio bateratu bat osatu dute, osasun publikoak pribatuaren baliabideak ere erabili ditzan. Haratago joatea proposatu du Peter Altmaier Alemaniako ministroak, enpresa estrategikoak nazionalizatzeko borondatea adieraziz. Akaso neurri hauek sozialismoren eraikuntzan emandako aurrera pausua direla uste al du norbaitek? Nire ustez, osasun krisia kudeatzeko estatuen baliabide falta besterik ez dute adierazten.

Erreformista berberak dira Txinaren aginte gaitasuna eta errepresioa idolatratzetik abiatuta, proletalgoa Espainiar Estaturen subordinatu izatera kondenatzen dutenak, horrela dominazio kapitalista betikotuz. Pedro Sanchezek dio garrantzitsuena gizartearen disziplina izango dela krisi honetan, eta arrazorik ez zaiola falta uste dut. Bere ikuspuntutik, Koronabirusaren kudeaketatik garrantzitsuena estatuaren legitimitatea eta aginte gaitasuna indartuta ateratzea da. Horretan laguntzen dute erreformistek estatu burgesarentzat botere gehiago aldarrikatzean.

Gainera, erdi mailako klasea eta bere adierazpen politiko erreformistak estatu burgesa indartzeko aldarrikapenak zabaltzen nahikoa lan badutela dirudi, osasun krisi honek proletalgoaren bizitzetan izango duen inpaktua seinalatzeko ordua iritsi denean. Zer pasatzen da berrogeialdia egiteko etxerik ez dutenekin? Edo, lanera joan gabe etxeko gastuei aurre egin ezin diotenekin? Egunero milaka langile biltzen diren enpresa handietara COVID-19 ez da ailegatzen? Eta, tratu txarrak ematen dizkion gizonarekin berrogeialdia egin behar duen emakumea?

Antolakuntza eta botere independenterik gabe, pandemia eta krisietan proletalgoa izango da galtzaile nagusia: gaixotasunarekin kontaktu gehien izango dugulako, egoerari aurre egiteko baliabide gutxien dugulako eta estatu burgesak, eta burgesiak orokorrean, indartzeko baliatuko duelako.

Galtzaile nagusia izateak ordea ez du esan nahi dena galduta dagoenik: proletalgoa panorama politikoan agente antolatu eta bateratu bat ez izateak ezin gaitu etsipenera eraman, gabezia hori konpontzeko eginbeharrean jarraitzea dagokigu, baita osasunaren krisian ere. Hori da, hain justu, aipatu nahi nuen krisiaren interes guneetako bat. Nire ustez, komunistok eredu izan behar dugu proletalgoarentzat, gaixotasunarekiko erantzukizunez jarduteaz gain, langileriaren arteko elkartasun jarduerak antolatzea eta elikatzea dagokigu, langile botere antolatua proletalgoaren babesgune bihurtzeko norabidea indartzeko helburuarekin. Izan ere, krisiak komunistontzat aukera momentuak ere badira, kapitalaren bizi antolamendua kolokan dagoen momentua izanik, sozialismoa aukera politiko gisara agertzeko baldintzak areagotzen direlako. Zentzu horretan, proletalgoari aukera komunista aukera erreal gisara aurkeztea egun daukagun zeregin urgente bat da. Hori ordea ez da bere kaxa gertatuko, ezta krisi baten ondorio naturala izango, horretarako ezinbestekoa da proletalgoak antolakuntza sozialistarenganako konfiantza irabaztea: ikus dezatela pelikula apokaliptikoen gidoien pareko errealitateak sortzen dituen mundu zaharrean aukera komunista tinko mantentzen dela.