Els somriures s’han acabat

2019ko urriaren 17a

Egilea: Dani Askunze


Versión en castellano / Versió en català

Atzo gauean, Jordi Borras foto-kazetariak Katalunian azken egunetan jazo diren gertakarietan nabarmentzen dituen zenbait elementu komentatu zituen bertako kaleetatik: "ez direla infiltratuak, jomuga nazional zein sozialak lapurtu dizkieten gazte amorratuak" baizik eta "hau ez duela inork kontrolatzen", "ez Tsunamiak, ezta CDRek edota alderdi politikoek ere"[1]. Ziur aski, hau ez da nahikoa ireki den eszenatokiaren tamainari behar moduan heltzeko, baina era berean, oinarri nahiko tinkoa eskaintzen digu zer gertatzen ari den eta hemendik aurrera zer gerta daitekeen ulertzeko.

Procésaren liderren aurka –sedizio delituaren kondenarekin eta kartzela zigor garrantzitsuekin- Auzitegi Gorenak igorri duen azken sententzia izan da oraingoan Katalunia mobilizazio ziklo berri batean sartu duena. Jada iraganean eta, zergatik ez, ahazturik ere gelditu da terrorismoaren akusaziopean bederatzi pertsonaren aurka berriki egindako polizia operazioa, etorkizunean gerta zitekeenaren ohartarazpen errepresibo prebentibo gisa ulertu zitekeena... Baina berdin-berdin pasatu da.

Procésaren kale-adarraren azken metamorfosi aktibista dirudien Tsunami Democràtic ikusezin batek desobedientzia zibilaren koordenadetan deitutako mobilizazio azti eta masiboek, ordu gutxitan erakutsi dute masak –edo kuantifikatzeko zaila den masa horien zati bat bederen-, lerrokatzeko gaitasunik gabeko markoak direla. Badirudi liderrak ez direla oso fin ibili masen sumindura eta frustrazioa kuantifikatzen. Ez zaie arrazoirik falta haiei: iristen ez den Errepublikaren promesa hutsala, procésaren etengabeko ibilbide zirkularrak eragindako nekea, lehen lerroan egoteak dakarren kostu errepresibo hazkorra, Governaren eta bere mossoen artean dagoen ageriko kolaborazionismoa… Kataluniako gatazkaren sakonean, klase terminoetan hasiera-hasieratik nabarmentzen den krisi soziala albo batera utzi gabe, noski.

Borroka metodoen erabilerari esker nabarmendu da haustura: performancearen erabilera eta abusuaren mugak mahai gainean jarri dira; naïf pazifismoaren berehalako gainbehera eragin eta la nostra policíari -errepresioari dagokionean gainontzeko uniformedunei inongo inbidiarik ez diela erakutsi duen horri berari- maitasun ferekak egiteko aukera sustraitik moztu duen errealitate gordina azaleratu. Hala ere, formen auzia –garrantzitsua izanagatik- ez da sakonagoa den auzi baten katalizatzailea besterik izan: edukiaren auziarena, hain zuzen.

Edukiaren auzi horrek garrantzia politiko handia du, Kataluniako gatazkaren azken garaiotan mugarria jartzen duen heinean: procésa zuzentzen duen burgesia katalanistak mugimenduaren gain zuen kontrol absolutua galtzen duen lehen aldia da hau. Bere azken pantaila aktibistari (Tsunamia), zein bere antolakunde politiko (JxC, ERC) eta sozialei ere (ANC, Òmnium) kaleak gain hartu die oraingo honetan. Paradoxikoki, mobilizazioak martxan jarraraztearen arrazoi izan ziren lider kartzelaratuek beraiek ere, galdu dute dagoeneko Twitter bidez egin behar dena edo ez dena inposatzeko autoritate morala. Gauzak honela, orain arte "masak bere ezinegonaren tigrea aurka jarri aurretik zamalkatzeko"[2] lotailu sozial hutsezin zirudien procésak indarra galdu du. Justifikatuta daude, beraz, elite prozesisten urduritasunak.

Dena dela, gauza bakoitza bere lekuan jarri behar da. Masen sektore baten insubordinazio tinkoak ekarri du masak telegidatzeko liderrek zuten gaitasun mugagabearen amaiera –eta ez diete sekula barkatuko-, nahiz eta oraindik ez diren lider horien aurkako konfrontazio argi eta zuzen bilakatzeko mailara iritsi. Izan ere, amorru leherketa espontaneo orotan bezala, artikulazio eta koherentzia falta nabari da hemen ere. Horregatik, logikoa da sektore horrek bideorri propio batekin eta alternatiba ezberdindu batekin izan dezakeen ibilbidearen inguruan zalantzak sortzea; hori lortzeko, adoreaz gain gaitasuna behar baita, boterea. Fenomeno horren klase izaerarekin harremanean aurkitzen da hori. Mugimendu katalana gehiengoan erdi mailako klaseek gizendu –baina ez zuzendu- badute (proletalgo sakonena kanpoan utziz), berriki erradikalizatu den sektorea, ziurrenik, proletarizazio prozesuak ito duen erdi mailako klase horren kapa baxuenek osatzen dute. Horien pertsonifikazio nabarmenena gazteek eta ikasleek hartu dute.

Baina itzul gaitezen berriro mugimendu katalanaren indar korrelazioan eman den aldaketara. Burgesia katalanistak Herri Katalana vs Estatu espainiarra ardatza bere gustura mugitzeari utzi dion unetik, eta horrek dituen arriskuak igarri dituen momentutik, Euskal Herrian ondo ezagutzen dugun beste ardatz baten babesera ihes egin du korrika: demokratak vs biolentoak ardatzera, hain zuzen. Hala, ordenaren sektoreak lerrokatuta, Torra-Sánchez tandemak kontrolbakoak isolatu, eta horien gainean gorroto errepresibo osoa askatuko du –dagoeneko ari da-, lehen kolpean soka mozteko. Jokaldi horrek frustrazio gehiago sor dezake, eta hautemateko zaila den garapen bati bide eman diezaioke.

Mugimendu horrekin burgesia katalanistak uneko egoera salba dezake, baina politikoki bere miseriak gehiegi erakusten ditu, eta batasun nazional bidezko bake soziala konplikatu egiten zaio modu horretan. Hala, epe laburrean, Kataluniako gatazka fase berri batera eraman dezakeen procésaren amaieraren hasieran aurkitu gaitezke. Edo beste era batera esatearren, Espainiako Estatuaren krisi politikoaren beste estualdi baten aurrean eta irtenbide gisa aurreikusgarria den erakustaldi autoritario baten atarian egon gaitezke. Datorren indar berregituraketa, burgesiak bere ezberdintasunak alboratzeko gehien maite duen joko-zelaian ikusiko dugu: azaroaren 10eko Hauteskunde Orokorretatik aterako den parlamentuan.