AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Nadia Perez eta Irene Ruiz
2023/03/06 11:31

Espainiako Estatuko Berdintasun Ministerioak Estatuko Zainketen Estrategia martxoaren erdialdean aurkeztea aurreikusten du, Gizarte Eskubideen Ministerioarekin lankidetzan. Legegintzaldia amaitu aurretik, alderdi aurrerakoiek zaintza sistemaren ibilbide-orria ezagutarazi nahi dute. Gaiari buruzko eztabaida ez da instituzioetan agortzen; izan ere, zaintza politika horien beharra azpimarratu da, baita ertzetan kokatzen diren mugimendu politikoetatik ere. Estatu mailakoak, nazionalak edo autonomikoak badira ere, kapitalismoaren alderdi positibo faltsua adierazten duen eta deskonposizio betean dagoen Ongizate Estatuaren planteamenduan oinarritzen dira guztiak.

Etxeko lanen eta zaintza lanen gaia funtsezkoa izan da emakume langilea askatzeko proposamenaren baitan, eta, beraz, ukaezina da hori ebazteak duen garrantzia. Beraz, auzia harreman sozial kapitalistaren barruan kokatzea eta harreman hori gainditzeko borroka-prozesuak martxan jartzea lehen mailako zeregina da.

Testu honen bidez, zaintzari buruzko proposamenen mugei heldu nahi diegu, izan politikari profesionalen proposamenak, izan eragile sozialetatik sorturikoak. Eztabaida teorikoetan gehiegi sartzeko asmorik gabe, jarrera kritiko batetik, zaintza sistema publiko eta komunitario bat eskatzean oinarritzen diren estrategia eta antolaketa-moduak jorratzea dugu xede.

Krisi testuingurua irabazia metatzeko ezintasunak ezaugarritzen du, oinarri horrek esparru guztietan eragiten du, eta, ondorioz, burgesiak bere klase posizioa mantentzeko zailtasun handiagoa du. Krisi kapitalistak etekin ekonomikoa handitzeko eta metatzeko dakartzan mugek, sistema beraren barne-berregituraketa eskatzen dute. Horretarako, metaketa-ziklo berri baterako erreformak eta doikuntzak gauzatzen dira, eta horren barruan ulertzen dugu burgesiak langileriaren aurka zabaldu duen ofentsiba ekonomiko eta politikoa. Ekoizpen-prozesu globalean erabakitzeko gaitasuna dutenak dira neurri horiek sustatzen dituztenak, hainbat instituzioren bidez. Instituzio horiek, lehen esan bezala, langile klasea debaluatzen dute, eta, horrela, proletario-izaera orokortu egiten dute gure bizi forma gisa.

Etxeko lanei eta zainketei dagokienez, prozesu horrek bi auzi azaleratzen ditu: lehenengoa, sektoreko lan baldintzen (nagusiki, emakumeen sektorea izanik) eta zerbitzu berberen kalitatearen beheranzko joera, eta, bigarrena, zaintza eta garbiketa zerbitzuen pribatizazioa. Azken batean, instituzio publikoen inbertsio publikoaren mende dauden zerbitzu horiek enpresa pribatuek kontrolatzen eta kudeatzen dituzte. Eta garrantzitsua da instituzioen kolaborazioa azpimarratzea, funtsezko funtzioa betetzen baitute: enpresa horiek azpikontratatzen dituzte, lan baldintzak ezartzen dituzte eta pribatizazioa indartzen dute.

Egoera horrek, soldata-hobekuntzak eragiteko eta zerbitzuetarako sarbidea eta kalitatea bermatzeko gaitasunik ez duenez, gero eta kezka handiagoa sortzen du gizartean, langile klasearen erreprodukziorako funtsezkoak diren zerbitzuak murrizten ari direlako. Ezintasun horren ondorioz, ezkerreko sektore batzuek etxeko lanen eta zaintza lanen gaiari erantzuteko programa-proposamen bat egin dute. Hartzen duten antolaketa-modua alde batera utzita, gizarteko bizi baldintzen gainbeheraren aurrean, eraldaketarako oinarri gisa kokatzen dute zaintza, eta hiru ardatzen bidez egituratzen da hori: zaintzak jasotzeko eskubidea, baldintza berdinetan zaintzeko eskubidea eta baldintza duinetan lan egiteko eskubidea. Horrela, zaintza kultura berri bat eraikitzeko saiakera egin nahi dute, hau da, bizitzaren antolaketan funtsezko aldaketa bat eginez, gizarte bidezkoago baterako pixkanakako eraldaketa proposatzen dute. Zaintzarako eskubide kolektiboa kontsigna estrategikoa bilakatzen da eta, horren oinarria, Estatuaren eta komunitatearen arteko sinbiosia; betiere Kapitalaren irizpideen pean gertatzen dena eta, azken batean, gizarte-harreman ororen nolakotasuna ezartzen duena.

Zaintza berregituratzeko, ikuspegi komunitario batetik, hainbat eragileren arteko lankidetza-harremana proposatzen da. Prestazio publikoak indartu beharko lituzketen instituzioak; gizarte-ekonomia eraldatzaile baten alde lan egingo luketen kooperatibak, lan baldintza justuen aldeko konpromisoa hartuko luketenak, eta horren guztiaren oinarri soziala izango liratekeen kolektibo sozialak. Horiek guztiek, modu batean edo bestean, zaintzaren krisiari oinarritik erantzutea aldarrikatzen dute, eta eskubideak zabal ditzala eskatzen diote Estatuari; hau da, politika publikoak indartzea eta horiek elkartasunean oinarrituriko maila lokaleko sare herritar boluntarioekin osatzea proposatzen dute.

Planteamendu horrek Estatua eragile neutral gisa aurkezten du, ekonomiaren eta finantzaketaren gainean erabakitzeko gaitasuna izango balu bezala. Arazoa, beraz, ez dute Estatuaren izaera klasistan kokatzen, baizik eta arazo tekniko soil batean, zeina gobernuko politikarien borondate-aldaketa batekin konpondu ahalko litzatekeen. Beste modu batera esanda, politika horiek gauzatu eta horien aplikazioa kudeatuko lukeen alderdi instituzionala indartzea dute helburu; alderdi horiek presio sozialaren bidez beraien eskaerak aurrera aterako dituztelakoan.

Aldi berean, politika publikoak indartzeko finantzaketa ekonomikoa galdegiten da. Hori dela eta, etekinen birbanaketa ekitatiboa proposatzen da, erreforma fiskalaren bidez. Ikuspegi horrek kapitalista on eta txarren arteko bereizketa egitera garamatza, zenbait kapitalistak, beraien ontasunez, proletarioen interesak babes ditzaketela pentsatuz. Horretarako, baina, beraien pribilegoak alboratu beharko lituzkete, beraien klase existentzia bera ukatuz.

Laburbilduz, ikuskera horretatik datozen proposamen guztiak, alde batetik, instituzioei aldarrikapenak egiten, eta, bestetik, asistentzia izaera duten neurri edo lan lokaletan oinarritzen dira, azken horiek administrazio publikoen lanaren gabezia osatzeko funtzioa betetzen bukatzen baitute. Gainera, krisi garaian, desio formalek oraindik eta ezintasun handiagoa izaten dute beraien aplikagarritasunean; izan ere, klase jabedunen etekinei eusteak, langile klasearen erreprodukzioari loturiko inbertsioa mugatzea eskatzen du: osasuna, hezkuntza edota zaintza zerbitzuak murriztuz.

Diskurtso-erretorika, gainera, zaintza-sare komunitarioen sorrerarekin osatzen dute, esate baterako, auzoetakoak edo herrietakoak. Ertzetatik eraikitzearen aldeko apustua egiten dute erresistentzia moduan, azken batean, kapitalismorik gabeko oasi txikiak sortzea planteatzen duena. Iraultza, ekoizpen-bideen sozializazioa (baita zaintzaren sozializazioa ere), alboratu egiten da eta "komunen" aldeko estrategia nagusitzen da, hau da, proposamen horretan kapitalismotik kanpo pentsatzen duten ekintza autoantolatuek zentralitatea hartzen dute. Arazoaren erroa seinalatu beharrean, jardun konkretu eta partzialetara mugatzen dira. Modu horretan, ezinezkoa da kapitalari aurre egiteko gai izango den subjektu politikoa sortzea, eta, ondorioz, ezinezkoa bihurtzen da gizateria osoaren emantzipazioa gauzatzea.

Zaintzaren aldaketa kapitalismoaren baitan kokatzen dutenek, momentuko aldaketak aldarrikapen formalen bidez egikaritzen dituzte. Horrela, ekintza politikoa eta borrokarako aukera Estatuaren mugetan kokatzen dira, horrek baimentzen duenaren eta ez duenaren arteko jokoan. Horrek ezabatu egiten du egoera iraultzeko beharra duen eta klase independentziaren baitan antolatzen den borondate politiko oro. Horrela, erreforma horiek, gaitasun politikoak handitzeko baino, egungo bizi baldintzei eusteko bitarteko bihurtzen dira: miseria eta langileon menderakuntza.

Aipatutako jardun edo norabide politiko horiek, hasieran gaur egungo zaintza ereduari alternatiba eraikitzeko asmoa eduki dezaketenak, ez dute oinarri iraultzailerik, ez baitituzte beren gain hartzen analisiaren inplikazio praktikoak. Azken finean, adierazpen politiko horiek egiten duten lana alderdi politiko profesionalek eta haien ezkerreko alderdiek kapitalizatzen dute, eta helburu bakarra Kapitalaren kudeaketan duten posizioari eustea da, botoak eskuratuz.

Etxeko lanen eta zaintza lanen auziak ikuspegi integral bat eskatzen du, borroka politikoa kontzeptu estrategiko argi batzuen arabera bideratuko duena. Gure ustez, konponbidea lortzeko, alde batetik, lanaren banaketa sexualarekin amaitu behar da, eta horrek, aldi berean, onura ekonomikoan oinarritutako lanaren banaketa sozialarekin amaitzea eskatzen du. Eta, beste alde batetik, etxeko lanen sozializazio unibertsala bermatu da, guztientzako kalitatezko eta doako zerbitzuak bermatzeko aukera bakarra baita; lehen aipatu bezala, zerbitzu horien estatalizazio- edo publifikazio-proposamenak Kapitalaren dinamiken mende daude; eta, beraz, ez dute eta ezin dute pertsona guztientzako kalitatezko eta doako zerbitzua bermatu. Izan ere, horrek berekin ekarriko luke haien klase pribilegioa alde batera uztea, ongizate orokorraren mesederako.

Ildo estrategiko horiek funtsezkoak dira pertsona guztientzako kalitatezko bizi eta lan baldintza berdinak bermatzeko, kualifikazioaren araberako lan prozesuen hierarkiarekin amaituz eta lan prozesu guztientzako aitortza sozial berdina bermatuz. Halaber, modu duinean eta gizatiarrean zainduak izateko eta zaintzeko premisa dira, zerbitzu horiek gauzatuko dituzten zein jasoko dituzten pertsonen kalitatezko baldintzak bermatuz. Horrela, emakume proletario askok eta askok beraien familietan zein besteen familietan egiten ditugun lanen zamarekin amaitu behar dugu, klase ertaineko emakume batzuk funtzio horietatik askatzea lortuta ere, emakume guztiok ez baikaitu askatu. Era berean, familia proletario guztiek kalitatezko bizitza izateko beharrezkoak diren zerbitzuak babestea ahalbidetuko luke; izan ere, familia horietako askok, gaur egun, ezin dituzte zerbitzu horiek bermatu baliabide, denbora eta indar faltagatik.

Sozialismoaren eraikuntzan egon daitezkeen ekimen eta instituzioak zehazteko abiapuntu egokia izan daiteke zaintza arloan aurretik izandako esperientzien azterketa kritikoa egitea. Sehaska-etxeak, haurtzaroko lorategiak, jantokiak, garbitegiak, kirol erakundeak edo aisialdiko erakundeak historian zehar izandako hainbat prozesu sozialistaren adibide dira. Prozesu horiek lan horien sozializazioari lehen bultzada eman zioten, eta emakume langilea lan militantean agente politiko gisa integratzea erraztu zuten. Hala ere, garrantzitsua da borroka politikoa gaurkotasunean kokatzea. Antolaketa eta borroka sozialistak gizartearen haserrea ezin du salaketaren mailara mugatu. Beharrezkoa da langileriaren indarra bere osotasunean artikulatzea eta horra begirako proposamen politikoak egitea.

Horretarako, beharrezkoa da zaintzen eremuan ere gaurdanik borroka-prozesuak egikaritzea. Proletarioen biziraupena borroka politikoa garatzeko baldintza onenetan bermatu ahal izateko eta botere sozialista baten esperimentazioa gauzatu ahal izateko balio behar dute borroka eta esperientzia horiek, betiere kapitalismoa desmuntatzeko prozesuaren osagarri izanda. Horregatik, planteamendu horrek guztiak emakume langilearen aktibazio politikoa ekarri behar du berekin, eta, aldi berean, botere independente baten eraikuntzan ekarpena egin behar du, guztion ongizatea bermatuko duen gizarte baten alde.

EZ DAGO IRUZKINIK