Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak joan den otsailean aurkeztu zituen bere I. Kongresuaren ondorioak, eta horren ondoren etorri dira Emakume Langileen Topaketak, ikasturtearen amaieraren atarian. Atzo izan zen egun osoko saio hori, Gasteizen (Araba), eta ehunka emakume elkartu ziren matxismoaren gogortzeari aurre egiteko erronkez eta emakumeen askapen-borrokan aurrera egiteko eman beharreko pausoez gogoeta egiteko. 10:00etan izan zen harrera, eta 10:30ean ekin zieten hitzaldiei. Hiru saio egin zituzten denera: "erreakzioaren eta neska gazteen politizazioaren" inguruko bat, Itaiak "emakume langileontzako borrokarako tresna" gisa izan beharreko eginkizunei buruzko bat, eta "emakume langileon aktualitate politikoko eztabaidak eta proposamen politikoak" aztertzeko bat.
Gaur egungo testuinguruari buruzko analisi zorrotz bat mahaira ateraz, Itaiako kideek azaldu zuten, Europako agintarien gidaritzapean, Mendebaldeko estatuek langile-klasearen bizi-baldintzak okerragotu dituztela eta, horrela izan dadila ziurtatzeko, estatuen izaera autoritarioa indartu dutela. Egoera horretan faxismoak aurrera egin duela seinalatu zuten, eta ideia erreakzionarioek eta matxistek eragin nabarmena izan dutela gizartean. Ohartarazi zuten, hain justu, emakume langileen aurkako neurri eta jarrera zuzenak atzeman daitezkeela gaur egun instituzio publikoetan, kalean zein sare sozialetan, eta "horrek guztiak matxismoa gogortu duela": "Emakume langileok bizi dugun prekaritatean sakondu du, eta indarkeria matxista normalizatu du, gure aurkako zapalkuntza ukatzen duten ahotsak biderkatzeraino". Hala, faxismoaren eta matxismoaren aurkako borrokan emakumeek lehen lerroko agente politiko izan behar dutela aldarrikatu zuen Itaiak.

Aipatutako egoeran alderdi instituzionalek duten rola seinalatu zuen besteak beste, emakumeei eragiten dieten arazoen erabilera alderdikoia egiten dutela iritzita: "Ezkerrak eraldaketa errealerako proposamenik ez du. Eskuinak testuinguru hau ideologia faxista zabaltzeko erabiltzen du". Horren aurrean, emakume langileen interesen araberako proposamen politikoa garatzeko konpromisoa berretsi zuen Emakumeen Antolakunde Sozialistak hitzaldietan zehar, eta zehaztu zuen "emakumeon zapalkuntza gainditzeko ezinbestekoa dela ikuspegi iraultzailea berreskuratzea, sozialismoak guztiontzako kalitatezko bitarteko eta zerbitzuak bermatuko dituen alternatiba proposatzen duelako, emakumeok inolako zapalkuntza sozialik eta kulturalik jasango ez duguna".
Hiru zeregin nagusi
Emakume langileek egunerokoan bizi duten zapalkuntza bakoitzari aurre egiteko borrokak martxan jartzeko momentua dela azpimarratu zuen atzo Itaiak, eta bide horretan, hainbat eginkizun zehaztu zituen Emakume Langileen Topaketetan. Lehenik eta behin, "emakume langileengan kontzientzia sozialista zabaltzea eta mobilizazio-indarra sendotzea hezkuntza-zentroetan, herrietan eta auzoetan". Bigarrenik, "emakume langileentzako proposamen konkretuak garatzea eta sortzen diren eztabaidetan ikuskera iraultzailea txertatzea, borroka beste esparru batzuetara hedatzeko"; adibidez, "lan-sektore feminizatuetara, zaintza-zerbitzuetara edo osasun sexual eta erreproduktiboaren alorrera, gero eta emakume-sektore gehiagok antolakuntza sozialista beren interesak ordezkatzen dituen tresna politiko eraginkor gisa ikus dezaten". Eta, hirugarrenik, "antolakuntza politikoa sustatzea emakume gazteengan, emakumez osaturiko antolakunde indartsuak eratzeko, konpromiso militantean eta izaera borrokalarian oinarriturikoak".
