AKTUALITATEA / Martxoak 8
Emakume langileen zapalkuntza amaitzeko, alternatiba iraultzailea eraikitzera deitu du Itaiak Martxoaren 8an
Euskal Herriko 27 herritan mobilizatu da Itaia Emakume Langileon Nazioarteko Egunean. Mobilizazioetan, beharrezkotzat jo du "faxismoaren eta matxismoaren aurka antolakuntza eta militantzia politikoa sustatzea", baita "emakume langileon interesak eta problematikak lehen lerroan jarriko dituen bide-orri iraultzailea garatzea" ere. Oraintsu amaitu du I. Kongresua antolakundeak.
2026eko martxoaren 8 - 15:25
Emakume langileen zapalkuntza amaitzeko, alternatiba iraultzailea eraikitzera deitu du Itaiak Martxoaren 8an

Gaur, Emakume Langileon Nazioarteko Egunean, Euskal Herriko 27 herritan egin ditu mobilizazioak Itaiak, tartean sei hiriburutan: Baionan, Bilbon, Donibane Garazin, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Borrokara batzeko deia zabaldu du guztietan, Martxoaren 8aren "izaera borrokalaria eta iraultzailea" aldarrikatuz. 

"Emakume langileen interesen defentsan ekarpena egiteko eta borroka iraultzaileari bultzada emateko helburuarekin antolatu zuten Martxoaren 8a lehen aldiz. Asko aldatu da, ordea, egunaren izaera ordutik", azaldu dute Itaiako kideek manifestazioen bukaeran. Salatu dute "berdintasunaren aldeko diskurtsoa oligarkiaren, enpresarien eta instituzioen interes ekonomikoak eta elektoralak bermatzeko aldarri hutsal bilakatu" dela, eta "emakume guztion batasuna aldarrikatzen" dutela diskurtso horretan, "bistan denean emakumeon artean interes kontrajarriak daudela". Eta zorrotz gaineratu du Emakumeen Antolakunde Sozialistak: "Zapalkuntzaren klase-izaera alboratu eta borroka desitxuratu dute. Badakigu ez dagoela berdintasunik kapitalismoan". Horiek horrela, Martxoaren 8a "zapalkuntzaren arduradunak seinalatzeko borroka-eguna" dela azpimarratu du, baita "antolakuntza iraultzailea indartzeko" balio behar duela ere.

Miseria eta autoritarismoa Mendebaldeko oligarkien eskutik

"Kapitalismoa krisi betean dago eta, inperialismo basatiaren eskutik, Mendebaldeko oligarkia langileriaren lan- eta bizi-baldintzak etengabe okertzen ari da", jarri du testuinguruan Itaiak. Emakume langileen egoera ere okerrera egiten ari dela ohartarazi du, "sektore feminizatuetako lan-baldintzen egoera penagarria, emakume etorkinek bizi duten pobrezia, zaintza-zerbitzuen murrizketak eta pribatizazioak eta horrek emakumeon gain jartzen duen zaintza-ardura gehiagarria" aipatuz. Horrez gain, seinalatu du "Mendebaldeko oligarkiak estatuak gero eta autoritarioagoak bilakatu" nahi dituela, "langileon eskubide politikoak zuzenean kolpatuz".

Faxismoari eta matxismoari aurre egiteko beharra

Itaiak, bestalde, faxismoaren eta matxismoaren gorakadaz hitz egin du kezka handiz. "Alderdi eta agitatzaile faxisten eskutik, ideia eta jarrera matxistak normalizatzen ari dira gizartean", gogorarazi du: "Batetik, emakumeon eskubideen atzerakada proposatzen dute eta, bestetik, matxismoa ukatzen dute gezur eta buloen bitartez". Kritikatu du faxistek "emakumeok bizi dugun zapalkuntza asmakizun ideologikoa dela" babesten dutela, edo "emakumeok esajeratu batzuk garela argudiatzen" dutela. "Bien bitartean, erasoak, mehatxuak, erailketak, gutxiespenak eta abarrak eguneroko ogia dira emakumeontzat".

Horiek horrela, antolakundeak ezinbestekotzat hartu du "faxismoari eta matxismoari aurre egitea". Baina hori instituzioetatik kanpo egin behar delakoan dago: "Ezker instituzionalak faxismoari aurre egiteko plataformatzat aurkezten du bere burua, baina ezer gutxi egin du emakume langileon eskubideen alde. Alderdi sozialdemokraten eskutik emakume langileon zapalkuntza ekonomikoa eta soziala mantendu egin da azken urteetan eta, hori gutxi balitz, testuinguru horretan faxismoa eta ideia atzerakoiak indartu baino ez dira egin". Itaiak salatu du, hala, "eredu kapitalistaren baitan diharduten alderdiek ezer gutxi egin dezaketela emakumeon emantzipazioa egikaritzeko", eta sakondu du: "Gizarte kapitalistak beharrezkoa du emakume langileon zapalkuntza erreproduzitzea eta horrek, beraz, ezinezko egiten du bere baitan matxismoa gainditzea".

Emakume langile, antolatu

Gaurko egunean, Itaiak erreibindikatu du beharrezkoa dela "emakume langileon zapalkuntza amaitzeko alternatiba iraultzailea eraikitzea". Eta bi egiteko nagusi identifikatu ditu bide horretan: "Batetik, faxismoaren eta matxismoaren aurka antolakuntza eta militantzia politikoa sustatu behar ditugu, eta borroka horretan emakumeok lehen lerroan egon behar dugu. Matxismoaren aurkako kontzientzia zabaltzeko lanean jarraitu behar dugu. Bestetik, emakume langileon interesak eta problematikak lehen lerroan jarriko dituen bide-orri iraultzailea garatu behar dugu, modu horretan, gero eta emakume gehiagorengan kontzientzia sozialista zabalduz eta antolakuntza politikoa hedatuz".

"Historiako momentu askotan bezala, gaur ere emakumeok borrokaren lehen lerroan gaudela erakusteko unea da", esan du irmotasunez: "Gaurko egunetik harago, bihartik aurrera ere, lanean eta antolakuntza iraultzailea indartzen jarraitzeko konpromisoa adierazten dugu".

I. Kongresua bukatu berri

Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak berriki amaitu du I. Kongresua; otsailaren hasieran izan zen prozesuari bukaera emateko ekitaldia, Andoainen. Indarkeria matxistaren kontra, esplotazio ekonomikoaren aurka eta emakume langileen eskubideen alde borrokatzeko konpromisoa nabarmendu zuen bertan, eta jakinarazi zuen "emakume langileen zapalkuntza gainditzeko bide-orri politiko bat garatzeari ekin" diola jada.