Martxoaren 8an, milaka pertsonak hartu zituzten kaleak matxismoaren eta emakumeen zapalkuntzaren aurka. Faxismoaren gorakada betean eta ideia matxistak zenbait sektoretan indarra hartzen ari diren garaian, poztekoa da matxismoaren eta emakume langileen zapalkuntzaren aurkako kontzientzia badagoela ikustea.

Eskualdez eskualde eta herriz herri Martxoaren 8aren zentzu iraultzailea berreskuratzen aritu diren Itaiako militante guztien lana txapela kentzekoa da. Orain dela mende bat Martxoaren 8a hasi zutenek argi zeukaten emakumeen askapena sozialismoaren eskutik baino ez zela etorriko. Eta ordutik, neurri handi batean, baieztapen hori egiaztatu dela esan dezakegu. XX. mendean zehar, emakumeen eskubideetan aitzinatze handiak izan ziren herrialde sozialistetan. Sozialismoaren eskutik lortutako garaipen horiek guztiek Mendebaldeko herrialdeak irradiatu zituzten, horietan ere, borrokari esker, zenbait aurrerapauso eskuratuz. Era berean, kapitalismoa, emakumeentzako aurreratzea baino, oztopoa dela ikusten ari gara. Kapitalistentzat emakumearen zapalkuntza betikotzea beharrezkoa baita beren irabaziak handitu ditzaten. Burgesiaren interesen arabera egindako estatuek ezer gutxi egingo dute emakumeen aurkako biolentziarekin amaitzeko edo emakumeen eskubideak bermatu daitezen. Horrenbestez, Martxoaren 8a kalera ateratzeko eguna da, noski, baina baita lan ideologikoa egiteko eguna ere. Emakume langileen askapena eta komunismoa txanpon beraren bi aldeak direla aldarrikatzea funtsezkoa da, areago kapitalismoaren gainbehera garaian.

Gaurtik aurrera ere, emakume sozialistak lehen lerroan egongo dira emakumeen aurkako zapalkuntzarekin bukatzeko norabidean. Eguneroko militantzia eta borroka dira proposamena, matxismoari eta emakumeen zapalkuntza ekonomikoari aurre egiteko formula gisa. Baita faxismoari borroka kulturala eta lehia hegemonikoa gauzatzeko eredu bezala ere. Bulegoko feminismoaren eta askotariko burokrazia zein begipekoen aurka, argitasun ideologikoan eta klase-batasunean oinarrituriko militantzia-eredua da komunistena. Zapalkuntza guztien aurka eta emakume langilearen askatasunaren alde. Segi dezagun bidea egiten.