Azken egunetan, beste bi irakasle erasotzaileren berri izan dugu.

Irungo irakasleak 13-15 urte bitarteko ikasleen sugar daddy izatearekin amesten zuen, eta diru edo oparien truke, sexu-harremanak izatea proposatzen zien. Klasean pornografia jartzen zien, iruzkin lizunak egin Instagrametik. 2018an hasi omen ziren ikuskaritzatik hari jarraipena egiten "jokabide desegokia" zela eta. Zuzendaritzak Ertzaintzaren esku utzi zuen kasua, eta hara non gaur egun jada ez omen diren existitzen garai hartako erasoen lekukotza ziren elkarrizketak. Irakasleak bere burua jazarpenaren biktimatzat kokatzeko azala izan du, eta are, ikasleak mehatxatu eta beldurtzeko ausardia ere erakutsi du.

Zizur Nagusian, 40 emakumetik gora grabatu zituen beste irakasle batek, horietako 31 adingabeak. Ikastetxeko datu-basea baliatuz, ikasleen sare sozialetako sarbideak lortu eta irudi pertsonal zein intimoak hartu zituen horietatik. Gero, adimen artifiziala erabili zuen neskak biluzik irudikatzeko.

Prozesu judizialei buruzko albisteekin atera da hori guztia argitara. Horrelakoetan errealitateak leher egiten digu aurpegian, baina ondo dakigu ez dela berria. Eraso horiek ez dira ezer puntuala izan: bi kasuetan, urteetan zehar luzatu dira. Gainera, irakasle erasotzailearen figura behin eta berriz errepikatzen da, ikasturtez ikasturte eta ikastetxez ikastetxe. Eraso matxistak, emakume langileon kontrako bortizkeria, lizunkeria, erasotzaileen inpunitatea eta duten babes soziala eguneroko ogia dira, baita hezkuntzan ere.

Horrek asaldura eragin badezake ere, argi izan behar dugu erasook eta erasotzaileok ez direla ezerezetik sortzen. Indarkeria matxista ez da betikotzen pertsona bakan batzuei burua joaten zaielako, egitura oso batek ahalbidetzen duelako baizik. Behin eta berriz ikusten dugu: botere-harremana baliatuz irakasleek ikasleei egindako eraso matxistak etengabeak dira, eta erasotzaileen kontrako neurriek ez dute funtzionatzen. Are, erasoak berriz gertatzeko baldintzak jartzen dituzte kasu askotan: erasoak egin direla jakin arren beste aldera begiratzea; irakasle erasotzailea deseroso eta babesgabe sentiarazten dituen ikasleekin elkartuarazi eta "barkamena" eskatzeko exijitzea, auziaren ebazpen gisa; "martxan den ikerketa" bat ez oztopatzeko ikasleei isiltasuna eta hautsak ez harrotzeko eskatzea; erasoen berri ematen duten ikasleen hitza zalantzan jartzea; erasotzaile bat dela jakin arren, irakasle horrekin rollo ona mantentzea edo sozialki babestea; ikastetxe batean erasoak egin dituen irakasle bat beste ikastetxe batera mugiaraztea... Ez dira pantaila aurrean asmatzen ari naizen kontuak. 

Instituzio burgesek funtzio bat badute, hori gizarte-eredu hau erreproduzitzea da. Ordena soziala mantentzeko dena ondo doalako eta sistema honek funtzionatzen duelako mezua zabaldu behar dute, horretarako hamaika miseria alfonbrapean gorde behar badituzte ere (posible den heinean, behintzat). Eta horrexegatik, ezin dugu konfiantzarik izan instituzio horien protokolo eta babes-neurrietan. Isiltasuna, pasibotasuna eta instituzio burgesen dinamikak erasotzaileen babesgune dira, eta horiek jartzen dituzte baldintzak behin eta berriz eraso matxistak egin nahi dituztenek aurrera egiteko. Indarkeria matxistari egitura oso baten engranaiek eusten diote. Eta engranaia horiek apurtzeko, antolakuntzan eta borrokan soilik izan dezakegu konfiantza.