Iruñean (Nafarroa), aurreko ostiralean hasi behar zuen Espainiako Poliziako agente erretiratu baten kontrako epaiketak, indarkeria matxista leporatuta. Hain zuzen ere, tratu txarrak emateagatik eta sexu-erasoak egiteagatik epaitu behar zuten, eta biktimen artean daude bere bikotekide ohia, alaba eta alabaordea. Ezin izan zioten epaiketari hasiera eman, ordea, ihesera jo baitu erasotzaileak; bertan behera utzi behar izan dute judizioa momentuz.
Iruñerriko Itaiak gogor salatu du "polizia-indarrek duten inpunitatea eraso matxisten aurrean", gogorarazi baitu "beren posizioa probestuz emakumeei eraso egin" ondoren askotariko babes instituzionala jaso ohi dutela polizia-agente erasotzaileek, eta baliabideak topatzen dituztela euren polizia-karguan jarraitzeko edo, kasu honetan bezala, "epaiketak ebatzi gabe geratzeko". Horiek horrela, antolakundeak zalantzan jarri du Polizia, instituzio gisa, "emakume langileen segurtasunaren bermatzailea" denik edo "indarkeria matxistari aurre egiteko konponbide" bat denik. "Behin eta berriz seinalatua izaten ari da Polizia bere izaera zapaltzaileagatik eta bere praktika matxistengatik eta arrazistengatik", gaineratu du.
Polizia eta indarkeria matxista loturik ageri diren kasu ugari ari dira argitara ateratzen azken hilabeteetan. Iruñean bertan, aurtengo urtarrilean jakinarazi dute bi bortxaketatako frogak manipulatu zituela Espainiako Poliziak, bortxatzaileetako bat agente baten senidea zela-eta. Bilboko Udaltzaingoan, bestalde, bi polizia erasotzaileren berri izan da urte eta erdian.