EDITORIALA / Politika instituzionala
PSOE: X Jaunetatik Zapaterora
2026/05/27

Plus Ultra auziak hautsak harrotu ditu Espainiako Estatuko politikagintzan. Zapatero presidente ohia inputatu egin dute ustelkeriarekin eta influentzia-trafikoarekin loturak edukitzeagatik. Ikusteke dago noraino iritsiko den auzi hau. Argi dirudi PPren bueltako epaileen judizializazio-estrategia bati erantzuten diola honek guztiak, Aznarren “Quien pueda hacer que haga” mandatuari jarraituz. Antzeko estrategiak erabili izan ditu eskuinak presidenteak kargugabetzeko, Brasilgo Dilma presidentearen kasuan adibidez. Espainiako Estatuan hauteskunde-kanpaina abian da eta argi dago zein den PPren estrategia.


Batak ez du bestea kentzen ordea, eta PPren partetik judizializazio-estrategia bat egoteak ez du automatikoki PSOE errugabea bihurtzen. Zapateroren aurka egindako akusazioek pisuzkoak dirudite, eta itxarotea beharrezkoa den arren, ez litzateke lehenengo aldia izango PSOE ustelkeria kasuen tartean dagoena. Izan ere, alderdiok, bai PP bai PSOE, enpresa- alderdiak dira eta beraien funtzionamendua ez da bat ere aldatzen etekin ekonomikoak bilatzen dituen enpresa batengandik. Alderdi horietako liberatuak eta funtzionarioak, konbentzimendu politikoz baino, etekin pertsonalari begira aritzen dira, eta estatuarekin dituzten loturak probestuta, ustelkeriari bide egiten diote. Sistema kapitalista eta bere sistema politikoa egituraz ustelak dira. PSOEren ustelkeriaren historiala ez da Zapatero eta Abalosen kasuetara mugatzen, jakinekoa den bezala. GAL erakunde terroristako burua, X Jauna, Felipe Gonzalez, aipatu besterik ez dago.


Gurera etorrita, Arnaldo Otegiren hitzak txundigarriak dira, Ezker Abertzalearen sakoneko noraez estrategikoaren lekuko baitira. Bere ustez, estatu sakonaren partetik, PSOE erregimenera itzultzeko estrategia bat dago martxan. Hauteskundeetara bitartean gelditzen den azkenengo urtea probestu behar omen da autonomia-estatutuan aurrepausoak emateko. Horixe da Ezker Abertzalearen ezkutuko estrategia independentista: ustezko PSOEren hegal outsider delakoa independentziaren norabidean erabiltzea. Otegiren "kanpamentu nagusiaren" metaforarekin jarraituz, independentzia erdietsiko genuke koalizio-gobernuarekin geroz eta kontzesio gehiago eskuratuz. PSOEko hainbat sektorek baino gehiagok defendatu du Zapatero EH Bilduk; Zapatero, ENAMekin amaitu zuen horietako bat: ehunka atxiloketa, tortura eta kartzelaratzeren arduraduna. Momentu horietan ez zirudien autodeterminazioaren oso aldekoa, eta aldiz, erraz lotu zitekeen ustelkeriarekin. Sanchez ere ez da ezkerreko buruzagi kontsekuente bat, komediaren eta oportunismoaren pertsonifikazioa da. Otegiren estrategia, bestalde, bere aurkako bilakatu da: geroz eta independentzia nahi gutxiago, desobedientzia zibilaren desegitea, militantzia aktiboaren abandonua, eta abar. Hauteskundeetako emaitzak positiboak direnez, baina, ez da autokritikarik inon.


Espainiako alderdi-sisteman, PP eta PSOE, biak, ezinbestekoak dira. Bi alderdiei egin behar diegu aurre eta ameskeriak alde batera utzi behar ditugu. Biak ala biak ustelak dira eta biak dira autodeterminazioaren eta sozialismoaren aurkakoak. Inork ez dugu nahi faxismoari ateak irekitzerik. Norabide horretan, PSOE zuritzeak ez dirudi estrategiarik zuzenena.