Urtarriletik martxan egon da Getxoko (Bizkaia) Irurak Bat jauregiaren inguruko ikerketa; eta, orain, kasua artxibatu egin du udalerriko 2. Instrukzio Epaitegiko Marcos Amor epaileak. Erabakia hartzeko, eraikin historikoaren zati bat babesten zuen 2019ko legea "automatikoa ez dela" argudiatu dute, legeak bere horretan udalek zaindutako eraikinak barne hartzen ez dituelakoan.
Irregulartasunez beteriko prozesua izan arren, zera argudiatu du epaileak: jauregia ez zegoela Eusko Jaurlaritzako ondare erregistroaren menpe, Getxoko Udalaren zaintzapean baizik. Hala, eraikina ez zuela kultura ondarearen legediak "babesten" dio. Erregistroetara jo dute horretarako: Irurak Bat Getxoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean ageri zen soil-soilik, ez beste ezein erregistrotan. Gainera, jauregiaren eraisketa udalerriko legedia urbanistikoa zainduz egin dela adierazi du epaileak. Hala eta guztiz ere, El Diario hedabideak adierazi eran, 2022an Biurban enpresak obrak egiteko baimena jaso bazuen ere, baimena ematen zuen txostena ez zen legezkoa, lanek ez baitzuten babestutako eremua errespetatzen. Are, lanek gero eta eremu zabalagoa hartzea lortu dute: hasiera batean, "eraikin osagarriak" eraitsiko zituzten; beranduago, "espero gabeko fatxadez" aritu ziren; eta, amaierarako, eraikin osoa bota zuten.
Horiek ez dira prozesuan zehar agerian gelditu diren irregulartasun bakarrak. Izan ere, udalak Argiñe Encinas udal-arkitektoari txostenak egitea eskatu zionean, lanen nondik norakoak jaso asmoz, beronek ez zuen inolako momentutan babestutako eremua aipatu, ezta jauregiaren zati bakar bat bera ere botako zutela. Gaur artean aurkeztu dituzten hiru txostenetako bakar batek ere ez die erreferentziarik egiten bi alderdioi. Are, Alvaro Gonzalez zinegotziak (EAJ) aitortu duenez, txostenei 137 aldaketa egin dizkiete, legea "errespetatu" asmoz. Prebarikazio-delituari buruzko epaian ere harrigarria da sententzia: bide beretik, epaileak ez du delitu´-zantzurik antzeman, "ezinezkoa" omen baita administrazioak legez kontrako jarrerak izatea horrelako prozedurak baimentzerako garaian.
2024ko abuztuan bota zuten oso-osorik Irurak Bat jauregia, zer eta orube horretan hamabi luxuzko etxebizitza eraiki asmoz. Iragan otsailean, ikerketa zabalik egon arren, egitasmoa onartu zuen Getxoko Udalak (EAJ-PSE). Alderdi jeltzaleko hiru zinegotzi (Inaxio Uriarte Gorostiaga, Irantzu Uriarte Gomez eta Iñigo Urkitza Yañez), ordea, ikerketapean egon dira orain arte, prebarikazio eta ondare historikoaren aurkako delitu-salaketak tarteko. Izan ere, hiru zinegotzi horietako bi luxuzko higiezinen sustatzaileen artean daude: obrak baimendu ahala, hiru horietako bik luxuzko etxebizitza bat erreserbatu zuten. Kasuak argitara egin ahala, hiruek dimisioa aurkeztu behar izan zuten, baita hainbat udal-teknikarik ere. Jauregia 1845ean eraiki zen, eta babestutako zati bat eduki arren, 700.000 euroren truke eraitsi zuten.