AKTUALITATEA / Politika instituzionala

PSE-EEren inguruko fundazio eta enpresek 56 milioi euro jaso dituzte 2011tik

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzutik jaso dituzte diru-laguntza gehienak. Auziak hautsak harrotu ditu hainbat udalerritan, eta alderdi jeltzalea tartean ageri da. Ahoztar Zelaietak utzi du agerian interes-gatazkekin, ate birakariekin zein ustelkeriarekin harremanduriko kasua.
2026eko irailaren 11 - 06:33
PSE-EEren inguruko fundazio eta enpresek 56 milioi euro jaso dituzte 2011tik
— ARGAZKIA elDiario.es

Euskadiko Alderdi Sozialistari (PSE-EE) loturiko hiru fundaziok eta bi merkataritza-sozietatek, 2011. urteaz geroztik, 56 milioi euro baino gehiago jaso dituzte diru-laguntza eta kontratu publiko bidez. Diru kopuru hori ez da sekula Herri Kontuen Euskal Epaitegian aitortu; eta, hori horrela, interes-gatazkak zein ate birakariak barne har ditzake auziak. Txostenetan ageri diren entitate horiek Fundación Fondo Formación, Fundación de Trabajadores de la Siderurgia Integral (FTSI), Itsaslur Centro de Innovación Alimentaria SL, eta Zu Mas Zaindu SL dira. Ahoztar Zelaieta kazetariak eman du argitara ustelkeria kasua, El Salto hedabidean.

Hain zuzen, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bidez jaulki dituzte kontratu horien gehiengoa. Hala, 2011 eta 2014 artean 6,4 milioi euro jaso zituzten merkataritza-sozietateek; 20,2 milioi euro 2015 eta 2021 artean; eta beste 19 milioi azken bost urteotan (2022-2026). Hortaz gain, kontratu publikotan 10,8 milioi euro jaso dituzte 2015az geroztik. Batetik, Fondo Formación fundazioari dagokionez, azken bost urteetan 11,2 milioi euro bideratu ditu entitatera Eusko Jaurlaritzak, diru-laguntza bidez. Azken urteotan, 2015etik, Fondo Formaciónek 193 kontratu-akordio erdietsi ditu administrazio-egiturekin EAEn. Berau 2008an sortu zuten, eta lehen lehendakaria Mikel Unzalu Euskadiko Ezkerra alderdiko idazkariorde ohia (1984-1991) eta PSE-EEko militantea izan zen.

Bestetik, FTSIri dagokionez, 4,3 milioi euro jaso ditu, batik bat Lanbidek esleitutako kontratu bidez. Gainera, hemeretzi lan-enkargu esleitu dizkiote FTSIri administrazio-publikoek azken 11 urteotan. Ondorioz, 10,8 miloi euro bereganatu ditu burdingintzako fundazioak. Hori gutxi ez, eta txostenetan FTSIri loturiko bi enpresa pribatu ageri dira onuradun: Itsaslurrek milioi eta erdi euro jaso ditu 2022az geroztik, eta Zu Mas Zainduk ia bi milioi euro. FTSI ere 2008. urtean jaio zen, PSOEko beste militante bat izan zelarik buru: Jose Luis Corcuera, Felipe Gonzalezen gobernuko Barne ministro ohia, eta Fondos Reservados deituriko kasuan auziperatua.

Eusko Jaurlaritzak 2,4 milioi euro bideratu ditu XXI. mendean Ramon Rubial fundaziora, PSOEren fundazio organikora. Hori horrela, kasuak agerian utzi du ustelkeria: fundazio organikoak 2009. urtean jaio zenetik Jaurlaritzaren Alderdi Politikoen Mendeko Elkarte Organikoentzako Diru-laguntza jaso badu ere, ez ditu kontuok 2017ra arte aitortu. Informazio hori guztia jaulkitako diru-laguntzen agiri publikoetan, entitateen kontabilitate agiri publikoetan, eta Gardena herri-plataforman ageri da, besteak beste.

Beste hainbat zantzu badira, EAEko egitura publiko eta pribatuaren arteko klientelismoa erakusten dutenak. Esaterako, Lanbideko azken bi zuzendari orokorrek (Paco Pedrazak, gaur egungoak, eta Maria Gloria Mujikak), biek ala biek, lan egin dute aurrez aipatu fundazioentzat: Pedraza Fondo Formacióneko delegatua izan zen Gipuzkoan, 2019 eta 2021 artean; eta Mujika fundazio berean gerentzia-lanetan aritu zen 2002. eta 2009. urteen artean. Era berean, Patxi Lopezen gobernu autonomikoko kide izan zen (2009-2013), eta Enpleguaren Planifikazio eta Berrikuntzako zuzendari-lanetan aritu zen. Haatik, bada Lanbide eta fundazio horien arteko harremana berresten duen hirugarren pertsona bat: Alfonso Gurpegi, gaur egungo Enplegu eta Inklusio sailburuordea, eta Enpleguaren Sustapenerako Funtseko (Fondo Formaciónen aurrekaria) teknikari ohia.

Eskandaluak udalerrietan

Zelaietak auzi honek hainbat udalerritan izan duen oihartzuna ere jaso du erreportajean. Esaterako, abuztuan auditoria bat egin zuten Muskizko (Bizkaia) osoko bilkuran, hainbat irregulartasun atzeman baitzituzten udalak (PSE-EE) fundazioei eskainitako diru-laguntzetan: besteak beste, "deklaratu gabeko" gastuak edo sortutako lanpostuen inguruko "zalantzak" identifikatu dituzte. Izan ere, 500.000 milioi euro bideratu zituzten Itsaslur-FTSI sarera, eta 2023an udalaren bezero izan zen Fondo Formación. Ordu hartan, 125.000 euro bideratu zituen udalak funtsera. Hori gutxi ez, eta fakturen jaulkipenean eta egiaztagirien bidalketan irregulartasunak atzeman zituzten. Artean, Mikel Colina eta Eduardo Briones ageri dira, PSE-EEko beste bi kide. Lehena Muskizko zinegotzi izan zen 2002an, eta egun Fondo Formaciónen zuzendari lanetan ari da. Bigarrena Bizkaiko udalerriko egungo alkatea da, eta Fondo Formaciónen Administrazio Batzarreko kide izan zen, Deia egunkariaren arabera.

Barakaldoko (Bizkaia) Udala (EAJ-PSE) ere sare honen bezero nagusienetako bat izan da azken 11 urteotan. Jakina da Tontxu Rodriguezen (PSE-EE) udal-agintaldian zehar (2003-2013) udalak urtero-urtero 10.000 euro bideratu zituela FTSIra, eta 700.000 eurotik gorako kontratua sinatu zuen Fondo Formaciónekin 2005ean. Are, Alfonso-Garciaren (PSE-EE) agintaldian (2013-2015) ere dirua sare horretara bideratu zuten. Garcia, ostera, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpleguaren Zuzendari Orokorra izan da.

Bestela ere, hainbat udalerritan agerian gelditu dira egitura publikoek sare pribatu honekin izan dituzten harremanak: Portugaleten (Bizkaia) Mikel Torresen (PSE-EE) agintaldian zehar; Gasteizen (Araban) hamahiru kontratu eskuratu ditu sareak; Eibarren (Gipuzkoa) kontratu garrantzitsu bat sinatu zuten; eta Donostian (Gipuzkoa) dozena bat kontratu sinatzea lortu dute PSE-EEren inguruko entitateok.

EAJ ere, tartean

Donostiako udal-gobernuaren jardunak bakarrik ez ditu EAJ eta PSE-EEren arteko harremanak agerian utzi. Izan ere, 2011n Jaurlaritzako agintea galdu zuenean, alderdi jeltzaleak PSE-EEren gobernuari kontuak eskatu zizkion Lopez lehendakari zela Lanbidek sare pribatuari esleitutako 3,2 milioi euro arteko kontratuengatik. Kasuak oihartzuna sortu eta hainbat hedabidek albisteak zabaldu bazituzten ere, 2013tik aurrera (urte hartan gobernu-akordioak sinatu zituzten bi alderdi politikook) EAJk ez zuen beste galderarik erregistratu Eusko Legebiltzarrean. Are, 2015ean jakin zen, 2011-2014 aldian zehar Fondo Formaciónek administrazio publikoen diru-laguntzetan ia sei milioi eta erdi euro jaso zituela. Hori guztia dela eta, Zelaietak EAJk kasuan lankidetza eta onura izan dituela iradoki du. Osterako datuak ere argigarriak dira: 2015-2021 aldian, Lanbidek 1,7 milioi euro banatu zizkion Itsaslur FTSIren baitako enpresari; eta beste 20 milioi euro baino gehiago Fondo Formaciónera. Entitatearen estatutuetan, Fondo Formación "irabazi asmorik gabeko" Gobernuz Kanpoko Erakundea (GKE) dela ageri da.