Pasa den ostiralean, Maiatzaren Lehenean, EHKSk 4.000 lagun inguru bildu zituen Iruñean egindako manifestazio nazionalean. Bertan gerra inperialistaren aurkako mezua zabaldu zuten: NATOren, Europar Batasunaren eta sionismoaren desegitearen inguruan aritu ziren. Amerikako Estatu Batuen buruzagitzarekin inperialismoa Mendebaldeko Asian eta munduko hamaika txokotan egiten ari den txikizioa salatu zuten EHKSko eledunek. Erresistentziaren aldeko mezuak zabaldu zituzten eta langileriaren batasuna aldarrikatu zuten. Aurten Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak egiten duen enegarren ekitaldi politikoa izan da, eta oraingo honetan ere mobilizazio-gaitasun handia erakutsi du. Hiru bertute behintzat frogatu daitezke Mugimendu Sozialistak darabilen mobilizazio iraunkorreko dinamikan: 1. Milaka pertsona mobilizatzeko gaitasuna, 2. Modu iraunkorrean mobilizatzeko gaitasuna, militantzia konprometitu bati esker gauzatzen duena, eta 3. Koiunturako auziei erantzuteko gaitasuna. Mobilizazio-dinamika horrekin, diskurtso zorrotz batekin eta eskuzabaltasunez jarraituz gero, Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak bidea egiten jarraituko du eta geroz eta jende gehiagorengana iritsiko da.
Aipatzekoa da, gainera, beste nazio eta lurralde batzuetako Mugimendu Sozialistaren hazkundea. Milaka pertsona mobilizatu ziren Bartzelonan eta Madrilen, eta ehunka Valentzian eta Compostelan. Pixkanaka- pixkanaka, geroz eta gazte gehiago ari dira militantzia komunistara batzen. Eta hazkundea askoz ere handiagoa izan daiteke oraindik. Izan ere, sozialismoa langileon artean proiektu hegemonikoa izateko aukerak egon badaude, eta horretara bideratu behar dugu ahalegin militantea. Kapitalismoak gizartea klase sozialetan banatzen du, eta banaketa hori krisi garaietan are nabarmenagoa da. Sozialismoa, kapitalismoarekin alderatuta, aurrerapauso historiko bat da langileontzako. Lan ideologiko zuzen eta efektibo bat eginda eta eraginkortasuna irabazten jarraituz gero, perspektiba hegemonikoa garatzen jarraituko dugu. Hurrengo erronka nagusietako bat: Mugimendu Sozialista Europa mailan hedatzea. Pentsa zenbat irabaziko litzatekeen Europar Batasunaren inposizioei modu bateratuan erantzuteko gaitasuna irabaziko balitz. Soilik Euskal Herrian ditugun gaitasun militanteak adina lortuko bagenitu Europako hainbat herrialdetan, egungo gauzen egoeran eragiteko gaitasuna areagotuko genuke. Hori guztia nork bere antolakuntza-marko nazionala edukita eta lekuan lekuko aldarrikapenei eta beharrei eutsita. Lan handia daukagu aurretik.
Borroka garaia da. Buklean amaitzen duten urgentzia elektoralisten tranpan erori gabe, eta atsedenik gabe gure bidea eginez. Hazkunde proportzionala, kuantitatiboa bezain kualitatiboa, oinarri izanda. Maiatzaren Lehenak pixkat bat indartsuago uzten gaitu, baina behar genukeena baino askoz ere gutxiago gara oraindik. Euskal Herritik borrokan jarraitzeko konpromisoa daukagu, eta berdina diote gure burkideek hemendik kanpo. Bidean elkartuko gara.