EDITORIALA / Maiatzaren lehena
Maiatzaren Lehena: langile-klasea nazioarteko indar bilakatu dadin
2026/04/28

Ostiral honetan Iruñeko kaleak bete behar ditugu. Mundua krisian eta muturreko ezegonkortasun egoera batean dago. Elite ekonomikoen gorabeherei men. Atzo bertan zera irakurri genuen: gasolina eskasia eta muturreko garestitzea bizitzen ari garen honetan, petrolio-enpresa nagusien irabaziak, batez beste, 37 milioi dolar handiagoak izaten ari direla eguneko. Gerra-deklarazio bat da munduko langileriaren aurka. Batetik, herri langileen aurka egiten ari diren sarraski eta basakeria guztiak daude. Bestetik, langile-klasearen aurkako gerra ekonomikoa dago: aurrekontu militarrak eta bizitzaren garestitzea horren lekuko dira. Ezin dugu beste alde batera begiratu.

Ezin dugu sozialdemokraziaren hitz politez fidatu. Engainuaren gailurra dira. Gauza bat esan eta kontrakoa egiten adituak. Bakezaletasunaz ari diren bitartean aurrekontu militarrak igotzen ari dira etengabe. NATOren eta Europar Batasunaren gisako instituzio kriminalen sostengu dira. Hamarkadetan zehar langileriaren pobretzearen arduradun nagusiak izan dira. Pentsatzen duenak egoera hau iraultzeko aldagai nagusia Pedro Sanchez eta enparauak direla, nekez lortuko du ezer aldatzerik. Militantzian oinarritutako eta independentziaz aritzeko prestutasuna duten masazko antolakunde komunistak behar ditugu, eztabaida publikoa ezkerrerantz mugitu eta denborarekin egoera iraultzeko gai izango direnak. Gisa honetako antolakundeak indartsu bilakatzea bada urgentziazko betekizuna.

Elkartasun-erakustaldia egin zuten larunbatean milaka herritarrek Kubaren alde antolaturiko bilketa erraldoian. Bilketa horiek soilik militantzia konprometitu bati esker gauzatu daitezke. Baita klase-kontzientzia duten milaka herritarri eskerrak ere. Kubak urteetan munduko langileriari emandako guztia keinu txiki honekin bueltatuko ez badugu ere, jaso dezatela elkartasun-keinu bat Euskal Herritik. Ostiralean bide beretik jarraitu behar dugu Iruñean. Ekialde Hurbileko erresistentziaren alde, Kubako eta Venezuelako herri langileen alde eta oro har inperialismoaren oinaren pean bizi diren guztien ondoan gaudela erakusteko. Langile-klaseak nazioarteko indarra bilakatu behar duela adierazteko, Iruñeko kaleak hartuko ditugu.